Lurrak eta espazioak
Interino
Urte askotxo falta zen Fraga Oposizio demokratikoaren buruzagi bihurtzeko. Urte koadrilla bat Gasteizko triskantza agindu zezanerako. Baina ez zuen lan falta memoria freskatzea gustatzen ez zaion horrek. Ez al zen ba Informazio eta Turismoaz arduratzen? Zentsuraz beraz. Dudarik gabe lan gehiegi izaki, ezin guztietara iritsi. Edonork eduki lezake deskuidoren bat edo beste. Bestela, nola izan daiteke posible 1966an honako hau argitaratzea:
GABAZ
ENE ta KA gau artan
N-K
egin ziran.
Ibaia itsasoan
sartu zan.
Gau horrek eguerdi eta arratsaldea zuen aurretik. Inor, duda izpiren batekin gelditu bada, olerkariak berak esaten dio: "N, emakumearen iduri ta K, gizakumearen iduritzat jartzen ditut". Badaezbadaere, ezta Amilaitz? Nemesio Etxaniz, Etxaniz'tar Nemesio da (zen) Amilaitz, LUR BERRI BILA idatzi zuena. (Gipuzkoako Aurrezki Kutxak 1978an eginiko edizioa dut eskutan). Apaiza zen Amilaitz.
Apeza, olerkari erotikoa? Ez hori bakarrik. Ia, zein ritmo jarriko zenioke orain datorren estrofa honi?:
BIDE ORTATIK
Bide ortatik joan
bide ortatik galdu
arrazkero etzera
neregana azaldu.
Ez da dudarik ezta? Oso garbi dago. Ez du merezi esateak ere. Aide horrezaz gain (ez dizut esango, ez) bestelakoak ere egin zituen, hitz eta doinurekin, txatxatxa, runba, habanerak eta abar. Biziko balitz, gaur martxataborrokan sartua ibili litekeela pentsatzeak parregure pixkat ematen dit. Ez da nere nahia, ordea, Amilaitzen lepotik farre egitea. Abestigintza arina promozionatu nahi izan zuen, eta zenbaitzu oraindik gogora gaitezke "Ana! auxen da lana / zu gabe gozagaitz zait dana..." abesten zuen aideaz. Ez zuen suerterik izan bide honek, euskal kantari berriak jende serioak baitziren, arinkerietan galtzeko.
Nemesio Etxanizek elaberriak ere idatzi zituen, ipuinak (zenbaitzutan irratirako egokituak) antzerkiak, euskara ikasteko metodoak,... denetarik. Ez zuen prejuiziorik zernahi gai, edozein jenerotan aritzeko. Literato batentzako planteamendu okerra izan daiteke, baina Amilaitzek bere idazlana hizkuntzaren desarroilorako tresna gisa hartzen du: "Izkuntzak indartsu bizi nahi badu, sail guziak artu bear ditu". Euskarak hartu nahi ez duen lurra, erderak jango dio. Espazio berriak hizkuntzarentzat. Oraindik ere baliozko printzipioa. Trabak ere izango zituen dudarik gabe Etxanizek, euskal izatearen ikuspegi hertsia nagusi zen garai horretan.
Tipo interesgarria Amilaitz. Literatur manualetan ez du agian toki gehiegi izango, bere sorlanak ez dira behar bada klasiko izatera iritsiko, baina nik badakit nor ez den hartaz ahaztuko. Haren itzalaz behintzat. Oraintxe esango dizuet zergatik. Euskararentzako lur berriak jorratzeko ahaleginetan alor bat maite zuen guztien gainetik Etxanizek. Ikastolak. Donostiako kaiean bazen bat. Han zebiltzan umeentzat, abestiak eta jolasak sortzen zituen Amilaitzek. Ikasle haiek ez zuen ez aulki ez mahai. Lurrean eserita hartzen zuten eskola. Eta lurretik begiratuta oso luzea zirudien Aita Nemesio Etxanizek. Haurrentzako kantuak eta kanta militanteak. Bigarren moetako hauen artean ba da zenbait sentimentali negarra eragiten dion bat edo beste. Zaharreria behar bada:
ABERRI EGUNEKOA du izenburu olerki-kanta honek:
"Ene biotz gaixoa!
nola zera bizi?
Aspaldi ontan
ene maitea
etsaien igesi.
Guda galgarri batek
artu gindun mende.
Ordutik gure
bizia doa
etxerikan gabe.
Gure mutil zintzoak
euskal mendietan
beren bizia eskeiñi zuten
ordu larrietan.
Odolez gorri dago,
gure lur maitea.
Odol orretxek
urratuko du
gure ilunpea.
Ene biotz gaixoa!
Ez genio negarrik
Euskal gogoa
iltzeko ez da
sortu iñun indarrik!"
Tipo majoa Amilaitz hau.
|