L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-5 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Oihua

 

Xabier Txantrearena

 

Eskutitz hau presaz idazten ari naiz, nere gorpua aurkitzean hilketa baten aurrean dagoenik inork pentsa ez dezan.

        Asasinatze baten normaltasunari buruz hitzegitea erotzeko modukoa dela edonork uste lezake, baina Herioaren alboan ari garenok, gai sakratuenak ere errespetu gabe eta ironiaz jotzen ditugu nahiz eta, batzuentzat, ulertezina izan jokabide hau. Heriotzaren hurbiltasunak (eta poliziok beti haren biraka gabiltza) eszeptiko huts bilakatzen gaitu.

        Logikaki, krimen politiko bat izan dela usteko da: interrogatorioetan nire eskuetatik pasatutako gixajo baten mendekua besterik ez dela pentsatuko. Inbestigazioak, oposizio erradikala edo biolentzian ari diren taldeengana jo egingo du. Agintari judizialeen ohar ofizialak ez du, eskutitz honen bidez emanen dizuedan adierazpenik, sekula onartuko. Burutik jota zebilen txotxolo baten azken lelokeritzat hartuko da, neurotiko baten aluzinazioa... Baina, zuek guttienez, lagun horiek, ez galdu denbora inora eramango ez zaituzten inbestigazio alferrikakoetan. Horregatik eskuz idazten ari natzaizue, nere grafia egiazta dezazuen. Ez da froga makala, e?

        Nere abotsaz grabatuko dizuet, areago, magnetofoia pizturik utziko, neronen heriotza grabatzeko. Hor doakizue gertaera bitxi honen berri zehatza:

        Ba duela hogeiren bat egun, istilu honen hasiera. "Buena vista" langile hauzoan, Nikanor Goñiren etxea arakatzen genuelarik. Hi Ponchito, gogoratzen al haiz? Hi ere nerekin hentorren... Txorbi Celaya, terrorista alu borren atzetikan genbiltzan. Txosten konfidentziala zela medio, hiri alde hartan Txorbiren presentzia somatzen genuen eta bi tipo hoiek oso elkarren ezagunak izanez (aspaldi lan sindikalako burkideak) ez zen harritzekoa Nikanoren etxera abiatu izatea aterpe bila.

        Etxeko atea hondatu bezain laster, itomen ezezagun batek nere lepoa hestutu zuen. Holako jendearen etxetari darion malko eta miseria usaina izanen ote? Etxe horren giroan zerbait esplikagaitz zegoen. Negarra agian? Beharbada. Nikanorren semeren batek (zenbat ziren 5-7... auskalo!) negarrari ekin zion, baina ez zen haur kexa, irrintzia baizik. Muinetatik sortutako alaraua, narraztien ziztua, anfibioen krispazioa, intsektuen orroea.. batek daki...

        Nere nerbio erresistentzia frogatu dizuet. "Cuarteliyo"ko sotanoetan aldi ederrak eman ditut. Berruegiko komando kasuan hamabost egunetan zehar etengabeko torturaldian egon nintzen eta fresku freskue irten nintzen. Hori marka! Koarteletan kamioneta kamuflatuetan baino gusto ta erosoagoa lan egiten da. Etxean gaituk eta.

        Baina non nengoen? A, bai. Geroxeago, interrogatorioetan, Nikanorrek ez zuen ahorik zabaldu. (Egia esan, ez zen gure errua, profesionalki moldatu baikinen, ni batez ere). Puta seme horrek ezpainak ez iriki arren, nik, behin eta berriro, karraxi urragarri hura, bere etxean aditua, entzuten nuen. Bere ahoak sortua, zihur nengoen hortaz. Atsedenaldietan, lagunekin solasean, Nikanoren kurrinkadarena (nola deitu bestela oihu basati horri?) aipatu nien, baina inork ez zuen ezer entzuten. Gormutua ematen zuela eta oso gutxitan ikusten diren tipo gogor hoietakoa zela erantzun zidaten. Ez nuen deus ulertzen. Haiek niri adarra jotzen ari? Fonseka komisarioak bi opor egun hartzeko aukera eskeini zidan. Dudarik gabe neke nekea eginda nengoen, stresatua edo. Argi zegoen, nik ezik, inork ez zuela marraska mindua entzuten (egunero betetzen dugun lanfitxan, baja honen arrazioa duzue).

