L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-4 (1993-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Nazionalistak eta Euskera

(Identitatearen timoa)

 

Iñaki Garziarena

 

            I

Garaikotxeak euskera

monumentotzat jo du

eta Arzallusek zera

diosta E.G.I.-koei:

Europari begirunea

aginduko badiozue

teknologia ta euskararen

beharra daukazue.

 

            II

Horra bada zer den

hizkuntza halakoentzat:

besteen aurrean

arrotzeko ikur:

ez, ordea, norbera

bihurtzeko bide:

zerbait ikusgarri

baina ez ikusbide.

 

            III

Euskera halakoentzat

objetoa da,

hots, zerbait

opako, inhabitable

kanpotik ikusia:

erdararen begitik

antzematen den

hornigarri eder.

 

            IV

Nazionalistentzat euskera

ideia da, eta ez

barru bizikizun;

hizkuntza behar dute

euren buruaz duten

ideia osatzeko:

aitortu ahal izateko

nazio bateko.

 

            V

Behar dute inork

euskeraz egitea,

eurak horrela

lasai gelditu

ahal izateko:

jo ta ke

erdarari emanez,

identitate neketatik libre.

 

            VI

Nazionalistentzat

euskalduna beti

bestea da:

ume edo baserritar

beti baina bazter;

erdara indartuko du

nahiz eta gero aho-bero

euskararen agertu.

 

            VII

Negozio borobila

da horiena:

euskaldun jendeak

identitatea jarri

ta eurak berriz

horren aitzaki

botere zatitxoa bereganatu

ta jextionatzen dute.

 

            VIII

Zalantzarik batere

ez dago: horiek,

eta ez espainolek

daukate engainuan

euskaldun jendia

nahiz eta gero

mesedean balute

ohi diren agertu.

 

            IX

Begira bestela

zertara ekarri duten

euskaldunen telebista

nola jokatu duten

Egunkaria

ta Egin irratiarekin:

euskarak buru agertu orduko

ezin eramana sortzen zaie.

 

            X

Herriko taberna

alkartetxe ta batzoki

antzera da beti,

alderik ez dela

«Casa del pueblo»

delako hoiekin:

errotulua kentzera

asmatzerik ezin.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.