Jira-bira eta itzala Saizarbitoriaren «100 metro»-ri buruzko interpretazioa
Patxi Iturrioz
«100 metro»-ri buruz, J. Juaristik bere «Literatura Vasca» liburuan (1), honela dio:
«...tampoco se entendió el "mensaje" de la novela ("100 metro" es, de hecho, una de las obras peor leídas de la literatura vasca de todos los tiempos). Los funcionarios franquistas que ordenaron su secuestro y muchos de los lectores entusiastas que tuvo en los años siguientes entre 1975 y 1980 alcanzó tres ediciones y se hizo una traducción al castellano creyeron ver en ella una apología de ETA. Nada más lejos de la intención del autor».
Mikel Hernandez-ek ere, JAKIN-en (2) idazten du:
«Uste dugunez, "100 metro", Saizarbitoriaren bigarren nobela, ez da ondo ulertu neurri handi batez, edo kasu askotan».
Lan literario batengandik interpretazio desberdinak lor daitezke, jakina; lan literarioak literalitasuna duenez gero anbiguitasunaren grado bat izango du beti eta gaur egun idatzita bada gehiago. Ni neuk ere irakurri dut Saizarbitoriaren nobelaren gainean zenbait komentario apologista politiko arloan, baina ez dut uste ETAren apologia egin nahi duenik. Ez dut uste ere:
«Saizarbitoria se limitaba a dejar constancia de un problema, mostrándolo con la mayor objetividad posible» (1).
Baina ikus ditzagun halan-holan pertsonariaren aldeko izan litezke pasarteak:
«Ez dakit zenbat diren baina lau boz bederen berexi dituk ALTO, ALTO O TIRAMOS esaten. Ba dakik aurrean irten bide bat izan ezik alferrik dela burua bueltatzea eta ez duk bueltatzen» (15).
Jarrera hau nahiz instintiboa izan edo itxuarena «higan behintzat instintiboa duk inguratzen hauen arriskuaz berri zehatzik jakin ez nahi hori» (15) positiboki balora dezakegu ihesleak errenditu nahi ez duelako; hau kontrapen bat da aitarekiko izaten duenarekin: «Burua bi aldiz bueltatzen du, aitak kontuz ibili esaten diola entzuteko» (18).
«Abilenak, trebeenak, bizienak, bizkorrenak, ez dira bustitzen, batzuetan, eta beste batzuetan busti egiten dira, ahulenak eta kobardeenak ez dira bustitzen sekula» (19).
Hau narratzaileak esaten digu eta garai artako militantearen metafora bezala har daiteke.
«Desde luego huevos no les faltan...
Es que meterse aquí es meterse en una ratonera.
Podía haberse metido en un portal. Y salir por el tejado.
Hitz egitea erraza duk.
Ez, ez. Potroena ez dik inork diskutitzen» (22)
«Bainan batek ihes egin zian. Ez?
Bat huen barren.
Eta beroiek.
Zeintzuk.
Zeintzuk. Ba beroiek.
Ba auskalo. Euria hasten ari duk.
...
Aurtengoan ba dituk hildako batzuk.
Bai. Asko.
Kriston morala zeukatek» (27).
Hiriko jendearen komentario dira, positibotzat har dezakegunak.
«Benga, polizia lapurretara
...
Zeintxuk dira onak?
Haurrak jolasetan.
«Beti xeukanagu zerbait
Gixajoek nahi diten zerbait, baina hauekin ez zegon ezer egiterik.
Hala den» (55).
Etxekoandreen testimonioak. Eta orain militantearen beste pasarte positiboak:
«Errabiaz, amorruz, gorrotoz beterik bueltatzen da eskubirantz, oraindik eskua galtza gainetik ageri den kulatari heldua, oraindik gertatu dena oso ondo konprenitu gabe. Hortzak kanpora atereaz, hortzak erakutsiz, mihia eztarrian sartzen, trabatzen zaiolarik ere, errabia, hamorru, gorroto orro batetan urratzen da» (65).
«Flotatzen, handitzen, puztutzen sentitzen haiz heure heriotzak ikaratzen duen borreroaren aurrean. Biek, heriotza eta hiltzailea mespreziatxen dituk zango zulatua, hustua, odoleztatua hamaikagarren pausoa botatzeko doblatzen duanean» (79).
