L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-3 (1980-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Haurtzarorik gabeko infanziak

 

Ez dago haurtzarorik edo haurtzaroak ez du existitzen. Umeak maskara baten atzean izkutatzen ditugu, maskara zuri baten atzean, nun, kasurik hoberenean, beren biharko aurpegiera futuroak proiektatzen ditugun egiazko seinaleak ukatuz, ignoratuz, eboluzioan omen daudelako edo definitiboak ez direlako.

        Haurtzaroarekin Elizaren doktoreak desioaren imajinen aurka gomendatzen ziguten trukoa erabili ohi dugu: "Sofia Lorenen imajina badatorkizue burura", esaten ziguten Sofia Lorenez pentsatu behar genuela pentsatuz, ziur asko Elizaren doktoreei bulardunak gustatzen zaizkielako, "pentsatu, zein iragankor den bere edertasuna eta funtsean usteltzekoa den haragiz inguraturiko kalabera bat dela kontutan hartzen baduzue, joango zaizkizue pentsamendu lizunak".

        Egia esan, prozedura hori ez genuen asko pratikatzen eta pentsatzen dut Elizaren doktoreek ere ez zutela maizegi erabiliko, batetik ariketa mental bezala ez delako interesanteegia, eta bestetik Sofia Lorenen izatea eta guztiona, nagusitasunean finkatzen dugulako: gizona eta emakumea adultoak dira, esan bezala, ez dira esistitzen eta ondoren, zahartzaroan ere ez, ez dira kontutan hartzen prolema bezala izan ezik.

        Oso ondo deritzait neri heldutasuna edo nagusitasuna iragan aldi huts bezala ez konsideratzea, baina era berean gaizki deritzait haurtzaroa esistenzia aro propio eta berezi bezala, bere behar propio eta bereziekin ez onartzea, hain zuzen ere bere iragankortasuna aitzakitzat hartuz.

        Pedagogia berria ere, haurraren askatzaile nahi litzatekeena, gutxi ari da egiten haurtzaroa berreskuratzeko, gizonak noizbait, zentzu benetazkoan hartuz, haurtzarorik izan badu, eta aintzinakoek bezala, pedagogia guztiek bezala, haurra desio-sujeto bat dela ahaztuz eta horren ordez gizon proiekto bezala konsideratuz, ukatu egiten du.

        Asko dira haurtzaroaren teknikoen portaera bitxia salatzen eta diodana baieztatzen duten joerak. Adibidez betidanik jostailu izenez ezagutu ditugun objetoei, artzatxoa, pinturak, trapuzko pelota, material didaktiko eta pedagogiko deitzea eta itxura danez haurren eskuetan jartzea, ez josta, olga, edo diberti daitezen, beren intelijentzia eta psikomotrizitatea desarroila dadin, ez hainbeste haurtzaroa ondo pasa dezaten —haurtzaroa pasa egiten da eta bestea bizi— beren erabiltzea gerorako baliagarri gerta dakien baizik.

        Norbaitek esan dezake gauza biak ez dutela zergatik elkartezinak izan behar eta egia da, ez lukete izan beharrik, baina praktikan askotan, maizegi, jolasaren atsegina, gozamena, plazerra, eragitearen edo ematearen funzioa, galdu egiten da, kondukta aldaketaz (behaviour modification) asko duten jolas tekniken aritik.

        Jakin izan dugunez gure artean bertan, Estadu Batuetara joan beharrik gabe, seaskako haurtxoei, behatza miazkatzea eta oinetako behatz potoloa hain zuzen ere, gustagarri zaien hoiei estimulatze goiztar (early estimulation) moduko bat egiten omen zaie, "eragiozu eskutxo horri"ren ordez, bihar, edo biharamonean, muskuloak luxazkagoak izan ditzaten, batzuetan gainera komeni ez zaizkien estimuloak emanez, edo alferrikakoak direnak, edo haurrak berak gogoko ez dituenean, edo gogoko ez dituen eran emanak. Haurtxoaren gorputza ez dela errespetatzen, ez dela bere esistenzia propioa konsideratzen, eta horregatik beharbada bere inguruko bilaketa etengabea irudi erreal gorpuztatu baten ondoren, noren antza ote duen, nolakoa izango ote den —haur forman ez baita— nor den bezalakoa egingo ote den argitu nahiean.

