Begi hurrinei bertsoa
Urdine Garziarena
Goizean goizik jeiki naiz eta
leiho parean eseri,
begira nago zure begiak
ea non diren ageri,
baina hormetan zehar ez diot
antzik ematen ezeri.
Zure begiak hurbil banitu
haietan nenbilke igeri
J. Sarrionandia,
Gartzelako Poemak
Askotan ezin izaten dut zure aurpegia osotasunez gogoratu. Ez dut arazorik zure begiak, zure irrifarrea, zure ilea... gogoratzeko, baina ezin izaten dut puzzlea osotu, irudi osoa antolatu.
Beste batzutan ordea, konturatu gabe, nahi gabe, zure usaina etortzen zait gogora eta orduan bai, orduan ikusten zaitut eta zure presentzia sentitzen dut nire ondoan izango bazina bezala.
Normalean eta gure eguneroko bizitzan, garrantzitsuagoa da ikusten duguna, ukitzen edo usaintzen duguna baino, edo behintzat ikusten dugunaz konturatzen gara. Baina usainak konturatu gabe geureganatzen ditugu, inkonszienteki, eta haiek gogora ekartzen dizkiguten sensazioak biziagoak eta indartsuagoak dira.
Usainek ez dute adjetibo propiorik, eta guztiz ahaztuta ditugu gure eskalan, baina nik eskerrak eman nahi dizkiot nire sudur luze honi, nire gogora ekartzen zaituelako.
|