Goratzarrez. (1958. iraila-gabonila)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa. Olabide'ren
Goratzarrez. (1958. iraila-gabonila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Idazti Berriak—

 

Xenpelar

 

Zeleta

 

Eten-gabeko euskal-irarkin ekiñari gogotsu jarraituz, orain ere beste euskal-idazti eder bat argitara eman digu Zarautz'ko «ITXAROPENA» ARGITALDARIAK: Jauregi'tar Koldobika «Jautarkol» aintxinatiko euskal-idazle ta olerkigile bikañak «XENPELAR» izenaz idatzi eta aren bertsoz ornitua.

        Idazti edo liburu EDERRA eta GOZOA, benetan, idazle ezagunaren oraingo liburu au.

        Itz-lauz, bai itz-neurtuz, lendik ere euskal-irakurgai ederrik emanik digu errenderiar apaiz agurgarriak. Bere «BIOZKADAK», «EGIAZKO MAITASUNA» eta «IPUYAK» biozkoi eta atseginkor izan ba'zitzaizkigun, «XENPELAR» au gozo izan zaigula ao betean esan dezakegu. GOZO, egille argiak bere aldetik liburuari ezarri dizkion lerro eztitsuengatik, eta GOZO, liburuak dakarzkin Xenpelar'en ainbat era eta gaietazko bertsosorta mamitsuengatik.

        Egillearen izen ura, arras aski da liburu jori au aurretikoak bezin irakurgarria izango dala jakiteko, ta ez du gure zintzarriots zaratatsu bearrik euskaltzale ezagunen artean aixa banatua izan dedin.

        Ori baño, geiago: euskeraz irakurtzeko oitura dutenen artean ez-ezik, ez-oituen artean ere, barrendua izango dalakoan gaude, eta egillearentzat, zer goralpen naigarriagorik?

        «Kuliska-Sorta»-ko 25/26 zenbakidun idazti lilluratsu onek, aurretik adierazi degun bezela, ainbat era eta gaietazko bertso mamitsu-mamitsuak dakarzki: 228 bertso, guzira, bata bezin ona bestea; egokiak, biziak, gatzdunak eta jator-jator, disdiratsu neurtuak, danak.

        Eta irakurleak Xenpelar'en duñu-gixa abestu aal-ditzan, bertso-sorta bakoitzari bertsolari ospetsu ark erabali oi-zituan eresidoñuak, jauregi jaunak, ezarri dizkio, egoki, irizkatzen ari geran liburu ederrari.

        Xenpelar noiz iaio zan, noiz il zan, nundarra zan, ze giza-modutakoa izan zan eta bertsotarako zenbaterañoko etorria eta iaiotasuna zuan, egoki baño egokigo, agerpide ta xeetasun ugariz, beste iñork lezakean baño jatorrago, liburuaren egilleak, berak, euskera errikoi eta ulerterrezean zabalkiro adierazten digu.

        Orain ogeitabost urte inguru, Lekuona jaunak argitara eman zuan «LITERATURA ORAL EUSKERIKA» deritzan bertsoetazko idazti guztiz irakurgarriaren bidez, ezagutzen gendun Xenpelaren izatea, eta bere bertsorik onentxuenak ere bai baña ezaugarri abek ez dituan irakurlearentzat ona emen «jautarkol»'ek «Xenpelar» liburuan diona:

        «Xenpelar, bertsolaria dezu soil-soillik, burutik oñetara bertsolari. Bertsolari erritar eta errikoi-uts. Ortik datorkio, bere izenari gure erriak erantzi dion dirdira. Irudipen biziko ta biorz xamurreko erritar olerkaria, euskal-gizartearen biotz-tanpadak igarri ta beriso borobilletan abesten yayoa, erri-xearen alde, nun-nai eta beti, bere abotsa jasotzen kementsua, plaza-gizon trebe, atsegin eta guzien begikoa.»

        Eta gure Xenpelar, Pernando Amezketarra baño bertsolari osoagoa, bertsolari-doai ta bikaintasunez ornituagoa izan zala oarrarazi ondoren, jauregi jaunak aberaski ta berezitasun arrigarriaz sendotzen digu bere aburu maukatua, esanaz

        «Emezortzigarren mende edo gizaldian beintzat, bertsolaririk ospatsuena Xenpelar degu. Aren bertsoetako iturria, aren edozein gaietaz eta itz-neurtu zaillenez mintzatzeko erreztasun arrigarria, geroztik ere bertsolari gutxigan aurkitu izan ditugun doai bereziak dira. Iñundik ere orrengaiik Xenpelar'en bertsorik pranko, entzun oi-dira gure egunetan ere ainbat bazterretan, eta Xenpelar-izenaz alako oroipen maitekorraz gure agure baserritarrak oroitzen dira.»

        «Dana-dala, ezin beintzat uka, —dio Jauregi jaunak—, Xenpelar bertsolari-malla goi-goienetakora igo zitzaigula. Ezagutu zutenak esan digutenez, 12 urte zituanean bertso jatorrak botatzen asi omen zan. Bertsolari jaio nunbait.»

