Lanbrorik gabeko misterio bila
Hobel
Gure teilatuak estaltzen dituzten lainoen gainean, lanbrorik gabeko misterio bila ibiltzen saiatu ziren. Nahiz eta Saint-Exupéry irakurri, beti aurkitu zuten misterioa lanbroez inguraturik zegoela. Areago, askotan misterioa bera ere lanbroa bihurtzen zela. Azken finean, egia esan, lanbroa bera misterioa izaten zen.
Mota denetatik lanbroa. Antoine-ren hegalaldiekin, batzutan, lanbroa fisikoa zen. Ekaitzaren erdian, lanbroak uraren sendartasuna hartzen zuen, goitik behera ostondoan amiltzen den urarena, eta, orduan sendartasun hark bere masa bustia mugimenduan jartzen zuen eta hegazkina fosil antzeko edo bilakatzen zen uraren masa hartan tartekatuta. Dardara egiten zuen argilunen artean, argi itsugarri eta supituzko zerroen artean. Aukera haietan, misterioak ez zituen harritzen, eraso egiten zien baizik. Beste batzutan, hegalaldi haiek, hodeien gainean, han behean koltxoi zuri, guri eta erakargarria ikusiz, argia eta gardentasuna, ostondo hutsa, besterik ez haien aurrean, ikarerazten zizkieten liburuaren orrialdeak, haien begiak, haien behatzak eta haien arnasak ere. Argia eta gardentasunak begiak lainotzen zizkieten eta misterio lanbrotsua zintzilikatzen zitzaien haien betseinetatik.
Gero, maitasunaren misterioaren bila joan ziren. Misterio hau fisiko gutxiagoa izanen zela uste zuten. Petrarcaren maitasuna, Danterena, D. Quijoterena ere... Bainan lanbroa erromantikoen maitasunatik zeharkatzen baldin bazen, ez zen besterik gertatzen maitasunaren poeta hauekin. Ederrak eta klartasunaz beterik ziren hauen amodioak. Hala ere, haien adore egoera beti zerkaitza zen alaitasun eta beldurraren artean, itxaropen eta segurtasunik ezaren artean, orainaldiko desioa eta geroko zalantzen artean. Begi liluratuak, bihotz kizkortuak, hitz gabeko mihinak, tristuraz zerroek zeharkatutako marmolezko sonetoak... Maitasuna ere, nahiz bizkorgarria izan, nebulosa hutsa zela aurkitu zuten. Lanbroez inguraturiko beste misterio bat. Beren maitasunei zegokienez, ez zuten sartu nahi. Laura edo Beatrizekin hori gertatzen bazitzaien sentimendu eta hitzen mago haiei, zer ez litzaieke gure billakariei gertatuko?
Bainan ez zuten amore eman. Beste aldetik bila jarraitu zuten. Eta erlijioen misterioez pentsatzen hasi ziren.
Erlijio haundien artean, laister Ekialdekoak baztertu zituzten. Naturalezari lotuegiak zeudela eta. Mendiak, oihanak, ibaiak... Ama Lurraren sexu hezearen fruituak ziren erlijio haietan. Lanbro misteriotsuak sortzen zituen hezetasunaren seme alabak.
Zalantza gehiago izan zuten arabiar erlijioekin. Basamortuko erlijioak, eguzkiaren xugargarritasunagatik deshidrataturiko harea bezala erlijio lehor eta argiak. Erlijioak non ez bait zuen lanbrorik kabitzen. Beren helburuaren ateetan egotea uste zuten. Han ez zegoen lanbrorik eta misterioaren bila jartzen besterik ez zitzaien falta. Lanari indar berriez eman zioten. Bila ta bila ari ziren, gizaki haietako sinesmenetan barna.
Zeintzuk ziren, denboraren bazterrean eseri, paseia edo zamalkatzeko egindako bizi haik mugitzen zituzten misterioak?
Bainan Ala, eternala, zeini gloria osoa zor bait zaio, basamortuko eguzkia bezain, zenbaki mathematiko bat bezain argi eta garbia zen. Ez zuen misteriorik estaltzen. Eta Mahoma, gizona besterik ez zen, gainerako guztiok bezala, profeta bazen ere. Zer gehio zegoen erlijio arabiarretan? Ia ezer ez, promes eta bizi arauak aparte utziz. Lanbrorik ez zegoen, noski, bainan ezta misteriorik ere. Dana argitasuna zen, Jainko bakar batek biziak taiutuz eta xedatuz, nola basamortuko eguzkiak hareak xehatzen bait zituen gizaki eta herriak xehatuz.
