L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957 gko. Epaila-Iorraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Aurtzaroko oroipenak

Nere Jaioterria (Lasarte) orain 50 urte

 

Garmendia'tar Jon («Zeleta»)

 

Lasarte! Guziok jakingo dezuten bezela, Oria Mendi, Buruntza Mendi, Ardatza Mendi eta Mendi Zorrotz deritzaien goialde ospetsuak gorde eta Oria ibai zabalak garbitzen duan Ernani eta Urnieta'ri dagokion auzo-uritxoa-da, nere iaioterri kutuna: LASARTE.

        Goiko-Kale eta Beko-Kale izenez erdibitua da; goi-aldea, Urnieta'ri eta be-aldea Ernani'ri dagozkiolarik.

        Kale-inguruan eta ezker-eskubietako goi-aldetan, ainbat baserri eder ditu, ta aitatuko ditugun abetxek aipagarrienak «Mirakanpos», «Zatarain», «Etxeberri», «Txarte-Enea», «Baxaundi», «Zubillaga», «Buena Vista», «Argiaga», «Lartxabaleta», «Eskizabal», «Larrakoetxe», «Saltzate», «Goikoetxe», «Mitxelena», «Zabaleta», «Solla-Enea», «Pepe-Enea», «Etxetxo», «Goiegi», «Teresategi», «Zabalo-Enea», Astiazaran», «Palazio», «Pintore-Enea», «Atzokabar Zar», «Atzokabar Berri», «Beko Errota», «Txoko», «Antzua-Enea», «Loidi», «Makatza-Enea», «Olatxo», «Tximistarreta», «Ubistin», «Torre», «Telleri», «Artutxa, «Sasoeta Aundi» eta «Sasoeta Txiki».

        Uri-ertz batetik Oria ibai zabala igarotzen da, aldamenetik «Zumau» eta «Intxausti» belardi ikusgarriak ditualarik; eta barren-aldetik «Ganbo» eta «Antzua-Enea» deritzaien erreka makalak osatzen dute, egoki, aipaturiko uritxoa.

        Uri bezela, bai zabaleraz, eta berdin biztanlez, gauza gutxi zan aldi artan, gure Lasarte; baña Aundia, izan zitun seme ta errikide ospegarriengatik; langille, korrikalari, txirringulari (ciclista) ta ertilari azkarrengatik; ola (fabrica) aundi ta entzutetsuengatik; dema-bei bikañetakoengatik; Sagardotegi onenetaikoengatik, bola-toki ikusgarriengatik eta bere Eliza eder eta edestitsuagatik. (Irakur gai-onetzaz Lekuona jaunak disdiratsu idatzi ta argilalduriko «La Iglesia de la Parroquia de San Pedro de Lasarte» deritzaion liburuxka irakurgarria, guztia jakingarria-da'ta).

        Esan degun bezela, Ospe aundiko uritxoa zan, garai artan Lasarte, orain ditun apustu-leku «Hipodromo» ta jolasleku «Golf» deritzaienak etzituan arren, eta nik, ura ezagutzen, eta arekin oroitzen... ez oraingoarekin. Erri-itxuraz, ez oituraz, ez biztanlez eta ez industriz, ezpaitu lengoaren antzik!

        Beraz, ni, gaurkoar, litro-sagardorik onena amabost xentimoan erosten gendun garaiko Lasarte zar arretzaz jardungo nazute, ez lau-pesetan nolabaiteko litro-sagardoa ematen duten gaurko Lazarte'az. Eta goazen arira.

        Oso gazterik —bederatzi urtedun— aldendu nintzan, bizibidezko arazoak bearturik, nere jaitorrerri maitetik, eta 35 urte geroago ostera lenbizikoz bertaratu nitzan egunean, Goiko-Kale' tik asita, atzera-aurrera, ibili ta ibili begiratuz Beko-Kale'rañoko luzera guzia igarotzean, miñez, biotza, oñetaraño jetxi zitzaida. Aurtzaroan ezagutu ta maite izan suan jaioterriari lengo tankerarik ez artze ark, erri-miñezko oldozpen biotz ukigarri abetan kikildu bai ninduan

        «Lasarte! Lasarte! —nion nere baitan. Nun dituzu «Antzua'Enea»'tik asita «Sasoeta Aundi» bitartean zenitun gure gordeleku izan ziran zugaitz aundi eder aiek? Nun dituzu, «Torre», «Alsobakar Berri», «Atsobakar Zar», «SaasoetaTxiki», «Teresategi», «Goiegi», «Artutxa» ta «Telleri» aldeetan zenitun arrigarrizko sagasti aberats aiek? Nun, Barrenkaletik asita, «Txikierdi»-ra bitartean, ezker-eskubi zenitun edertasunez jantzitako zelai-zabal ikusgarri aiek? Nun, «Ganbo» erreka barrenean zendun ur-bikañezko iturri emankorra? Nun, «Ubistin»-go Sagardotegi otsaundi eta bertako bola-toki zoragarria? Nun Lizarriturri eta Rezola'en «Koko» ola aundia? Nun, Etxeberria eta Urreta'ren buztiñarri ola ospetsua? Nun, Ugalde'ren atxurrdin (marmeleri) arrigarria? Nun, Arrieta'ren botz-ola entsutetsua? Nun, Brijida lekaime edo monja'en Lekaimetxe-aurreko Lorategi begiragarria?»

