Eguzkiaren beroaz
Kapi
"Hago segur mutiko, apezgorako zikirapena
derrigortuko balute, ez litzatekeela, ezta
pentsatu ere, lurraren azal gainean, apezik izanen..."
(Aita utxi Jose-ri aditua)
Jendea bero zegoen, iatsu kanpoko eguzki tematsua bezain bero, eta botikaria bakarrik, akusatuaren parrandakidea gainera, atrebitu da orroe itsaso oldartu hari frente egiten. Baina ez zuen bertze inor berarekin, bere aldekoak uste zituenak mutu burumakur zeuden, nonbait, etxezuloan. Berez, bere xuhurkeria tarteko, hain estima urrian aurkitzen den defendatzaile sutsuak alde egin behar izan du akusatuaren ondora eraman zezaten baino lehen. Batek baino gehiagok zalantzan paratzen bait zuen bere errugabetasuna.
Goizean hedatu den berriak herri osoa zirikatu du, ausiki mingarri batek iratzarri bailuen, eta bazkalondorako zabaldu da bilerarako deia. Simon Arrietak, neskatxaren anaia zaharrenak, justizia aldarrikatuz akusatuaren kontrako epai fatala oihukatu du herriko kaleak korritzen zituen bitartean, eskuineko eskuan kainoi luzeko eskupeta zuela eta gibeletik bi anaia gazteenek aintzin-arraztalu banarekin segitzen ziotelarik. Alferrikakoak gertatu dira alkatearen ahaleginak gorrotoa baretzearren. Arrietatarren amorruaz kutsatu dira herritarrak eta eguneroko aurpegi leun lasaiak ilun eta urduri bihurtu dira Simonen hitzek galbahetik pasaerazi balituzte bezala.
Herriko ostatu bakarra da Arrietatarren etxea. Hantxe bildu dira txorien kanta alaia eta arbol hostoen melodia ixila mututuz, auzo multzo haundi bat. Emakumeak kolore ilunez jantzirik sukaldera sartu dira, neskatxaren ama ta amautxi zeuden tokira, gertaturiko zoritxarra eta nahitaez etorriko zena negar malkoz apaintzeko. Barra gaina pattarra kopaz bete da. Jendea Simonen zai zegoen bitartean, Ramon Iza Arrieta, neskatxaren lehengusua, batetik bertzera mugitzen zen nerbioso, maukak ukondoraino bildurik, hogei zentimetrotako ebatondo bat erakusten zuelarik, eta eskuetan, poltsatik sartu-aterean, neurri beretsuko altzairu puska zuen nabal bat zerabilela.
Simon agertu denean ostatuko jendea ixildu da. Sukaldetik ateratzen ziren negar zotinen hotsak nagusitu dira instant batez, Simonen ahots zorrotzak bildutakoen belarriak zulatu dituen arte. Hogeitamarren muga gainditu berria izanen du seguraski, neskatxak baino hamabortzen bat urte gehiago. Motza baina zaintsua, beltza, kopeta zabala burua errematatzen duen kapeloaren azpian. Begiak gorri, ke lainoa ebakiz banan-banan begiratu ditu presenteak ezpainak mugitzen hasi baino lehen.
Jendea bero zegoen, iatsu kanpoko eguzki goria bezain bero, beroago oraindik Ramon Iza Arrietak mendekua, ohorea eta gizontasuna aipatu dituenean. Arrietatarrak pisuko familia dira herrian. Langile fin eta trebeak, jende estimatua, balientea, deabruari frente eginen lioketenak, eta zuzenak, tradizio eta lege zaharren araberako gizatasunari dagozkionak erreibindikatu eta defendatzen dituztenak.
Neskatxaren anaia zaharrena eta lehengusuaren diskurtsoak laburrak izan dira. Lehor jaulki dituzte akusatuaren kontrako sententziak, auzoek, hesteak estu, beren kopak zintzurrera hustu bitartean, bihotzaren ritmoa biziagotuz, lokietan odol beroagoaren mailukadak sentitzen zituztelarik. Alferrik izan da gutti batzuren eskari herabea: berehala ixilerazi dituzte akusatuarentzat epaiketa formalerako eskubidea proposatu dutenak.
