L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 5 (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Paramaribo

 

Itxaro Borda

 

Karaibetan, Pazifiko Itsasoari begira dago Paramaribo hiria. Saramacca ibaiak bazter hezeak bustitzen diskio. Holandes marinelek hunki Surinam herrialdean, Paramaribo. Guziek badakite kantuaren arabera holandresen ibarretan tronpeta entzuten dela, baiki, tulipen eta eiherren artetik...

        Egun batez, aspaldiko lagun beltzaran batengandik, kartapostal bat ukan nuen Paramaribotik: «orroitzapen gozo bat hemendik horgo lur hotzeri...» besterik ez ordea... Eta izen hori luzaz ibili zitzaidan trostan, kasko zokoan. Izen horrek ametsaren zerbait bazuen. Trixtetzen nintzelarik euria erortzen gehiegi aditzean, Paramaribo nion nere baitako galernak oro jabaltzeko. Paramaribo...

        Historio bat asmatu dut, han izan banintz bezala. Ordea dena irudimenak sortua duela aitortu behar. Diru askorik ez denean, hobe da ametsaren indarra sustatzea! Hona beraz...

 

 

Paramariboko ostatu ketsu batean pianista beltz bat bazen. Jimi zuen deitura. Zuriz beztiturik, lepo inguruan pinpirin moduan estekatu ttattar batekin, baltsa arin eta fresko batzuekin jendeak dantza arazten zituen. Edaleak, ardurenean, ez ziren lan orduetarik kanpo baizik etortzen. Whisky edo bierra pizuak iresten zituzten, espainetan pausatu haguna beso ilezuekin garbituz. Ostatu hortan zabiltzanak ez ziren baitezpada aberatsak, izerdiaren gostuz irabazi sosa zuten manera hortan gastatzen. Gure herrietan ere baditake horrelakorik. Paramaribo...

        Gehienak beraz holandesak ziren, Konkistador seme edo bagnetan higatu bakarren bastart xarneguak. Kaiena ez dago Paramaribotik hain urrun; oihan umeetan zehar ibiliz, iheslariak errez hel zaitezkeen Surinameraino. Guziek bazituzten gauaren heineko historioak kondatzeko, edari epelak lagun naski. Zerbitzari pottoloek basoak mahainetan pausatuz germen hariak mozten zizkioten. Baina, beti, kar berarekin berriz hasten zuten beren solasa; pianoarekin bat, horrela goizeko lehen argi zirrintaraino, arroseraino. Paramaribo...

        Paramaribo karriketan itsaso baketsuaren marrumak entzuten ziren; uhainak harri apaletan hausten ziren aldikal pianistak jotzen zuen airea kanbiatzen zuen. Erran behar da, Txikagotik etorri soinulari horrek bazuela talendu, eta egin zitzazkeen hutseri nehor ez zela ohartzen. Ipar Ameriketako hiri hartan jazzean ari zen. Hogoi urtetan, maffiaz nazkaturik, betak Surinamen landatu zituen, baitzirudion Paramariboko aroak errekinoak izitzen zituela!

        Jimiren erhiak dantzan ari ziren klabier xuri-beltzaren gainean. Gizonak edaten. Mahain trakesen artean bat zutitu zen, eta erran zuen nola duela berrogoi mende bederen —etzuen denboraren neurri izpirik; zaharrek ahanzten dute iragana— Surinameko indioek misionest katoliko bat jan zuten, marmitan egosi ondoan.

        Halatan, arrotzek zekarzkiten gaitzen ezeztatzeko... Kantu batek dio omen, ona zela eta odoltsua apez jesuista gaixoaren haragia... Paramaribo...

        Jesuistaren historioak denak irriz arazten zituen. Beste marinel batek kondatu zuen, zein maneretan Paramariboko hormazko palazio batean hotandes gobernadoreak burua moztu zioten Surinameko ehun gazteri egun batez haren prezioen politikari oldartu zirelakoan. Kaoutxua biltzen eta mozten ari ziren Amazoniako oihanetan, eta holandesen peko ziren nagusiek ez zituztela aski pagatzen punalaz xitxikatu zituzten. Gobernadoreak jujatu zituen segidan. Paramaribo...

        Baina segur banuke oraino irudimenezko marinel horiek salatu frango hitz erraiteko. Adibidez nola Ursula Arkadio Buendia enpaitatua izan zen bere adin handiaz eta bere bizi ederraz denek etsenplu hartzeko... Zonbat horretako. Paramaribon... Ondarrean, zuek, badakit zihaurek aitorturik, ez dituzue asmatutako historioak sobera malte, egiazkoak, realistak nahiago dituzue. Arrazoina duzue, ingurumen erreala aski dorpea da hartarik ez urruntzeko.

        Ordea, nik, Paramaribo....

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.