L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-5 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Arituen parada: Koldo Izagirre

 

Koldo Izagirre

 

        Idazten afizioz hasi omen zen pasaitar honi egin diogu Korrok honetarako "gonbitea". Bibote elegantea, ile kixkurra, ttikipottoloa, ongi enkajatu zuen golpea telefonoz deituta, soken kontra akorralatura, "hi, bigotes, Korrokerako zerbait idatzi behar duk!" jaulki genionean, sinpatikoa.

        Papina Ustela aldizkari literarioaren bidez ezagutu genuen guk. Baina Zeruko Argian, Oh Euzkadin eta azkeneko Susa-ren orrietan ere ikusi dugu bere firma. Lan luzeagoak egin ditu, "Oinaze zaharrera", "Guardasola ahantzia" eta "Gauzetan" prosa eta poesia liburuak lekuko. Inbestigazio lan mardultzat jo genezakeen liburu lodikotea (motxila aproposa erosi behar izan zuen gutako batek hori garraiatzeko!) ere eskaini zigun "Euskal Lokuzioak" izenburupean. Zinegintzan ere aritua omen da, "Ikuska"etan eta, sari bat bederen bereganatua duelarik, baina ez dakizkigu bere lanen izenak (ez, "Tasio" ez omen da berea). Korrokero romantikoenak esan digu ahantzi gabe aipatzeko Imanol-ek kantatzen dituen Koldoren "Ene haserrea" eta "Zure bularretan" poemak.

        Hilabete honetan edo argitaratuko omen du bere lehendabiziko nobela "Euzkadi merezi zuten" izenekoa, hain xuxen..., eta gehiago ere izanen duelakoan gaude, baina guk ez jakiki, eta aipatutako nobela horren zai gauden bitartean honatx bidali digun aperitiboa. Mila esker, Koldo.

 

 

Hamar bertso berri Kantabriako partean

 

        1

Baionatik Bilbora

itsaso barea

maria behetik gora

zer bakardadea.

 

        2

Baionatik Bilbora

itsaso antzua

han zuen harro utzi

Okendok zantzua.

 

        3

Baionatik Bilbora

lapa ta lanperna

handikan honeraino

Okendoren pena.

 

        4

Baionatik Bilbora

itsaso petrala

aspaldi esan zidaten

besterik ez zala.

 

        5

Baionatik Bilbora

itsaso aingura

nadila zure albora

oraindik ingura.

 

        6

Baionatik Bilbora

itsaso zakarra

baldin baneki nora

kamino bakarra.

 

        7

Baionatik Bilbora

itsaso pobrea

non du aurkitu behar

Euskadik hobea.

 

        8

Baionatik Bilbora

itsaso euskara

Baionatik Bilbora

galduak ez gara.

 

        9

Baionatik Bilbora

itsaso gorria

Baionatik Bilbora

gure memoria.

 

        10

Bilbotik Baionara

alua itsasoa

iheri ez dakiena

hondarrera doa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.