Bertso txiki bat bota behar duk mesedez
Gramatika luzea anuntziatuz hasi ginen, eta nahiko luzea ez ezik luzeegia ere iruditu bazitzaigun ere, asko ez dira gustora gelditu, beren baratzako pikuak jalera iritsi ote garen iruditu zaiela dirudi. Lasai jaunok, alerik ere ez baitizuegu jango: ez dituga gogoko suge-pikoak.
Gure uste apalean gauzak aski garbi azaldu genituen. Hala ere jende soilarentzako gauza soilak exijitu dizkigute, eta mundu honetan ezer bada konplexoa soiltasuna da, beraz has gaitezen soiltasuna konplexoki azaltzen. Eskatu diguzuenez paira ezazue gizonen maneran, ez baita gaurkoa azkena eta azkenbigarrena izango. Bizi bazarete ez isildu.
Bertsolaritzari buruzko teorizazioak hasi zireneko konstatazioa da bertsolaritza ez dutela bertsolariek bakarrik egiten, bertsolariek eta herriak (publikoak) baizik. Noski publiko era asko dagoela, horregatik gaurko gurea. Kristo guztiak ikusten baitu bertsolaritzaren publikoa ez dela lehena, eta horretaz aparte inoiz baino heterojeneoago dela, kalterako bezala mesederako, aldaketa hori eman bada ez dela izan hutsaren truke, norbaitek edo zerbaitek eragin duelako izan dela, laudatu behar den norbaitek edo zerbaitek, ala salatu behar dena agian, eta abar asko.
Moeta askotako publiko baten aurrean bertsolaritzak zer bide hartu behar du? Zein dira, bestalde, bideak?
Nahiko kuriosoa da fenomenoa. Bertsolaritzak zabaldu dituenean, beti betitik berea izan duen publikoa galtzen hasi da, adineko jende asko, eta nekazaritzan, industrian, tabernan eta musean kulturizatutako asko eta askok, egun bertsolaritzan nagusitu den moldea ez du batere atsegin.
Bestalde berriz bide berriak jende berria inguratu du, orain artean bertsolaritza ezagutu ez duena edo agian orain artean zaila egiten zitzaiona.
Aldaketa hauek ikustea izan da, agian, publikoaz piska bat erreparatzera bultzatu gaituena, ez baitago bertsolaritzarik berriro publikorik gabe. Horregatik agertu nahi dugu zer nolako publikoa ikusten dugun, intuitzen dugun, izaten garen bertso saioetan, entzuten ditugun irratsaioetan, kassettetan (bertsolaria etxean).
Beti ere publiko hau perspektiba piska batekin aztertu beharko litzatekeela, eta hori bai, gurea motza gerta dakiguke, zeren guk, ezkontzeko barrabilik ez eta mutil zahar izateko edaderik ez dugunok, azken apojeoaz aparte, nahiz eta Zavalak argitaratutakoak goitik behera pasa eta gordean dauzkanak imajinatu, ezer gutxi ezagutu dugun. Hala ere aitona zaharrak eta osabak eginikako texto komentarioak ondo neurtu genituen. Badirudi itxurosoena haiengandik hastea dela.
Titia hartzeari utzi eta berehala entzun genituen aurrenekoak, amonak seaskan kantatu bazizkigun ere lehenago, gutxi inporta zitzaizkigun, oraingoei haina. Gerora bai, konszientzia gehiagoz hasi ginen entzuten, bigarren eskuko Philipsa etxera ekarri zutenean. Larunbat gauetan errosario eta meza artean, "Cachito, cachito, pedaso de sielo...", "Esperanza por Dios..." eta tarteka herriko Ortzeikak eta Antzumarrik kantatzen zutenean. Dena dela eta esan dezagun, hauen bertso bat, "santa agera usariyuan..." eta "bianca y radiante va la novia..." mafia berdinean estimatzen genituen. Ez dakit elektrogailuak ez ote gintuen beste ezerk baino gehiago tiratzen, horregatik hurbiltzen ginen herriko festetan Uztapide eta Lazkao Txikirengana, mikroz, altabozetik kantatzen zutelako. Bost ajola guri tabernan kantatzen zutenean, han ez baitzegoen elektrizitateak duen imana, eta tabernan kezelebre antzean ia egunero ikusten genuen bakarren bat, builarik exotikoenak atereaz. Haiek ere izaten zuten, eta dute, beren publikoa (agur beroni), publikorik zaharrena, lehen publiko mota.
Lehen mota honetan, noski, estimuloa zein ote den galdetzen dugu. Bertsolaritza soilki? Bertsolaritza era zehatz bat? Adar jotzen ikustearen plazerra? Zurruta, besterik gabe? Behin bederen andrea (propina noski) pakean uztea? Ala Jainko ahaltsuak bestek ez dakien zerbait misteriotsua? Horra hor prolema (okurritu zaiguna), ergo sumus, beraz bertsolaritza bada.
Aipatutako galdera horien guztien sintesia bat izango litzateke erantzuna. Ezeren kezkarik gabe (frankismoan jaio ginen) denbora pasatzearen plazerra, kaleko borroka edo diskusio batek proboka dezakeen morbositatea, askoz ere modu arinago eta inofentsiboago batetan emana, eta erabateko espresio ez-arruntez hornitutako pertsonaiek probokatua.
Gusto hori zuen publikoa plazaratu zen argi indarra bide. Honekin batera gaijartzailea ere ezagutzen hasten gara, poliki poliki ugarituko den ofizioa, eta bertsolaritzaren landan sujeto aktiboa izango dena, baina era berean publiko izango dena, nahiz eta bertsolaritza zeharo baldintzapetu.
