L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1958. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Gurutze-bidearen historia

 

Pasionista batek

 

Jesukristo Gure Jaunak, gurutze astuna sorbaldan zuala, lenbiziko Ostiral Santu-arratsaldean, gurutzean josia baño len, egin zuan bidea da Gurutze-Bidea. Auxe da izan «Gurutze-Bideak» itzez-itz adierazi nai duana: Pilatos'enetik Kalbario tontorrera Jesus'ek, gurutzea sorbaldan, eraman zuan bidea, alegia.

        Elizan egiten degun Gurutze-Bidea, ordea, 14 egonaldien aurrean gelditurik, Jesus'ek egin zuan bidea bera gogoan iraultzea da, gogoz berritzea, bide ortan izan zituan neke-miñak barnean ausnartu ta gure beraganako errukia agertuaz.

        Gurutze-Bide au degu noski, Jesukristo'ren Nekaldiaganako jaierarik zabal eta ezagutuena, erriaren kristau-zentzun-muñetan ezarria dagoana. Bide onen historia ta Pasioaganako jaiera, biak ibilli izan dira beti bat-bat eginda, alkarrengandik iñoiztxo ere aldendu gabe; Gurutze-Bidea Nekaldiaganako beti izan dan jaieraren semea bezela baita, gizaldiz-gizaldi, Jesukristo naigabetuari buruz izan diran ainbeste egikizun urrikaltsuen azkenengo katebegia bezela. Ez zan bada, orain dakusgun bezelakua lenengotikan agertu, ez; pitinga ta atalka, urtiekin eta, baserritar batek lesakenez, babarrun asko janez gara erdira eldu zaigun gizona da.

        Irutan zatituko degu lantxo au: Lenbizikoan len-gizaldietan eta Erdiko Garaian nolatan agertzen zan Nekaldiaganako eraspena azalduko degu. Bigarrenean, berriz, Jesus'en erori aldi, ibiltaldi ta egonaldienganako jaiera, ta, azkenez, 14 egonaldiko Gurutze-Bidea: Gogozko erromesaldiak, el.

 

 

Nekaldiaganako jaiera

 

Len-mendeetan.

 

        Lurralde Santuetarako joera.— Bigarren mendean Jerusalen'ek zeukan izena ere galdu egin zuan. 132'g. urteko Barkokebas'en biurritza itto ondoren, jarki-toki ura bein ta betiko ezeztatzeko gogoa artu zuan Adriano Kaisar'ak. Eta gogo ori bete ere bai. Orretarako Jerusalen iria siñesgabe-iri biurtu zuan, «Ælia Kapitolina» bere ordez eraikiz; Berpizte-tokian eleiza bat jaso zion Jupiter'i, Golgotan beste bat Juno'ri ta irugarren bat ere bai Betlen'en Adonis'i. Gezur-jainko oiei eskeñitako insentzu-kelañoak, besterik etzun gora igotzen ez Jerusalen'en, lez bere inguruetan.

        Orregatik ere, ta erromatarrak lur aiei lengo itxura ere kentzeko alegiñak egin, kristauak ba zekiten, eta ederki asko jakin ere, zeintzuk lekutan zeuden Jauna'ren toki ain oroigarritsuak. Etzuten iñoiz gai orretzaz zalantzarik izan. Ta jakite orren sendogarri ta agerbiderik nai ba'genun, an zeuden, beti egon, Adriano'k sasi-jainkoai jaso azitako eleiza-etxeak, betit leku berean. Aiek ere indar berriz egiztatzen zuten kristauak uste-tokia.

        313'an Milan'go Erabakia zabaldu ondoren, Kaisar'ek Eleiza'ri kendutako ondasun guztiak berriz biurtu zekizkion agindu zuan. Jerusalen'go Makario Gotzai Jaunak Kaisar'ek erakusten zuan gogo ta borondate onari onura ta probetxu andi atera zion. Aiputan artutako «Ælia Kapitolina» lurrera botatzeko bear zuan baimena iritxi zuan. 326'garrenian Golgota tontorreko zaborrak garbitzen ari zirala, antxe idoro zuten Gurutze Deuna orduantxe. Tximista bezela igaro zuan kristau-erri osoa berri onek. Kaisar'ek berri onen berri izan zuanean, Gurutze ain beneragarri ori gordetzeko gai liteken eleiza aundi bat jasotzeko agindua eman zuan, eta orretarako Jerusalen'go agintari guztiak Makario Gotzaiarenpean jarri zitezela.

