L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<garz0800>— Garziarena-8 (1993-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Balkoietako jendea

 

Alfred Garziarena

 

Etxea eta kalea, bi mundu apartatuak, elkarren kontra daudenak, oso urrunduak, zer ikusi gutxi dutenak. Etxean uso eta kalean otso, esan ohi da. Mundu bat den etxetik beste mundua den kalera pasatzeko zubia behar da; uso izatetik otso izatera pasatzeko aldaleku bat behar. Zubi hori, aldaleku hori, etxeko balkoia da.

        Hitchcock-en filme hartan bezalaxe ikus dezakegu bi mundu horien gurutzatzea balkoietan eman ohi dela. Balkoia ez da iadanik etxe-etxea baina ezta ere oraindik kale gorria.

        Gure auzoan, esate baterako, etxesail altuak daudenez gero erabat inguraturik gaude, balkoiak eta balkoiak noranahi begiratzen duzularik ere.

        Lehengo batean, ia gauero bezala, atzekaldeko balkoian eserita nengoela (argi guztiak itzalirik) ikusi/sentitu nuen aldameneko aita alargundu berria irtetzen zela balkoira, negar batean, intzirika hasieran garraisika geroago, Jainkoari erreguutuz, kexaka antzean: "Zer egingo dut nik orain, ene jainkoa, bakarrik, bi haur hauekin...?"

        Bosgarren pisuko amona xarra askozaz alaiagoa da, dudarik gabe. 83 urte ditu eta gazte-lirain-xarmant kontserbatzen da oraindik. Goizero goizero, 6etan puntuan ateratzen da balkoira, hotz ala bero, negu ala uda, bere aulkitxoarekin eta hala, ia ordu t'erdi egoten da errezotan eta aurrean dauzkan mendiak ikuskatuz, naturaz gozatuz. Urteak daramazki modu horretan eta behin ere hutsik egin gabe.

        Seigarren pisuko mutikoa mendizalea da oso. Zazpi mila metroko zenbait gailur eginda omen ditu eta datorren urtean zortzimilako bat gainditu nahi luke. Horretarako prestaketa aski bereziak egin behar dira, dudarik gabe. Eta horien artean berak gauero egiten duena: afaldu ondoren eta erretiratzeko garaia iristean lotarako zakua hartzen du eta balkoira ateratzen da bertan lo egitera. Hotz ala bero, negu ala uda, gauero gauero zolu gogorrean etzanda jarriko da lotarako prest zortzimilako baten puntan bailegoen.

        Esan bezala mundu bereziak eta aski bitxiak dira balkoiak. Oraintxe bertan, leihotik bestaldera begiratuz gero zera ikus dezaket: balkoi batean bigarreneko gaztea flexioak eta gimnasia ariketak egiten elastiko eta galtza motxetan. Behin esan zidanez bere desiorik haundiena gimnasiako irakaslea izatea omen da, ikastetxe batean. Eta egunean hiru aldiz ikusten dut balkoian bere ariketa taulak txintxo betetzen.

        Azpiko balkoian ume koxkorra negarrez, marruka. Aitak zigortu berri du. Lehentxeago kristal puskatuen zaratotsak entzun dira auzoan, lanpara bat edo telebista agian, oraingo honetan. Zaplazteko saio ederra eta balkoira zuzen zuzenean. Izango du bai mutikoak, oraingoan, astia nahiko eta gehiegi hor balkoian aspertzeko ordu batzutan, barrote beltzei helduz, ez etxea ez kalea den beste mundu berezi horretan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.