L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Bi anai

 

Bernardo Atxaga

 

        Bi anai izeneko nobelaren zatia duzu. EREIN-ek argitaratutako Bernardo Atxaga idazlearen azkena. Dagoeneko ezaguna izango duzun arren, gure literatur erakustokian sartzeko tentazioa eskaini digute. Eta erori egin garal

 

Ehun eta hamaika antzarra ginen, eta egun asko generamatzan hegaletan ifarreko lur zelai eta hotzetatik aienatu nahiz. Beti hegaletan, bakarrik zingiretan pausatzen ginen, ihi eta azeribuztanen babesean, eta orduan ere ahalik eta denbora laburrenez, supitoki eta denok batera aideratuz baldin eta desohizko soinuren bat sentitzen bagenuen ingurutan.

        Neroni nintzelarik gida, eta antzarrik lehena, eguzkiaren argitasuna zaintzen nuen egunez, eta ilargia eta izarrak gauez; beti hego alderako bideari lotzen nintzaion. Ez ninduen engainatzen zeru mudakorrak bere koloreekin. Ez ninduen engainatzen lurrak bere bide ugariekin. Hegoaldera egiten nuen dudarik egin gabe, eta beste antzarra guztiak gibeletik jarraitzen zatzaizkidaten; beti hegaletan.

        Euria hasi zitzaigun lehen mendi harritsuak ikustearekin batera, eta hegoak euriz kargatuta genituela heldu ginen Obabako zeruetara. Orduan Mintzoa entzun nuen nire baitan.

        —Hoa laster sugea akabatzera.

        Hegoekin indar eginez gorantza egin nuen, are eta zerurago, eta bigarren zetorren antzerrak hartu zuen nik utzitako lekua. Gorputza okertuz geldirik egon nintzen —geldirik aidearen erdian— adiskide guztiak nire azpikaldetik pasa bitartean, eta begirada bat eskaini nion nire adiskide bakoitzari. Ehun eta hamar antzarra, guztiak batera mugituz, lepoa luze jarriz halatan euria hobeto ebakitzeko.

        Beti hegaletan, lainoz laino galdu ziren guztiak.

        —Hoa laster sugea hiltzera.

        Esan zidan berriro Mintzoak, eta instant berean suge bat ikusi nuen ibai ttiki baten putzuan gordeta.

        Aidekoa naiz, eta aidez joan nintzen haltza zaharrez inguratutako bideraino. Lurrekoa naiz, eta oinez egin nuen ibai ttikiaren ertzetaraino. Uretakoa naiz, eta sugea zegoen putzuan murgildu nintzen. Burua kraskatu nion segidan, nigan ez zuen gupidarik kausitu.

        Berriro aideratu nintzenean emakume zahar baten negarra sentitu nuen ibai ttikiaren gaikaldeko etxean. Gero zerrategi bat jarri zitzaidan begietan, eta bere atarian bilduta zeuden gizon batzuen hizketa aditu nuen.

        —Aspaldi honetan oso eroria zebilen mutila —zioen haietako batek euriaren ardurarik gabe— eta ni behintzat ikaratu xamarra nengoen, ezer onik ez zetorrela iruditzen zitzaidan. Horregatik, gaur lanera azaldu ez denean bila joan natzaio etxera, eta han ere ez zegoela esan dit neskameak, lanerako bezala aterea zela anaiarekin. Danielekin? —galdetu diot harrituta. Bai —esan dik berak, gaur goizean libratu egin du soketatik eta berarekin eraman du gero. Eta orduan zer edo zer txarra gertatzen zela dudarik gabekoa egin zait.

        —Hor hasi huen dena, Daniel lotuta edukitzera behartu zutenean. Nola egin liteke hori? Erretoreak izan dizkik kulpa guztiak! —esan zuen beste batek.

        —Horrenbeste ere ez, hi, horrenbeste ere ez. Festak pasa eta gero jende guztia ibili huen kontu horrekin.

        —Nora joan dira bi anaiak? —egin nuen galde.

