L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hadrianoren estoizismoa oroitzapen gisara

 

Esteban Antxustegi

 

        Egun hauetan gure eskuetan beste itzulpen bat erori zaigu, Eusko Jaurlaritzak emaniko diru sortarekin hain zuzen ere, honako hau Joxe Agustin Arrietak burutua, hala nola «Hadrianoren oroitzapenak» izenarekin kaleratua.

        Luzaroan itzulpen «ezagun» hauen funtzionaltasunaz eztabaida daitekeen arren ez da hori, usteak uste, dagokigun betebeharra, burutapen hauetatik sortaraziriko erreflexioak komentatzea baizik.

        Marguerite Yourcenarren liburu honek, idazki gisara garatutakoak, inperioaren garaiko erromatar gizarteko joera intelektuala azaldu nahi du, asmo honetarako Hadriano enperadorearen biografia berreraikiz, eta batez ere bere jarrera estoikoaz baliatuz. Ikuspegi honetatik, eta hauxe besterik ez dugu aipatuko, erreflexio filosofikoek osatzen dute liburuaren bizkarrezurra eta hauexek pittin bat adierazten saiatuko gara.

        Erromako korronte estoiko nagusiarentzat filosofia gure askatasuneko giltzarri bezala ulertu beharko genuke, egoeren aurrean antsigabe jarriko gintuen jakinduri berezi bat bezalakoa, zori gorabeheren aurrean ikaragaitz, eta giza botereen ikuspegitik erabat buru jabe; Hadrianoren eritziz, aldiz, filosofiaren bidez bizitzako gogortasun eta aspergarritasunari aurre egin geniezaioke, bertatik lan nekagarriak burutzeko behar dugun kuraia sortarazteko erreflexioa atera genezake. Hau lortu ahal izateko guztiok behar dugu erretiro leku bat, non gure burua ezagutzeko posibilitate bakarra daukagun; eta bestalde, ez da mundu guztian inolako leku bazterturik izango gure buruarekin bat egiteko hobeagorik gure barrentasuna baino.

        Horrelako mementuetaz baliatzen da Yourcenar Inperioko Aitzindariak bere gogoetak egin ditzan, hala jauregian nola armada erdian, eta era honetaz Marko Aurelio-ri eginiko eskutitzak «eguneroko mami» era hartuko du, bere meditazio bakartien lekuko zintzoa balitzan.

        Liburuan zehar ondorengo bezalako galderak planteiatzen dira: zer da bizitza? Bere luzera? punttu bat. Bere funtsa? iheskorra. Gure kontzientzia? nahasgarria. Gure gorputza? korrupzio bidean dagoen konposaketa bat. Gure arima? aire bolada bat. Etorkizuna? ezezaguna. Ospea? zalantzazkoa. Laburtzeko, gorputzari dagokion guztia alde egiten duen uhin bat besterik ez da; arimari dagokiona, aldiz, ametsa, ihesi doan kea. Bizitza? borroka, herbestea. Ondorengoa? dena ahazturik dago. Ba al dago atsegingarri zerbait aurkitzerik? Gertaera guztiak, iraganean barneraturik, pausatu orduko hegaz hasten den txori baten antzekoak dira, betirako desagertuz.

        Hausnarketa hau denboraren agerpenari aplikatutako analisi baten ondorioa dugu. Baina agerpen hau ez da guztiz sentikorra, bera izaki arrazoinatu baten ezaugarria da, esistentzi iraunkor bati loturik dagokionez, bizi hilkor baten lekuko. Agerpen honen bidez gizona iraganari atxikiturik gertatzen da, etorkizunean suerta daitezkeen gertakizunekin oinazetua, esperantza eta sinesmenaren artean iharrausirik, egunen iheskortasunagatik larrituz herioaren garaipenaz ohartzean. Egoera estu honen aurrean zer egin: etorkizuna eta iraganaren aurrean ez gaitezen kezkatu, eta baldin eta orainak nahigabetzen bagaitu istant erratu bat besterik ez dela pentsa dezagun, luzaroan kurtuko ez gaituena hain zuzen ere.

        Era hontako gogoramenek jarrera epikurearra dakarkigute oroimenera; oinaza beti pairagarria da, iragankor gisara ulertzen badugu. Honela zioen Epikurok: «Heriotzak ez du beldurgarria izan behar, berak ez bait du guretzat ezertxo ere suposatzen, ez bait da gure gauza: bera gertatzen denean ez gara hemen izango». Estoizismoa, aldiz, analisi desberdin baten bidez antzeko ondorioetara heltzen zaigu. Orainari soilik dagokigula egia bada, eta inork daukana baizik galdu ezin badu, berdin izan behar zaigu gazte ala zaharrik hiltzea; galera berdina suposatuko duelako, pasaturiko bizitza galdurik bait dago, eta etorkizuna esperantza bat besterik ez denez gero.

