L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-6 / Karlismoa hil da, biba Postkarlismoa (1985) —Hurrengo artikulua




 

 

Koldo izagirre, idazkera literario eredu bila

 

Joannes d'Iraola

 

        Denbora joanean kokaturiko nobelak datozkigu azken bolada honetan. Euskaldunok nostalgikoak izateaz gain, errazago izanen da, behar hada, garai iragan haietako gertakariak literatur bihurtzea. Euskara bizia galtzen ari da, nonbait; ez bide du balio egungo literatur gaiak edierazteko. Edo, agian, euskaldunok beti berandu, beti atzetik ibili behar ukanen dugulako izanen da. Duela urte saila, Jon Etxaide humilatuak, Etxaunen bizitzaz diharduen —Joanak Joan— argitara zuenean, bide egokia izanen litzatekeela esaten zuen Joxe Azurmendik, gisa honetako nobelak idazteari ekitea. Ondorenean, ordea, euskal nobela moderno deituko zirenek, ukan zuten santa sekulako furia. Denbora laburreko furia, hala ere. Ez baitzuten, inork uste halako jarraipenik ukan. Saizarbitoriaren teknika berri haiek umotu gabe gelditu ziren. Orain, berriz, urte batzuren burura, nobela historikoak idazteari ekin dio idazle ugarik. Eta Izagirren hau ere, historikoen artean sartu behar, inon sartzekotan. Euskara urbanoa behar omen zen sortu, baina, Orixeri egotzi zitzaion baserri giro hartara gustora jotzen du oraindik, herri hizkera bizia maite duen idazleak. Han baitu oraindik ere, (eta zoritxarrez) euskara biziak, bere altxorrik preziatuena. Askok eta askok ahaztuxea, eta estimu gabez baztertua. Non edo han, baina, nobela honen grazi berezia ere, han bilatu behar da; komila artean jaso behar izan den bizitasun zoragarri hartan.

        Idazle metikulosoa da Koldo; idazle ohartua. Gatzik gabeko gaia eta teknika baino areago, hizkuntza beraren plazer bila dabilena. Hizkuntzak berak, barne barneko dituen aberastasun, gordintasun eta bapatekotasun literarioa, biziki maite dituena. Eta ezin esan, horretarako, berak maiteenik duen horretarako, garai egokia aukeratu ez duenik. Liburu honek ematen duen errukia ere, pena bakarra ere, horixe da, hain zuzen: garaiarena. Joan den berrogeitamar unte honetan aho hizkera biziak galdu duen gatz-piperra dotore erakusten baitu nobela honek. Eta, galdutakoak ez bide du erremeriorik. Jaso bai! jaso egin beharko dira, edo gehienean idatziz erabili, tamaina honetako aberastasunak. Baina, egungo hizkuntza urbanoan galtzen eta galtzen doaz, gainbehera etengabean. Lehen esan dut, idazle kapritxosoa dala Izagirre, eta narradore fidela, gainera. Baina, nobelagile on izateagatik baino meritu gehiago du, literatur idazkera estilista bat finkatze nahian gatazka ari den idazle izateagatik. Azkenaldi honetan, literatura egin ez, baina, (idaz tankeari dagokionean) literatura nola egin beharko litzatekeenaz gehiago idatzi baitu Izagirrek. Alde honetatik, lan gaitza egin du, lan guztiz interesgarria, eta alor hau ukitu duen ia idazle bakarra, gainera, bera izan da. Egungo idazle gazte fustratu askok (eta baita irakurlek ere) biderakusle bat badu, bakarra ez bada ere. Hizkuntzari berez darion grazia eta plazerra gozatu nahi dutenek, badute nondik abiatu.

        Ikus dezagun orain, eta axal axaletik bederen, —Euskadi Merezi Zuten— nobelan ageri den hainbat bixigarri; batipat hizkuntz bixigarri direnak:

        —Itzainaren zain gelditutako adartzabalak (7.orr.)—. Alde ederra dago adarzabalak esan, edo idiak esan; giro-giroko bizitasun ezin aproposagoa, halafede.

        —Hizketan hasten zirenean, idiak okertu agiten ziren goldean, "Hua zuzeno!" (16). Hau idazten duenak badaki zer egiten duen; norbaitek kondaturik buruan aski ongi atxekia du, berak umetan bizi izandako eskena ahantz ezina ez badu ere.