        Eta era horretan ez dugu bere presenziaz, bere izateaz gozatzen eta ez zaio bere izateaz, bere gorputzaz eta izateko moduaz gozatzen uzten, guk geureaz eta arrazoin guztiarekin, gozatzen ahalegintzen garen bezala, gure biharko gorputzaren prostataz ahalik eta gutxien pentsatuz edo gaurko planak determinatzen utzi gabe behintzat.

        Gauza bera haurraren gaitasun ludrikoa frenatzen dugunean, gauza atera eta publikoki haztatzen duenean adibidez, edo kinkaila erosteko hogei durokoa ukatzen zaionean bihar egunean bere gustoa egitea —Ferrari deportibo bat eskuratzea esate baterako— askozaz zailago egingo zaiolako eta txarrera, edo ez gozatzera ohitu beharraren izenean, horrela, prezio merkean gozatzea posible zekiokeen garai bakarrean gozamena ukatuz. Lehenagoko exenploari atxikituz egun Martarekin iritsi dugun score sexuala abandonatuko bagenu bezala, larogei urte eta prostatarekin ezin mantendu ahal izango dugulako.

        Hala ere eskolan nabarmentzen da gehien haurtzaroaren ez esistitze hori, haurrarentzat inungo interesik ez duten materiak derrihorrez sartze horrekin biharko, beti biharko —monjeena: eguneroko ogia gorde eta bezperakoa jan— interesgarri izango zaizkiolako eta hain zuzen ere, interesgarri izango bazaizkio, geroago ikas ditzakeela kontutan hartu gabe. Era batetara edo bestera, haurrak ematen digu bere erantzuna, gehienetan jasotzen ez dena, psikopatologia manualetan gordetzeko ez bada. Eta hala ere entzuten ahaleginduko bagina, ulertzen saiatuko esate baterako irakurtzen irakatsi aurretik, haurrak benetan irakurtzen ikasteko beharrik duen, edo behar hori ikusten, edo sentitzen duen jakiten saiatuko bagina, guztiei batera ordu berean kronografoak seinalatzen duenean be eta a ba, be eta e bee, eta horrela programak dioenean inposatu beharrean, gaitz moderno berri horiek, erantzun bat besterik ez diren dislexiak eta dis guztiak eta ondorengo ikasketetako frakaso guztiak, desagertu egingo lirateke.

        Badakit bai, haurtzaroa transito bezala ikusteko begira ohi dugun arrazoina: bizitza osoarekin konparatuz duen laburtasuna. Baina berdin gertatu ohi zen gizonak hogeitamar urte bizitzeko esperantza zuen garaiean. Koste-Irabazi analisia bat egiten du gizonak, haurtzaroa abandonatuz gero noski, lehendabiziko urteak hondatzea, haurtzaro denborako laburtasun erlatiboa izorratzea, gero, adintasunean hobekiago kondizionaturik eta akondizionaturik egoteko pena merezi duela dioena.

        Luzido eta errealista bagina, geron bizitzaren frakasoa aitortzen lotsatuko ez bagina, ikusiko genuke prestakuntza aro horrek bizitza erdia jaten digula, bizitza erdia, agian hoberena, hain ona ez den, eta beharbada pena merezi ez duen beste erdia prestatzeko.

        Honetan ere haurrak ahalegintzen dira analisia gaizki egina egon daitekeela adierazten. Gobernuak ere beren aldetik ahalegintzen dira mensajea izkutatzen —haurren suizidioari dagokiona izango da ziur asko inun munduan argitaratzen ez den data estatistiko bakarra— baina ez da horregatik egia txikiagoa haur askok gure kalkuloaren errelatibismoa salatzen dutela eta beren haur esistentzia afirmatzen, hain zuzen ere esistenziari amaiera emanez. Ez dakigu zenbat diren, baina kasu bakar batek aski behar luke gure kalkuloak zuzentzeko. Munduan haur bakar batek matematika notak jaso ondoren, psikologoaren eta pedagogoaren oharpenekin batera aitari eskaini dizkioten esku dardartsuekin malko bat lehortu eta gerrikoa askatuz lepo inguruan lotzea, tebeo, agian, nork daki, debekaturen bat aldenduz —"utzi tebeoak eta estudiatu"— aulki gainean igo eta goiko literan gerrikoaren punta lotzea, adulto esistenzia ukatu eta haurrarena baieztatuz gorputza erortzen uztea, horrelakorik behin bakarrik gertatzea, aski behar litzateke aski eta gehiegi, ikasgai sinpleegi bat ikasteko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.