Aurrerakoia versus Bizkaitarra
Roberto Garziarena
Orain dela gutxi Bizkaiko idazle batek esaten zidan halako exotismo behar baten inguruan ulertu behar zela Bizkaieraren erabilpen urria gaurko euskara idatzi eta standarrean. Galdera da: zer dela eta ez da nabarmenduko «mendebaldeko euskalkiaren» aztarrenik jatorri bereko hainbat idazleren artean?
Erantzuna alde askotara eraman daitekeen hoietakoa da, esaterako, lehenago aipatutako exotismo behar horretara; beste euskalkietako jendea dela medio standarren giroan gehien dabilena edo hizkuntzaren erabilpen ofiziala banaketa administratiboaren arabera egiten dela eta ez euskalkien arabera.
Aurrekoak dudarik gabe sakonean kontsideratzeko puntuak dira baina bada hona ekarri nahi nuen beste galdera bat: Ez al da geldituko distanziamendu horren azpian aspaldiko kontu hura: Aurrerakoia versus Bizkaitarra? Euskara batuaren aldeko jarrera sendoenetako batzuk Bilboko idazle euskaldun berriengandik heldu omen ziren. Baita aurkako gogorrak ere Bizkaieraz idazten zuten Eliza giroko idazle batzuengandik. Banaketa hau nonbait gauzatu egin da azken urteotan nahiz modu arinagoan eta badirudi Mendebaldeko Euskalkia jausi egin dela bertako idazle askoren errepertoriotik, dela ekialdeko klasikoen aldera, dela Gipuzkerak gidatutako hizkuntza standarraren aldera...
Egia da poliki aztertzeko gaia dela euskalkien erabilera lengoai literario bateratuaren barruan eta ezin dela ikuspuntu bakar batetatik ekin, baina irudipena daukat kasu honetan erabat estilistikoa izan daitekeen aukera horrek, idazteko orduan edozein bide hartzearenak, hainbeste zabaldu ezkero gatazka bat erakusten duela, nonbait. Badirudi oraindik ere Bizkaierak prestigiorik gabeko, poesiarik gabeko euskalkia izaten jarraitzen duela bertako askorentzat.
|