Bezperan entregatu nituenak
Pako Aristi
Kazetaritzako ikasketek ez ninduten asetzen; ezta egunero irakurtzen nituen bi egunkarik ere; beste zerbait behar zuen nere ispirituak, eta urjentzia osoz behar gainera, nola esango nuke, gutxi gora behera kalean kakalarriaz doanak komun publiko bat behar duen gisan, horrela. Orduan ulertu nuen bederatzi urtetatik ene baitan, guztien begiradetatik gorderik hazten zetorren ilusio haren sumendiak non eta nola lehertu behar zuen.
Bederatzi urtez zaletu nintzen egunkarietara, halabeharrez, eskumuturra hausteagatik beso guztia igeltsotu eta 40 egunez eskolara joan gabe egoteko oparia egin zidatenean. La Voz de España heltzen zen gure etxera, eta bi atal gustatzen zitzaizkidan ikusgarri, halaber, igandetako eranskina eta Rafael Castellanoren «Parrastada»k. Oso ondo idatzirik zeudela iruditzen zitzaidan, eta apal batera jasotzen hasi nintzen, «Parrastada»k eta igandeko eranskinetik Fernando Amezketarraren ipuinak eta gai guztietako erreportaiak, Houdin magoaren heriotza, Bufalo Bill-en apustuak, Persiako emakumeen dizdira, Karlistadetako kronikak... Hura izango zen nere altxor sekretu eta berezia.
Egun batean La Voz de España itxia izan zela irakurri nuen, nere ilusioarentzako pena handiz, eta hortik aurrera El Diario Vasco hasi zen agertzen gure etxean baina ez zen berdin, ez nuen La Voz de España bezainbat maite, oso nabarmena zen aldaketa bategatik: La Voz de Españak hornitu eta dibertitu zuen nere haurtzaroa, eskola paralelo bat bilakatu zen, eta itxi zenean, berarekin joan ziren ene urterik inozenteenak.
Hamalau urte nituen, «gero zer izango zara?» galdera serioki pentsatzeko edadea. Nik nere ispiritua beteko zuen zerbait nahi nuen. Irakurle ofiziorik ez zegoen, idazle karrerarik ere ez. Kazetaritza zen ene ispirituarentzat urik freskoena.
Unibertsitateaz laster dezepzionaturik, Karmelo Landaren salbuespenarekin, eta kazetaritza, jazza bezala, pratikan gauzatu eta bihurtzen dela arte ulerturik, egunkariren batean idazten hastea pentsatu nuen. Ispirituak urjentzia osoz eskatzen zidan. Hainbeste laguntza ahaztezin eskainitako Iñaki Azkune azpeitiarrak ireki zidan hesia, paradisukoak bezala, agortu ezineko ordokietara sartzeko. Bere bidez etorri zen Xalbador Garmendia, Egin-eko Egunon barne orrietako zuzendaria Urrestillara, eta Egileor bersolariari eginiko elkarrizketa batez estrenatu nintzen. 1982ko udazkenean hasi eta ia urtebete iraun zuen nere kolaborazioak Egunon-en.
1983ak haizealdi berria ekarri zuen Euskal Herriko prentsa mundura: La Voz de Euskadi egunkaria. Uda horretan Urolako korrespontsalgoa hartu nuen egunkari berrian, eta gizon txiki baina memoria izugarriko maisu bat ezagutu nuen: Eusebio Gorritxategi. Dena zekien kazetaritzaz, eta nik dena ikasi nahi nuen. Horrela 1984eko urtarrilean La Voz de Euskadi-ko erredaktore bilakatu nintzen, euskarazko orrien arduradun bezala. Eskritorio zabal bat, idaz makina handia, telefonoa eta oso jenio txarreko idazkari bat, ene idazteko grinak arma guztiak zeuzkan kreaziorako, eta ene ispiritua dobleki aseturik aurkitzen zen, bederatzi urtetatik nekarren ilusioa bete nuelako batetik, eta jende interesgarria aurkitu zitekeelako erredakzio hartan bestetik. Javier Garcia Sanchez, Roman «Mendieta», Hector Anabitarte, Pepe Rey eta beste hainbat, jende desberdina eta jantzia izan zen ene egarriarentzat.
