L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-3 (1980-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Purgazioak

 

Henry Miller "duro, solitario y Feliz" bezala definitu zuen haren adiskide min Brassaï-k. Gizon gogorra, inguruarekiko eta puritanismoarekiko harreran, bakartia gogortasunak zekarkion derrigorrean eta bizitzarekiko postura bezala, zoriotsua bere bakardadean eta gogortasunean.

        Definizio aski zehatza dela deritzaigu, seksoaren abenturero izan zenarentzat. Beno, abenturero idatzi dugu, eta subkosziente puritanoaren izenean ez da izan, abentura hitzak duen esanahi propioagatik baizik. Seksoa abentura bezala kontzebitu zuen Henry Miller-ek, bizitzaren ardatz bezala jotzen baitzuen Miller-ek seksoa, helburu ere, aibalá, eta 1.935ean "Trópico de Cáncer" idatzi zuenean lehendabizi Estatu Batuetako gizarteria (gizarte heria) eskandalizatu zen eta bere erropak urratu (eh, kontuz, erropak gehiegi urratzen badituzu zerbait geratuko zaizu bistan eta a ze barreak egingo dituen bere hilobitik Miller-ek) eta pedanteriaz hornituriko kritikoek "pornógrafo" deitu zioten lehendabizi, "hedonista" gero, madarikatutzat jo ez zuten kasotan.

        Eta orain guztiak erreberentzika ari dira irreberentziaren aurrean. Eta orain denek agurtu dute agurrik esan gabe aldegin duen gizona.

        Henry Miller ez zen erotomano bat, erosaren gurtzaile baizik. Ah, ba al dakizue zer dioen Larramendik euskal munduan inoiz idatzi den libururik katxondoenean, bere Diccionario Trilingüean? Erotismoa euskarazko "ero" hitzetik omen dator, proque eros en griego significa amor y bien conocido es que del enamorado se dice que sufre locura de amor, gutxi gora behera hartua da zita, baina ez ideia, hori zioen Larramendik, eta seko deskuidaturik zegoen, begira bestela Henry Miller-i, ez zegoen, ez, eroturik, hala ere, ni ez naiz hemen Miller-en liburuak errekomendatzen hasiko, nahikoa da liburu bakar bat errekomendatzea, "Trópico de Cáncer", apuratzen banauzue (zirikatzen banauzue hobe, agian?) baita "Los Libros de mi Vida" ere, besterik ez, gainerantzekoak, "Trópico de Capricornio" eta "Seksus" trilojia ez dira aurreko liburu horien errepikazio bat besterik, errepikazio eta errepikazio gai bakarrean, seksoan, seksoa misterio baita baina ez puritanismoak esaten duen moduan, misterio helburu bezala, deskubritu, gozatu eta bizi behar den bezala baizik, eta, giroak hala agintzen zuen, seksoaren bilakaerak askatasunaren aldarrikatze etengabea zekarren berarekin.

        Emakumeak, emakumeak nonahi (ez beti ohean, eh?), emakumeak afrontatzen zituen Miller-ek arrisku guztiekin, sifiliak eta purgazioak, Pariseko gauza omen sifiliarena, adizu, hala esaten diote, eta bazekien Miller-ek helburuarekiko joerak sakrifizio bakar bat ekartzen ziola, eta sakrifizio hori asumitu zuen, postura filosofikoa ere bazen hau nolabait, horregatik Henry Miller-en postura bizitzarekiko jarrera bezala interesatzen zaigu.

        Eta haren idazkiak?

        Interesatzen zaizkigu, nola ez, baina filosofia horren agerpen bezala. Zeren Miller idazle bezala ez zen beste mundukoa (txarra zela esatera ausartuko al gara?), baina ez du garrantzi haundirik, purgazioak ez dira hainbestekoak purgazioak askatasunez hartzen badituzu. Horra filosofia eta horra Henry Miller.

        Duro, solitario y feliz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.