        Lanak asi ziran. Lan izugarriak, Golgota-Illobiak elkartzea baitzan Makario'ren asmoa, ta 132 metro baitzeuden bien tartean. Arkupe ta atartetatik zear «Martirium»-a eltzen zan. Ikusgarria benetan «Martirium» au: bost eliz-koro bai baitzituan, eta luzeran 45 metro ta zabaleran 26 bai baitzeuzkan. Ikustera zijoaztenak arritzeko aña ziran aren barruko margoak. Kanpotik, ordea, orma guztiak arri landuzkoak. Eleiz onen azpian, eleiz onen kriptan zegoan Gurutze Donea arkitu zuteneko lekua. «Martirium» zan, eta egoki izan ere, Jerusalen'go Eleiza Nagusia.

        Konstantino baño len ere Lurralde Santuak kristiñau guztien gogo-biotzak beraganatzen ba'zituan ere, zer esanik ez, gertaera auek ezkero, lurralde orotako kristauen Palestina'rako joera piztu, geiagotu egin zala. Jeronino Doneak lagun min bati kartaz dionez, «ara (Palestina'ra) erri ta enda oroko kristauak jotzen dute». Ernagarriak dira ere Paula Doneak bere lagun Makaria'ri zuzendutako eskutitz batean ezartzen diran itzak. Orduko ango erromesen arrtan, Sartaldetik Galiar ta Bretañarrak, eta Sortaldetik armeniar, persitar eta beste ango probintzi askotakoak aipatzen ditu Paula'k kartatxo artan.

 

        Burdeos'ko Erromesa.— Ba-da oraindik 333'g. urteko agiri bat, idazpuru onekin: «Itinerarium a Burdigala Jerusalen husque». Idazki ontan zeatz eta meatz deskribitzen dira ibilbide ta Jerusalen'go garai artako izakera. Burdeos aldetiko erromes bati zor zaio agiri au.

 

        Jeronimo Doneak ere, 383'an, Palestina'ra joatea erabaki zuan, eta gizatalde aundi bat bildu ta abiatu ere bai. Erromes aien barreneko fede-berotasuna Jerusalen, Belen, Nazaret ta, azkenez, Tabor begiz jo zituztenean, norañokoa zan ezin esan. Paula il zanean, jarri zituan paperetan Jeronimo'k ibiltaldi ta bertako goraberak. Paula onek Belen'en gizon eta emakumezkoentzako lekaidetxe bi jaso erazi zituan. Are geiago: beste bi erromesetxe ere, bata Belen'en ta Olibete-mendian bestea, bere lepotik jaso ziran.

        Beste askok, ordea, joan-nai bizia barrenean nabaitzen ba'zuten ere ezin izan ziran joan. Auen artean Agustin Gurenak, esaterako, etzituan Palestinako lurrak iñoiz ikusi. Baña begira, aren ikus-naia: berak ezin-da, Alipio laguna bialdu zuan bere ordez ikusi zitzan.

 

        Eteria.— Laugarren mende ondarreantsu, Galiziar edo dan Eteria'k, Palestina guztia goitik beraño erromes antzo inguratu zuan. Galilea, Jerusalen, Efron, Belen, t.a. ikustatu zituan eta orduantxe tajututako «Itinerarium ad loca sancta» idaztian ezarri ibiltaldi oien gora-berak eta Jerusalen'go elizkizun bereziak.

        Aldi artako erromes guztiak iritxi batez egiztatzen dute Lurralde Santuenganako ta batez ere Kalbario ta Illobiarenganako zaletasun eta makurtasuna. Erromesen iritxi au «Itinerarium»-ek berak dakarren egintza batek tinkatzenago dau oraindik, eta irmenagotzen. Egun jakiñetan, Eteria'ren esku-idaztiñoak dionez, «Martirium»-enetik «Anastasis»a —bata Colgota'n, Illobian bestea— elizbira bat egiten omen zuten erromesak. Elizkizun au Jesukristo'k bere neke ta odolez santututako Jerusalen'go beste toki askotara ere edatu omen zan, eta Erdiko Garaian gaurko «Procesio Latinorum» dalako au izateraño eldu ere. «Procesio Latinorum» au Illobiko elizatxo guztietara abestiz eta argiak pizturik sartu-irten bat egitea da.

        Gurutze-Bidearen historitzalleen artetik batek ere aintzat artu ez arren, eleizkizun au garrantzi aundikoa degu, debozio onen aztarnak ongi artu nai baldin ba'ditugu beintzat. Gurutze Bidearekin zer ikusirik gutxi baldin ba'du ere, alabaña, eragin-indar aundia izan zuan bere sortaroan.

        Garairik gaitz estuenetan ere, Omar Kalifak 638 garrenean Jerusalen artu zunetik aurrera, alegia, etziran erromesen juanetorriak eten. Palestina'ko orduko bideak etzirela ain arrizku gabeak agertzeko, aipu bat naikoa izango da: 724'g. urteruntz Asia Txikian erromes batzuk baño geiago martiriatuak izan zirala, ta gezur zalatzalleek auzitara eramaten zituztela kristauak. Etzan, beraz, ajolagabea erromesen bidea.

