Varadero minuit
Uztailaren 28tik Abuztuaren 5a arte La Habanan ospatu zen Gazteriaren XI Jaialdi Mundialari buruz (hauxe bai mundiala) egunkari-aldizkariek luze ta zabal eman ziguten berri. Baina guk hori bagenekielako, egiaren balore iraultzaileaz zeharo konbentziturik garenez gero, herriari egia latz nahiz leunak beti azaltzeko prest izango garelako bidali genuen gure ordezkari berezia Kuba-ra. Orain, herriko ahots ospetsu eta errespetagarri guztiak entzun ondoren, hemen goaz benetan gertatutako guztiak botatzera. Ez dugu eskandaloaren beldurrik.
Hemendik irten ginen ba, uztaileko kristo guztien erdian, nekez eta dolorez, manifestazio eta harrikada haien aukera bakarra genuenean, Kuba-ra joan behar. Aldegin genuen ba, Bartzelona aldera barkua hartzera, geure militante kontzientzia betearekin estranjeroan Euskal Herriko pabelloia goratuenik uzteko asmotan.
Eta hala utzi genuen. Mundu guztiko gazteak (eta ez hain gazteak) beren uniforme apain eta bereziarekin, beren banderekin, gauza ikusgarria benetan. Un mundo de color y fantasía. Mutikozkor gineneko praileen eskolako uniformea eramateko tentazioan, azkenik etxean utzi genuen ahaztuta. Baina igual da, ze nork eramango zuen ba makil altuena?. Euzkadin ditugun pinutegiekin, faborez!. Hantxe ibili genuen ikurriña haizetan, zeruaren puntan. Guztia esatekotan ordea, aitor dezagun bandera española ere han zegoela, makilarik gabe!, eta errepublikana baitaere. Eta aitortu behar dugu ere harriturik ikusi genituela zenbait ezkertiar borrokalari iraultzaile (emecé, oicé, peté) española eutsiaz La Habanako kaletan zehar. Gezurra dirudi, baina eskutan ditugu erretratuak, behar bezala gordeta noski. Gerokoak gero.
Askotan pentsatu izan ohi dugu euskaldunoi etxetik irten orduko gizarajo konplejo izugarri bat sartzen zaigula hezurretaraino. Eta beharbada badugu arrazoirik horrela egiteko. Kuban lehen egunetik ikusi genuen han ez zegoela ahoa irekitzeko posibilitaterik guretzat, eta zer egingo genuen!. Izorra daitezela eta gu Kuba ezagutzera. Hala joan ginen Varadero-ko hondartzara; hala entzun genuen Silvio Rodríguez bi alditan Arteko Eskolan, toki zoragarri bat.
Inork pentsatuko du beharbada fribolidade hutsean pasa genituela hamar egunak baina hori ez da egia. Gure lan konplejoa ondo betetzen saiatu ginen, eta bestela galdetu. Hantxe izan ginen formal-formal CIAren oker eta trakeskeria guztien nota zehatzak jasotzen. Bide batez Polisariokoekin goizalderarte rock gogorrenetakoak dantzatzera ausartu ginen gorputzak aguantatu zuen arte. Eta nola ez, ezin ukatu, Fidel-en mitin mamitsuenetako bat ere dastatu genuen Iraultzaren Plazan, berrogei gradutik gota eguzkipean. Hasta la victoria siempre, venceremos.
Sobietarren propaganda politikoan ez gara sartzen, edo egunen batetan sartuko gara, Fidel Suarez-ekin ikusi eta gero. Baina dena den Jaialdiaren antolaketa, inpekablea izan zen. Hortan kubanoek gure errespetoa irabazi zuten, eta ez da gutti. Adibide on bat jartzekotan, azken eguneko juerga. Jaialdia behar bezala bukatzeko La Habanako parke batetan egundoko bakanala prestatu ziguten munduko gazteria patxada ederrean mozkor zedin, ez genuen denborarik galdu ronarekin borroka bizian. Eta goizeko zortziak aldean, barkua hartu eta buelta etxera. Malkoren bat ere ixuri zen barkuko barandillatik agur egiterakoan, baina tira, azken finean herri zulora bueltatzeko pozik. Cuba, que linda es Cuba, ahora sin yanquis megustamas.
|