L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-1 (1991) —<maza0109>




 

 

Orhoituz

 

E. Urruty

 

Haur denbora zen, gauzak deus gutti konprenitzen diren haurtzaroa zen. Negua, une orotan bezain luze, zuri, maluten thai gabeko erauntsiaren pean, elurretan baitziren alor, zelai, eta ordoki sailak; alde batetik itsusia zen guretzat, «elurra ari, ezin elkhi», eta patiora jeitsi orde, frontoian iragan behar genuen lanartea, frontoia handia bainan haurreria handiagoa, ezin eden harat barrenerat, eta gaztigatuak edo bederen antharratuak izanagatik, anitzetan frontoitik elkhirik, zinez zuriturik bihurtzen ginen berriz eskolara buruz haur zerrendak egiten zirenean.

        Jesuit ikasetxea zen, beraz, diziplina bere gisako baten eragileak ziren jaun apez haiek, azaletik libertate naskian gintuztelarik, barnagoa zen egiazko diziplina, gure barnean baitzen pausatua, sugetiar, nor bedera baithan ohartu gabeko xixarea gihaurren buruaren iraungitzeko.

        Zinez baitzen baztiza handi eta zaharra, haren amaigabeko eskailera eta barne ilun aspretatik galdurik izan naiz, eta hainbatetan!; alta, beltzez bestitzen den jenderia horren misterioari, argi izpi apurra ekartzeko xedeaz galtzen ginen ilunpe haietan landa. Halatan, bazkaldu ondoan zenbait lagun abiatzen ginen ikasetxe barrunbeak oroen miatzeko gogoz, zerbait erigarri, misterios, somatzen genuelarik gihaur oroendako defendaturik zen labirinte hartan. Zurezko mailadi ilun hezeak, borta zerratuak, oraindik ere ametsetan ditut present horiek oro, bainan halaber ere ttipiteriaren burrunba algara, gihaur ginen haurreriaren bizia, oihu, irri karkaza, eta lagungoa.

 

Bazen harat bildurik Eskual Herriko bazter orotarik etorri mutiko eli handia, ospe ongi irabazia baitzuten jesuit kalonjeek, haurren hezi eta gobernatzeko duten esku trebe eta adretaren ariaz. Arren, bestetatik etorri jendea, eliz, egoitza, ostatu, baita mundua ere osorik zitzaien ikasetxe hartarik ezin kanpora zitekeen, salbu igande eta festa egunetan: «internak» tiren haiek. Lagun eli ttipia ginen bada, eta nitaz beste, oro kanpoko, nihaur nindutelarik ikasetxetik landara zernaitarako lokarri.

        Orhoitzapenaz ditut orain urte alegera haiek besarkatzen, gure haur saldo handi hura dut ikusten eskailaran gora, orok brusa ber kolore zuri-morea, apeza oroen erdian nola euli beltza azukrearen gainean gu guztiak begiradaz gobernatzen, ahopetik, sekretian, gihaurrek, debru gaiztoek, milaka aldiz itzulazten genuelarik haren seberitate faltsia: batek, ondotik dohakonari piko egin edo zafla, honek oihu, besteek irri, euliak egasaldi ttipi bat eginik, beharrietatik heldurik: «To, hi beti, ei?, ixil hadi ez baduk nahi honat igandean ere!!». Edo amoltsuago, «Ixil hadi otoiz, ezperen ez dukek arrastian pausaldirik!!». Eta hola eulia erretira, berriz higitzen gara asalda eta kordoka, abarrots, murmurio, jangiara sartu aintzin baratzen da saldoa, erroldan nork bere lekuaren hartzeko punduan, oraino sartu gabe den jende artetarik elur bibilkoa da aidetik partitu barnean direnen gainera erortzeko. Hura bai orduan hango herots eta nahaspuila!.

        Haren iskanbila!!. Apeza ari da zaflaka, eta dakizkien debru, inkubo, sukubo, Buljiferren izenak oro orruaka aideratzen ditu, bainan dena da arranjatzen, ezi bazkaira jaun apez printzipala etorteko da ohi bezala gure ikustera, zenbait lausengu eta elhe polliten erraitera.

        Arren, arrenkura da deabru aipatzailea, jaun apez lehenak ez dezan hango burrunbarik antzeman, eta ttipiteria ere beldur eta errespetuz, ekuratu da eta baratu.

