L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957 gko. Epaila-Iorraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Iru loreak

 

Ameslari

 

Udaberriko eguzki eder bat aranako urrutiraiño edatzen diran mendien atzetik, irten da. Gau-malkoek belardieri oparitzat eman dizkien intz-tantotxuak, zorionezko ñir-ñir ederraz, dardar egiten dute

        Zugaitzetan, gero argi ta margoen egarriz zabalduko diran leenengo zilar-orlegizko kima samurrak, agertu dira. Txoriek pozez zoraturik, etengabe abesten dute, argiko laburtasunaren bildur bai'liran eta onekin beren bizitzarako yorana amaituko ba'litzaio bezela. Larratxoriak goruntz-goruntz, ikuseziña izateraiño egan egin du mokoaz eguzkiaren printzak edan naiean, baiñan bere asmoak ezin bete dezakenez, bere txio sarkorrek aizea zearkatzen dute ortze urdiñean aienatu arte.

        Arkakaratsa pozez dardarka dago, gaur goizean bere erpiñean lore-atalak poliki zabalduaz, lore eder-eder bat sortu zaiolako. Ez dago ibar-zelai guztian aiñako larrosa joria. Eguzkiaren izpiak edertasun ori ikustean, ez dute begirik larrosa maitagarria ikusteko baiño ta lore-atalak laztantzen dituztenean, lorearekin betiko gelditu nai lukete, ain da zoragarria. Bere lore-atalak samur-samurrak dira; batzutan gorriak, odeiak alakoak eguzkia itxas-uartzetik aienatzen danean; bestetan su ta odolezkoak dirudite gero gorrimiñan biurtzeko; beren litsak beti aldakor beti ederrak, geroago ta zoragarriagoak. Atal bakoitzean, gau-musuak intz-tantotxu bat bitxi baizen dizdiratsua ezarri du. Bata zuria, arratza bai'litzan, bestea urdiña, ortzea antzo, irugarrena mendietako belardiak baizen orlegia, ta ba-da beste bat urrearekin berdindu ditekena. Lore-erdian, eguzkiaren izpiek zuzko txinpartak erauzten dirudite an sortu dan leka orlegi-argitsu bateri. Eder-ederra da benetan larrosak lurrintzen duen atsona, ta tximeletak bere ondotik igarotzean, unetxu batez egoak dardarrez gelditzen dira, lilluraturik edateko amets arazten dien usain gozoa. Larrosa'k Tximeleten maitasuna oartzean, samurki murmurke datorren itxas-aizeari dei egiten du. ta orduan bere azubil txairo-gaiñean, pozez ler egiteko zorian kulunka ta dantza egiten du urrundik etorritako itxas-aizeak agintzen dion eresneurriri jarraiki. Intz-tantoek, leen baiño dizdir ederragoak erakusten dituzte, atsona sarkorragoa da ta tximeletak lilluraturik, lorearen dantza politari darraikiote.

        Arkakarats-ondoan, leengo egunean yaio da krabeliñ gorri mardul bat kementsu ta emankorra, orain betetasun osoan zabalik. Ontzi orlegi sakon batetik antzo, osto gorri zenbatu eziñezkoak, toles lerdenez beterik goruntz zabaltzen dira erpiñean txairoki amaitzeko. Krabeliñaren ostoak yori azi diranez, inguratzen zaien ontzi muskerra, zorionez ler egindako bezela ideki da. Bere lurriña samurra, gozoa, goruntz yeikitzen da, gaiñean dagon Larrosa'ri besarkatu naiean.

