Kaskezur
Itxaro Borda
bai, zuek ez dakizue, baina nik badakit
heriotz ondoan gizakiari zen gertatzen den.
zerura doakela, hori bi mila urte hauetan
sinets arazi diguten gezurra da.
bai, zuek jakin nahi zenukete eta nik
badakit, badakit zer gertatzen den.
beriotz ondoan gorputzeko ur bitxiak pizten dira,
zelula hilak ezeztatzen hasteko,
ur keldartsu horrek, hiroduraren bidea irekiz,
bakteria emankorren goseak susta ditzazke.
eta dantzaren zorabian sartzen dira
haragia usteltzen, urrintzen, zirringatsutzen
ihaurrika nahasian parteka erortzen ari denean,
sartzen dira,
arbiskak eta herrestariak,
har sortu berri malatsak, zizare familia osoak,
mamutxa asekaitzak, eta
airean, kinka kaltekor hontaz baliatuz,
zirurikan, haserrez ziztaka, idurikan antziz eta zaunkaz,
ulu beltzurdinak, muruak, lespadak eta arrano gosetiak.
denbora gutiz gorputza ezer ez da
eskeletako hezur gisukiz bustuak
lur barnean edo gainean
abanztearen eguzki erreak zurituko ditu.
datorren larrazken hegotsuan
bare karakoilak, arkamelu eltxarrak,
suge hotz nagiak eta kuskandel hormatuak
neguaren iragaiteko kaskezurraren ziloetan,
ginarrez eta zamez beteak ziren zilo guzietan,
kabituko, kokatuko, kokartuko dira.
|