Liluraren puxkak...
Aingeru Epalza
"Some girls give me money, some girls buy me clothes...", Mick Jagger-en ahots ezti likitsak tabernako zokoak ferekatzen ditu bezeroen kirtzikari. Hogei ta bortz urte beherakoak, ia ia oharkabe, moka hasi dira ezker-eskuin, irudimenezko bateria eta baxoaren dinbi-danbari jarraiki. Helduek ordea, beren solaspideei atxikiak segitzen dute tematsuki, ozenago apika, lau bafletzarrek egozten duten burrundararendako soraio.
Mahai guziak bete-bete egonik ere, bezeroak elkarri bultzaka metatzen dira barraren aintzin, gibelean alde batetik bertzera azkapuzka dabiltzan zerbitzariei ohiuka.
Solasek alkohol hatsa dariote. Zurrunbilo bakar batean nahasten dira musikarekin, elkarrekin gurutzatu, taldetik at dagoenarentzat konprenigaitz bilakatu artino.
Qué Burguete ni qué cojones! Nos vamos a Pamplona, a San Juan Gidatzeko karneta estrenatu berria duen herriko gazteak adiskideei.
Nos están jodiendo con el radar ese que han puesto. El otro día en Urquiaga... Gizon heldu txapeldunak patxaranez zipriztindu du ozta-ozta ulertzen dion Aldudeko bere lehengusuaren ator pinttaduna.
Zer esate'n, neska? Ez netxon inondikan e'mozkor! urrengo egunean nekez mendiratuko den mendizale giputzak bere lagunari.
Kanpoan euri-laino hotza indar, gaueko ingumeek elur giroa dakarte. Ohian hurbilean orkatzek, fagoen hezurduren artean, duela mende bat hustu burdinolako parte zaharkituetan bilatzen dute aterpe. Etxe beroetako afariak bukatuz doazen arabera, beti eta jende ugariago barneratzen da tabernara, hezurrak idor, jazkiak blai. Haiekin batera sarturiko oxigeno hormakorrak borroka laburra ematen dio ekeari, arras gainditua, azpiratua gertatu arte.
Eric Clapton kokainaren goitasunak aldarrikatzen ari da iadanik bafleetan izkutatua. Herriko mutil bat, begiak ñir-ñir, hirugarren basoa hondarreraino hustuz gero, dantza gunea zabaltzen entseiatzen da jende artean, gerria higitzen dihardukien neska andana bati ondoratu beharrez. Nehork ez du haatik haintzat hartzen eta agudo, laguntaldearen solasaren hariari lotzen zaio berriz, etsia.
Bailarako hiriburutik etorria dirudien bertze talde batetako nagusia porro bat liatzen ari da. Uniforme beltza, keinu zehatzak, erritoaren bukaeraren esperoan menpekoak. Arik eta hiru-lau metrotara, helduak ez dira ohartu ere egin.
...No estaríamos ni a cien metros de la muga cuando... kontrabandista zahar harroxko ekela kontu kontari, ofizioko neofito sinesgaitzaren irrifarra somatu gabe.
Prefiero ir al "Irrintzi" que al "Gau Txori". Menudo muermo... Iruñan ikasle dagoen neska gazte dotorea, herrian geldituriko senargai haunditzarraren larunbat gaua baldintzapetzen.
Bihar, eguraldi ona suertatuz pero, Artesiagaraino joan gindezke Iruñeko taldearen asmoak ohatzeratzeko orenaz kulunkan.
Larunbata hilzorian dago. Gaua non emanen duten erabaki ondotik, gazteenak itzuri hasi dira pixkana. Hamabi t'erdietarako hiru gizon talde baizik ez da gelditzen barraren babesean. Adinez adin mailakatuak, bakoitzak esparru zehatz bat beterik. Nor bere mahaian, giputzek eta iruinsemeek urrengo egunaz darraite ahozkapeko eleketan. Pattarrak kubata gainezkatu du idaneko.