 

        Lurralde Santuko eleizak-ugaritze.— Erromesen Lurralde Santuetarako joeran bakarrik ez bañan, baita ango eleiza aipatuenak berriz jasotzean, ugaritzean, eta gogo-peregrinazioetan ere azaltzen da toki aietarako jaiera ta eraspena. Lenengo, elizugaritzeaz jardungo gera, ta urren, gogo-peregrinazioetaz.

        Eleiza nagusienak, sonatuenak ugaritzean argi baño argiago dager Lurralde Doneenganako debozioa. Ango eleizak nai bezin sarri ezin ikusi zituztelako ta lenbiziko aldiz ikustean barnean nabaitu zuten zirrara ta biotz-ikara gogorraren oroigarri bat beti ikusbegian eukitzearren, eta baita joan nai ta ezin zutenentzat, beren joan-egarria nolabait asetzeko bidea emateko ere, orrexetarako jaso zituzten eleizak. Arrasoibide auetxek izan ziran bultzagarri ta eragille, noski.

        Danok degu ezaguna Erroma'ko «Jerusalen'go Gurutze Donearen Eleiza». Ospe aundikoa bait da. Santa Elena'k Kalbario menditik ekarriaziko lurrez egiña ta albaitanez Golgota'koaren itxura-itxurakoa ta antz-antzekoa. Baita Andre Maria Nagusia ere. Onek, ikustean, Belen'goa ekartzen du berealaxe burura, ain berdiñak bait dira. Letran'goa ta Berpizte ta Olibetikoa ere elkarren antz-antzekoak dira.

        Bañan, eliz-berrizte ontan, Palestina'n diranen antzekoak jasotze-ontan, aipatuena ta garrantzitsuena, Bolonia'ko Monasteriokoa, ziurki. Eliza aundi bat dirudi; bañan ez da bat bakarra. Elizatxo asko dira, denak bat eginda. Ustez beintzat, Bolonia'ko garai artako Gotzai Petronio'k altxa zuan, bostgarren gizaldian.

        Eliza orrek edo obeto, elizatxo-sail orrek, Jerusalen'go Eliza aipatuenen berrizte batzuek, besterik ez dira. Ortxe daude Golgotakoa, Martirium, Anastasis, Olibetikoa. Illobikoa gañera, goiez, luzez, zabaleraz, dena da Jerusalen'goaren neurri berekoa. Obispo Jaun orrek berorrek artu bait zitun Jerusalen'goaren neurriak. Gaur dan egunian Erdiko Garaikoa dala ematen du.

Erdiko Garaia.

 

        Pasioaganako eraspena.— XI'garren gizalditik asi ta aurrera Nekaldiaganako jaiera Jesus'en neke miñenganako erruki aunditan agertzen da. Erdiko Garaiak Jesus'en gizatasunaganako debozio xamur-bera, errukitsua zuan. Kruzadak ere jaiera ortan murgildurik zeuden eta beraturik.

        Lenengo amar gizaldietan Jaunaren Nekaldiari ta aren bidez santututako tokiai garalle ta aintzagarri bezela begiratzen zitzaien. Gurutzeak ere Kristo gurutziltatua Jainko bezela agertzen alegintzen ziran. Bizanzio'ko ederti-lanak ere Kristautasuna gorenengo dirdai-mallan jartzen zuten. Kristo Kaisar eta Errege zan Aingeru ta Goiaingeruz inguratuko dizdizko errege-alki' batean eseririk pintatzen zan. Gurutzean ere Errege bezela koroiaturik.

        Aunditasun onek bildurretan eta arriturik, kikilduta uzten zuan barne guztia. Etzion, beraz, Jainkozaletasunari batere laguntzen. Anima gogortu, edo itxaropen gutxiagodun beintzat egiten edo-zun. Erdiko Garaiak, Bernardo Doneak batez ere bidea iriki ta eraginda, xamurrez, eta biotz-beraz eta maitasun goxoz inguratu zuan Jaunaren Gizatasuna. Eta zorionez, xamurtasun onek asko laguntzen dio kristau-animari Jaunagana urbilagotzen.

 

        Bernardo Donea.— Zuzenka ez ba'zen zearka, Bernardo Donearen erakuste osoa, guzia Kristoren antzeko izateari buruz ari zan. Beraren itzak dira auek: «Kristo'k bizirik egindako orok giza-biotza bete egiten du bereziki eta ase». Arentzat, Kristo aragizko egin zaneko arrasoi-biderik beteena, eragillerik garaiena, auxe nunbait: «Aragizko gizonak bereganatzea; ez bait dakigu, aragiz ezik, ezer maitatzen».