        Krabeliña, Larrosa'tzaz zoroki maitemindu da udaberriko goiz eder ontan. Lenengo aldiz ikusi duenean, lorearen edertasunaz lilluraturik, bere baitan gartsu sortu da maitasuna, irazeki esigaitz batean. Orain ez du beste elbururik lorearentzat bizi baiño; beetik yoranez begiratzen duela, berarentzat bakarrik arnastzen du ta Larrosa'ganaiño urbildu ez datzakiokenez, bere atsonik ederrenaz maitekiro inguratzen du. Baiñan Larrosa bere berdingabeko edertasunaz arroturik, ez du bere maitemindu sutsuari begiraldi bat ere yaulkitzen, eta Krabeliña'k maitasun egarriz jabeturik, irrikan asperenka, lore-atalok areago zabaltzen ditu atson gozoago ere bialtzen diolarik, baiñan Larrosa itxas-aizeak kulunkaturik eta tximeletek inguraturiko, bere dantza politari darraikio, axolik egin gabe emaitza samurrari.

        Arestian, gau-aizeak emeki besarkaturik zeraman bioleta-azitxu bat, urrun dagon baso yori batera areitz tantai baten pean laztanki obiratzeko, beti-beti entzun al dezan bere egoitza an duen urretxindor baten abots zoragarria. Bioleta-azitxua gozoro lo-itzarrik ziola, Krabeliñ ondoan igarotzean, bere lurrin maitagarriak esnarazi zuen eta begiak idekitzean, ain eder ageri zitzaiona illargiaren izpi-pean ikusirik, gau-aizeari yoranez nausiturik esan zion

        — Utzi nazazu Krabeliñ orren ondoan. Bizi nai izango nuke bere zoriona egiteko.

        — Ez ene loretxua —suzmurka zesaion pau-aizeak— zuretzat aukeratu dut aranako tokirik ederrena. An oianan zuretzat duzu zugaitz mardul eta zaar bat oroldio biguiñez inguraturik. Ur gardenetako errekatxu batek abestuko dizu gau orotan eta goizabarretan, urretxindorraren txio maitagarriek esnatuko zaituzte.

        Baiñan Bioletatxuak asperenari eman zion eta onela ikustean, gau-aizeak Krabeliñ-ondoan erori utzi zion, gauean aienaturik. Era ontan, lore apal, maitagarri bat, yaio zan, beren besoz ondoan yeikitzen dan Krabeliñ txairoa, izukor besarkatu naiean. Aundi-aundi danez Bioleta gaixoak berarekiko duen maitasuna, bere ostoek biotz baten irudia artu dute, bere zama nekez daraman azubil musker-zurail bateri cutsirik. Osto-artean txit ezkutaturik, loretxu ikusgarri bat datza ta biotz-ostoek norbaitek igarotzean ostu ez dezakien, beren altxorra gau-egunez osto-estalkiaz eskutatzen dute. Ez da iñork gordetako lorea ikusi dezan, baiñan guztiek ondoratzean, bere usain gozoa arnastzen dute, ta lorerik ez ikustean, alde guztietara so egiten dute yakin naiez zein dan ain ederki lurrintzen duena, baiñan Bioleta'k ez du ikusia izan nai. Beren ostoeri eskatu die Krabeliñ ikustea utzi dezakioten eta ostoak pixkan bat aldendu dira ta lau biotzen artean moldatu dan zulotxutik, goruntz lilluraturik begiratzen du. Ezer esan gabe, yarraiki so egiten du, maitasun garbi ta ixiltxuaz leunki asperen egiten duen bitartean.

 

 

II

 

        Erlea, eguzki-printzek eta aranan yeikitzen diran lurriñek goiz argitsu ontan zoraturik, basoan bere lagun zenbaitekin duen etxoltxutik irten da. Abiatu baiño leen, bere egoitza-gaiñean (igaz oianan idorotako areitz-enbor lurrera erorita dana) aurpegiñoa ta begiak oraindik logale, erdizka zabalik dituen, ankaz bizkorki igortzen ditu, egoak luzatu, ta tximista baizen azkar, aidean barrentzen da auzen-zuzen. Bidetik, pozkiro burrunbaka dioa ta bere alaitasuna goiz argitsu ontan etengabe abestzen du. Erlea'k loreak biziro maite ditu, ez dago iñork bera baiño obeagorik esagutu ditzaken; maitekiro laztantzen ditu, gozoki mintzatzen zaie, ta loreek eskarronez ezti-gaia gozoa, pozik damaiote.

