Itz-Lauz
Eman da zabal zazu... baina eutsi
Atarpe
Asko ibilli ta aztertu gabe, ondo ikusten dana da euzkotarrak mundu zabal ontan edonun ezarri dituala bere izen-abizenak. Ibilkaria izan nunbait izatez. Eta peritik perira ala erromeritik erromerira pardela makil muturrean duala gaztarotik ikusi izan degun ori, egun batean urrutirako aizeak jota Ameriketaruntz-edo aldegiteko dabillela entzun lezakezu. Ez da batere arritzeko. Aspaldiko leloa degu ori; bada an, lenago beintzat, zakurrak itsatsetik lukainkak zintzilik zituztela zebiltzala-edo amets zegitenak ba ziran. Ori orrela, iritxi da aututako eguna, eta gure gaztea, bestietan baño pardel aundixeagorekin «Ikusi arte, ta ondo-ondo izan, ia noiz ikusten geran berriro» etxekoei esanda, an dijoa aldapa bera kaieruntz aspalditik ameskor izan zaion ontzia artzera.
Amaika izan dira orrelaxe Euskalerria utzi ta ezeren laguntzik gabe, edota senideen baten Ameriketan egingo zitueneko ontzako urreen txintxiñaz zirikatuta, itxas arunztu diranak, sendo, mardul, arpegi borobil, diran lez jator, soiñez bikain, gogoz berriz zuzen, tolesturik gabe, oker-bideen susmurrik entzunge, Aizkorritik datorren ur garbia bezin garden. Zintzoa ta zuzena izatez. Nolako eragozpen, neke, estuasun ez ote dituzte eroan gure ibilkariak iritxi diran lur berrian bi oiñak tinko ezarri arte.
Esan lei, mundu biurri onetan, onelako mutil gazteak, Auñamendiko pagausuak eiztarien zizpa mendean bezin errez erori bear dutela. Bañan itxuak edozein biozdun du lagun, aurrari ere amaren ordez, errex luzatzen zaizkio eskuak erori ez dedin. Ala, maltzurra ta zipotza bera ere, tolesgetasun ta bakuntasunaren aurrean tinko bat-batean gelditu leikela deritzat, asmo txarren joera menderatuaz alako jatortasunaren edertasunaz lilluratuta-edo. Zuzentasun ta leialtasun ori izan ote dan nago euzkotarrari len ta orain bideak geyen ideki dizkien gogo altxorra. Bañan kontuz; zuzentasun ta bakuntasun ori ez da totelinoteltasunaren ideko, giar gabeko baretasun. Leiala dala? Euzokotarra iritxi dan tokietan ao batez dasate. Bañan ez maratil gabea. Oartzen naiz txiribogin batek erriko apaizari esan oi ziona: «Zuek uste dezute baserritarrak ondo bañon obeto ezagutzen dituzutela, eta an korupeko abe ondoan ezarrita lotsati bezela dagon ura, agertzen danez dala erabat, zure esanak oxta-oxta ulertuaz eta zure itzak axaletik bakarrik bereganatuaz. Baña jarraiozu apur bat geroxeago. Eleizatik urten da badijoa baxoerdi bat edateko aitzekiz ardandegira. An ikusiko dezu nolako mutilla dan gure gizona. Utzi ditu bildur-lotsaren aztarnak. Itza ta parra errez ta lasai datorkio ezpañetara. Gogoz ari da adiskideekin kontu kontari; eta baxo erdian askoz aurreratu baño len ara nun dauden guztiak algaraz. Nor izango olako parreragille? eta bera, koru azpiko bildurti ura. Bera da egoiarguko buru ta zuzendari. Ez omen zirudin apaizaren erretoliketan asko sartua, eta ara aren ayeru ta zirkiñaz nun botatzen dizkizun patxadan, urrupatxuaz biziturik, ulertzen etzituala zirudin egi ta gogaiak. Ez uste ala ere, adiskide, barrenean artxoren bat-edo duala apaizaren bizkarrez; ezta urreko ere; bear bada berari ere itzaltasunaz baña izateak eman dion gatzaz ori beta ta bost egiteko gauz da gure gizona; baña Eleizan Eleizan bezela, apal, otsan, bildur antz; ardandegian orde ollarra lez kukurruku jotzen.
