Baudelaire, Verlaine, Rimbaud
B. t'ar J.
Baudelaire, Verlaine, Rimbaud... aldarrika ote ditzakegu euskal kulturan? Bai, zergatik ez? Galderak ematen du piska bat zozoa, baina burutapenak ekartzen dizkit. Susma dezakegu Iparraldean konnotazio txarrak dituztela poeta horiek kultura frantsesaren parte direla eta. Kultura zanpatzailearena hain zuzen ere.
Baina Hegoaldetik ikusita pensatzen dut behar dugula europar kulturara zuzenki hurbiltzea gaurko munduari atxikitzeko. Horretarako ene ustez premiazkoa dugu gaztelaniaren eta gaztelaniar kulturaren eragina gutxitzea, "Hispanitatearen" munduko ikuspegia alegia. Ez bakarrik gaztelaniaren zapalkuntzagatik baizik eta kultura beragatik ere.
Euskal kulturaren txertatu behar dugu (guk hausnarturik, mamiturik eta euskaraturik, noski) literatura eta artzeko mugarri modernoak, modernatasunaren mamiak. Bai literaturan, arteetan oro har, bai pentsakeraz bai tekniketaz etab. Mundua da zabala eta kultura benetan. Haatik tartekoa ia beti dugu espaniar kultura hegoaldekoek. Gauza bera erran dezakete iparraldekoek frantsesari buruz... Baina erran dezagun modernatasunaren zutabetan izen frantsesak espainolak baino askoz gehiago daudela. Edo labur errateko, beste moduz, iraultza burgesa egin zutela zabal zabalik Frantzian eta Espainian berriz ezkutaturik, beti indar atzerakoien eraginez, hotz, Eliza, militarrak eta jauntxoak, sinpleki errateko moduan. Azken funtsean, zapalkuntza bera, agian erran daiteke, bai Frantziaren bai Espainiaren partetik; orain burgesia berak zapaltzen gaituela herria bezala Hegoaldean eta Iparraldean...
Baina kultur eta, nola ez, politika mailan ere gauzak ez dira hain sinpleak. Badugu intelektualen problema, adibidez, espainiar intelektual alorrean non aurkitzen dugu Euskal Herriaren aldeko J.P. Sartreren agiria Burgosko juizioa izan zela eta? Hor zegoela Bergamin zena erran daiteke. Baina Sartre eta Bergamin kultur arloan konparatuz...
Bide honetatik bidai luzea dugu honako ideiak azaltzeko, sakontzeko eta euskal kulturaren bideratzeko J. Mirande lekuko Iparralde eta Hegoaldeko kultur mailak homologatuz edo, Euskal Herria birbateratu birbateratu arte. Momentuz, tenore honetan, hementxe uzten dugu haria eta Baudelaire-z piska bat mintzatzera goazen.
"Il faut etre absolument moderne" erran zuen Rimbaud-ek eta "moderno" hitza geratu zen ia sinbolo bezala ideologian txertaturik. Baina modernatasuna hasten da lehenago Baudelaire-kin bere konformagaiztasun eta antitradizionalismoagatik. Bere poesiaren lirismo itzaltsuak gaurko artea ia oro menperatzen du urrats dezisibo izanik.
Hala ere Baudelaire ez da bakarrik lehenbiziko poeta modernoa baizik eta lehenbiziko gizon modernoa besterik gabe, erromantiko dezepzionatua, hiri haundiko desustraitua eta intelektual alienatua bezala (A. Hauser-ek dio "Artea bukatzeko zorian ote da?" liburuan). Alde batetik erromantikoa da Baudelaire-ren lengoaia poetikoa, tropo, metafora, sinboloetan, bere adierazpen enfatiko eta jorian, bere aurrekoenak bezala. Beste aldetik antirromantikoa da bere sentimentalaren oposizioa oro.
Verlaine, Rimbaud eta Mallarmé sinbolistek jarraitzen dute Baudelaire-ren hildoa aldarrikatzen experientzia dela errealitatearen ordezko kaskar bat, errealitaterik inoiz ez dela ematen zuzen zuzen eta galdurik dagoela betirako erremediorik gabe. Zentzu honetan eten egiten dute tradizio naturalista eta arte berriaren bidea, antinaturalista funtsean, irekitzen dute.
Mugimendu modernistak, Baudelairengan sortua, sinbolistek eta inpresionistek zabaldurik, bere eboluzioaren gailurra lortzen du mende honetako bigarren hamarkadan. Antinaturalismoak artean jarraitzen du surrealismoarekin egundaino, bere tankeran bai errealismoa xehetan bai irrealismoa zentzu nagusian oro har biltzen dena. Errealitate hurbil denaren aurrean azpidatzala zentzu ezkutatu bat zentzaioan dugu surrealismoaren ezaugarri bat. Ametsetan agertzen den bezala. Baina honi buruz beste tenore batean.
Hona hemen Baudelaire, Verlaine eta Rimbaud-en olerki batzu euskaraz zaporazteko eta beren kultur eragina aldarrikatzeko asmotan.
|