        Erlea yadanik basotik urrun dago; belardi bat zearkatzen du, gero leiarrezko lats bat eta apur bat aruntzago lurrera beeratuaz poliki jartzen da Bioleta ezkutatuaren gaiñean. Erlea'k bakarrik esagutzen du lore xaloaren ezkutunea, bere begi sarkorreri ez bait-da ezerk iges egin dezakenik. Bere maitasun-ixilpea, beren oldozkun ederrak baiñan ixillak eta izukorrak, esagutzen ditu ere. Erlea'ren lenengo ikustaldia beti izaten da Bioleta apalarentzat danen artean maitagarriena. Bioleta'k, Erlea'ren txerak oartzean, oparo ematen dio onek atsegiñez edaten duen eztigaia.

        — Ene Bioleta maitea —esaten dio Erlea'k bukatzean— aspalditik esagutzen ditut zure gogo yorantsuak, eta iñork ere ez ba'daki zure biotz-ondoko altxorrak ederresten, zu zera lorerik maitagarriena. Ezin dut luzaroagorik eraman zu onela ikustea. Esaiezu zure biotz-ostoeri geiago zabaltzea, ni yoango naiz zelai-zear guztieri adiarazten zure edertasuna ta Oduan etorriak zu ikusi zaituenean, zoraturik geratuko dira. Orain Krabeliñ'gana joan egin bear dut, eta esango diot besteeri baiño leenago.

        — Ez Erle —dasaio Bioleta'k larri ta lotsati— ori egiten baldin ba'duzu naigabez ilgo naiz. Utzi zazu ni baiño ederragoa dan Larrosa'ri maite dezan. Aski dut berari begiratuaz, urbil egoteaz, zoriontsu dana jakiteaz. Zerbait esaten ba'diozu, naigabez ilgo naiz eta biar goizean ni ikustera zatozenean ez nauzu emen aurkituko, gau-aizeak oianara betiko lo egitera eramango bait-nau.

        — Ongi dago Bioleta —yardesten dio Erlea'k— ez dut ezer esango, baiñan ezin dut jasan zu onela ikustea.

        Orduan Erlea'k Krabeliñ'gana egan egin zuen, bere eztigaia ar zezakion ta amaitzean ongi zekusan bere adiskidea itun zegoela baiñan ez zion ezer galdetu nai, zergaitia ba-zekielako.

        — Aizu Erle, Larrosa'ganaiño yoan nai izango al zera nere maitasuna adiarazteko? Esaiozu zein aundia dan nere biotzeko irrikia, nola gau-egunez asperenka naukan, zein ederra dan eta zein zori gaiztokoa naizen bere maitasunik gabe. Esaiozu bein bederik begiratu dakidan...

        Esan bezela, Erlea Larrosa'gana urbildu zan eta onek bere eztigaia billa zetorrela ustez, eta bere edertasun dizdiratsua ondatu zalakoan, lore-atalak itxi zituen bere urrezko lekan yarri ez lekioken.

        Erlea inguratu zitzaion eta leunki burrunbaka, Krabeliñ'aren maitasuna adiarazi zion, baiñan Larrosa arroak ez zion ezer erantzun nai.

        Itzuli zan Erle Krabeliñ'gana zer gertatu zan esatera, ta onek aren berriak entzunik, uste zuen berak esango ba'lio, Larrosa'k bere maitasunari jaramon egingo liokela.