        Bazkaldu, arra elurretara, elur bibilak egotzi elkarri, laguner karrua sar papoan edo golkuan, bulka, kaldu egin eta eskapu....

 

Filme batetan bezala dut ikusten eliza berretua, lehen baino argiagoa, kofesategiak alde bietan, «Via Crucis» deitu irudiak, Jesu Krist kurutziaren pean bentzuturik, errumatar gaiztoak... sakristia, non eta apezeriarentzat mila konde eta duke handirentzat baino bestitzeko arropa distirant gehiago biltzen baitzen koloreka ezarririk...

        Filme batetan bezala, «Basarte» ene laguna enekin da elur maluten pean xostaka, ahoak elurrez bete, lurrera elkar egotzi, eni egin kaldu eta matrailekoa, lasterraz eskapu, eta haren gibeletik jarraikian beharriak erausteko aiher. Filma aintzina arau, Urduinako «Pitino» ere ikusten dut, zein zinez baitzen futbolean abil eta zalu, aintzinean zuelarik bere lekua golen egiteko. Ene ondotik ziharduen, lagun biak ginen aintzinean hoberenetarik.

        Nagusiagoen kontre xostatu eta irabazi, «Pitino» alde batetan, nihaur bestean, jendea oro, haurride eta eskolierrak gure alde. Gero garaitzaren ospatzeko, festa ttipia egiten dugu futbol arropa kanberan, gozoki zenbait eta nihauk kanpotik ekarri Murtxante-ko ardo gorriakararen amoreagatik; Gau arteraino kantuz eta irriz, istorio mingar, piper istorio lizunak gure lehen adimendurako andereminen.

        Aldiz, ekain aldeko zelu gorriak arrastietan odei luze geldoez kurutzaturik, gihaur paseiun arratsaren bareak bere meneraz gero. Orduan gure solasak abioan bolatzen ziren, gaitan aldakorrak, aintzina, gibelera, itzulika, nor ere elhestan ari baitzen arrazoin zuelarik, iadanik gau beltza, berantkor izaiteagatik aitak kaztigatuko, duda gabe.

 

Oraino, ororen artean badut beste orhoitza bat, lehenaren segidan etorria, ezi urte oroz bezala heldua zen agur erraiteko tenorea, nor ere bere etxera bihurtzekoa. Arren, agur erraiten diet laguner, «Pitino» eroskari, Arranbilaga lodiari, Lopez inkietari, beti kordoka eta asalda zen potikoari, Diez Ulzurrun begi lausoari, neskatiletan ausartenari, eta besteri.

        Amini bat penaturik, aintzinean bakantzak ditugularik ezin daite pena handia oporaldia hurran duen haur batentzat, bainan ene orhoitzan pisua dut gogoaren gainean, pena baitzen ez jakitea lagun ohiak daigun urtean nihaurrekin izanen direnentz.

        Eta ongi dut orhoit, uda eta bakantzetan lagunen arrenkurak unkiturik bait ninduen, antzunetan bezala beti, otean ikusiko nituen gehiago. Ene othoitzetan ere, Jesu Krist gure jaunari galtatzen diot eta erregutzen ikasetxera bihurtu pundura, ene konpainia ere ekar lezan. Arren, bakantzak aintzina arau, nola uda ere azkentzera linburturik, hurranago ikusten nuen lagunen besarkatzeko tenorea.

        Aintzina aintzinatuz, iritsi da lagunekin izaiteko eguna, bainan ene gogoetan, ikasetxea hotzago ageri da, uherrago, kolore arre ilun hezeaz bestitzen da bastitzar hura, eta urrunetik bezala ene burua alofean ikusten dut patioan gaindi, elurrezko itxaso zuri hartan, berriz neguko malutak begietan, ezin ikusizko bideer jarraikian, eneganik gibel utzirik urratsez bide egiten ere nihaurren tornuan, han hemenka haurride apur batzuren irri apalak baizik ez biziaren aipagarri.

        Leiho gora batetatik bezala ikusten dut patio zuria hutsirik ene gogoa bezain, deus dolu gabetarik ikusten ditut harresi goibel hezeak, goroldio lili edenak harri artetarik, oi bakardadea!.

        Urte hartan zinez ttipitu zen ikasetxeko haurreria. 1937an ginen, iadanik Mola jenerala Nabarratik elkhirik zen, beste eskualdunetarik apur baizik ez gutartean.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.