        Santuaren Jesus'enganako biotz-berotasun au batez ere bere Pasioaganazko itzaldietan azaltzen da. Adibidez, «In feria 4ª hebdomadae sanctae sermo de Pasione Domini»n, eta beste itzaldi askotan.

 

        Frantzizko Donea.— Alabañan, Bernardo'k pralleai predikatzeko bakarrik, gertatzen zituan bere sermo-gaiak. Bere itzaldietatik ateratzen zan onura ta probetxu guztia konbentu barruan esiturik bezela geratzen zan. Bere erakutsiak, beraz, etziran erriaren biotz-muñetaraño sekulan eldu izango, gizaldi bat-edo geroxeago Asis'ko Prantzisko agertu izan ez ba'litza.

        Prantzisko'k, kristiñaudi osoa Jesus'en maitasunez irrikitzen jarri ondoren, biotza ase egin zion, eta lasai, eta bete. Ederki dio norbaitek onako au dionean: «Bernardo Doneak bere garaian ereindako azia, Asis'ko Prantzisko Doneagan loratu zala, eta loratze onen usai gozoak mundu guztia bete zuala».

        Jakiña degu, noski, guztiok Jaunaren Nekaldiaganako Pantzisko'ren zaletasuna. Bere malkoak Jesus'en zaurietan pentsatzean baizik, ezpaitziran legortzen, eta Jesus'en neke-miñekin bat-bat egiteko gogo beroak estigmak merezi ezin bait zizkion.

 

        Nekaldi-gogarteak.— Sasi-Bonabentura'ren «Meditationes vitae Christi» idaztiak asko esan nai dute Pasioaren historiari buruz. Ez Ebanjelioak dakarzkian Pasiogai zeatzenak bakarrik, ez. Apokrifoak iñork izan dituan goi-agerpenak, nola gertatu litzakeango asmakizun utsak, (asmakizun auetako bat, Jesus eta bere Amak, kalbario'ko bidean biak topo egin zutelakoa). Histori-egile polita uraxe! Bañan, orduan ez paitziran gaurko egunean bezain kritiko zale.

        Alabañan, ta ori gora-bera, gogarte oiek sekulako eragingarri ta indar aundiko izan ziran gerokoan. Batez ere mistikoen goi —zein egiazko, zein gogozko utsak izan— gauzarik txikienak ere begiz jotzen baitzituzten. Foligno'ko Anjela Deuna (+1309) eta Brijida Donea (+1373), esaterako, Pasio guztia ikusbegian bai lutekean ari dira.

        «Horae canonicae»ei begira-edo, Nekaldi osoa, errezago ausnartu al izateko, ataletan banatzen dute. Egite-bide au laister asko zabaldu zan lau aldietara. Aurrerakoan, XIII, XIV ta XV mendeetan, zazpiko kopurura, numerora, jotzen dute otoizgai guztiak. Zazpi «Horae Canonicae», edo asteko zazpi egunak burutan arturik ausnartzen bait da eta gogoratzen jasotako oro, dena beti-beti zazpiturik, beti-beti zazpi kopuruko sinbolismora joaz. Itzak zazpi ziran, odol-jarioak ere zazpi, zauriak zazpi, batez ere ta gero ikusiko degunez, eroriak zazpi.

        Ona emen, adibidez, exenploz, «Horae Canonicae»ei buruz, Jesus'en Nekaldia zazpitan zatitua

        1. Ad Matutinum: Jesus atsitua.

        2. Ad Primam: Jesus Pilato'en aurrean.

        3. Ad Tertiam: Jesus zigorkatua, koroatua ta gurutzea sorbaldan, urkamendira abiatua.

        4. Ad Sextam: Gurutzean josia.

        5. Ad Nonam: Jesus'en eriotza.

        6. Ad Vesperas: Gurutzetik eratsia.

        7. Ad Completas: Jesus illobiratua.

        Ikusi degunez, Jesus, gurutzea sorbaldan, Kalbario'ra bidean joan zaneko gertaerak ere ba-du toki gogarketa auetan. Asi dira gizonak Gurutze-Bidea gogoratzen.

        Historiako ta historiaz kanpoko gertaerak, denak berdin jotzen zirala, esan degu lentxoago. Ba, orain meeago iruten dute oraindik. Orain mistikoak ba-dakite, ta ondo jakin ere, Kristo'k zenbat erori izan zituan, zenbat odol-tanta ixuri, ta astiñaldian zenbat zaztada artu zituan ere bai. Ikusmena zorroztu egin, noski.

