Tizin tichka
Kaxkamailu
Karretera nagusia alde batera utzi behar da eta gero hogei kilometroen zehar, gutxi gora behera, portu bihur eta aldapatsu batetik igaro behar. Atlas-en gaude, Afrikako zolu zahar eta irazian arin eta zorrotz altxatzen den mendilerro gaztea. Marroi eta grisez egindako paisaia da. Arroka eta lur lehorraren kolorea. Ez da besterik ikusten. Han izan daitezkeen bizitzak imajinatzea zaila egiten da. Mendia gogorra, oldarkorra; arroka biluzia bere azken bizi-izpia ere bortxakeriz erantzia balitz bezala. Ezer ez da higitzen, dena geldia dago, ixilik eta hila. Lur hil honetatik inork ez du deus espero eta horregatik aspaldian ihes egin zuten besteek. Eta basamortu horretan ixiltasuna gelditu zen bakarrik, gelditu eta hor dago, zu ere ixilean baldin bazaude entzun dezakezun ixiltasuna.
Mintzazen da haizeak gogor jotzen duenean izaten duen minaz eta zuhaitzen ezaz, eguzkiak gogor jotzen duenean haiek balira izango lukeen babesaz eta bere sabel antzu horretan inoiz uztaren bat izatearen desioaz, gauza hauek eta beste asko entzuten ahal dituzu arratsalde beroetan, arroka batean eseria.
Baina, bat batean, hor behean, mendipean ikusten den lautadan hibai bat agertzen da, nondik ote datorren jakin gabe. Ibaiak lautada zeharkatzen du ebaki sakon bat eginez bere bidean alde batera eta bestera, baratz txikiak, mota askotako arbolak, adelfak eta palmondoez betetako errekastoa utziaz. Ibai ondoko bide edo zerro hau estu eta hertsiki ikusten da, ez dio ia txokirik uzten ibaiari eta honek ahaleginak egiten ditu bihurgune eta meandroak eginarazten dizkion lur gogor horretatik bere bidean jarraitzearren. Alferrikako lana ahalegina! ez baita inoiz itsasoratuko ezta beste ibai batetara iritsiko. Agertu zen bezala, bat batean, horrela ere desagertuko da, lurrak irentsia. Baina bitartean, hau gertatzen ez den bitartean, Tizin Tichka bailara ederra da, zuloa eta aterpea ere bai. Han bertakoek Koka-Kola edaten dute eta gaua heltzen denean denek batera lo egiten dute etxe haundi eta bakarrean. Ksar (horrela deitzen da) pezuz egindako gotorleku harrigarria da, harresi altu eta sendoekin, ez etsai imajinario engandik defendatzeko, eguzkiaren beroa eta gauaren hotza leuntzeko baizik. Hemen egunak lasai eta baretsuak dira. Egun luze hauetan bailaran lan gutxi egiten da eta presarik gabe zeren bizitza ez da ordu edo minututan neurtzen.
Baina guk, Tizin Tichka-ko biztanleak ez garenez gero, orduak ezagutzen ditugu, ordea, eta hemendik aldegiteko ordua heldu zaigu. Penaz utzi dugu toki hau, itzultzeko asmoz. Tizin Tichka-k araberaz Bailara Galdua esan nahi du.
|