«Heriotza atzetik intuitzen duk orain, harma botatzeko agintzen diaten bozen artean. Ez duk ordea hire arma, askatasunaren, indarraren, boterearen sinboloa soltatzen» (79). (Behar bada militantearen borrokaren aldeko pasarte garbiena eta firmeena hau da).
«Atzeraka ematen duk hamairu garren pausoa desafio, mehatxu, askatasuna oihua, marru garratz batetan, eztarrian itotzen zaianean» (79).
Eta alderantziz, kontra-heroeren desitxaropena eta negatibotzat har dezakeguna, honako pasarte hauetan ikus daiteke:
«Argi dago "Zamudio"-ren parera heltzerako ehunen bat metro gutxi gora behera iheslea inguratua ikusiko dela» (17).
Narratzailearen iritzia da hau. Baina desitxaropena eta, hasieratik heriotzaren korrika egiten ari dela, iheslea berarengan aurkitzen dugu. Horregatik desitxaropenaren eta heriotzaren kutsadura, orrialde guztietan dago:
«Ba dakik "Zamudio" ez dela irtenbide bat. Ba dakik hertsirik dagoela bestalde, irekia egoteak ez likek deus ere aldatuko eta metalezko aulki eta mahai artean inguratua, atrapatua, harrapatua, heldua, ikusten haiz dagoeneko» (17).
«Jendea bilatzea, jendearen presentzia sentitu nahi izatea instintibo duk higan heure burua arriskuan ikusten duan mementuetan. Bestalde ez hukek bakarrik hil nahi, eta tipoaren bizarrak, sudurrak, janzkerak, jite osoak hire konfidantza merezi dik. Ba dakik hark bakarrik salba dezakeela hire heriotza heriotzetik salbatzen bahau ere haren presentzia beharrezkoa egiten zaik hire heriotza testimoniatzeko» (17).
«Segitzen duk korrika. Idiak mataderorako bidean doazen bezala, haurtzaroan erregela jasotzen zian frailearengana edo zigorra agintzen zuen aitarengana joaten hintzen bezala» (18).
«Zilarrexko M-a nabaritzen duk behatz artean eskua indarrez hersten duanean. Hire bizitzaren zati, parte, puska konkretu bat bezala herstutzen duk haragietan sentitu nahian» (36).
«Baina aurrera jarraitzen duk gelditu gabe, hire bizitzaren sakrifizioaren zai legokeen jainko bat bezala, eserita itxoiten duen tipoarenganantz» (36).
«Gero eta urrutiago, eskuetan huen giltza lurrean errepikatzen entzuten duk... giltzarekin batera, hire bizitzaren lehen parte bat uzten, galtzen, abandonatzen duala sentitzen baduk ere» (44).
«Usoa... odol koagulatuez zikindurikako adokin gainean mokoka» (56). (Hau, ironia larria da sinbolo mitiko bati buruz: militantearen odolarekin usoa mokoka ari da!).
«Esaten diat, hemen beste gerra bat zetorrek. Ezagutu ez duenak ez zekik gerra zer den.
Alperrik da esatea.
Bizitu ez zuenak ez daki haren berri. Ez horixe» (59)
Alperrik da. (Jubilatuen testimonioa).
Guzti honek, ene ustez, uzten digu eskubiderik parekatzeko positiboa eta negatiboa, eta parekatze horretatik anbibalentzia eta anbiguotasuna aterako genuke. Beraz, puntu hau zeharo orekatua dago eta ezin dugu politikaren bitartez oso aurreago joan.
VIII. SAKONEKO INTERPRETAZIOA
Orain arte egin dugun azterketak ez digu testoan zehar azaltzen zaigun problema askotarako giltza ematen. Ikusi dugunez zenbait hari zintzilik gelditu da, zeren eta «100 metro»ren obiloaren zailtasuna gainditzeko sakonago jo behar bait da, obraren alde ilunera iritsireino eta beterik dagoen mito eta arketipoaz sortarazteko. Honela eginez gero lor dezakegu Saizarbitoriaren nobela bere osotasunean irakurri.
LURRAREN JIRA-GIRA ETA ITZALA
Yeats-en eraginari buruz zer edo zer aipatu dugu dagoeneko goraxeago. Irlandesa den goi-mailako poetarentzat batez ere poeta helduarentzat, bizitza da barakuilo eskailera igotzen den bidaia. Bidaia hau, aldi berberan, da errepikazalea jira eta jiraka eta progresiboa espiraleko buelta berri bakoitzean gorago aurkitzen bait gara.