        —Alferra ez bestea (6) — Edo, —alferra ez bestena—, nahi bada; Halere, egungo prosan ez da maizegi ageriko honelako adiera jatorrik. Seguraski ere maizago, entzunen da —Vago más que vago—. —Zaldiaren besoak lerratu egiten ziren estratan, ferrek txingarrak sortzen zituzten harrietan (7)— (Edo, —txingiak ateratzen zituzten—, bestela esanik). Baina, bien ahala biak esaten dituena ere, inoiz egondua izanen da estartan gora doazen mando ferratuei begira. —Alfer biajia eragin didazue! (7)— gaurregun zenbatek esanen ote luke horrela, kale gorrian bizi diren euskaldunen artean. —Tapaki zuritan (12)— idazteak, estalki zuritan idazteak ez duen indarra badu, ene idurirako behinik behin; honelakoetan idazle ernea dugu Koldo.

        —Puntu bereizten (16)— esan beharrean, egun, lautatik hiruk puntuak bereizten esanen genuke. Mugagabe jator hori galtzen ari da egungo euskalduna.

        —Haurrak aztarrika (17)—, oiloen antzera, bataioan botatako sos pizarrak biltzen; nahita ere ezin aurkitu hitz aproposagorik. —Neska eraman haundikoa zen (23)—, pazientzia handikoa esan nahi da. Gisa honetako lokuzio franko ageri da liburuan barrena, baina ez dio probetxu handiegirik atera bere Euskal Lokuzioak-i; herri hizkera mintzatutik jasotakoak gehiago darabilzki, nik esan behar banu.

        Hargin, igeltsero eta zurginen higidura —esanen luke gaur, hamarretatik bederatzik, baina Koldok —Hargin igeltsero zurginen higidura (9)— idazten du; honi esaten zaio, honi, herri hizkera biziaren ispilu garbi izatea!. —Hire andre hori burutik ziok! (28)—, burutik egina, zoratua. Elipsiok zeinen ukitu berezia ematen dioten!

        —Ematekoa eginez (17)— Hau ere aurrekoaren batere inbirik gabekoa. Konparazioak ere, garraurreko bizimoldera dotore egokituak: —Zuri, karea bezain zuri(6)—, —Sagar ximelduarem azala ziruditen ezpainetara (12)—, —Belaun artean estutu zuen, kafe errota bezala (27)—, —Pistola txipi bat eman zion, segapotoan sartzeko modukoa (76)—. Honelako eta bestelako esku ukitu leunekin maiz eginen duzu topo, ehun orrialde atsegin eta gozotan zehar.

        Hala eta guztiz ere, nik hemen esan ditzakedanak ez dira deus, edo dena dela ere, deus gutti dira. Koldoren lanak merezi du, ni ez bezalako kritiko jantziek egin beharko luketen begirunea eta azterketa sakonagorik. Izagirrek, azken bizpairu urteren buruan, bi liburu, bata bezain bestea mamitsu eta artatsu, eman dizkigu. Ene ustez, gainera, batak bestearekin zerikusi zuzena dutenak: aurrenekoak hizkuntza idatziak galdu duen bizitasuna erakutsi zigun, bigarrenak, ildo beretik, hizkuntza mintzatuak galdu duen grazia erakutsi nahi digu. Eta, nobela hau irakurri aurretik ez litzaioke gaizki etorriko irakurleari, liburu mardul haren sarreran (XX-XXV orrialdeetan batipat) esaten direnak begi ernez aztertzea. Ez du probetxu gutti aterako! literaturaz denaz bezanbatean, Koldoren nondik norako eta kezken berririk jakin nahi badu, behinik behin.

        Euskadik merezi du, eta behar beharrezko du gainera, honelako nobelarik. Zenbait euskaldun hasi berrik, ez dio gaur gaurkoz esker handirik eginen, eta baten batek muzin ere eginen dio, baina egunen batez, gaur muzin egiten dionak berak estimatuko du gehien, batere hizkuntza maite baldin badu, behintzat.

        Betor, beraz, bigarrena ere, honen originaltasunez gazi-gezatua eta mami gizen berez hornitua, eta ahal bada, axaleko (kanpotiko) jantzi erakargarriagoz apaindua.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.