L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh Euzkadi (1979-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Esaiguzu egia zer garen halegia

 

Handikaldetik eta hor zihar zirka zirka ibili gabe zatozkigu zoazkie muturretaraino, muturrak astintzera, bekozkiak iluntzera, eta madrilaren korderua non dagoen esatera, esatearen premian baikaude, entzutearenean, batzuenak merezi ez arren. Zu zarena zarelako eta ...lako, ta lako, ta lako, eta halako dena delako ez diogu barkatu behar, ezta geure itzalari ere.

        Titulorik gabea? Tituloduna? Seguru seguru ipurtzuloduna eta hamarretatik bederatzi talenturik gabeak. Berebila eta horlegia, Valladoliden lizentziatua eta Donostiako normalean, "kultura euskalen" bihotzean, titulatua, soldatadun abertzale bihurtua, eta hatzapar artean hartutako haur bakoitza martirizatzeko aukeratua. Zer da mundua? Dilemen dilemaren aurrean, entxufa ezak hire errotatxoa eta jar hadi pentsatzen kikak eta dena erre arte. Moztu kablea, moztu agudo tonto usaina gehiegi zabaldu baino lehen.

        Gerra joan zen bezala joan bazen, ez zuen joan hi listoago izateagatik, aldrebes baizik, eta geroztik bereak egin dizkik. Ez hala? Orduan zertan habil, hi bai hi!, madarikatu hori, gauza guztiak color de rosa ikusiz eta erakutsiz. Zer kristo egin duk ba hik, aitarena jan, ez besterik? (haiek sobrak gainera). Bi liburu azal ikusi eta koartilla pareren bat zikindu. Bejondeikela! Horrek ematen dik eskubidea hiri hitzean eta hortzean profeta eta igarle guztien izenak erabiliz heure alukeria guztia puzteko. Triste geratuko zaik buruko horiek denak urdail aldera jotzen diatenean. Pertsonajerik nazkarriena tonto harroa duk, eta harrokeriak bere garaiak badizkik. Gainera hi ez bezalakoak al gaituk besteok? hi ez bezalakoak al dituk profetak? Hik baina eskubide genian guztiok, garai hura ezer egin gabe igarotzeko, eta tenorea iritsi denean bilutsik azaltzeko, profetek ere bai, eta hala egin diate. Egin ez dena kantatzen dabilenak, barrean zerabilkik egingo zukeenaren pena, eta kasu horietan isiltzea onena. Entzun al duk? Ez dena ez duk, ezta Azkoitian ere.

        Gure herrian bazegok hamaika tonto, lehen tonto zirenak, orain ere direnak eta geroxeago ere jarraituko dutenak. Nik horiekin esperantza, eta ez txikia, lehen ere haiek ilundu baitziaten listo usteko asko, orain herri berri bat sortzen ari zareten asko menderatuko zaituzten bezala. Hizkuntza behar diagu, hizkuntza, bobo! gramatika edukitzeko, eta indarra, argi indarra, nuklear indarra uxatzeko, eta ez gaizki esaka hutsean urtzeko. Zertarako hainbeste ofizio berri? Gramatikalari, hizlari, andereño, irakasle, politiko, borrokalari, porrulari eta lari, lari, lari, lara (sol, si, re, si, sol, do, la). Lehengo kaka, orinal desberdinan azaltzeko? Lehenaz gain usain gehiago? Ez al haiz konturatu eskala musikala euskaratzen ari haizela? Gilipollas! Etzekiat, etzekiat. Zer da txarrago? gazte zoroa ala zahar txoroa? Pentsa ezak hemen gauza segurua bat bakarra dela: "Gazteak ordu segururik ez eta zaharrak eskaporik ez".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.