Mota honetako irudi sinbolikoekin Yeats-ek denbora eta aldaketaren paradojak ikertzen ditu: hazierarena eta identitatearena, maitasuna eta zahartzaroarena, bizitza eta artearena, zorotasuna eta jakintasuarena.
Bere «The Second Coming» poeman (1.920) «Bigarren aroa», zein honela basten bait da: «Turning and turning in the widening gyre» (jiraka eta jiraka irekitzen den jiroan), Yeats-ek bere garaiaren zibilizazioaren desegiturari buruz adierazten digu bere ideia: historiaren ziklo baten amaiera eta bestearen etorrera, zeinek jiro deitu bait zuen. Berarentzat, bi mila urte iraundu zuen zikloa bukatu zen kultur babilonikotik Cristoren jaiotzearte eta, berdin, beste bi milatako kristautasunaren aroa amaitzen ari zen.
Historia prozesu zikliko bat bezala kontsideratzeaz gain, Yeats-entzat aro baten bestea darama bere baitan, berria zaharrean aurkitzen da desarroilatzen eta horrela zikloek betikotasunaren balio dute.
Hala bada, Saizarbitoriak eskeintzen digun nobelaren zehar jira-birak hartzen dute sentidua; honela ere hartzen dute adierazlekizuna «panpina errusiatarren» jokuak, olatuek, toka-diskoak, errekurrentea den abestiak, Hotel de Londres-ko errematatzen duen esferak. Hauek oro kontinuoaren, errepikatzearen, betikotasunaren sinboloak dira.
Yeats-ek bere poemaren beste pasarte batean aipatzen du «Spiritus Mundi», Unibertsoaren anima edo espiritua dena, zeinekin eta «Great Memory»aren bitartez anima guztiak lotuta bait daude. Poetak Memori Handi hau «azpikonziente unibertsala» bezala hartzen zuen, non humanidadeak bere igarotako memoriak gordetzen bait ditu. Honekin Jung-en teorietara hurbiltzen gara.
Azpikonziente unibertsalaren teoria gure artean «memoria colectiva» deitua izan da baina komunidade linguistika bakoitzari dagokio (3) egokia izango zaigu argitzeko airean gelditu den zenbait puntu. Planteamendu hauen arabera nork hitzegiten duen momentu batean berdin da, zeren azpikonziente kolektibo horren medioz edonor izan bait daiteke mensajearen botatzailea edo hartzailea. Horregatik, adibidez, ez du inportantziarik, edo hobeto esanda, ez du sentidurik galdetzen nori ari den hitzegiten narratzailea azkeneko kapituluan militantea hila dagoenean.
Horrenbestez esan dezakegu denboraren hausturari buruz edo ta, haurraren gainean, pertsonaia bera dela bere haurtzaroan eta bukaeran honen anaia txikiarekin konfunditzen dela, baina edonor haur izan daiteke (4), haur bat ez konkretua, enparantzaren arkupetan jolasketan azaltzen diren horietako edozein haur.
Guzti hau Jung-en teoria psikoanalitikoekin loturik dago. Ikertzaile suizotarrak, zein lehenbizi Freud-etik oso gertu eta ondoren hurbil bait zegoen, psikoanalisisari sartu zion mitoa eta azpikonziente kolektiboaren konzeptua. Azpikonziente kolektiboa humanitate osoaren azpikonzientea da, itxaso handi baten bezala non «ni» guztiak aurkitzen diren; azpikonziente kolektibo honek besarkatzen ditu humanitatearen esperientziak hasieratik, beraz ia ia betikotasuna den zerbait da.
Jakinduri hau herri desberdinen folklore eta kosmogonian erreflejatzen da errepikaturik, tema gutxi gauzatuaz arketipoak, eta baita ere ametsetan. Arketipo hauek hereditarioak dira.
Azpikonziente indibiduala ordea, Itzalaren bitartez gauzatzen da, eta beltzatasuna darama ezaugarria bezala. Itzalak kontzientziak onartu ez duen guztia adierazten du. Itzalarekin bertopaketa, «ni» eta Itzalaren arteko elkarrizketaren bidez, amets batean esaterako, oso momentu larria izaten da: «ni» arriskuan aurkitzen da erreprimituriko joerengatik, zeinek oposaketan bait daude joera konzientekin. Itzala, beraz, gure konzienteak onartu ez duena da: nahiak, jarrerak, emozioak. Gizon eskizofrenikoak, erdibituak, kalidoskopikoak, bere orekatasuna bilatuko du bakarrik azpikonziente partea onartzen badu, bere Itzala, lehenbiziko pauso bezala, ezagutu ondoren.
