Berrogeitan-edo den belaunaldiari buruzko agiria
Iñaki Garziarena
Gehiegi epaitu dugu gure artean
ta egun ere halatsu darraigu
inori kargu hartzea dela
gure kirol nazionala:
norbera bizi ez, eta urkoari utzi ez.
Kargu hartuko diote Argiñanori
telebistan nuestras naranjas dioelako
kargu hartuko diote Chillidari
Guggenheim-en kontra azaltzen ez delako:
zerrendarekin zeuk jarrai dezakezu.
Inori buruzko iritzia
epai dugu bihurtzen:
hau ona da, hau putasemea
hau ondo dago, hau txarto dago
marra batez bi aldeak ondo gordez.
Gure hizketari begiratu baino ez dago:
kargu hartzea eta erreparatzea sinonimoak dira
juzkua ere erne-gordean dugu
orora ingura egitean dugun joeraren berri
horrek argi xamar ematen digu.
Orotan kristau kutsua ageri zaigu.
Carlos Marx-entzat, adibidez,
burgesa burges zen, soilki, kategoria
historiko hutsa.
Guretzat, orden, burgesa putasemea zen
jokabide gaiztoko larrutzea merezi zuen halakoa.
Hori aldatu da zerbait gaur
Marta Hackneker gutxiago dabil
kristau dotrina ere bai
bi mila urte ondoren euskaldun jendea
buru-libururik gabe gelditu gara.
Fedea izan da, eta ez jakituria
gure jokabidearen euskarria
eta erretorika maite izan dugu gogotik
hitza gizenduz: botereak populuari
eskaintzen dion jakia.
Boterea: apaizak, burgesak, nazionalistak
denek dute euskalduna azpiratu
denek diote ahoa itxi
ta hitza eskatu diotenean
aurrez onetsia agindu izan diote.
Bare ta soilean gabe
eldarnioan, sukarrean, ernegarrian dugu egokitu
gure burua elikatzeko gai baldarra
beti ere agerkunde halakoaren zain:
agerkundea begion aurrean genuen ordea
zabaltzen etengabe, soildade halakoa
ernetasun gorria da bizitza
osatu beharrekoa: huts halakoa
eta platonismoaren baitan ostrukak lez
gure burua gorde nahi izan dugu.
Sinismenaren morroi leial
euskalduna beti agertu izan da
Egiaren azpilanak egiteko gertu
Salbazioaren ordenantza prestu
(Loiolakoa gogoratu ta Ursua ere bai)
Letra de cambio gehiegi jiratu izan dugu
etorkizunaren lepo.
Jainko triste ta baldar baten kume
ezjakintasun baten ondorengo, mendez-mende
mende hartua izan den leinu bateko:
gure aitorpena ez zitekeen luzeegia izan
ez gure kronika joriegia.
Zein erraza zen
utopiaren kondoiarekin
bizitza jorratzea:
Aita baten itzalean bizitzea
nahiz eta Arestirena izan!
Gure belaunaldiko jendea
erlijios kutsadura luze bat bide
jende kargatua da
eta bere baitan karga daramanak
karga hori inorengan askatu behar.
|