Baptiste andrea
Guy de Maupassant
euskaratzailea: Joakin Balentzia
Loubain-go geltokian sartu nintzenean bidaiari gelako erlojuari bota nion nire lehenbiziko begirada. Pariserako expressaren zain egon behar nuen bi ordu eta hamar minutu tartean.
Berehala nekatua sentitu nintzen hamar lekoa oinez egin nuen eta; gero nire inguruan begiratu nuen hormetan astia pasatzeko zerbait aurki nezaken bezala; geroago berriz irten eta gelditu nintzen gelditokiko atearen aitzinean, zerbait egiteko asmatzeak kezkatua.
Karrika, arkazi mehetaz landatua boulevard gisa zen, etxe ezberdin eta irregularretako bi lerro tartean, hiriska baten etxeak, mendiska antza batean zehar igotzen zen; eta oso atzekaldean arbola batzu nabaritzen ziren parke batean bukatzean bezala.
Noizean behin katu batek zeharkatzen zuen karrika, errekatxoak saltatzen era delikatuz. Txakurtxo batek zuhaitz guztien oinak usnatzen zituen presaka sukaldeko zaborrak bilatzen. Nik ez nuen kristaurik ikusten.
Etsipen goibel batek hartu ninduen. Zer egin? Zer egin? Jadanik pentsatzen ari nintzen amaigabeko eta nahitaezko jarlekuaz trenbideko kafetegitxoan, garagardo edanezin baten eta eskualdeko egunkari irakurtezinaren aurrean, konturatu nintzenean hil-gorteiu batek bira egiten ziola alboko karrika bati nengoenerengana jotzeko.
Hil-gurdia ikusterakoan poztu nintzen. Banituen bederen hamar minutu garaitzeko.
Baina bapatean nire kontua gehitu zen. Zortzi jaunek, bat negarrez, bakarrik jarraitzen zioten hilari. Besteek lagunkiro solastatzen zuten. Apezarik ez zegoen. Nik pentsatu nuen: "Hau da hileta zibil bat", gero kontsideratu nuen Loubain-ek, honako hiri bat, izango behar zituela behintzat ehunen bat librepentsalariak manifestatzeko betebeharrez. Orduan zer? Hil-gorteiuaren martxa arinak garbi erran nahi zuen elizkizunarik gabe defuntua ehortzi egiten zutela eta, horregatik, erlijiorik gabe.
Nire jakingura nagiak hipotesirik korapikotsuenak egin zituen; baina hil-gurdia nire aurretik pasatzen zela eta ideia xelebre bat etorri zitzaidan, hots, zortzi jaunekin jarraitzea. Horrela bederen banuen ordu bat okupaturik, eta besteen atzean itxura triste batez martxan jarri nintzen.
Azkeneko biak itzuli ziren harriturik, eta ahopetik solas egiten zuten elkar. Seguraski galdetzen zirela ea herritarra nintzen. Geroago kontsultatu zieten aurreko biei eta beraien aldetik niri zorrozki begiratzearen gustua egiten zuten. Kontu honek gogaitzen ninduen eta, bukatzeko asmotan, hurbildu nintzaien ondokoei. Agur egin ondoren erran nien: "Jaunak, barka nazazue zuen solasaldia eten egiten badut. Baina hileta zibilaz konturatzerakoan zuek lagunduriko defuntua ezagutu gabe izan arren agudo jarraitu dut". Eta jaunetariko batek erran zuen: "Defuntua andre bat da". Harritu nintzen eta galdetu nien: "Hala ere hileta zibil bat da, ezta?
Beste jauna, ni irakasteko gogo zuela bistan zenez, mintzatu zen: "Bai eta ez. Apezariak elizan sartzea debekatu gaitu". Orain nire harridura azaldu nuen "A!" erraten. Ez nuen fitsik aditzen. Nire ondoko atseginak boz apalez aitortu zidan: "Hau da istorio bat, hau! Andre gazte honek bere burua hil zuen eta horregatik ezin izan da elizaz ehortzea. Bere senarra de lehenbiziko ikusten duzuna negar egiten".
Orduan zalantzaka erran nion: "Anitz harritzen eta interesatzen zait zuk errana, jauna. Indiskreziorik ez bada faborez konta iezadazu istorio hori. Zirikatzen bazaitut, utzi".
Gizonak besoa heldu zidan familiarki: "Ez, guztiz ezetz. Itxoin, gera gaitezen piskat atzekaldean. Erranen dizudana oso tristea da eta. Hilerrira, goiko zuhaitzak ikusten dituzun tokia, iritsi baino lehen astia badugu; gogorra da alderdia eta".
Eta hasi zen: "Pentsa andre gazte hau, Paul Hamot andrea, herrialdeko merkatari aberats baten, Fontanelle jaunaren alaba zela. Umetan, hamaika urte zituelarik, izan zuen gertaera ikaragarri bat: morroi batek lohitu zuen. Neska hil zorian izan zen, miserable horren kulpagatik hondaturik, bere basakeria salatu zuen, pizti herren partetik jasan zituen ekintza beldurgarriak martiri koitaduak azalduz. Zigortu zuten gizona betirako lan bortxatuez".