 

        Beronika.— Emakume onezaz ez dira gogo batekoak historilari diranak. Ez bait dira berdiñak beren iritxiak. Bolandistak berak ere aldatu egin zuten emakume onezazko gogoa. Lenengo batez, Beronika ori ba-zala, bizi izan zala, uste ba'zuten ere, urte bete buru, Jesukristo'ren garaian etzala Beronika'rik izan irakasten zuten.

        Arpegi santuaren, eta batez ere, Erromako Pedro Donearen Elizan dagon Beronika'ren Oialenganako debozioz ari diran paperik antziñakoenak XII'garren mendera jotzen dute. Aita Santuen laguntzaz eta berak bultz eginda, laister edatu zan eraspen au. Zenbait eliza ere azkar egin ziran egiazko Oialaren antzeko baten jabe.

        Zenbaitek Beronika au asieran Pasioakin zer ikusirik etzuan gezur-histori bati zor zaiola diote. A. Amadeo Teetaert'ek, ordea, ez du lakoko ori egitzat artu nai. Onen iritxiz, Beronika XII'g. gizaldiko jendeen jainkozaletasun errukitsuaren sortuki bat, emaitz bat, besterik ez da.

        Emakume onenganako debozio-zabaltzalle lerrengotako bat Argenteuil'go Erroberto izan zan (1300runtz). Aurki ezarri zan Beronika'ren histori au Pasiogogartetan eta Kristo'ren bizitzetan. Geroxeago, izerdia txukatu zion tokia ta biti zaneko etxea ere «billatu» zuten eta historietan ezarri.

        Ola ta ere, XV mende arte beintzat erromesak ez dute Beronika'tzaz itzik egiten, ez dira ari. Ez ezaguna omen, noski.

 

        Gurutze-Bidearen lenbiziko aipatzeak.— Kristau-biotzak Jesus'enganako jaiera errukitsuz eta Kruzada zuzpergarriz beroturik, ugaritu egin ziran erromestaldeak XII eta XIII'g. mendeetan. Eta Mahomatarrak nagusi zirala, pixkat edo asko urritu ba'ziran ere, 1333'garrenean Prantzizkotarrak Lurralde Santuetan oñak jarri zituzten ezkero, berriz ere geroago ta ugariagotzen asi ziran.

        Jesus'ek, soin-gañean Gurutzea ta, eraman zuan bidea, ez digu XIII'garren gizaldi-azkenetaraño iñork aipatzen ordea. Errikoldo de Monte Crucis Domingotarra (+1309) da ain zuzen argi ta zearketa gabe aipatzen digun lenengoa. Begira zer dasaigun Domingotar onek bere 1294'tsuko «Liber Peregrinationis» idaztian: «Ascendentes autem per viam, per quam ascendit Christus, bajulans sibi crucem, invenimus locum».

        Baña etziran ibiltaldiak Pilatos'enetik asten. Illobitik baizik, ez Kristo'k bezela, atzetik aurrera baizik. Bide-egite ontan erromesak Jesus Jerusalen'go emakumeekin, Cirineo'kin, bere Ama kin billatu zan tokiak, atseden pixkat artu zuanekoa, t.a., agurtzen zituzten. Toki agurgarri auek asko ziran, oso asko. 1395'g. Jerusalen'en zan Prantzisko erromes batek toki auek kontatzean, 112 raño jotzen du.

        Gure oraingo egonaldiai, estazioai, dagozkien tokiak, XIV garren gizaldiaren azken-ondarrean ere ezagunak ziran geienbat.

        Saiatzen ere ba-ziran erromesak irakurri edo entzundako gertaerak jaso ziran tokiakin bat-egiten. Garai artan etzan Gurutze-Bidea-egite apartekorik. Baño bai ba-ziran Pasioganako eraspen ugari ta askotarikoak, Jesus Gurutzea sorbaldan-ta ikusten zutenak ba-ziran, ta auek urrundik bada ere, dira Gurutze-Bidearen egintza benetan gertatu dutenak.

 

 

Erorienganako jaiera

 

        Erriaren biotz xume jainkozalea Jesus'ek zenbat zaztada artu zituan billa zebillela esan degu lentxuago. Baita zenbat aldiz erori zan ere jakin-nai zan. Erori auen jaiera XV'g. gizaldia ezkero asi zan zabaltzen batez ere Alemania'n eta Paises Bajos'en.

        Eratze-antolatzeen desbardintasuna arren, bi salletan banatu genezazke Jesus'en eroriak: Lenengoan, Pasio-aldi guztian izan zituanak, eta bigarrengoan, gurutzepean izandakoak bakarrik.