        Eguzkia indartsu ta garai dager ortzean, eta Krabeliñ arrenka eskatzen dio bero ta indar geiago eman ditzakion. Orduan eguzkiak eskuzabal izpirik gartsuenak bialtzen dizkio Krabeliñ'ek edan ditzan eta onela goruntz igotzen da maiteaganuntz urbiltzen. Baiñan ala ta guztiz ere ez da naikoa ta berriz ere eskatzen dio bero geiago ta ostera eguzki emankorrak izpirik sutsuenak bialtzen dizkio, baiñan... orain ez dira leen baizen bizkorrak, urrutian bere begira dagoen itxaso laztangarria besarkatu nai bait-du. Larrosa'gandik ez dago urrun onezkero baiñan eguzkiaren izpi epel-otzek ez dezakete eman berak bear duen gorako indarra. Bioleta'k biotz-ostoen artetik bere naigabea ikusten du ta orduan, bere zorna, bere odola, gaixoak min aundia izan arren ematen dizkio pozez beterik, ain txairo ta lerden aunditzen dala ikusirik.

        Era ontan Krabeliñ Larrosa'ganaiño eldu da. Bai dala lore ederra!... Yoranez zirarraturik, bere maitasuna adiarazten dio iñular ederrean eta samurtasunez yabeturik laztandu nai dio, baiñan Larrosa'k arroturik, anker, arantza bat mamian sartzen dio au esan diolarik

        — Nor zera zu gizajoa, Krabeliñ arlote ori niganaiño etortzeko? Udaberriko egun eder au neretzat egiña izan da. Eguzkia neretzat ñir-ñir egiten du. Txoriek nere edertasunaz zoraturik abestzen dute, loreak zabaltzen dira ni ikustearren, itxasaize ilbiltariak ni dantzatu nadin putz-dagi, tximeletak nere mirabeak dira. Nola ausartzen zera lore parregarri ori, nere maitasuna eskatzen?

        Mindurik, Krabeliñ'ek alde egiten du; azubil lerdena buruaren azta eutsi eziñik makurtzen zaio lore-atalak lurra yotzeraiño. Bioleta'k itun-itun begiratzen du ta bere lurriñik ederrena bialtzen dio. Intz-tanto dardartsu batek, eguzkiaren azken izpiak margo ederretan antzikurtzen ditu, ta lore apala ematen dizkio, baiñan Krabeliñ'ek maitale samurraren emaitza ikustzeke darrai.

        Eguzkia eskutatu da uartzean. Aunditzen ari diran odei gorrail batzuk itxasotik irtenak dira. Gaua bereala dator.

 

 

III

 

        Larrosa'k, gauak bere edertasuna zimurtu dezakioken bildurrez, lore-atalak bildu ditu ta onela bere lurriña gordetzen du biaramunean egun ederragoa ta bere edertasuna yaukalagoa ere izango diralakoan.

        Krabeliñ, burua zintzilika lurra ikutzeraiño, oldozkun itunetan murgildurik datza. Illuntasunaz inguraturik, bere maitasun-egarria arintzen duen atson zoragarri bat oartzen du, ta bere mamian baiñan batez ere biotzean arantzak egindako zauriak poliki-poliki sendatzen zaizkio. Orduan Bioleta'k lurriñik maitagarriena barreiatzen du Krabeliñ'aren inguruan, lo gozo batean amets arazteraiño. Illargia, elur maluta aundi baten antzera, dizdiratsu dagerkie beren izpiz Bioleta laztanaren billa dabillela, loretxuaren altxor ixilpea bait-dasau ta aunitz-aunitz maite du. Bere izpiak biotz antzo ostoen artean iragazirik, lore kutunaren iru malko diran iru bitxi ikusten dira. Bat urdin-zurail samur-samurra goiz-abarretan ortzea ikusten oi dan bezela, maitasun garbiaz egindakoa. Bestea odol-tanto baizen gorria da, opa emankor eta gartsua antzo. Irugarrena zuri utsa, diamantezkoa bai'litzan diz-dir joriaz ñir-ñirka, bere biotzaren ontasuna erakutsi naiean.