Lehenik aipatutako publiko moeta hori plazaratzen denean, kontu izan, bai hizkuntza bera, bertsolaritza bera, eta bai publikoa bera, goitik behera datozenak direla. Beste kultur balore batzuk daude modan, herririk ttikienetan ere ofizinistatzarako ikasten da, kotxea ugaltzen ari da, telebista indartzen eta erdara nagusitzen, sala de fiestasen fenomenoa da dibertsio erarik garrantzitsuena, han erdaraz egiten da bai neskatan eta bai mutiletan, nahiz eta el mozarron del norte taziturno eta diskretoak (zer erremedio) exito dexentea izan, eta tabernetan ere ardo beltzetik pattarrera eta antxoa potekotik txuletara paseak daude. Hemen hasten da beraz lehen zatiketa nabarmena. Bertsolaritza euskaldun aldeano inkulto eta edadetuei bakarrik gustatzen zaiena da. Behi eta zimaur usaia dario, txapela darama eta alkandora lepo zimurgaitzik ez da ikusten (Basarrirena bakarrik).
Baina denboraz sasoian sasoikoak joaten dira, eta hara non, fuerozaleen imitazioz edo, kezka politiko guztien desahogo ia bakarra bihurtzen den. Publikoaren eraginez baino bertsolari zenbaitenez gehiago, hasiera batetan bederen (bertsolaria-publikoa dialektikaz, beste batetan). Bertso mota honek jende gehiago hurbilarazi du bertsolaritzara, kultoagoa eta neurri berean deseuskaldunduagoa eta urbanoagoa.
Geroztik bertsotaratu den honen kezka, nahia eta gustoa, nork erabaki eta juzka ditzake inor mindu gabe? Zer zaletasunek tiratu du honetara? Bertsoarenak? Hizkuntzarenak? Politikarenak? Folklore hutsarenak? Denak ditugu bide bidezkoak, baina beste batetan esando dugunez, bertsolaritzan zer ikusi handia izanik, eragin nabarmenak izanik, kalte eta mesede berdinak egiten ez dituztenak, eta hori aukera konkretu eta zabal baten alde apustu eginen badugu ere, inoiz ez dugula absoluto bihurtuko jakinik.
Dena dela eta ezeren beldurrik gabe, bertsolaritza kezka politiko hutsez jarraitzen duen jende mordoska dagoela esan liteke. Inolako esijentziarik ez duen jendea, bertsolaria bere proiekzio huts bihurtzen duena, hark honek isilean dauzkanak ahokada batean esan ditzan. Honi ez dio axolarik haren pentsakerak eta esan dezakeenak, kosteak kosta bere identifikazio bat nahi du, sasipolitikatik atera gabe, bertsolaria gaizki esaka etengabe batetan edukiko luke, honetan ere sakondu gabe, eta herri batekiko konpromisoa baino, ikuspegi politiko batekiko konpromisoa txalotuz.
Gero eta helburu gehiago, gero eta funtzionaltasun gehiago ditu bertsolaritzak, zenbait espezializatzen ere ari da, eta bide bakoitzak bere "suporterrak" ditu.
Modu zaharra ere berean darraio, eta ironia eta sentimentua kultibatzea ez da baztertu, inprobisaketek eta erritmoek ere bizirik diraute zaleen estimagarri. Une batzuetan hauek nagusituko dira besteen kontrako erreakzio bezala, askoz ere txalo formalistagoak joz, nahiz eta batzuek politismoaren aurrean duten apriorismo bat medio arlotekeria hutsa ere txalotu inhibizionismo arriskutsu bat defendatuz.
Gaitzak gaitzak dira, eta gaitzik handiena birtute perfektoa (onetik tontora bide laburra) eta birtuteaz inor ez da erreakzioz jabetzen. Saturazio politikoa baztertu nahia birtute izanda ere inhibizionismoa beti da kalterako; hala ere ez gara gu, oraingoz behintzat, tarteko muga markatuko dugunak. Nola ba? Nork markatu orain bertso zaleak eta hizkuntza zaleak? Zeren bai baitauzkagu indikatiboa eta subjuntiboa eta deklinabidearekin maitemindurikakoak ere, joan zen alean aipatzen genizuen euskaldunberri birtutetsua adibidez, bertsolaritzan glotodidaktika aldarrikatuz. Honen txaloa denotazio arloan bakarrik entzuten da, eta badirudi hauxe dela bertsolaritzan nagusitzen ari den tendentzia (hau ere beste batetarako uzten dizuegu).
Bestela pentsa eta egin inkestak, entzuleetatik nor den eskolatu eta nor eskolagabe, nor gaztea nor zaharra. Nork nori jotzen dion txalo.
Eta amaitzeko, azken bolada honetako publiko eruditoa aipatu beharko genuke. Pizti peligrosoa, gauza nahastuz bere burua jaun egin nahi duena, eta bertsolaritzaren sujetorik aktiboenak, bertsolariak, akonplexatzera datorkiguna. Apaiza, lizentziatua, kultoa, politikoa, superreuskalduna. Honen karakteristika nagusia? Literatura idatziaren eskemak aho literaturari aplikatzearena. Egin behar ez den gauza bakarra.
Asko aurreratuko genuke, eta hitz lerdo asko ahorratu, norbaitek literatura idatziaren eta aho literaturaren muga definituko balu. Hasi pentsatzen.
|