Nahiz anka bana hautsi
Kapi
Zorroan karga haundixeegia dut gaur. Berandu bazkaltzeak honelako ondorioak ditu. Oraindik sentitzen dut zintzurretik goiti, ahoraino, olio prexituaren usaia. Gorrotatzen dut olio prexitua. Usaia denean itxekitzen da, arropan, ezpainetan, ilean,... zikina sentierazten nau. Kolore txarra dut. Ispiluak ez du barkatzen. Ez dut sekula kolore sanoegirik izan baina estomaka izorratzen hasi zitzaidanetik asiatarren horixka nereganatu dut, etxeko bodegako bonbilaren argiaz pintatua banengo bezala. Estomaka, gorputzaren hiru guneetako bat, burua eta sexuarekin batera. Hari mehe batez loturiko gune bitalak. Eta bihotza? A bai, bihotza ere bai, nonbait hor. Baina bihotzaz gehiegi idatzi delakoan nago. Funtsik gabeko gauza gehiegi, gainera. Nik orain ordea, sentitzen dudana estomaka da, atzo soberazko zirikatu bainuen. Atzo ere. Eta gaur beranduxe bazkaldu. Gainera hotz zorrotz honek hortxe jotzen dit kolpe zehatza, medikuak behatzez ukitzen didan horretantxe, "honela minik sentitzen duzu"?. Torturatzaile batek bere biktimaren tokirik minberatuenean eztena sartzen duen gisa berean.
Zerua goibel. Goatazko sabaia ez da itogarria ondea, gris goxoz baitago margoturik, eguzkiaren errainuak aisa filtratzen direla seinale. Animaliek ke xuria botatzen dute aho-sudurretatik hatsa hartu bakoitzean. Lertxunek Tour-de-France-ko ziklistak imitatzen dituzte erreleboka ube ikusgarriak osatuz. Larun natazko izozkiaren kolorea duen elurrak oratu du, horizontalean ez baina bai bertikalean mugak dituen elurrak, biharamunean herria erasotzeko prest.
Nork ekarri behar zituen kamisetak? Maikolek? Eta ez da etorri oraindik? Igandero igual! behatz indizeaz anteojoak bulkatzen ditu gorantz Aze kataplinak dituen horrek ere! Hamar bakarrik zaudete? Non da Joxemari? Ez dela oraindik etorri? aurpegia zimurtu du esageratuki Jode ordu erdi bat falta da eta hamar bakarrik! Ederki giaudek besoak bularrean gurutzatzen ditu eta burua balanzatzen Eskerrak Maikol! Non sartu haiz kabroia, hi? Denak hire esperoan..., bada norbait ere txartelak saltzen? Hau desastrea! Nada, dimisión, a tomar por culo dena! Mutiko gaxteek mutu begiratzen diote Ni hemen puta bat bezala igandero igandero nere dirutik pagatuz hainbertzetan eta gero hau? A hacer ostias denak! Benga, jantzi zaitezte! Joxemari ostia hori non arraio sartu ote da! Ederrak aditu behar ditik agertzean! Etortzen bada! Bueno, abudo jantzi, ni heldu naiz segituan, Timotearenean kopa bat hartzera noa, ez dirudi lehenbizikoa denik eta deskantsorako kafea enkargatzera. Dios, herri trixtea!
Ez nago batere bizkorrean. Utzi beharko nuke hau. Leo-k lehengoan erran zidana: "lotsagarria, motel, ia berrogei urteko tripaundiek hiri laisterka irabaztea!". Ez dut indarrik sumatzen hanketan. Entrenatu gabe ez daiteke, ez daiteke! Eta jendea hor, begira, horiek ez dute barkatzen. Makina bat nardagarri frustratu oihuka. Eta Marga ta Ixabel dudarik gabe. Aita ere bere baitatik indarra bidaltzen "Aupa Migel!". Eta ni ezinean. Hi, emaidak bertze galtzerdin parea, hok zulatuak dituk. Soinu polita burnizko takoek harlauxen kontra egiten dutena. Tiki-taka, kasu eman behar irristu eta ez erortzeko. Pello-k izterrak gorriago ditu gaur, mosaiko xuri-gorria haragi gordin bizian. "Ez diat batere aritzeko gogorik, hi!". "Pentsa, orain denek aldeginen bagenu eta entrenadoreak kaseta hutsik aurkituko balu!". Inporta zaiok horreri!.
