Ikusi dugu, entzun dugu, jakin dugu:
Literatura sotorako?
Anjel Lertxundi
Hogeitamar aletara heldu da Literatura Unibertsala izeneko liburu saila. Oso diru gutxirekin (400 -500 pezeta balio du liburu bakoitzak) eskura dauzkagu Joyce, Tolstoi, Cocteau, Goethe, Eça de Queiroz edo Camus... Itzulpenak jatorrizko hizkuntzatik eginak maila oso itxurosoa izan ohi du; autoreak ondo hautatuak daude eta obrak puntakoak dira gehienetan, kalitatearen luzeegiak maila apalagoko laburren bat hautatzera behartzen ez duenean.
Euskal sorkuntza urria ezin bestean izango da beti monokorde samarra: euskal idazleok ez gara inoiz helduko, ezta munduko bertsatilenak bagina ere, itzulpengintza ondo burutu bat hel daitekeen eremu, tonu, idazkera eta gaietara. Horregatik du garrantzia ahaleginak.
Literatura Unibertsaleko sailak, ordea baditu bi akats nagusi, lotuta daudenak eta erraz konpon daitezkeenak. Liburuaren soportea ez dago zaindua: kaja zabalegiak eta lerroen arteko espazio faltan itota dabilen letra txikiaren kutrekeriak ez du arnasa hartzeko betarik ematen. Prezio horretan zer nahi duk, bada?, galdetuko lukeenari, erraza da erantzutea prezio politiko hori badarama ere, ez dela gehiago saltzen. Galdetu bestela liburu dendetan.
Zer gertatzen da, orduan? Erakundeetako liburu zerbitzu askok dauka erru bera: argitaratu ondorengo prentsaurreko fotoekin konformatzen dira, gero argitaratutakoa betirako lotan gertatuko bada ere soto ilunen batean. Ez dago promoziorik. Ez dago produktuaren jarraipenik.
Kalean dugu iada itzulpenen remesa berria: Mann, Garcia Márquez, Calvino, Hesse, Gide, Cortázar, Bellow... Ez da, ordea, inor enteratu. Ai, salmentaren neurrian irabaziko balute jornala! Dantzatuko lukete harnasten duten airea bera ere! Enfin.
(El Mundo egunkaria, 1993ko Otsailak 7)
Oharra: Fenomeno esanguratsua da gure ustez A. Lertxundik azaltzen duena. Inork eritzi edo testigantza berriak igorri nahi balizkigu, eskerrak aurretik.
|