L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-4 (1987-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Igela

 

Txomin Peillen

 

        Erotika alor zabala da; batzuk moral kriterioak erabiliz, erotika sail bakoitzari maila gora bat, nahiz apal bat ezartzen diote balizateke, «goihen» erotika bat hala nola Biblian Salomon erregearen maitasun-kanta, mail beheren bat apalen bat pornografia eta bien artean, satira erotika, eta lizunkeria. Gure ustez, maila guztietan badira ekoizpen onak eta txarrak, guk literatur aldetik sailkatzen baititugu. Igela-n ez genuen «goihen» mailako erotikarik argitaratu, nahiz Jon Mirande gure idazleak holakorik idatzi zuen, zeren Igela parre-eragiteko aldizkaria baitzen; guk erabilitako gaiak, lizunkeria, satira eta likiskeriak izan ziren.

        Lizunkeria da, gorputzaren askatasuna goraipatzen duen idazkia eta Igela-n idatzi nuen bezala (frantsesak «libertinage» lioke):

        «Gosea gatik jaten duenak, egarri direnean baizik ardo edaten dutenak, hume egiteko bakarrik "apaintzen" dutenak "txerriak" dira». (Igela, 8.orr) Horrela, gure aldizkari hortan Jon Miranderen «Kama-Goli» ijito maitasun olerkia eman genuen, eta beste bi olerki lizunak, Irigoi batek idatzi zituen «Guraria» eta «Oe-lagunak». Irigoi horrek, idazlearen askatasuna probatzeko, eta garaiko zentsura-konformismoari erasotzeko ibili zen hortan; eta Irigoi, aita Nemesio Etxaniz zen. Neronek «Jon dane Aqherrunen bizitzia», zuberotarrez.

        Satira Erotika mota hori da gehienik aldizkarian argitaratu zena, zeren «heteredoxoen errebista», satirazkoa baitzen. Halaxe izan zen Gauza reserbatuak kronika, euskal kantu bildumetatik kendutako kantuak, herri kantuak, ematen baitzituen. Hala hiru abesti eman genituen: bata, Anjel Irigaray euskaltzainak bialdua, Nafarroa Erizekoa 1830.n egina; geronek, garai berean Zuberoan «Mendikota Haztoi» izenarekin egin zena eman genuen, «Larragoiti Gardei» izena ipiñiz, oraindik leinu hortakoak bizi baitziren; hirurgarren kantua, nonbait 1960 urtean, Ezpeizeko erretorari egindakoa zen (naparra, 23 orrialdean, eta zuberotarrak 63 eta 121 orr.) Gero, mota hortan J. Mirandek «Ederrak» egin zituen, hala nola:

 

                Nire neskaren ederra

                behar den legez nork derra?

                Nektar da haren sabel ahoak

                ixurten duen elderra.

 

        Neronek, beti satiratan, herri ipuin bat eman nuen «Bi ahoak» (Igela 21.orr.) «Ez itsasoan, ez airean» ipuina (Igela 59.orr.) eta Jon San Martinek, «Eibarkoak». (60.orr.)

        Likiskeria, hau da, ez goratzeko, ez parre egiteko, ez askatzeko, askotan obsesio moduan seksu harremanak, haragiaren bekatuak aipatzeko modu arruntena. Nahiz batzutan kalitatezkoa izan liteken, hala ziren herrian bildutako «xikitoak» (Igela 80 orr. eta Igela 168-173 orr.) hala nola:

 

                Arrautzia bilo gabe

                aphoa buztan gabe

                hebentik horat ikhusten'teat koskoilak

                batere bilo gabe.

 

        Noski, guk emandako mugapenak ez dira denen gustokoak izango, zeren moral kriterioak herstuago eta batentzat satira dena, lizunkeria dena bestearentzat likiskeria edo pornografia da. Esaten da askotan pornografia dela, besteekin partekatzen ez dugun erotismoa edo besteen erotika, gurea beti, aitorturik ala ez, ona izanik.

        Igela-n azaltzen ez zena, baina Miranderen idazlan askotan nabarmentzen zena, goihen erotika zen, alegia «Haur besoetakoa» nobelan. Deustuko Ikastetxean duela bospasei urte esan nuen bezala, gure idazlearentzat, gorputza arimen batasunerako oztopo zen, eta Indiko erotikan bezala harremanak sinbolo behar zuten izan. Gorputza oztopo, traba, baina gorputzaren eragozpenak, moralaren debekuak oztopogarriago. Halere, nahiz ez zen Mirande mistikoa, ez zuen erotika anti-dotriña berri legean erabili, ez ta Igela-ko besteek ere, hortakotz abertzaletasunaz, erlijioaz, erotikaz, aberatsez idaztean ez zitzaigun parre eragitea ahaztutzen.

        Zergatik sortu zen Igela? Ez baitzegoen ia aldizkari askerik 1962 urtean Euskal Herrian. Mirande-k ezin izan zuelako Haur besoetakoa «Egan»-en eman, bestelan «akabo aldizkaria», berdin «Euzko Gogoa» Baionaratu ezkero, horko ipurdi-zuri zentsuratzaileen eskupetara erori baitzen, azkenean Zaitegik asperturik uzteraino (orduan harek idatzitako gutuna badaukat). Hamar urte lehen, 1952 urtean hasirik, jo-ta-ke Aita Lafitte ibili zen bazterretan idazten eta esaten, ez zela euskaraz erotikarik idatzi behar, eta eztabaida bat sortu zen; garaian, Etxaniz, Zaitegi, Andima, Mirande zentsuraren aurka eta Lafitte, bizkaitar apaiz lagun bat (Mokoroa?), euskal kristau-literatura baten alde... eta noski, zentsuraren alde.

        Zikiratutako ipurdi-zuri laikuak izan ziren Igela-ren etsairik handienak eta elizari erasoten ginelako aitzakian, abertzaletasunaz trufatzen ginelako, baina erotika argitaratzen genuela, eta Azkue-k eta besteek baztertutako abestiak ematen genituela esan gabe: Noski, bizioz betetako jendeak ginen: aipatzen genituen, puta, pederasta, lesbotarrak gure eguneroko ogiak ziren. Gaia ezin kritikatu delarik, pertsonak iraintzen dira, agian Igela-n idatzi genuena nahi zuten probatu:

        «Kristautasunak pozoin eman zion Eros-i edatera. Ez zen hargatik hil bainan gaizkitu zen eta bizio bat egin» (F. Nietsche, Igela, 54 orr.)

        Igela gizatxoa «euli gabez» hil zen. Zuzendari, multikopilari, bidaltzaile, diru emaile Txomin agortu zenean... euliz. Igela-k, sei ale atera zituen 1961.tik 1963.raino, eta seiehun egin arren, gehienak paperontzira joan ziren, zorionez. Hordago-k, 1979 urtean berriro atera zuen liburu moduan, eta multikopia txarretik huts gehiegi gabe atera, nahiz urtegunak ez dituen eman. Geroztik gauzak apur bat aldatu dira, eta ez da gertatu Mirande-k ziona:

        «...gona motzak, bi zathitako igeri-jantziak, dantza lothuak eta beste gauza guztiak debekatu zituzten».

        Bai, euskal erotika askatu da, beste literatura mota askoren moduan, baina gizartean zer? Konformismoa ala anti-konformismoa? Zapalkuntza baten zapalkuntza ala zapalkuntza batetik askatasuna?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.