 

        Pasioaldi guztikoak.— Sail ontan zazpi erori kantatzen dira. Ona: 1 g. Cedron'en, 2g. Herodes'enetik Pilatos'enerakoan, 3g. Pilatos'en jauregiko eskillara-malletan, 4g. Zigortua izan ondoren, 5g. Gurutzea zeramala, 6g. Gurutze ganean jartzeko agindu ziotenean eta 7'g. Gurutzea gertatutako zuloan zakarrez eta kontu barik sartu zutenean.

 

        Gurutzepekoak.— Bigarren sail au XV'garren gizaldiaren bigarren erdian agertu zan. Beranduago agertu izan arren, lenbizikoa baño askoz ere zabalduago zan, ta bigarren au da izan ere 14 egonaldiko Gurutze-Bideari tajua eman diona.

        Sail ontako erorienganako debozioa geien-geien errian zabaldu duana, Adam Krafft, noski. Adam eskultori onek Heintz Marschalck'ek eskatuta, «zazpi eroriak» oroigai, monumentu, aundi batzuetan ezarrita utzi zizkigun. Izan, etziran eroriak; Pilatos'en Pretorio'tik asi ta Illobirañokoan jasotako gertaera batzuek baizik etziran. Begira bestela zeintzuk ziran Adam'en «zazpi eroriak»: I g. Jesus Amakin topatzea, 2g. Zirineo'kin gertatutakoa, 3g. Jerusalengo alabak, 4g. Beronika, 5g. Jesus gurutzepean abaildua, 6g. Gurutziltatua, 7g. Gurutzetik erantsia.

        «Zazpi erori» auek beste zenbait uritan ere berriztatu zituzten. Errodas'en esaterako, eta Friburgo'n (1515), eta Lovaina'n, t. a.

 

 

Ibillaldienganako jaiera

 

        Jaiera au XIV'g. gizaldian sortu zan Alemania'n, ta erorienganakoakin batera bizi izan zen, geroxeago sortua izan zan arren. Jesus geldirik baño neke-penetan bidezko ikusi naiago zuten Alemandarrek. Alemani'ko Jesus'en ibillaldienganako jaiera ta beste erritako geldiunienganakoa, berdintsu dira. Geienetan beintzat zazpi edo bederatziraño jotzen du ibillaldiaren kopuruak, batzuetan 12, 15 ta geiagoraño ere jotzen ba'du ere.

        Lenbizi, jaiera au Ostiral Gurenean Jesukristo'ren ibillaldi larri neketsuen oroigarriz, zazpi edo bederatzi eleiza ikustatzea zan. G. Biel'ek —1495'an il zan— dakarrenez, kristauak Jesukristo'ren 10 ibillaldiak agurtzeko, 10 eleiza ikustatzen omen zituzten. Aldi ontan esku-liburu bat ere agertu zan. J. Feucht'ek eraspen au piztuarazteko egiña. Otoitz batzuek zeuzkan barruan liburu onek.

        Zazpi edo bederatzi eleiza bizitatzeko oitura au, Erroma'n egiten zanaren errañu ta ondoren bat da agian: Erroma'n etzan arrigarri bein edo bein bederatzi eleiza bizitatzea. Neri'ko Felipe (+ 1595) ezkerotik, zazpi ibillaldien oroiz zazpi basilika bizitatzen ziran. Ibillaldiak auetxek ziran:

        1 g. Jesus Baratzean

        2g. Anas'enean

        3g. Kaifas'enean

        4g. Pretorio'an.

        5g. Erodes'en jauregian

        6g. Berriz ere Pretorio'an eta

        7g. Kalbarioan.

 

 

Egonaldienganako jaiera

 

        Alemania'n erori ta ibillaldienganako eraspena zabaltzen zan bitartean, aldi berean, Paises Bajos'en egonaldienganakoa zetorren geroago ta indartsuago. Emen ere bi salletan banatu ditezke egonaldiak, Nekaldi osoari edo eraman zuaneko bideari begiratzen zaion.

 

        Apaltokitik asitako egonaldiak.— 1509'an Kopenhage'n argitara irten zuan liburutxo batek egunero 15 egonaldi bizitatzeko esaten du. Amabost auetatiko lenengoak apaltokian du asiera. Egonaldi auen apaltokitiko asiera au Bethlen'i zaio zor.

        Flamenko onek liburu txiki bat idatzi zuan, Nekaldi-gogartez betea, gogarteak asteko zazpi egunetarako banatuta. Bethlen'ek garrantzi aundia damaie gurutze-bideko egonaldiai. Kopenhage'ko esku-idaztiko egonaldi banaka batzuek gereak baldin badira ere, Bethlen'enak danak dira, Jerusalen'go emakumeakin aurkitzea izan ezik. Geiago oraindik: egonaldi guztiak oraingo gure elizetakoen eran eta errezkada berean jartzen ditu, alajaña. Andik gerokoan, berebizikoa izan zan aren eregin-indarra.

