Idazti berriak
Aprenda el vasco
E'tar N.
Euskal-aidea gizentzen ari ote-zaigun, esango nuke. Beste liburuxka bat agertu-berri zaigu. Erdeldunak euskeraz ikastekoa degu oraingo au. Liburu erosoa ta errez erabiltzekoa. Bere eun da irurogei ta lau orrialdeetan, auetxek irakurtzen ditugu:
I. Euskal-abedea.
II. Atzezkiak
III. Euskal-aditzaren jokabide batzuek.
IV. Alkarrizketak
V. Iztegia. a) Erdera-Euskera ta b) Euskera-Erdera.
Liburu auek ez dira izaten izkuntza osorik eta bete-betean ikasteko, ta onela dio liburuxka onek ere; euskera ikasten asteko bidea degula.
Iztegia du bere gauzarik egokiena ta jatorren dakarrena. Bost mila itz inguru ematen dizkigu bertan. Euskeraz itzegiten asteko, naikoa.
Atzezkiak ere, poliki datoz. Alkarrizketetan donostiarren akatsak kendu ba-lizkiote, etzuen oker aundirik. Ta donostiarren akats auek, oso ezagunak ditugu guziok, ta errez kentzekoak zituan. Urrengoan zuzendu al-izango dizkiote uts oiek. Orra kendu bearreko ta zuzendu bearreko batzuek
Dakarrena | Bear lukena |
Bai, BATERE ba-dakit | Bai, zerbait ba dakit. |
...etxeak OBEAGOAK dira. | ...etxeak obeak dira. |
Oe BATEKIKO gela... | Oe bateko gela... |
...bost eguneko nator. | ...bost egunetarako nator. |
Ate-ondoan uztea asko dituzu | Ate-ondoan uztea asko dezu. |
Utzi NAIZKIZU... | Utzi zaizkidazu... |
Opil bat ekarri DIDAZU. | Opil bat ekarri zaidazu |
Ikusten dan bezela, oso errez zuzentzeko akatsak ditugu. Ta oiek zuzenduaz, asko irabaziko liguke liburu xalo onek.
Berrogei ta amargarren orrialdetik eun da irurogei ta laugarren arte, iztegiak betetzen du liburua. Au dezu, beraz, liburu onen zatirik nagusiena.
Eztakigu zein dan liburuxka onen Egillea; baña nolanai, Donosti-ingurukoa degu. Euskera, bere sallak zabaltzen ari zaigula, dirudi, ta onek pozten gaitu geien. Onenbeste euskal-liburu sortzeak, zerbait adierazten du. Gure izkuntza-kezka biziagotzen ari zaigula, alegia. Ezta gutxi ori esan al-izatea.
Egilleari gure zorion-agurrik gogozkoena bialtzen diogu. Eztegu gramatikalarien zale-zalea; baña etzaio ajolik. Batzuek Gramatika-bidez, eta besteak alkarrizketa-bidez; irugarrenak, Gramatika ta alkarrizketa-bidez, bijoa aurrera gure izketa gozoa.
|