Bi maitasunezko poema eta abesti pornografiko bat
Felipe Juaristi
I
Barreiatzen naiz zure gainean.
Urrezko estalia naiz
sekretuak ezkutatuz,
eta odolezko iturriak irekitzen dira
bion gorputzek berdetu duten ibarrean.
Odol jauziek erasotzen naute;
buru egiteki prest nago
harrizko gaztelua bezala.
Gure gorpuzpeko ibaiek
irakiten
bilatzen dute irteera,
gaztelua nondik arraiatuko modua
Zilarrezko estalia naiz
bistakoa besterik ez gordeaz.
Adreiluzko gaztelua bezala
errenditzeko prest nago.
Tantoka, tantoka erortzen naiz;
inguratzen zaitut ibaiek ibarra bezala.
Odoleztatzen gara.
Suzko gaztelua naiz,
Barreiatzen ditut errautsak zure gainean.
II
Hauskorra. Ibaia bere zauri zaharren gainetik altxatzen da,
laztantzen du begi-oheetan lo datzan herriaren azal beroa.
Goiza argizko artxipielagoa da.
Garbitzen dituzu kristalezko betazalak.
Iraunkorra. Plazak ere huts egiten du egunaren sabelean;
losinez mugatutako gau berriak aldarrikatuz,
esnatzen du astinduz zarata laguna,
azken oihu leun, harro, estalgarria.
Alabastrozkoak dituzu begiak.
Entzuten dut
zure ahotsa zure itzalaren zerupean.
Maitakorra. Mundua zabaltzen da.
Erlojua da denboraren ispilua
eta urte bat garizko landa,
zenbat eta hedatuago aberasgarriago.
Eta konta ditzakezu zerumugaraino,
urteak, maitaldiak, denbora sentigaitzaren hezurrak,
noragabeko zaldien moduan.
Gardena da zure begirazuna, likidoak zure behatzak.
entzuten zaitut
hitzak ehortzi dituzunean ere.
Zure ahoak urteen zirrikuetatik jotzen du urezko nota.
Urte bat, izenik gabeko hiria,
bizitzaz, maitasunaz betetzeko beti.
Zure gorputza aintzinako urjentziak irentsi dituen irudia da.
III
Ez dago inpernurik.
Zerua bidaiatzen da bide gorritik zehar,
buru estalgabea ilargiaren argi leunari eskainiz.
Badago haren oihartzuna zure ezpainen urmaelean
hondo hareaztatua barnatzen, astintzen.
Zeruak ere bilatzen du aterpea, gordetzeko.
Zure ahoa da arratsaldeko sua baztertzen duena.
Zure ahoan sartzea erritoa da,
itsasoarekin anaiatzen den izurdiarena,
ur-besarkadaz desagertzen den uhartearena,
tunelaren birjintasuna xahutzen duen trenarena,
ehiza beroa jasotzen duen ehiztariena,
lurrak estaltzen duen hildakoarena
Zure ahoa Abrahan-en altxo goria da.
Zure ezpainen karelean lagatzen ditut hodei hondarratuen errosarioa, uso hilen sortak.
Zure ahoan urretxindor berantiarrak desegiten dira.
|