        Gure bizitza aroen segida infinitoen artean istant bat bezala ulertuz, eta gure gorputza Unibertsoaren inmentsitateko punttu bat besterik ez izanik, Unibertso honetan izaki bakoitzak bere funtzioa betetzen du. Gizakiak ere, izaki arrazional gisara, bere betebeharra burutzen du. Baina, zein da hau? Ordena unibertsalari so egitea eta bera imitatzea, bere jokaeran irudimen hau beterik (ad contemplandum mundum et imitandum). Eginbehar hau, aitzitik, ezin da esfortzurik gabe eratu, espontaneitate eta istintoarekin bakarrik baliatuz. Horregatik Hadrianok Markori ikasketa eta gogarte filosofikoak gomendatzen dizkio. Bere eginbeharra Inperioaren administralgoan datza; honek gizonen harteko harreman zuzenetan jarriko dio, eta hau ez da gauza erraza.

        Arrazoiak ez du bakarrik espekulazio gisakoa izan behar, baita praktikoa ere. Era honetaz, lege berdinen azpian kokatzen direnek ziutate bera osatzen dute; aldi berean, izaki arrazional guztiak, gizaki eta, jainkoak, ziutate berekoak dira, bere izena Unibertsoa izanik.

        Erromatar ikuspegi batetik, estoizismoaren ideal arrazionalak adierazpen politiko bat betetzen du, Inperioaren administrazioan kokatuz. «Nere ziutatea, nire aberria, Trajanoren semea naizenez, Erroman dago; gizona naizenez gero, aldiz Unibertsoan datza. Izakiak ezin du ezertxo Patuaren aurrean, bera bait da Unibertsoaren legea eta Jainkoen borondatea adierazten du; gizakia ezin da bere antzekoekin borrokan sartu, elkar lanerako sortua bait da, eskaera arrazionalari aurka egiten ez badio, bere izaera propioari, ez bada endekatzen bere buruari kalte ez badio egiten.

        Nondik datoz, orduan, gizonen arteko eguneko gatazkak? Honen arrazoia kanpoko ondasunetan aurkitu behar da, hala nola aberastasuna, ohoreak, poderea. Ondasun hauek, bada, ez dira egiazkoak, eta bertatik sortzen den zoritxarra edo zoriontasuna ematen diegun erabileratik datorkigu. Hori dela eta, egiazko ondasun bakarra «jujamenduaren zuzentasunean» aurki genezake, bertatik bait datorkigu gauzen erabilera zintzoa.

        Horregatik gorde behar dut nire zuzentasuna, pasio guztietatik zaindu, gaitzondoari amor ez eman, beraien antzeko bihur ez nadin. Beste gizaki guztiak, arrazionalak direnez, lagun eta ez etsai bezala ikusiko ditut. Baina zer egin nire asmoen aurka azaltzen badira? Zaila izango zait lagun gisara ikustea, baina ez horraitio etsai bihurturik. Objektu geldoak bailiran hartu beharko ditut; beren eskusartzea akzidente bat besterik ez da izango, eta beraiengatik nire proiektua aldatu behar badut, ez diot inoiz nire helburuari etsiko. Nire xedea beste bide batzuetatik eskuratuko dut; horrela, oztopoa eragingarri bilakatuko zait, bidean jarritako traba batek indar gehiagorekin jarriko nau bidean. Era honetaz, jakintsuak aurre egiten die eragozpenei, ez bakarrik gizakiengandik sorturikoei, gauzetan beharrezkoak diren nahasmenduetatik baita ere.

        Munduaren ordenua errepika uniforme eta patu zorrotz baten mendean azaltzen zaigu. Vespasiano, Trajano edo Hadrianoren garaiak antzekoak dira. Egoera bera da, aktoreak aldatzen diren arren. Uniformitate honek ere arrazoi antolatzaile baten esistentzia frogatzen du, zeinak ikuspegi berezi guztiak osotasun orokorrean gorengo jakinduri baten bidez moldatu bait ditu. Horrela adierazten da Hadrianok aipatzen duen patuarekiko manekotasun fidekorra, estoikoek «amor fati» izenarekin azaltzen dutena. Ordenu honek gizakiari eginkizun bat inposatzen dio, denboran zehar bete behar duena alegia. Horrela, gure ekintzaren zuzentasuna gure eskuetan badago, eta gurea bakarrik oraina bada, gure perfekzioa orainean, istantean, bete beharko dugu. Ikuspegi honetatik ekintza bakar batek bizitza osoa balio du eta, bestalde, burututako eginkizuna bizitzako azkena balitzan bete beharko nuke.

        Baina etika estoikoarra ez da Jainkoaren esistentziarekiko eztabaidetan arituko, gizakia bera da erabakikorra, bere arrazoia dela medio —Ordenu Unibertsalaren zati izanik—, eta «etsipen garaile» honen lekuko Unamunoren hitz hauek aipatuko nituzke: «Gizona hilkorra da. Hil egingo da; baina heriotzari kontra ekingo dio, eta azkenik ezereza besterik ez badago, ez dezagun, bada, justizia batetan bilakatu». Protesta honek barnekotasunaren santutegia besterik ez du adierazten, bere ukiezintasuna, barrentasun honetaz subjetibitate hunkikorraren manupea eta ametsen bultzakadak ez baditugu ulertzen, erreflexionaltasuna eta jarrera arrazionala baizik.

        Euskal liburu berri bati ongi etorria ematen diogu, are gehiago oraindik dakarren mezua lagungarri bazaigu gure kultura orokorreko partaide den joera filosofiko batekin aurrez aurre aurki gaitezen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.