        Gau aizeak, asieran leunki txistuka dabil, goizeko itxas-aizeño bezela. Gero indartsuago lotan ari dan aranako pakeak izututako bai'litzan eta bere ixiltasuna aienatu nai bai'luen txistuen eresiaz, baiñan arana lotan darrai izarrek urrumatutako ta illargiak bere loa zaintzen duen argitutako. Aizeak geroago ta suminduago putz egiten du. Zergaitik ote? Kardantxillo berritsu batek yakinarazten du lotan asi baiño leen, aizeak illargia iñartzi diola bera baiño ederragoa dalako.

        Ortzadar ñabar batek illargia inguratzen du ta onela ikustean, aizeak uluka asten da odeieri aginduaz aren musu zuria estali dezaten. Illargia aienatu da ta airea bareturik dirudi baiñan odei-soil baten artean, leen baiño ederragoa ortzadarrak inguratutako illargiaren aurpegi zurailla berriz ere agertzen da. Aizearen aserraldia izugarria da orduan; odei-talde illun-illunak igortzen ditu ua estaldu asmoz eta atzetik dabilkie joka, orruka, arindu ditezen... baiñan odeiek miñ eta bildurrez negar egiten asten dira, eta beren malkoz zelaiak urtatzen dituzte, lurrean idoiak moldatuaz. Illargia ostera agertzen da ta idoiek bareturik, aren aurpegia bost, amaika aldiz antzikurtzen dute. Berriz ere aurpegi gorrotagarria ikustean, aizearen aserre gorria ler egiten du. Zugaitzen adarburu naroak astintzen ditu leengo lo gozoa ametxar jasangaitz batean biurtu naiean; belarra muskerberria zapaltzen du bere adats lerdena lurretik erauzi nai bai'luen; elar eta sasiak beso zimelak luzaturik, aize zoroa madarikatzen dute uluen artean; txori gaixoak izuz arriturik, enborretan iltzatzen dituzte orkatz zorrotzak, aize-zurrunbilloen artean bere aiene ta asperenak itotzen diralarik. Aize zoroak dana ondatu nai du.

        Arkakaratsaganaiño eldu da ta errugabe jotzen du, bere apentza asetu naiean... illargia iritxi-eziñezkoa bait-da. Arkakarats arroa lurreraiño makur, soiña tolestzen du, baiñan ez da aski... aizeak itsuturik, iñarrosten du ta Larrosa ederrak lore-atal gorri bat galtzen du... ta gero beste bat. Arkakaratsa, negartsu aieneka dabil, baiñan aizeak ez dio axolik egiten; beren negar-zotiñak gauean galtzen dira. Bana-banaka, Larrosa'k lore-atal oro galtzen ditu; azkenean ez zaio gelditzen bere lore-leka baizik eta au ere aizearen izugarrizko zoroaldi batean erauzirik, illuntasunean aizearen da. Arkakakarats bakar-bakarrik geratzen da, ta osto zimel batzuk etsiak, ez beteerik adarretan itsasirik, negar egiten dute Larrosa'ren edertasun galduagaitik.

        Airearen aserre biziak ez du parkatu ere Krabeliñ sutsuari. Bere azubil lerdena erditik ausi du, lore joria lurreraiño erori da, ta zurrunbillo anker artean narraska eramateko zorian zegoelarik, illuntasun artean Bioleta xaloa agertu da ta samurrez beterik, bere biotz-ostoen artean eskutatu du iñork ostu ez dezakion. Gozoki datza Krabeliñ lore maitagarriaren ondoan, berari etengabe begira, lurrin zoragarri batez inguraturik. Bioleta laztana, zorionez asperen egiten du; aize zoroaren erasoaldien aurka bere maitea babestzen du, maitasuna gorrotoa baiño indartsuagoa bait-da.

        Odei-soil baten artean illargiaren aurpegi garbia agertzen da, ta maiteminduak ikustean, zillarrezko musu bat bialtzen die ta gero pozik itzaltzen da.

 

AMAIA.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.