Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985)
Zerbizio epezial
Eskypi Baik
Zerbitzari publikoen artean ordena publikoaz arduratzen direnak daude eta estatu espainolean azken horien artean Guardiazibila omen dago. Denok dakigu nolakoak diren traje berdedun horien zerbitzuak, ez da deus ere aipatu beharrik benemeritoen jokaeraz. Beren buruzagiek behin eta berriz erraten digute Guardiazibilaren formazioa eta heziketa oso ona dela, edo are gehiago ezin bobea adimen argikoak direla, buru azkarrekoak ere eta delinkuente eta gaizkileen kontra egiteko prest daudela momentu oro. Beraz guzti honen ondorioa bat bertzerik ez dela erran daiteke deplauki, hots, hiru adardunen jokaera garbia da, tatxarik gabea. Guzti hau frogatzeko neure belarrietara iritsitakoa kondatuko dizuet segidan. Hona hemen, bada, gertatutakoa, gero norberak atera dezala eritzia.
"1979 udan zen, uztaila hain zuzen, Gasteiz zuela hamarren bat minutu utzia genuen atzean. Bigarren klaseko bagoiko konpartimendu zatar hartan giroa zarpaila zen kanpoko eguraldi beroaren eraginez, Arabako alderdi haietan haize hegoa nagusi baitzen. Iruñean hartu genuen trena eta bi ordu generamatzan bagoian sarturik. Nire bi lagun eta hirurok ezezik, argentino bat eta gure aurrean zeuden hiru gizon gazte ere zihoazen konpartimendu hartan. Azken tipo horiek, bi bizardun eta hirugarrena bere aurpegia bibote ederrez apaindurik zuena, susmagarriak ziren, "sekreta itxura haundia baitzuten". Hauek eskuetan "Diario 16" eta zenbait aldizkari "porno" zituzten. Konpartimenduko atea ia hertsirik zegoen, ixiltasuna nagusi zen barruan, bat edo bertze erdi lokarturik geunden. Berotasuna aipatzen zuten entzuten ziren ele bakarrek, ez zen bertze mintzagairik gela txiki hartan. Bazirudien giro lasai, paketsu eta era berean aspergarri hura inork ez zuela hautsiko. Bai zera! Hura izan zen hura sorpresa. Bapatean atea ireki zuen pasilotik norbaitek eta karate antzeko iauzi bat eginez konpartimendu erdian paratu zitzaigun tipo harraro bat eta eskua altxatuz hau erran zuen harro harro: 'Zervizio epezial de la Guardia Zibí'. Ez zen txikia izan gure harridura gizon motz hura tente-tente zutik konpartimenduan ikustean. Txikia zen benetan morroi hura, argalen artean argalena eta zeramatzen jantziak are txikiago oraindik, juxtu juxtu sartzen baitzitzaizkion, ator zuria batez ere. Karneta bat atera zuen sakelatik bere burua ezagutzera emateko eta jezarririk geundenoi dokumentazioa eskatu zigun. Geurea eman genion lagunok, argentinarrak berdin egin zuen eta hiru susmagarri haien txanda iristean gure susmoak erabat baieztatu ziren, erdi izkutaturik erakutsi baitzizkioten beren karnetak eta gure zerbitzu bereziaren arduradun zenak gordearazi zizkien atera bezain fite. Ondoren azalpen zehatzak ematen hasi zitzaigun guardia zibila. 'Ba dakizue, lapur asko dago tren ibilbide honetan baina egon lasai, hementxe nauzue eta'. Bitartean hiru sekretek eskuekin trankil egoteko egin ziguten, beren lankide horiek, tipo hura seinalatuz, lana arrunt ongi egiten zutela erranez. Nire bi lagunak eta hirurok irrika geunden zer erranen ote zuenaren zain. Horrela segitu zuen guardiazibilak: 'Ez dakit jakingo duzuen, bainan horrela aritzen dira lapurrak bertzeen gauzak eskuratzeko. Konpartimenduko atea erdi irekirik baldin badago, orduan osotara zabalduz barrenera sartzen dira eta han dagoen guztia hartzen dute, arin arin, pasilora atera ondoren atea hitsiz'. Jakintsua zen bai zinez gure arlotea. Txunditurik gelditu ginen, izugarrizko harridurarekin, batak bertzeari begiratu genion eta berehala irriparrak agertu ziren guztion ezpainetan. Bere burua tenteago jarriz, honela bukatu zuen bere hitzalditxoa. 'Bo presa dut, banoa bertze konpartimendukoei gauza berbera erratera'. Eta erran bezala alde egin zuen handik. Tontolapiko horrek konpartimendua utzi bezain laster pasilora irten ginen hiru lagunok, barre egiteko gogoak haundi haundiak baitziren. Argentinarrak ez zioen deus ere bainan hiru sekretak han geratu ziren irrimurrika. Ase ase gelditu ginen barre eginez. Bitartean gure 'jokaera garbiko', 'buru azkarreko' eta 'adimen argiko' tipoa bere mezu bitxi, xelebre eta berezia jakinerazten zihoan bagoi osotik".