"Neska hazitu zen, izentxarrez markaturik, isolaturik, lagunik barik, helduek ia ez musukaturik ustez ezpainak zikin izanen liratekeela bere bekokia ukitzerakoan".
Bera bihurtu zen hiriarentzako mamutzar, fenomeno gisa bat. Marmar egiten zen: "Badakizu, Fontanelle neska". Karrikan guztiok itzultzen ziren bera pasatzerakoan. Ezin zuten aurkitu neskameak ere paseiatzera eramateko; beste familien neskameak urrun gelditzen ziren kutsapen bat neskari jario ziezaion bezala hurbiltzen zitzaizkion guztietan zehar zabaltzeko".
Errukigarria zen neska gizajoa ikustea arratsaldetan neska-mutikoak jolastera joaten diren ibiltokian. Bera erabat bakarrik, zutik bere neskamearen ondoan, aire triste batez geratzen zen, ikusten nola neska-mutikoak dibertitzen ziren. Noizean behin, umeekin nahasteko inbidia jarkiezin bati amore ematen, herabez aurreratzen zen, keinu beldurtiekin, eta talde batean ixileko urratsez sartzen zen bere ezduintasunez kontziente bezala. Eta berehala jarleku guztietatik ailegatzen ziren amak, neskameak, izebak, zaintzen zituzten neskatoak harrapatzeko eta beraiekin zakarki eramateko. Fontanelle neska geratzen zen isolaturik, inorenganatua, ulertu gabe; eta negar egiten hasten zen penaz lehertzeko zorian bihotza. Ondoren neskamearen amantalarengana korrika egiten zuen bere aurpegia estaltzeko".
"Hazitu zen; are okerrago izan zen. Neskak bere ondotik urruntzen ziren izurridun batetik bezala. Pentsa gazte honek ez zuela deusik ikasteko, fitsik ez; laranjondoko lore sinbolikoaren eskubiderik ez zuela; ia irakurtzen ikasi baino lehen sartua zela amek dardaraka, eztei-gauean bakarrik, asmatu uzten ia ez duten misterio itzelan".
Bera karriketan ibiltzerakoan, bere institutrizak lagundurikoa, beldur iraunkorrez zenbait gertaera berri eta izugarri ikustea itxadon zedin bezala, bere karriketan ibiltzerakoan, begiak beti apalak, beraren gainean sentitzen zuen lotsa misteriotsuaren pean, beste neskek, amarrugabe gutxiago baino pentsa daitekeena, ikusterakoan txutxumutxu egiten zuten eskutuka, isekatzen zuten ahopeka eta itxura lekoratuz burua bihurtzen zuten. Agudo bera txiripaz jabetzen bazen".
"Ia ez zioten agurrik egiten. Zenbait gizonek besterik ez zuten kapelarik kentzen. Ez konturatuenak egiten zuten amek. Zenbait zitaltxok dei egiten zioten 'Baptiste andrea' iraindu eta hondatu zuen morroiaren izenagatik".
"Inork ez zituen ezagutzen bere arimaren oinaze sekretuak, deus ez bait zen mintzatzen eta inoiz ez bait zuen irri egiten. Bere gurasoek beraiek haserreturik ematen zuten bere aurrean zenbait erru konponezin eternalki aurpegira ziezaioten bezala".
"Gizon onest batek ez lioke atseginez eskurik emanen gartzelatu liberatu bati, ezta? Eta gartzelatua bere haurra izanen balitz? Fontanelle gurasoek konsideratzen zuten beren alaba haur bat gartzelatik aterata izan baluten bezala".
"Bera zen ederra, eta zurbila, altua, argala, dotorea. Anitz gustatuko zitzaidakeen, jauna, afera hori kenduz".
"Izan ere, orain hamazortzi hilabete, subrprefektu berri bat etorri zitzaigunean, berarekin ekarri zuen bere idazkari partikularra, Latin auzoan bizia iragan omen zuen gazte bitxi bat".
"Fontanelle andereñoa ikusi bezain pronto maitemindu zen. Kontatu zioten dena. Eta berak erantzun zuen soilik: 'Ba! Hauxe da etorkizunerako garantia hain zuzen ere. Gero baino lehenago hori izan dadila nahiago dut. Honako andre batekin trankil lo eginen dut'".
"Lagundu zuen, ezkonitzak egin zituen eta ezkondu zen. Orduan, ausartarena egiten, ezteiaren bisitak egin zituen ezer ez zedin pasa bezala. Batzuk bihurtu zieten beste batzuk ez. Azkenik ahazten hasi ziren eta neskak leku bat lortu zuen munduan".