Bitartean etengabe ari ziren eroritzen erreportaiak, elkarrizketak eta artikuluak ene kreatibitatearen sirripatik, notizia zer zen, non aurkitu eta nola lortu ikasten nuen bitartean. Askotan albisteak ez ziren guk nahi bezalakoak izaten, La Voz de Euskadi-ren egoera txarra iragartzen zuten berriak adibidez. Ordurako barneratuak nituen rotatibako tinta-paper usaina eta idaz makinen zaratots geldiezina, osagai fisiko horiekin bizitzera ohitua nintzen, baina hondora zihoan untzia utzi beharra egon zen.
1984eko udazkenean beste ezuste fresko bat heldu zitzaigun. Madriden «Liberación» egunkaria sortu zen, eta euskal kulturaren txokoa betetzera sartu nintzen, mendien bizkarrean ezkutatutako gure herri honen hizkimizkiak Espainiako zabaleroan interesik izango zuten edo nik beste hizkuntza batean (gazteleran) mezua zehatz eta erakargarri ematen asmatuko nuen ala ez jakin gabe. Dozena erdiren bat artikulok bidaiatu zuten Madrilera, kiebra berri bat gaineratu zen arte.
Luzeak egin zitzaizkidan hilabeteak langabezia periodistikoan. Hutsune hori bete beharrez eta aspalditik atormentatzen ninduen istorio bati bizitza propioa eman nahian, «Kcappo» ene lehen nobela eman nuen argitara, kazetaritzaren ondoan kreatibitateari uhertze paralelo bat irekiz. Komenigarria eta zuhurra iruditu izan zait beti bizitzan bakoitzak hautaturiko aktibidadean bide paraleloak sortzea etengabe, batek amaiera jotzen duenean bestera salto egiteko.
Baina 1985ak ere eskainiko zidan bere oparia. Uztail aldera Ramon Etxezarretak El Diario Vascon idazteko proposamen bati buruz hitzegin zidan, kolumna edo zutabearen jeneroa landuaz. Urte bereko azaroan eman genion hasera sail berri bati El Diario Vascon, Ramon bera, Maite Gonzalez eta hiruron artean. «Hitz Apurrak» bataiatu zuen Etxezarretak, eta oraindik bizirik jarraitzeko zorionean dago. Zutabeekin ikasi dut albistea eta iritzia desberdintzen, eta zutabeekin ohartu naiz ere prentsak duen indarraz, botereaz, hanka sartzeko arriskuaz eta errespetoa sortzeko ahalmenaz. Min handia egin dezakegu kazetariok, on izugarria ere bai, epaile aulkian aurkitzen gara sarri, horregatik, urteak egutegiko orriekin batera erortzen doazen bezala, gero eta errespeto gehiago diot prentsari, artikulua idazterakoan epaile bihurtzen bagara biharamunean egunkaria irakurleen eskuetara erortzen denean epaituak bilakatzen garelako.