Edaria nonbait etorria piztua, gizon bat, hirurogei urte pasa, txapela erraldoia buruan tink, kantuz hasi da sudurraren gorria masailetara hedatzen zaiolarik. Zerbitzari batek Ian Andersonen ahotsa "...The old rocker wore his hair tto long..." itotzen du botoi bati tank. Zenbait segundu amaigabez txapeldunaren urubiak isilunaren hausgune bakar gertatzen dira.
Taldekideek, laguna aina aurki ez hinkituak, ez diote berehala segitzen. Ingurune guziak aintzin-gibel ezker-eskuin miakatu ondoan kantuari lotzen zaizkio banan banan, zaharrena hasita. Ahalgetsu, marmar batetan haseran, "Andre emaztegai hilo-horia, zabal ezaguzu ataria...". Kantaren lilura ostatuko azken bazterraraino da ailegatzen, eragin magikoa erdiesten bertarat bildurikoen artean.
Barraren erdiko taldekoek, kantariak baino hamar-hamabortz urte gazteagoak oro, bigarren estrofari eusten diote, "...orain heldu da senargai jauna iduri duela iduzkia...", ahopeka lehenik, ausarki gero. Mutturreko taldea azkenik, hogei ta hamar-berrogeiak inguru, bertze eremediorik ez duenaren keinuak herabeki, pattarrak oraino hautsi ez dituen tonoak erantsi dizkio abesbatza inprobisatuari. "Hona senargai, zure kutuna, baratzeko lili ederduna...". Hipnotizatu antzo, eseritakoak beha, adi.
Sortu bezain behingoan bukadu da kanta. Eztulek isilunea ozta dute urratzen. Zigarroak piztu, zoluruntz ezkibel so, beharria azkure inexistente baten bila zigortu, bikainki doituriko txapelaren planta hobeagotzen saiatu..., zerbaiten haiduru ixiltasun nekegarria akatzeko. Liluraren zaporea, sobera agudo gorpuztua behar bada, lurrin bilakatzen ari da puzketan hautsia, barrutia trabeskatu ondoan kanpoko ingumeen baitara abiatzen.
Ustekabez, mahaietarik ahots bat, totel:
Arras kanta polita..., ez nuen behin ere aditua. Barrakoen buruak oro haruntz zuzentzen dira, lehen mailako erreflexu batek eraginak bezala. Zenbait segundu iragan ondotik, mesfidantza eta harrotasuna bat txapela erraldoikoaren ihardespenean:
Ba'kit gehio, ederragoak e'. Ondoko lagunek engoitik egiten dute irri oraingoan.
Kanta zak ba, kanta zak! Forastero hoiek hire ahots xarmanta aitu nahi diate.
Ez dio esaldia finitzeko bezainbat astirik eman, txapelduna kantatzen hasia baita iadanik, "anaiai gaztigatu nion isilik karta batean...". Arik minutu batetara, adinak ezarri beheruntzako progresio mailakatuaren arabera, gazteenek adintsuen jokaerari amore emanen bailiote, ululuka ari dira ber-gorpuzturiko lilurari berriz ere atxikiak.
Goizaldeko hiruak, hersteko garaia. Zerbitzari gazteek ere, zahar eta arrotzen liluraz doi-doi baliatu behar dute bezeroak kanpora daitezen. Iruñekoak lehenbizi, mendizale giputzak gero, batzuk zein bertzeak biharamonean jeikitzeko bat ere asmorik gabe. Banan banan azkenik herritarrak, pauso kulunkariz asteoroko amets magiko bakarrean murgiltzeko prest. Aldudeko kontrabandista, lehengusuaren etxerat, "espainol hoik zoin xelebreak diren" pentsatzen duelarik.
Ostatuan, zerbitzariak bakarrik, naroago oraingoan. "Larunbata iritsi zait, muermo lehertu nahiz, ilusioa piztu nahiz...", Itoizek bafleetarik. Tabernako lilura, mara-mara ari duen elur ingumeekin lurrintzen hasia da iadanik.
|