Herritarren buruak nahasteraino, gizon andana bat Zalbide-n barna, maldan goiti, herria gurutzatuz, aukeraturiko urkamendirat zihoalarik. Ixilik joaki ziren eta zakurren saingak kenduz, kondenatuak marmarikatzen zituen solas ulerkaitzak eta tartetako aieneak soilik entzun zitezkeen doi doi. Bi gazte indartsuren artean zeramaten, erdi herrestaka, ehun kilo hurbil izanen dituen (zituen!) gorputz hautsi hura. Eguneroko uniforme beltza erantzirik, atorra xuri eta galtza ilunez, begiak hanpaturik noraezean, aurpegi horixka, hil kolore, bidean zapata bat galdurik, kasu horietan imajina litekeen itxura penagarria erakusten zuen On (sic) Anttonio Jauregialtzo-k.
Aspaldiko partez herrian suertatu zen apez alaiena zen diferentzia haundiz On Anttonio gaizajo hura. Hainbertze hankabikoren gisara mahaian jarri eta gozatu egiten zuen horietakoa. Ordu luzeak pasatzen zituen herritar eta baserritarren sukalde zulo goxoetan. Frango luzeagoak etxekoandre-alaben haragi xuri-gorrixken misteriozko indar estrainioek bere baitako hartan kilikatzen bazuten. Gauza nabarmena baitzen, bere ofiziokoen artean horren ohizkoa den portaera bertzalde, emakumezko atsegin guztiei eskaintzen zien belarritik belarrirainoko irrifarra. Eta begirada, bai, bere begien axalean gertatzen zen kristal bihurtze hura.
Auskalo, eta gutti inporta niri, nola itzali ote zuen erraietan kabia egina zuen su hura, botikariarekin afari pantagrueliko baten ondotik Logroñorako bidean abiatu ziren arte. Begi tristeko emakume beltx baten bero-epelean lehertu zen gure pertsonajea.
Logroñorakoa obsesio bihurtu zitzaion, eta herrikooi iruditu zitzaigun ezongi zegoela, tristeago zirudien. Nik neronek gogoetetan amildua, joana, aurkitu nuen, orduz geroztik, behin baino gehiagotan. Hilabetean behin joatetik bi aldiz joatera pasatu zen, eta ondorengo bi hilabeteko damualdian bukatu zuen bidaia harekin hasitako zikloa. Berriz ere errepikatu zuena, eta dirudienez bigarren ziklo honen bukaerako atseden jasangaitzean egin zuen Arrietatarren neskatxarekikoa.
Maiz bisitatzen zuen apezak Arrietatarrena. Arestian aipaturiko motibazioak izan daitezke kasu honetarako baliagarriak, Simonen emaztea eta arreba gaztea edozein gizonek kutiziatuko lituzkeen horietakoak baitira. Traturako ere goxoak eta alaiak, apezarekin irri-ajaritan makina bat aldiz ikusi ditut nik eguneroko kafetxoa hartzera inguratu naizenean. Bi emakumeek elkar hagitz maite dutela dirudi.
Ez dira, ordea, arbol beraren ezpalak. Ezkondua bizia eta gogorra, pozetan txori kantaria eta atsekabeetan arroka latza. Berritsu oihukalaria, bertso zahar eta berriziriak ere jaulkitzen dakiena. Gizonok teteltzen gaituen haragi gordin nabarmena ausarki, baina moxkorrik epelenaren animoak izozteko haina jenio. Eta haren ondoan beti neskatxa gaztea. Irrilaria bezain ixila. Udaberriaren derrigorrezko etorrerak, bere hamabortz urtetan, emakumez hain poliki jantzi duena.
Damualdi faltsu hartan zegoen, erran bezala, dirudienez gure Anttonio. Eta ezongixko sentitzen zen bolada hartan, buruko minak eta zorabioak izaten zituelarik, berriki medikuaren ahotik jakin dudanez, ordurarte bestondoak baino gaitz haundiagorik sofritu behar izan ez zuenak. Hobendunak sentitu ohi duen ongiezak zerikusia izan behar zuen, dudarik gabe, bere egoera fisiko makalean. Pentsatzekoa da ere Logroñorako bidaiek galeraziko ziotela nolabait lehen ohizkoa zuen patxada. Bere kondizioko gizonen gogoan, nere idurirako, horrelako fantasmak maizago agertuko dira eta, gogo onez ala gogoz kontra, beren presentziarekin une luzeak beteko.