        Lasaitasun ta relax bila zinera joatea erabaki nuen. "Foolie" aretoan "lengüita de terciopelo" izenburuko pelikula entretenigarri bat botatzen zen eta, luzaro pentsatu gabe, iluntasun goxoan murgildu nintzen.

        Zinean sartu eta larritzen ninduen amesgaizto hura, oihuz itxuratua, agudo desagertu zen. Une batez, fellatio eta coitus akrobatiko prozesioari erne, ahaztu zitzaidan inzidente nazkagarria.

        Supituki, inpernutako karraxi berak bultzatuta, eserlekutik altxatu nintzen. Pantailatik zetorkidala ikusiz, entzunez hobe, (orgasmo multiple baten haspereekin nahasia) burua galdu nuen. Ikusleen irain eta beste hitz galantez lagundurik, iluntasunean zirkun-zarkun, ihesari eman nion. Arima suntsitua, gogoa beldurrez hunkitua, belarrietan alarau ikaragarria dantzan.

        Ankan ari baina oihua pire gainean hegaka. Kalez-kale arpas hestuka baina oihua nire itzalari erantsita. Izkinatik izkinara, parkerik parke nire atzetikan beti. Sospetxosoak kontrolatu eta obserbatzeko, sarritan erabilitako teknikak, praktikan jarri nituen: taxi ta autobus aldaketak, "txino" hauzoetako karriketan (gaueko orduetan jendez josirik) eta kaiaren tugurio guztietan sartu nintzen. Metrotuneletatik lasterka atzera begira gabe. "Luxo" almazen haundietako 24garren pisuan datzan jantetxetaraino igo... baina inolaz ezin despistatu.

        Ohiua Etorbidearen zuhaitzetako adarretan makurturik zegoen, teilatuetako iragarki argidunetan kirimildua, ni mehatxatuz, ikusten nuen. Etxera ailegatu eta eskilaretatik abiada biziaz igo nintzen. Nola sartu aszensorean? Eta kasualitatez elkarrekin hertsirik geldituko bagina?

        Nire parean zebilen. Nik orpoia altxatu eta berak urratsa zapaltzen zuen. Etxeko atea irikitzen bere arpas justizieroak hatzak erre zizkidan, giltzatartean ezkutaturik ba zegoen eta. Zoratua, itsu itsua, pasabidea zekarkatu nuen.

        Oraintxe, despatxo txiki batean sarturik nauzue. Ateari giltza eman diot. Lehio ta atearen ondoan hainbat altzari, mahai eta apal, ezarri dut. Azkar idazten ari. Ikarak okertzen du nere idazkera, baina eskutitza bukatu beharko du bera nitaz jabetu baino lehen.

        Atez beste aldean somatzen, entzuten dut. Hortxe dago, xirritu bila, irikidura minuskula trepanatuz niregana ailegatzeko.

        Sartuko da eta soportatu ezin dudan horrore osoa aurpegira botako dit. Hilko naiz. Nire esku torturatzaileek sortu duten pizti ezgizakorra ikustean hilko naiz. Nola sinistu oihu aberrante ta hiltzaile hori nire lanaren fruitua, ondorioa denik? Neuk sortutako piztiak ondatuko nau.

        Bukatzera noakizue. Sarraila zulotik haize izoztu bat filtratzen ari da. Hazituz doan karraxi entzunezina nire gelatxoan burrunbatzen da.

        Bukatzera noa. Oihua dato...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.