Hemen dugu orduan nobelan barrenago sartzeko giltza. Narratzaile-pertsonaia erdibiturik ez lirateke izango «ni» konzientea eta bere azpikonzientearen (edo Itzala) borroka baino, sendatzeko terapia, orekatasuna lortzeko, «bere baita» (sí-mismo) aurkitzeko.
Gure pertsonaiaren fantasmek beltzatasuna dute: haurraren mantala, prailearen erregela, poliziaren errebolberra, ...Michéle (5) berak badu ere beltzatasuna: «slip zuriaren eta blusa urdinaren tartetik erakusten zian gerrialde beltz eta tersoa ikusi hioanean» (30).
Oraindik falta zaigu aitaren irudia esplikatzea. Aitaren presentzia oso nabarmena da, amarenarekin kontrastatuz; testoaren asieran, erdian, bukaeran topatzen dugu aita:
«Aitaren maitasun seinaleak jasotzeko, konprenitzeko, kaptatzeko, intuitzeko sentsibilitate berezia huen» (20).
«Quién le ha dicho eso... Mi aita» (57).
«que mi padre no se muera, que mi padre no se muera» (81).
Figura hau «bere-baita»-ren pertsonifikazioa da, pertsonalitate konziente eta azpikonzientearen osotasuna, «ni»-a integratua. Hemen datza aita figuraren garrantzia.
Jung-en psikologia analitika jarraituz: «cuando el individuo supere la prueba iniciática y pueda entrar en la fase madura de la vida, el mito del héroe perderá su importancia. La muerte sinbólica del héroe se convierte, por así decir, en el alcanzamiento de la madurez» (6).
Honek esplikatzen du, argi ta garbi, azkeneko kapituluan datorren errepikaturik eta monotonoa «egunero bezala»-ren presentzia. Honek explikatzen du ere honelako esaldi misteriotsu eta uler ezinezkoa:
«Izaera gainetik hire gorputzaren formen itzala sumatzen da» (98).
«Ni»-a integratu ondoren, Itzala «berebaita»ren partea da.
Eta bukatzeko, terapia psikoanalitika hau norentzat dago egina? Irakurlearentzat? Behar bada, baina nik ausartuko nuke esaten egilea berarentzat ere egina dagoela.
BIBLIOGRAFIA
Octavio Paz, «Los Hijos del Limo». Seix Barral, 1987.
The Norton Anthology of English Literature. Vol. 2. Fifth Editión. London.
Ibon Sarasola, «Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza», Kriselu.
Jon Juaristi, «Literatura Vasca». Taurus, 1987.
Jesús María Lasagabaster, «Egunero hasten delako»aren Hitzaurrea bigarren edizioan.
Jon Kortazar, «R. Saizarbitoriaren "ehun metro"», Jakin 13.
M. Hernández, «Saizarbitoriaren "100 metro"ren semantikaz ohar batzu», Jakin 29.
Jon Kortazar, «Gaurko narratiba eta euskal literatura», Jakin 2.
R. Saizarbitoria, «Hitzaurre», in: P. Urkizuren «Sekulorum sekulotan. Kriselu, 1975.
C.G. Jung, «Arketipos e inconsciente colectivo».
OHARRAK
(1) Literatura Vasca, 128 or. Ed. Taurus, 1987.
(2) JAKIN, 29 zenb.
(3) Gauzak honela izanik, Jung-en eta Yeats-en planteamendua zeharo trukatua gelditzen da. Hauentzat azpiko konzientea humanidade osoaren tasun amankomuna da. Zehazkiro Yeats-en modernismoak, Eliot-ena ere, damuz ikusten du nola munduak unibertsalitatean fidantza galdu egin duela.
(4) Egileak berak ondorio honera iristeko uzten dizkigu aztarnak: enparantzan jolasketan ari diren haurrek mantal beltza daramate.
(5) Jung-en arabera, gizonezkoaren psikologiaren irudi-emea «anima»da, eta positiboa nahiz negatiboa izan daiteke. Emakumezkoarena «animus» litzateke paraleloa.
(6) «Arquetipos e inconsciente colectivo», C.G. Jung.
|