Bide hau abandonatu behar zuten ere. Eta, azken entseiu batez, kristau erlijioei so egin zieten. Agian, posibilitateren bat izanen zen. Misterioz beteriko erlijioak ziren. Eta Mendebaldeko erlijioak, zientzia eta teknikari ari zitzaizkien herrien erlijioak. Ulertu ezinezko misterioak sinesten omen zituzten herriak, bainan ezagumenduaren nebulosa eta argilunen etsaiak ere.
Ama Birjiñaren edo misterio antzekorik ez zuten aztertu. Penarik ez zuen merezi. Misterio gizatiarregia. Hobe esan, misteriorik ez zen, mito gizatiarra baizik. Apropos abandonaturiko bilakuntzaren asuntoa, sinesmenen estruktura baten jatorria haundiagotzeko. Poesia eta kondairari errekurtso bat, giza-erlijioso instituzio baten historia goresteko.
Eta zer esan gizon baten dibinotasunari buruz? Zer esan Jesusen dibinotasunaz? Misteriorik ez zen ere. Gainerakoen sinesmenean, beste batera izaki baten nortasunaren transaldaketa xinple bat besterik ez zen. Beste mito bat, misterioarekin konparaezina.
Bainan, agian, bai, misterio bat zegoen erlijio hauetan. Hirutasun Saindua delakoarena. Misterio intelektuala, ez fisikorik, ezta sentimentalik ere. Gizatiar ezaugarririk gabe misterio bat. Lanbrorik gabekoa, distiratsu eta garden bezain ulertuezina, zirudienez. Hirurak, bata ziren eta bata, hirurak batera...
Bainan horrela esana, ongi begiratuz, enigma zahar bat ematen zuen. Esfingearen enigma zaharrak bezala. Intelektual joku bat. Arrazoinketaren azken posibilitatetaraino heltzera ahalegindutako giza adimenaren joku bat. Zirkulu karratuarena bezala. Eta, jakina, baldin enigma intelektualak ez badu irtenbiderik lortzen, nahiz ez ulertu, egia dela esaten da batzutan. Itxaropenaz, azken finean, norbaitek irtenbidetzeko. Edo itxaropenaz, bestela, beranduago, adimentsuagoak egongo garenean beste bizitzaren geure helburu haundia, denetatik azkarrenak izatea, halegia, guk geuk irtenbidetzeko.
Hortik aurrera, bilaketa izorratu zen. Ez zuten lanbrorik gabeko misteriorik aurkitzen. Edo bateren bat aurkitzen baldin bazuten, beren adimenetan desegiten zitzaien, lanbroa eguzkitan bezala. Misterio halakorik ez zen, hala sentimendu zerkaitzak sortzen zituen nebulosa ulergaitz eta ilunpeen sugeritzailea zen, hala adimenaren joku bat besterik ez zen bere buruari gainditzeko edo.
Gogogabeak itzuli ziren. Saint-Exupéry irakurtzen jarraitu zuten denek, elkar maitatzen jarraitu zuten guztiek, amets egiten, larritzen eta denborarik gabeko pakea Ekialdeko filosofia eta erlijioetan barna bilatzen jarraitu zuten batzuk, arabiar erlijioek irakasten zuten denboratik ihes egiketa miresten jarraitu zuten beste batzuk, eta azkenek, urduri eta Mendebaldeko stress azpian zeudelarik, Ama Birjinean, Desusen dibinotasunean eta Hirutasunean matematikoa ez ezik, Saindua ere, giza adimenari eskeinitako eliza bezala sinesmenak zientziekin elkarlotzen jarraitu nahiago zuten.
Eta hor jarraitzen dute ere gure teilatuak estaltzen dituzten lainoak. Ur hutsazko lainoak eta pozoinez kutsatutako lainoak. Misterioa bezain sugeritzaileak eta larritzaileak.
Iruñean, 1984.ko Irailak
|