"Erran behar dizut adoratzen zuela bere senarra jainko baten antzera. Pentsa ohorea itzuli ziola, ohizko legean sartarazi ziola, desafiatu, bortxatu zuela opinioa, irainak oldartu, laburrean, gizon gutxik beteko zuketen egintza kuraioso bat bete zuen. Horregatik pasio gartsu eta itzela berarengana zuen andreak".
"Haurduna geratu zen eta bere enbarazua azaldu zenean zirikatzaileenek ireki zioten beren atea amatasunez behin betirako purifika zezan bezala. Zitala da hau baina horrelaxe da..."
"Ongi zebiltzan gauzak herrialdeko patron jaiak ospatu genituenean joan zen egunean. Prefektuak, bere burukideek eta agintariek inguraturik, buru izan zuen orfeioen lehiaketa eta bere hitzaldi egin ondoren dominen banaketa hasi zen bere idazkari partikularrak, Paul Hamot, norberari ematen zizkiola".
"Badakizu kontu hauetan jendeari mesura galerazten dioten inbidiak eta lehiakidetasunak diren".
"Hiriko dama guztiak han zeuden taulatuaren gainean".
"Bere momentuan Mamillon herriko musika-zuzendaria hurbildu zen. Bere taldeak bigarren klaseko domina bat besterik ez zuen. Ezin da eman guztioi lehenengo klasekoa, ezta?"
"Idazkari partikularrak bere domina ematen dioenean gizonak oihuka aurpegiratzen dio: 'Gorde dezakezu Baptisterentzat zure domina. Lehenengo klaseko bat ere zor diozu niri bezain adina'".
"Han zegoen jendeak, eta zen anitz, irri egin zuen. Jendea ez da karitatetsua ezta ere delikatua eta begi guztiak dama gizaixo harengana itzuli ziren".
"Jauna, ikusi duzu inoiz ba andre bat ero bihurtzea? Ez. Beno, geuk presentziatu dugu honako ikuskizun hori. Bera zutitu eta berrerori zen segiduan hiru aldiz bere jarlekuan. Ihes egin nahi zezan bezala eta inguruko jendetza guzti hura zeharkatu ezin zuela uler zezan".
"Nonbaitetik, jendearen artean, ahots batek garrasi zuen: 'Oe! Baptiste andrea!'. Une hartan zurrumurru haundi bat izan zen bozkarioz eta haserrez josita".
"Hura zen olatua, hura zen zalaparta! Buru guztiak mugitzen ziren. Errepikatzen zuten hitza; altxatzen ziren kuitadu harek zuen itxura ikusteko; senarrek andreak beren besoetan jasotzen zituzten erakusteko; jendeak galdetzen zuen: 'Nor da? Urdinazkoarena?'. Pikaroek oilarren oihuak egiten zituzten; irri ikaragarriak lehertzen ziren toki guztietan".
"Bera ez zen mugitzen, inorenganatua, besaulki popoxean, batzarrearentzat erakusketa gisa jarririk. Ezin zuen desagertu, mugitu, ezta ere bere aurpegia disimulatu. Bere betazalak harrapataka kliskatzen ziren argi haundi batek bere begiak erre zitzan bezala; eta putz egiten zuen aldapa bat igotzen duen zaldiaren antzera".
"Bihotza puskatzen zen andrea ikusterakoan".
"Hamot jaunak zintzurrez harrapatu zuen pertsonai gizen hori eta biak lurretik arrodatu ziren zalaparta espantagarri baten erdian".
"Zeremonia eten egin zuten".
"Ordu bat buruan, Hamot senar-emazteak etxeratzen ziren unean, andre gazteak, iraina izan ondoren hitzik gabe eta dardaratzen, nerbioak eragingailu baten bidez dantzan paratuak izan zitezen bezala, bapatean zubiko karela jauzi zuen, galerazteko denborarik ez bait zuen senarrak, eta bere burua bota zuen hibaiara".
"Ura da sakona arkupean. Bi ordu pasa ta gero erdietsi zuten harrapatzea. Hila zen, noski".
Kondaria isildu zen. Gero erantsi zuen: "Agian hoberena egin zuen bere egoeran. Badira ezabatzen ez diren gauzak".
"Orain ulertzen duzu zergatik apezeriak debekatu zituen elizkizunak. Ehortzketa elizez izan balitz hiri guztia etorriko ziratekeen! Baina zeuk ulertzen duzunez, suizidioa beste istorioari batua, familiak ez dira etorri; eta beste aldetik hemen oso zaila da ehortzketa bat jarraitzea apezarik gabe".
Sartu ginen hilerrian. Oso hunkiturik hilhobira zerraldoa jeitsi zuten momentua itxadon nuen hurbiltzeko zotinka egiten zuen mutil gizaixoarengana eta eskua kaliputsuki emateko.
Malkoen zehar harriduraz begiratu ninduen eta erran zidan: "Eskerrik asko, jauna". Eta ez nintzen damutu hil-gorteiua jarraitzeaz.
"Madame Baptiste" 1882
|