Ez da haize haundirik sumatzen, nahiz eta hodeiak mugitzen ari diren norapait ailegatzeko presarekin edo. Jendeak, hala ere, zamarren solapak altxatzen ditu eta esku batekin lotzen lepoaren inguruan. Horrela xulo ttikiena itxi nahirik, erasotzaile ikustezina den hotzak zauri ez dezan bakoitxaren gorputz epela. Hankak mugitzen dituzte, goiti eta beiti, zapataren zolan itxekita dagoen txiklea kentzen ahaleginak egiten ariko bailira, beren oin hoztuak berotzearren. Purua ahoan datozen batzuk eskuak elkarren kontra igurzten dituzte, eta antzematen ahal zaizkie zaintxo gorri sareak begi hanpatuetan, Timotearenean Soberano kopa bana hustu ondoren. Neska gazte batzu hurbiltzen dira elizako erlojuak lauak eta laurden jo berriak dituenean. Oraindik husgune frango du, ordea, zelaia inguratzen duen burnizko hesiak. Haren kontra jendea, eta gibelean xutik nekez dirauten maizalastoak, testigo mutu.
Xutik! Polliki polliki, laisterka bezala tokitik mugitu gabe! bera kieto Bat bi, bat bi, bat bi, ezker eskuin..., Xuabe xuabe. Besoak goiti, errotarena, kasu eman! Goxo goxo! Hori duk, hori duk! Joño, hemen diagu hamekagarrena! Ze, Joxemari, lo kuluxka pollita? Espresio ironiko adieraztezina Hankarteko xistorrarekin korneta jotzen, e? Gustora? BENGA ARRAIOA JANTZI HADI ABUDO!!... Segi bertzeak, gerria hola, aintzin gibel, aintzin...! Lepoa! Salto orain, ieuuup! Benga berriz, ez gelditu, nik eskuak jotzean salto, orain ieuuup! BURUAREKIN TETXOA JOTZERAINO!!! Lepoa luzatuz eta bertako zain guziak nabarmenduz
Oindagora minbera, boten larru gogortuak ez dio kariziarik egiten nere oin delikatuari. Estomakan zimikoa. Atera aintzinetik nekaturik. Baina ñio! Laister egin behar dut desegin arte. Hortxe baita jendea. Eta Marga ta Ixabel. Leo-k ere bi begi. Aitak hiruzpalau zigarro erreko, ondokoari transistoreak Errealaz zer dioen galdetu bitartean. Aman osabak zerbait emanen dio, ongi jokatzen badut. Eta nik nere buruari ez diot barkatzen. Burnizko hesiak, hurbildu zaizkion pertsonaia xelebreen gonbertsioak aditzen ditu, kaso haundiegirik egin gabe. Miruak ez dio bere buruari galdetzen, ia igandero toki berean gertatzen den giza bilera builosoaz. Timotea ostatu zaharra eskobatzen ari da, hutsik gelditu ondoren, deskantsoaren zai. Galtza motxez, baloi borobila eskuan, eta xalto graziosoak eginez, hiru gizontto, bat adintsua eta bertze biak gazteak, jendeak inguraturiko errektangulu antzeko plaza arrarora sartu dira, etxola batetik atera ondoren. Barrenetik kaseta hotza da, hotzagoa gaur. Leihatila bat, zelaia bistan bertatik, eta lau dutxa nahiko zikin. Noizpait zuri garbiz pintatua, orain dena lohi zaborrez eta baloi kolpeen arrastoz adornaturik. Ez du usai berexirik. Igandero gauza berbera behin ta berriz erran behar ere!: Ballet dantzan ari diren neskatxa finak ahots ergel bat egiten saiatuz dirudizue! "O! bulkatu nau!" kexatzen da Jaxinto haunditzar hori! Nola liteke, nola? Ehun kiloko gizon puska, txoriaren hainakoa eskuen artean gauza ttiki bat edukiko balu bezala ez den kakazu baten aintzinean beldurtzea? La OSTIA zarete! Hau gazteria, hau MIXERIA! Zuek duzuen sasoiarekin, zuek dituzuen baRRAbilekin! Hartu ta JO, jo ta bulka gorputz guztiaz indar eginez, anteojoak ia lurrera, Jaxinto, baloia, porteroa, detentsa, DEnak heRRestan! NAHIZ HANKA BANA HAUTSI! kontrarioari, noski! matelak gorritu zaizkio, haserre espresio ridikuloa. Benga denak kanpora. Joxemari! irri konplize trabiesoa ezpainetan gaur nahi diat gol bat sartzea. "Ja!" Joxemariri grazia egin dio, nonbait. Dutxak dauden kajoi hotzera sartzen dira bizpahiru, Migel haietako bat. Pittilin ximurtua atera du galtza motxen gomaren gainetik. Beldurrarena, nerbioena. Ttantta batzu ixuri ditu porlanezko zola bustian. Batek galtzetan arrastoa uzten du. Azkenekoa atera da kasetatik. Atea itxi dute. Ez du ihesbiderik.
|