L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-8 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Roosevelt Utah 1979

 

Itxaro Borda

 

                                                "maitatuko nauzu eh!

                                                elkarren ondoan lo egingo dugu..."

                                                                egileak in Ttu-Ttuá 04

                                                                Jon A.ri bihotzez.

 

Mariak bere osabaren cadillac gorria mailegatu zuen, egun luze batentzat. Goizeko lauetan jeiki zen astearte misteriotsu hartan, gosaldu eta autoz Grand Junction Coloradotik atera. Argi ahul bat ikus zitekeen ortzaiza mugatzen zuten mendi urdinen atzetik altxatzen... Maria pentsati bazihoan KSTR irratian Bob Collins ospetsuaren programa zozola entzuten. Harrigarria zen lurralde lehortu hauetako nekazariek beti Emilou Harrisen edo Johnny Cashen kantuak eskatzen zituztelako... Bob Collins ezagutzen zuen, ardura etortzen baitzen bere osabak zedukan trinketera squashean artzera. Ordea ez zitzaion batere gustatzen, faltsua iduritzen baitzitzaion...

        Eguzkiak indarrez koloreztatzen zituen bazterrak: harria baizik ez zen ageri, mila urte iraun zuen kataklismoak larrutu harri bakartiak. Rangely Co. hiriaren ondoan dagoen Indian Motel batean askaldu zen. Normal den bezala arroltze eta xingar jan zituen... Gero Mariak bere osabari telefonoz deitu zion, erranez denak ongi pasatzen zirela. Berriz ere, osaba zaharrak eskatu zion zergatik joan nahi zuen Roosevelt Utahra. Mariak ez zion ihardespenik eman... Ba ote zekien berak?

        Indiosa larru arros batek zerbitzatzen zituen Motelean gelditu kamioneroak. Maria bati begira gelditu zen: Peterek utzi zuenez geroztik emakumeei so egoten zen, zentzua galdurik, baten edo bestearen altzoaren gozoan pausatuko zelako ametsarekin. Emakume bat ikustean bizkar hezurrean gora desir kontrola ezina igotzen senditzen zuen... Instant luzeen buruan ideia zozo hori kentzen zuen burumuinetako arroiletarik. Pagaturik, Maria atera zen Moteletik, kamionero indartsuen behakoz inguraturik... Ahalgeak matelak berotzen nabaditu zuen. Ez zen atzera itzulikatu, eta autoan sartu zen...

        Dinausur land guzia trebeskatu zuen. Hiri hortako komerzioek ba zuten zer ikusirik prehistoriako abere aipatuekin: dinosaur hotel, dinosaur night club, pelukeria dinosaur etab. Amerikanoek imaginazio guti zeukatela pentsatuz pasatu zen, irri arin bat espainetan...

        Eta bai, hau ere milagarren aldikotz jin zitzaion gogora: hain maite zuen Peter harek nola abandonatu zuen Maria gaizoa bere destinu bakartiari. Denbora askotan ari zen erdi negarrez, eta azken hilabeteetan jasan zuena ez zuen nehori desiratzen. Iduritzen zitzaion ez zuela Peteren konportamendua ulertzen ahal: ez konprenitze horrek ez onhartzea zekarkion. Min biziak bihotzean zirauen egunero. Behar bada bizitzeko kemena min hortan aurkitzen zuen... Maitasuna gauza bitxi bat bezala konsideratzen zuen: noiz nahi, nor nahirekin larrua jo zitekeen luzarako ondorio zaurigarririk gabe, baina norbait zinez maitatzen hasten baldin bazen, bai gorputzez eta bai izpirituz, dezepzioa edo behintzat, bihotzean gaitzeko sarraskiak biltzeko harriskuan jartzen zen Maria. Bi posibilitateak konbinatzen zituen beraz, bat ezinean (amodio iraunkorra) beste alternatiba apurtzalea aukeratuz...