        Ala izan bear, ain gazterik bertsotan asia izateko. Oraindik gazte zala bere lagun kutun Muxarro'kin lantegian izan zuan bertsozko eztabaidako bertso au, ezagunetakoa da euskaldun artean:

 

                Aizak i, mutil mañontzi,

                nagusiari goraintzi:

                ez-alekin or pipa artzia

                ez dala lizentzi?

                Jenio txar oiek utzi,

                bestela ezurrak autsi

                giza-legea nola bear dan

                ezin erakutsi.

 

        «BETROI BATEN TRATUA» deritzaienetako onek ere, ba'du gatza ta neurtizkintz egokia:

 

                Oraindik gaztia da,

                —ogei ta sei urte—

                ernari omen dauzka

                bost illabete.

                Nik ezdiyot igartzen,

                ala esan dute;

                gezurra baldin bada

                engañatu naute;

                ezurrak txit torpe,

                zañak dauzka fuerte.

                —aragia aparte—

                zeñek nai du merke?

                Ziriko baten truke

                salduko nuke.

 

        Xenpelar'en bertsoetan, ezagunenetakoa, berriz, onako au:

 

                Lengo batian, esango det noiz,

                igande-illunabarra,

                nere andria dantzan zebillan,

                begira zeudenak parra,

                lanian ez du arretik

                baña pandangolari azkarra;

                baldin neronek ikusi banu,

                autsiko nion bizkarra.

 

        «ANDRE GAXUAN PENAK» deritzan sortako au ere, ez da nolanaikoa:

 

                Umiak karraxiyan,

                neroni antzika,

                senarra moskortzian

                etxian musika;

                erantzuten badiyot

                kontrako itzikan

                nere bizkarrak ez du

                izaten otzikan.

 

        Guda edo gerraren aurkako bertso-saillekoa, beste au:

 

                Ez naiz ni gerraren zale,

                baizik pakiaren alde:

                zeñek nai duan alde

                berari tira dale:

                bala bat sartu buruan,

                aspertuko da orduan.

 

        Jauregi jaunaren liburu aberats ontan erligio-gaietazko ainbat bertso onutsu ta entzungarri, Xenpelar aundiak egoki neurtu ta tajutuak, aurkituko ditu irakurleak. Ona emen «AZKEN JUIZIOKO EGUNA» sortako bat:

 

                Anima galdu baten tormentu

                eta naigabe aundiyak,

                zer diran ezin konsideratu

                gizonaren memoriyak;

                eternidade guziko penak

                ez aren mende jarriyak...

                Orra munduko gustuak eta

                egun engañagarryak.

 

        «KONFESIOAREN GANEAN» abesten digun au ere, er da txantxetakoa:

 

                Zar eta gazte, pobre ta aberats,

                maister eta nagusiyak,

                ez gaitzala, arren, desanparatu

                 Jangoikoaren graziyak,

                animarentzat kaltian datoz

                gorputzaren maliziyak?

                Emen utzita juanak dira

                oraindañoko guziyak.

 

        Ederra, benetan! Baña onen antzekoak erruz ditu, gure bertsolari ooretuak. Ikasia edo eskolatua ez izateko, arrigarrizko bertsoak, bi eratako beste bi bertso abek ere:

 

                Zer pena pasa zuan

                 Jesus'ek gugatik,

                 zintzilik iru ordu

                gurutze batetik!

                Lantza sartu zioten

                bular sagradutik,

                alare biziko zan

                oyek danagatik:

                borondatez iltzan

                gu salbatziagatik.

 

        Xenpelar'ek berezko jakinduriz, maite zuan Euskal-Erria. Aapaldi biozkoi onek, zer besterik adierazten digu?

 

                Gu gera iru Probintzi:

                lengo legeari eutsi;

                ez degu bear etsi

                naiz anka bana autsi

                jaioko dira berriyak...

                Gu gera Euskal-Erriyak.

 

        Tamala, pena aundia, Xenpelar bertsolari ikasia edo eskolatua ez izatea! Ala izan ba'litz, noraño igoko ote zitzaigun gure bertsolari arrigarria?

        Jauregi jaunak bere esanetan egoki ta aburu zuzenez digun bezela, emezortzi'garren eunkian etzan Xenpelar bezin bertsolari arrigarririk ez adimen argiagokorik. Geroztikoetan —ez-ikasi edo eskolatu-gabien artean, alegia,— Udarregi zana izango gendun onena. Ikasien artean, berriz, Otaño eta Enbeita, iñolaze ere; eta Arrese eta Beitia auen gaindikoa.

        Oraingoetan, ikasi ta ez-ikasien artean, BASARRI. Onek badu bere bertso-sortadun liburutxo polit bat. ENBEITA eta Otaño'ren bertsorik ederrenekin orniturik, ez ote liguke argitaratuko Jauregi azkarrak beste «XENPELAR»-en antzeko liburu zoragarri bat?

        Ai, ori egingo ba'lu! Oraingoagatik egin dizkiogun goralpenak, pozik berriztuko geniozke orduan. ZORIONAK!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.