Buelta bat egitera noa
J.I. Zuasti
Euria ari duelakotz etxetik ateratzean zamarra hartu dut. Eskailerak multzoka jauzika jeitsi, eskudelan besoa bermatuz, zurezko xabalko bakoitzean dunba hots haundiak sortaraziz. Azkeneko mailak jauzi batez jeistean harturiko eraginez kalean agertzen naiz norbait agertu balitz aurretik eraman nukeen modo batean. Poztasuna barnetik darionaren itxuraz. Munduarekin bildur gabe topo egin behar duenaren antza, gazteari legokiokeen gisara.
Nora-ezean eskuin aldetik jotzen dut konturatu gabe. Halako tristura zama bat sentitzen dut nere buruan bat-batean. Honela zergatik behar duen saiatzen naiz. Ezin diot pentsamenduen hariari hel. Mundu batetik bestera narama, itsasoan uhinek kulunkan bezala. Buruak inkonszienteki uko egiten omen dio nere baitan sakontze desirapen horri. Kartel bat itsatsita paretan: benetan arduratzen nauen arazo baten azalpen? Semaforoa gorri, amorruz pasatzen dut korrika. Andre bat espaloian, eskutik neskato koxkor bat helduta, koloreen desberdintasunaz ohar dadin explikazioak azalduz. Ez dakit errex arkituko dugun hain dotore ta merkea den beroki bat!
Aldapan behera hartzen dut oraingoan. Gorputza pizka bat atzeraka jarrita oreka mantentzeaz gain poliki ibiltzearren. Kaian jende gutxi dago. Ileluzedun neska bat malenkoniazko begirada batez zulaturik begiak, zapatak ta zorroa urdin kolore beretsu, urrats kalkulatuz kaitik gora doalarik. Bizpahiru pertsona txalupa baten zereginetan eta kaiko taberna bakarretik basoak ikuztean sortzen den noizbehinkako hots kristalezkoa.
Zenbat da joan ta etorria?
Gorantza-beherantzako mogimendu batek hartuta txalupak ur-putzuak ageriak ditu zoluan. Ziri-mirizko kortinan zehar Herrietxeko dorrea nabari da, harbelezko bere teilatuan argi dizdirak itzultzen ditu zilarra bailitzan.
Alkian exerita, besoa uretaraino irristatzen uzten dut uraren laztana sentitzeko. Motorraren soinua burutazioen kolpeen lagun dut. Bi mutil gazte, bere kirol espartinak eta poltsa, ixilikako solasaldian margo ilunez jantzita. Paisaiaren urdin arrexka eta urrutiko untzien orru ozena. Gogoarekin borrokatzeari etsi diot. Pertsona batetik mendiaren gailurretaraino nabil, berdin itsasoan nola etxeko zokoan eta borda hartako supazterrean. Itsasoa ta kaia kantari agertzen zaizkit. Nere belarrietan orfeoi baten oihartzun ixila. Nere aurpegitik, kopeta ta begietatik urtantak ixurtzen dira. Ur bare ta ilunetan labaintzen den txaluparen brankaren aurretik beste kaia ikusten dut. Gutxi falta da heltzeko. Txalupatik jeitsiko naiz... eta?
|