        Vernal Utarha heldu baino lehen hiri fantome bat kurutzatu zuen. Eguraldi ederra, garbia, eguzkitsua izan arren, etxe abandonatuen leihoak mugitzen, ikaratzen begiztatu zituen iparreko haize hotzen eraginaz. Geroxeago highway 40ean poliziek eraiki kontrola baten gainera erori zen. Sirena gorri eta urdin kolorekoak kantuz ari zitzaien polizien autoei. Maria, cadillacetik jaustean, polizi batek keinu bat egin zuen, erranez: "ongi mia zazue auto hau, berdin ebatsia diteke!". Eskuak airean, seguritatea errepresentatzen zuen gizonari ihardespen zehatzak ematen saiatzen zen. Zion, bai europearra naiz, bai oporretan nago sei asterentzat eta hortarako Pariseko amerikar anbasadeak visa bat igorri dit, bai nere osabaren etxean nago, hona haren telefono zenbakia... Gizonak imigrazioko bulegoetan lanean ari zela erran zion, beste batek osabari telefonatzen ziola. Horren ondorioz Maria utzi zuten joatera...

        Azkenean, Roosevelt Utahra heldu zen. Roosevelt Utahra irixtea izugarri ederra iruditzen zitzaion: hiria mendi ttiki baten atzean zegoen kokaturik, eta beti sorpresa handia zen bide zuzenean zehar autoz hiriaren bihotzeraino jaustea. Nolabait hiriak bidairaria irensten balu bezala, emeki emeki...

        Bazuen sei hilabete Peterek utzi zuela neska. Mariaz maitemindu zen, Europan zegoelarik linguistikako ixtudioak bukatzen, Nanterreko unibertsitatean. Gero noski beste batetaz, Maria bazterturik bularrak meharregi zituelako arrazoin trastua emanik separatzeko egun madarikatuan... Maria, orain Ameriketan zegoen, eta koka kola gustua zuen maitasunari ohitu nahi zuen. Horregatik ari zen mementoan Roosevelt Utahra hurbiltzen, bere osabari cadillac gorria mailegaturik...

        Zuzenbide bat bazuen sakelako moltsan, Grand Junction CO.ko mutil batek eskainia. Paul, First National Banckaren presidentaren semea zen eta Roosevelten lanean ari uranioa tratatzen zuen lantegi batean. Haren ikustera bazoan beraz: autoa parkingean abandonatu zuen eta urratsak mutikoaren etxera bideratu zituen. 16, New Deal Avenueko bostgarren estaiako xilintxa jo zuenean zorionez, Paulek atea ireki zion... Borta ondoan, kaiolan preso zegoen kaliforniar sugeak txixtua entzun arazi zuen. Paulek Maria bere besoetan tinkatu zuen, eta segidan biek erabaki zuten Roosevelt Utahko ostatuetan poteatzea. Tabernaz taberna ibili ziren beren biziak elkarri kondatuz, uranio lantegiko lagunekin solastatuz, mahain gordeetan zeuden bigarren mailako poeta onhartuei europako bizi modua nolakoa zen agertuz. Ondorioz poeta horietarik frangok, obra ederrak idatziko zituzten Parise kapitala mundiala aipatuz, Mariaren hitzen bitartez bidaia garestia ekonomizatuz...

        Goizeko ordu batean, hiriko galekuak (tabernak, pubak eta night-clubak) hertsi ziren, Mormonen erlijioneak manatzen zuenaren arabera. Karrika hustuetan zehar, eskuz-esku Paul eta Maria etxeratu ziren. Gelan zeudelarik Paulek azken whisky bat edan zuen. Batek bestea desbeztitu zuen, biak desirez hantuak eta bustiak ziren.

        —Gogoratzen haiz Paul, nik ez diat larrua jotzeko xederik, bazakik nere desira hire ondoan, hire gorputzaren beroan lo egitea duk...

        —Bai, bai hala errana ginian... hala ere atsegin piskat emango denat...

        Mariak Paulen zakila ferekatu zuen jus hori joria ixuri arte, bere aldetik Paulek Mariaren alua mihiz milikatzen ziola neskaren gorputza uhainka gogortzen senditzeraino... Argiak hil baino lehen elkarri irri egin zuten, eta Paulek bere besoetan tinkatu zuen Maria. Mariak larruaren beroa, lainoa, samurra sumatzean kasik negar egin zuen...

        Ate ondoko kaliforniar sugeak txixtuz gau on desiratu zuen orori.

        Roosevelt Utahn zen, 1979an...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.