 

        Getsemani'tik asitakoak.— Auek bultzatu zuten eta eragin geienbat gure oraingo Gurutze-Bidea era ta tajutzera. Lenbiziko tajueran, egonaldi auen egite-modua onakoxea zan: Pilatos'en jauregitzat artzen zuten eleiza batetik irten eta Kalbariotzat zeukaten beste eleizatxo edo gurutze batera arte, Jesuskristo'k eraman zuan bidea berbera gogoratzea ta egitea zan. Laister xamar eta luzaro gabe, erori ta ibillaldi batzuek ere sartu ziran tartean. Aukeratze, eratze ta egonaldi batetik besterañoko tarteak jartze, t.a. askotarikoak ziran ordea. Aipatuena Pedro Sterchx'ek, Lurralde Santuetatik etorri ondoren, Lovaina'n, 1505'garrenean, eraikiazi zuana, noski. Auxek ziran Strechx'ek jasotako estazioak:

        1 g. Jesus kondenatua,

        2 g. Lenbiziko eroria

        3 g. Kirineo

        4 g. Beronika

        5 g. Bigarren eroria

        6 g. Jerusalen'go alabak

        7 g. Irugarren eroria

        8 g. Jesus billustua

        9 g. Kalbario'ko elizatxoa

        Ordutik gerora, eragipen aundia izan zuten Lovaina'ko egonaldi auek, oraingo 14 egonaldien aukera ta tankera beraiei zor baitzaie.

        Erori, ibillaldi ta egonaldienganako eraspena ez da gauza bat beraren atzbegi batzuek besterik: Jesus'ek Pasio-garaian eta gurutzepean jasan bear izan zitunen atzbegi batzuk. Orain ba-dauzkagu gaurko Gurutze-Bidearen gai berezienak. Gauzak pixkaka-pixkaka aldatuz, berez etorriko da orain 14 egonaldiko Gurutze-Bidea.

        Nekaldi osoa «Via captivitatis»-en edo Jesus atsi zutenetik kondenatu zuteneraño, eta «via crucis»-en, Pilatos'enetik Kalbario'raño, banatu ondoren, astiro-astiro, eta ezarian-ezarian, kristauak gurutzeagan josten dituzte beren begiak.

 

 

14 egonaldiko Gurutze-Bidea

 

        «Gogozko erromesaldiak».— Erromesen edespenak, Lur Santuetako eleizak beste toki batzuetan ere jasotzeak, Pasioan gertatuai arri landuan-edo bizi-itxura emateak, eta abarrek, kristauai Toki Santu aiek ikustatzeko gogo bizi beroa sortzen zieten. Baño danak ezin, ordea, arako osterea egin. Utsune ori betetzeko «Gogo-Peregrinazioak» asmatu ziran. «Gogo Peregrinazio» auek auxe ziran: Kristo gurutzez zamatuari gogoz jarraitzea, bere neke naigabeak ausnartuz eta kupituz. Egintza au XV'garren gizaldian barreiatu zan asko ta asko, eta Nekaldi-gogarteak errikoitzeko asko lagundu zuan. Ezagutzen dan lenengo «gogo erromesaldia» XV'g. gizaldiaren lenengo zatira jotzen du. Saint-Trond'ko esku-idazti baten gordetzen da ta Prantziskotar bat du egille.

 

        Paska.— Juan van Paska (+ 1532) flamenko karmeldarraren lanak, gure oraingo «Gurutze-Bidearen» antz-irudi aundia du. 1566'garrenean prantze-erara aldatuko bere «La Pérégrination spirituelle»-ek, 365 egun artzen ditu, ta egun bakoitzari Lurralde Santuetatik egindako ibillaldiaren zati bat, bere gogoraziño ta guzti, dagokio.

        Beste askok bezela, Paska'k ere bai, ezagutzen zuan Gurutze-Bide bitarikoa. Berak zionez, Gurutze-Bide laburra zan egiazkoa, 206'garren egunian, Pilatos'eneko auzi-gogartea eginda gero, onako au dio Paska'k: «Emen asten da Kalbario Mendirañoko egiazko Gurutze-Bidea».

        Paska-ren Gurutze-Bideak, zearka ba'da ere, gure amalau egonaldiak dauzka. Egia esan, lenbiziko bi eroriak egonaldi bat bakarra egiten dute, egonaldien numeroa ere aundiagoa da, asi-unea ere desbardiña; guzti au egia. Baña Paska'k, edo lan orren egille danak, benetako Gurutze-Bidea Pilatos'enean asten dala esanaz, gerora garalle geratuko zan aldakuntza oar-arazi ta indar eman zion. Orregatik, bada, Paska'ren «Pérégrination spirituelle» lana «problema danaren giltza» dala, esan genezake Teetaert'ek bezela. Paska'k egonaldi bakoitza argi ta duda gabe berezitzen du bestiengandik, eta bere izenez deitu ere.