        Baina zerrategiko gizon haiengan ez nuela argibiderik kausituko susmatu nuen, ezen lanturuekin luzatzea besterik ez baitzuten egiten, hasperen eginez euriaren azpian.

        Murmurio bat zetorren plazaren aldetik eta harantza jiratu nintzen. Orduan beltzez jantzitako gizon bat ikusi nuen plaza hartako petril batetara igoa eta guardasola haundi batekin; jendeari hitzegiten zion, esanez osatzeko taldeak eta abiatzeko bi anaien bila, halako basora, halako mendira, eta miatzeko ondo bazterrak, bereziki miatzeko ibai ttikiaren ertzak. Aidetatik, jendearen guardasolek plazari mantxa beltz haundi bat egiten ziotela zirudien.

        Inork ez daki non dauden, pentsatu nuen. Hegaldatzera apoderatu nintzen berehala.

        Haltza zaharren gainetik ibai ttikia ibili nuen, bere sorlekuraino, eta sagasti soilduak, ikusi nituen eta urritzak eta mizpirak. Guztietan aurkitu nituen bi anaien arrastoak, baina ez aldi hartakoak, baizik eta iraganekoak, urrunak.

        Handik basoetara jo nuen. Zugaitz bakoitzaren inguruan erreparatu arren ez nuen ezer berezirik ikusi. Mendien gailurretaraino iritsi nintzen.

        Etsita herrira itzuli nintzen, eta bi neska ikusi nituen plazan, petrilean eserita eta guardasola gorri bakar baten pean bildurik. Mintzatzen ari ziren.

        —Alferrik zebiltzan den denak —esaten zion batak besteari— Paulo trenbidera joan dun bere anaiarekin, nik bazekinat hori.

        —Eta zergatik ez dun esan, Teresa. Zergatik ez dion esan erretoreari? Hala bere bila joango hitunan...

        —Eta zer? Gaur ekarriko zinatekena behar bada, baina zer konponduko litzateke horrela? Ostera joan egingo hunakena, nik bazekinat hori.

        —Halere esan egingo zienat ostatuan gelditu diren gizonei, oraintxe bertan gainera... hator nirekin, Teresa!

        —Ez, joan hadi hi, nik ez zeukanat gogorik.

        Neska bat abiatu egin zen, bestea petrilean gelditu zen bakarrik.

        Noan trenbidera, erabaki nuen.

        Karreterari segitu nion, kasikan lurra ikutuz hegaldatzen nintzelarik, eta berehalakoan etxadi bat jarri zitzaidan aurrean. Etxe haien teilatuetatik gora egin nuenean trenbidearen karrilak ikusi nituen mendian egindako zulo haundi batetik ernetzen. Euriz bustiak, bide diztiratsu baten moduan izkutatzen ziren ibarrean.

        Apur bat gehiago alderatu nintzenean bi figura ikusi nituen, karrilen artean zutik jarrita eta elkarri eskua emanez, bi anaiak. Mendiaren zulotik oso gertu zeuden, baina hari bizkarra emanez, ibarrari begira.

        Hainbeste ahaleginez egin nuen hegaletan, non trenari jotzeko arriskuan egon nintzen. Trena azaldu baitzen zulotik ni abiatzearekin batera. Doi doi libratu nintzen bere kolpetik, gorputza ia minez jarri arte okertuz.

        Trenaren burrundara ohitua ez nengoenez, zoraturik ibili nintzen une batean, aidean gelditutako ke artean norabidearekin ezin asmatuz. Azkenez trenbidera begiratu nuenean bi antzarra ikusi nituen trena pasatako lekuan; bat oso handia bestea arrunta. Niregana zuzentzen zituzten lepoak, gida eske.

        —Zatozte nire atzetik —esan nien—. Nik ezagutzen ditut zeruko bideak.

        Beti hegaletan, hegoalderantz partitu ginen.

        Handik betirako urrundu baino lehen trena ikusi nuen bidean geldituta, eta hiru gizon korrika bi anaiak egon izandako lekurantz.

 

AMAITU DA

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.