Zutabea agertu zait prentsan jenerorik zailena, eta folio eta erdiko lantxoa besterik ez bada ere, kezka larria eta ikara sortzen zait, batzutan, zutabearen izenburua jarri eta idazten hasterakoan. Norberaren eritzia garbi agertzeak zerikusi handia dauka biluztearekin, eta arrisku izugarriko ibilera da biluziarena gizarte hotz eta basati honetan. Bestalde, polemikak ebitatzeagatik eritzi garbia irentsi eta barruan gordetzeak ulzera arriskugarria sortu diezaioke, ene gisara, sinzeridadea birtute funtsezko eta ezinbestekotzat duenari. Polemika ugari eta era desberdinetakoak jo dute etxeko atea. Batzuei eman diet sarrera, besteei ez. Halere, guztien artean utzi didaten oroimen mingotsa ez da egunero prestatzen dudan kafearen usaina estaltzeko, adinekoa izan. 1986eko udazkenean (ezuste onak beti udazkenean gertatu izan zaizkit) esperimentu bati ekin zion El Diario Vascok: euskarazko eranskina, lan harreman urri batzuetatik ezagutzen nuen Felix Ibargutxi zuzendari zelarik. Esperimentua finkatu egin zen, Felixek kolaboratzaileei exijituriko maila altu, standar eta txukunagatik, eta gaien aukeraketa bizi eta bariatu bat burutzeagatik bestetik. Felix da oraingoz aipatu dezakedan azken maisua. Bere ikasgai laburra eta zehatza: aktualidadeak sortzen du interesa prensan. Sinplea eta jakina izanagatik interes handiko aholkua, euskal argitarapen periodikoetan hainbeste bete lan, burutazio korapilotsu eta txapuza agertzen den sasoi hauetan.
Zabalik-en lehen aleetatik hasi ziren ene kolaborazioak ere, gehienak erreportaien arlora mugaturik. Konpromisorik gabeko harremanean oinarriturik eta denbora librearen arabera, erosotasun handienaz egin dudan lana da Zabalik-ekoa. Egunkari puntual eta aldizkari ugarietan egiten du lo beste multzo batek. Batzu galdurik, apaletan ditudanen loa lasaia da. Aipatu ditzaket, kolaborazio bakanengatik, «El Periódico de Barcelona», «La Voz de Asturias», «El Correo Español», El País», «Deia», «Vanguardia Obrera», «Plazara», «Egan», «Susa», «Literatur Gazeta», «Porrot», «Hots», «Habe». Lan literarioak periodistikoekin arteturiko kolaborazioak dira guzti hauek, beraz, egunerokotasunaren tiraniak eta prentsaren notiziarekiko dependentziak beharturiko planteamentutik ihes egiten dutenak.
Horrela heldu naiz, dispersio apur batez betiere, gaur egunera. Orain hamargarren pisu batean bizi naiz, eta terrazako leiho guztiak ireki arren ez da rotatibetako usairik heltzen gauaz. Gaur egun, halere, nere bizitzaren hildoak ez daude rotatibengandik oso urrun eta ezkutu. Hilean hamar artikulu idazten ditut, Hitz Apurrak eta Zabalik-en artean banaturik, eta gustatzen zait, denborak eta etorriak lagundu ezkeroz, kolaborazioa eskatzen didaten aldizkariei tinta eta tipex-az orbanduriko folio apurrez erantzutea.
Sei urtetako bidai honen laburpen bat besterik ez da orain aurkezten zaizuen artikulu bilduma hau. Prentsako hiru jenero nagusi ekarri dizkizuet: erreportaiak, elkarrizketak, eta tartekaturik, bionbo zulatuen gisan, iritzizko zutabeak. Produkzio osoaren laurden bat besterik ez da, baina kalidadearen gaindiezineko aduanak eta liburuaren gorputza orri gehiegiz ez desfiguratzeko asmo zintzoak horretara mugatzeko komenigarritasuna adierazi digute.
Gai anitz aurkituko ditu artikuluok irakurtzera ausartzen denak. Estilo desberdinak antzemango ditu, une batetik bestera heldutako eboluzio (edo hobekuntzak) sortutako bariedadean gauzatzen den desberdintasuna. Eta azkenik, une zehatz batean garrantzia izandakoen ondoan beti interesa mantentzen duten eritziak, eztabaidak, erantzunak eta reflesioak aurkituko ditu. Hau ez da, inola ere, azken testamentu bat, maratoi bateko lendabiziko sei kilometroen kronika orden handirik gabea baino. Edo agian, batzutan bereganatzen nauen rotatibetako usainaren nostalgia bentzutzeko antidoto bakar eta segurua. Hitzaurrearekin gogaitu ez eta artikuluokin abailduko ez zaituztedalakoan...
|