Baina zer pentsatu behar zuen On Anttoniok, gogoan gelditu bide zitzaizkionaz gainera, gorputzean ere Logroñoko gau sargoritsuek arrastorik utziko zutela. Harat joan aintzinetik botikariarekin arrisku horretaz mintzatu bazen ere, nahiko lasai abenturatu zen botikariak berak eman zion ukendu "infalible"ari esker. Lerro hauek idazten ari den honek, ordea, baditu bere zalantzak botikari horren gaitasun profesionalaz. Are zalantza haundiagoak herriko apeza eta Arrietatarren neskatxaren artean suertatu dena jakin ondotik (baina ez ezazue har iritzi pertsonal soil hau kasu zehatz honetako eztabaidarako epai bezala, otoi). Neskatxaren ahotik ikasi da egun hartan gertaturikoa.
Apeza herrira etorri zenez geroztik, ibiltari fama hartu zuen. Gustatzen zitzaion, nonbait, paseoan ibiltzea, eta jendearekin solasean aritzea bidenabar. Herriko bidaxka guztiak ederki ezagutzen zituen, eta aunitzetan gonbidatzen zuen Arrietatarreneko neskatxa gaztea lagun ziezaion beraien etxetik osaba-izeben etxeraino, jandetan barna kilometro exkaxeko bidea. Neskatxak, inoxentki, gustora onartzen zuen apezaren gonbitea. Eta gizonari atsekabe guztiak ahanzten zitzaizkion neskatxarekin zegoelarik. Haren haragi samurrek, amesten zituen gogor-bigunek, eragiten zioten kilikak arrontean nahasten zuen gure gizona.
"Oihantxo" deituriko parajean eraso omen zion apez likitsak neskatxari, ustekabean eta imajina ezin litekeen moduan etorri omen zitzaion gainera. Bere baitako indar izkutuak gailendu zitzaizkion apezari eta, ondoren, herritik ihes egitea gogoratu omen zitzaion lehendabiziko momentuan. Baina neskatxa bortxatuak ez zuen bere erasotzailea salatu. Ez zen bere ezpainetatik inoren kontrako hitzik atera. Konprenigaitzak iduritzen zaizkidan arrazoiek mututu zuten. Hori bai, mutu gelditu baitzen.
Ez zioten hasieran behar hainako kasurik egin neskatxaren jarrera ezkorrari. Hitza ukatzetik edozein gauza egiteko ukazio osora pasatu zenean, ordea, asaldatu ziren etxekoak. Hamabortz urteetako giza-aldaketak ez zuen bertze gainerako inorengan horrelako eraginik adierazi. Logroñon fama galduko emakume baten bapateko itsumenaren ondoko heriotzari inor guttik erreparatzen zion aldi berean, gure herriko neskatxa politaren begiek ikusteko zailtasuna pairatzen zuten. Eta medikuak, funtsezko diagnostikorik ez egiteaz gainera, harrerazi zizkion botikek on baino kalte haundiagoa egin zioten, antza denez. Horrela zegoelarik, jan ere egiten ez zuela, bere ohatzean akiturik zetzala, bart arratsean kontatu zion bere laguna zen Simonen emazteari apezarekikoa.
Gaur goizean zabaldu da berria, eta egunerokotasunak leku utzi dio egun bero berexi bati.
Landetarako bideak hutsik, gizonek nabal zorrotza tresnatzat harturik, ehizerako prest, baina mendirat abiatu ordez herriko plazarat jo dute. Medikuak ixildu ditu, badaezpada, bere duda zientifikoak. Baina apezak ez du bertze gainerakoen aintzinean bere balizko errugabetasuna demostratzeko aukerarik izan.
Ilunabarra da, eta freskatzen hasi du. Herriko kaleak hutsik daude, harlauxen ahotsa bertzerik aditzen ez dela. Mendebaldeko haize fin batek kulunkaturik, gorpu biluzi bat antzeman daiteke "Oihantxo"n, intxaurrondo baten adarretik, soka lepoan, zintzilik. Gorputza nabalez arraildu diote, belar berdea gorriz tindaturik.
Oraindik epel dago gorpu bakar tristea. Eguzki urruna baino doi bat beroago.
"...azken finean, gure gisa, odola
zainetan barna dabilkien gizon
goizajoak bertzerik ez baitira!"
|