Kukurruku oiek eta gogorragoak jo egin bear izan ditu euzkotarrak munduan entzuten diran euzko abizenak ain ugariki ta sendo ezartzeko. Ar zazu Ameriketa erdi naiz beko lurraldeetako edozein izparringi, eta axaletik bada ere irakurri ditzazu egunean-egunean gertatzen diran ezkontza, illeta, ta beste giza-bilketeen azalpenak; arritu-arriturik geldituko zera gure abizenen narotasun eta aberastasunaz. Erderarik etzuala mutillak? Irakurtzeko ta idazteko erreztasun aundirik ere ez? Ala lei, eta ez da batere arritzeko; geroztikan ere Euskalerriko ikastoletan atzekoz-aurre ibilli dira irakasleak ikasketa gauzetan; aurtxoen adimenak dezaguzten bidez zabaldu bearrean, tutik ulertzen ez duten izkuntzaz ari izan oi dira, txalogarri diran banaka batzuek ez beste idazti-lei ta emana geldituaz, jakin-gaietaz osoro nazkatuaz. Orrelako ikasketa sakona ornituak zituzten gure ibilkari ameslariak euren buruak atzerri bidea artu zutenean. Gaur ere Argitasun aro onetan, Jakintza aro onetan, Aurrerapen aro onetan etzaio bereala aria aituko Gure Erriko jakintza gaia ondotik eratu nai duenari.
Onek danak gauz bat agertzen digu argi ta garbi: euren adirrien argitasuna. Ezeren gertasun gabe urten ziran Euskalerritik. «An ikusiko diagu zer egin, zer esan, nola esan.» Gaur ezin ukatu ateak zabal zabal idekitzeko giltza idoro zutela; mingañak, legunkeriak, zurikeriak ematen etziena eskutrebetasunak lortu zien eta euspenak eta gizatasunak. Aspaldiko ibilkari euzkotar jatorra, zabaldu bai zabaldu dezu gure enda ludian.
Egin dezagun oinkada bat aurrera eta begirayogun gauzari bestaldetik. «Agur guzioi, ikusi arte», bakun eta zinki esanda ibarrerako bidea artu duan euzkotar ibilkari orrek ba du biotz, ba du sendi ta etxadi maitasun. Urruntzen dijoan eraz nabaitzen ditu biotzaren taupadak, eta aldizka aldizka begikada gozo biguna ezartzen dio aurtzaroko solasetan, mutilkidako aruntzonuntz, lan-oporretan, estalpe ta babes izan zaion baserri itzalgarri maiteari. Jarrai ala ere barruko samin-aldia buruan sortu zion elburu ameskorrez arinduaz. Noiz arte baña iraungo ote zaio bere landa, soro, sagastien oroimena? Edota mugagabeko zelaidi ikusgarrietan, naiz mendi-saldo jasoen egaletan, abelgorri, moxal, artaldeen ardurak zuzterkatuko ote dio sukalde txokoko beroak biotz muiñean sortu zion etxe-lei ta emana? Izango dira baietzean daudenak, ainbeste euzkotarren gogoak erabat aldatuak izan dirala ta daudela, uste edota begiz jo dutelako. Ez nuke ezetzik esango. Zelaiaren berdintasunak kendu lezakio edonori mendirako joera, baita itxasoaren orroak ixillarazi ere lurreko txistu-danbolin soñua. Beraz tamal izan arren, sartu ta sartu dala munduan ta urrundu ta urrundu dala ta ez ote du gure gazte bikain orrek eta kidekoek Aberriganako biotz-kilikarik nabaitzen? Ixildu ote zaizkio erabat baserrirontz azken aldiz begirakadan oartu zitun taupadak? Izarraitz, Aralar, Gorbearen gain paketsuak eta oien egaleko belaze orlegi errekatxoz ezatu ta oxkatuak ez ote dio irudimena argitu ta piztutzen? Erri-enparantzetako gaztedi alai nareak, oiñak arin, soiña lerden, zutik bu. rua, gerria bigun, beso-zankoak urduri ta sendo ez dio beraz, nekazariari kimu berriak zuaitz zaarra berrituko duan itxaropen ainbat, poz-atsegin sortzen?
Baliteke orrein legor ta gogor gelditu diran euzkotarrak an-emen izatea, baita oinbeste eunki iraun dun Erri paketsu, nabarmen, bakarraren bizia otz-otzean ta ajolakabe begiratzea. Laukiaren alde illuna degu ori, illuna ta goibela. Ba du ordea bestea alaigarriagoa, atsegingarriagoa, itxaropenez betea. Entzun izan oi ditugu lengo indianoen biozkadak: etxetik urrun, bazterrik-bazter jo batera ta bestera ibilli ondoren, txindi poltsa astun xamar nabaituta gogo atsegiñez luzatu zioten eskua jaioterriari, edertuaz, txukunduaz, bikainduaz. Gaur ere ba dira bai ta ez gutxi poltsa ederki borobildu dutenak. Luzatuko ote diote, emango ote diote biotz onez ta atsegiñez Aberriari gaurdan egunean bear duan laguntza? Bizi dedin, edertu dedin, txukundu dedin... bere izkuntz berdingea, gure gurea, aldizkingiz, idaztiz, ikastolaz zabal-zabal, eder-eder, aporo ta naro agertu dedin. Eman da zabalzazu... Bai, bañan ermo eutsirik.
|