        «Iñork gaurko eraspenari tankera ematearen aintza ta ospea eskatu al ba'leza, iñor ori, dio Teetaert'ek, Lovaina'ko Juan Paska Karmeldarra litzake, ezpai gabe.»

 

        Adrikomio.— Paska'k Gurutze-Bide-gai guztiak batu ba' zituan ere, geien-geien zabaldu zituana, ordea, Holanda'ko Kristian Kruys, edo Adrikomio dalakoa. Adrikomio'k ere, bere «Jerusalen sicut Christi tempore floruit» idaztian, «via captivitatis», eta «via crucis» berezitzen ditu. 12 egonaldi kontatzen ditu Adrikomio'k, eta oargarri dana, iru erori, bakoitzari egonaldi bat dagokiola, kontatzen ditu. Bere amabi egonaldiak, gaurkoaren lenengo amabiak dira, izan ere. Gurutzetik erantzi ta lurra ematea, azkenengo biak falta dira bakarrik.

 

        14 garren egonaldia.— XVII'g. gizaldian flamenkotarrak beste egonaldi bat geitu zuten: 14'garrena. Ezin izan det Gurutze-Bideari 14'g. egonaldi au iratxiki zionaren izena billatu.

        Beraz, egonaldi guztiak dauzkagu, 13'garrena izan ezik. Bat bakarrik falta zaigu.

 

        Azken-tankera.— Adrikomio'ren Gurutze-Bidea, gurearen antz-antzekoa bai, baño beste luzearen zati bat baizik etzan, «via captivitatis», eta «via crucis» luzearen zati bat. Azkenengo tankera Españi'tik datorkio. XVII'g. mendean Españi'n saitu zuten Prantziskotarrai zor zaiela, dirudi. Paska'ren bezelako «Gurutze-Bidea» Españi'n ezaguna zala, esaten du A. Salvador Vitale'k O.F.M. (Directorio della viacrucis, Florencia 1628). Españia Paises Bajos'en nagusi zan garaian, andik ekarritako tankera da au.

        XVII 'garren mende lenen-lenengotik, ezpada, lenengo erditik asi ta zabaldu zan Españia'n, 14 egonaldiko Gurutze-Bide au. Oidukoaren eta gaurkoaren egonaldiak berdin-berdiñak dira, gauza bat bedera bait dira. Oraindik beste erri askotan bezelaxe, Españi'n ere 12 egonaldiko Gurutze-Bideak ba-ziran, eta 14 egonaldikoak baño ere ugariagoak, noski.

        Onezaz Engelberto Pauek'ek O.F.M. diona aipagarri deritzait. Ona Pauek'ek 1720'garrenian argitaratuko lan batean diona: «Plures autores de doloroso hoc itinere scripserent... numerando in toto hoc itinere duodecim stationes quamvis quidarn pro majori devotione quatuordecim ponant, adjungentes duo illa mysteria depositionis nimirum SS. eius corporis post mortem de cruce ac sepulturae.»

        Españi'tik Gurutze-Bide au Itali'ra ta andik Cerdeña're aldatu zan.

        Gaurko 14 egonaldiko Gurutze-Bidearen zabaltzallerik aundienetako bat Portu-Maurizio'ko Leonardo Donea. Leonardo'k etzuan mixiorik eman, bukatzerako Gurutze-Bide bat eraikiko etzuanik. 572 dira berak eraikitako Gurutze-Bideak.

 

        Itz gutxitan, dan batera joaz.— Lenbiziko gure Gurutze-Bidearen aztarnak Sain-Tro'ko esku-idaztian agertzen dira: eskaidazti ortako bederatzi egonaldiak, era berean, gure lenengo 9 egonaldiai dagozkie. Bethlen'ek Gurutze-Bide ori osotu egin zuan eta bere egonaldiak l2'ra jaso.

        Paska'k falta diran egonaldi oien gaiak bildu zituan, zearka ba'da ere berau da gure 14 egonalrliak lenen aipatzen dituana, ta bera dala esan genezake, ta birlez esan ere, Gurutze-Bide onen egille.

        Adrikomio iru eroriak iru egonaldi bezela jotzen ditun lenengoa da, ta berak ekin zion beste iñork baño geiago Gurutze-Bide-era berri au zabaltzen eta zabaltzen.

        XVII'garren lenengo erdi-gizaldian agertzen da 14'g. egonaldia flamenkotarren artean, eta zerbait geroxeago, 13'garrena España'n.

        Eginda dago Gurutze-Bidea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.