        Bañan, a! Nere-baitako galdera oldozkor guzi aiek, aizeak itorik, erantzupenik gabe gelditu ziran... Igaroak, joanak, ezpaitu itzulpenik!

 

 

ZIMITOIUA (PORTIKUA)

 

        Uri guzik dituzte, noski, oroipen aundiko tokiren batzuk, eta Lasarte'k ere ba'du berea: ELIZAKO ZIMITOIUA.

        Ai, bere orma edo pareta zarrak itz egin aal'baleie!... Zenbat eta zenbat gertakun biotz-ukigarri edestuko ezlueke! Lasarte'arrak txikitan Eliza'ko Zimitoioa zuten, gure aurtzaroan, bigarren jaitetxe. Etxetik eta Ikastola'tik azke giñan ordu guzitan, antxe izaten bai'giñan! Cure izate ta gogapen guzik antxe izaten bai'zuten gozapenik atsegiñena

        Gure gurasoak bertako ate aundian lendabizi Kristau eginik Eliz-barruan sartuko ginduezen, ondoren uguts edo bataio santua artzeko; eta ordutik aurrera, zenbat ibildeun edo prozeziotan ibiliak ote-gera bere ate-zar-aundi batetik-bestera...?

        Gogoan degu oraindik, nola, Illa'ren irugarren igandean, Jauna agirian zala, kedatz edo insensudun «Minerva»-ko meza-nagusiaren ondoren ibili oigiñan, gizon-talde bat kandela piztuekin aurretik genitula, «Pange lingua» deritzan abesti zerukoia gozoro abestuaz, baita agurtza edo bespera batzuen ondorengo prozesioetan «Kirie eleison» arrentzak eta «Ave, maris stella» gogotsu kantatuz arrats-elizkizunak nola bukatzen ziran ere. Eta jai-aundietan, meza-nagusi aurretik ospatu oi-ziran ibildeunekin, nola ez oroitu?

        Eta Zimitoio artan bertan, zenbat ildako gurputzei —Eliza'k, beretzat, endakiz guziak berdiñak izanik —ildegira eraman aurretik azken-agurra egin izan zien «In paradisun conducani Angeli...» maitetasunezko abesti biguñaren bidez.

        Eliz-mixioak ere, ots aundikoak izan oi-ziran, gure aurtzaroan Lasarte'n ospatu izaten ziranak; bada uriko biztanle guzietzaz gainera, auzo-urietatik ere, eta batez ere Oria, Zubieta, Usurbil'dik, gizon eta emakumezko talde aundiak etortzen ziran, eta gogoan degu bizardun praille kaputxinoak buruzagi genitula, nola, batzutan Oria aldera, eta besteetan Usurbil aldera irtetzen giñan, uri aietako erromesei ongi-etorria egitera bakoizak geron zeru-ikurrintxoa makillan puntan genula, ta nola, Elizara guzien aurretik biurtzen ginan, gogotsu ta gozoro abestuaz egundo aztuko etzaizkigun abesti atsegin abek

 

                «Kristo'renak, Kristorenak gera;

                Kristo'renak betiko izango gera;

                Kristo'renak ziraden, gure gurasoak,

                baita ere Euskaldun ben-benetakoak.»

 

                «Birau txarrikan etzan,

                ez, Euskal-Errian,

                itz egiten zanean

                Euskera garbian.»

 

                «Kristo'renak, Kristo'renak gera...»

 

        Eta orrela kantatuz, Elizan sartzen ginan... Ura bai izaten zala egiazko sinismen-azalpena! Ai, biurtu al-ba'gindezke aldi zoriontsu artara!

        Aurtzaroko jolasketari-buruz, ostera, zenbat oroipen aztueziñeko une ontan datorkidan gogora!

        Gure aurtzaroko jolasketak «arrapaketak», «gordeketak», «kuxkuluketak» eta «korroko kantaketak» izan oi-ziran, geienik. Esaterako, «korroko kantak» onelakoak izaten ziran:

 

                «Arringula, pirringula, zirtzilin,

                kandela koskua txirripixtin;

                brinabin, San Joaquin

                paratxo ta aamatxo, txikita, prin!»

 

        Eta ume-abesti alai au, zozkeraz abestu ondorean, «arrapaketan» asten ginan, soñekoak urratzeraño. Gure ama gaxoak, zartateko ederrak eman arren, lanik asko izaten zuten gure zarpa-zarrak konpontzen. Baña, jipoi ederrak artu arren, gu, beti «gurera», auntza larrera bezela, Zimitoio'ra! eta an... korroan biraka, kanta berriz ere:

 

                «Barriola, barriola, prist:

                «sagarra, manzana;

                «ikatza, karbon;

                «mujer, andria...

                «Hombre, gizon...!»

 

Urrengo beste au abestuko gendun:

 

                «A la kinkiñera,

                «a la samurrera,

                «gira ari beste aldera

                «Patxiku aldatutzera!»

 

        Ondoren, berriz ere «arrapaketa»-ra, korrika, «bule!», alde batetik eta «bule!» bestetik, oiuka. Al gendun lekurik izkutuenetan izkutatu oi-giñan eta korrikaririk bizkorrenak giñanak Eliz-atzeko arripill-ostean edo «Ubistin» baserri-aurreko belar-metaen azpian... itotzeko zorian.

        Ortan genbintzala, euri-jasa aundiak artzen ba'ginduzen, izkutu zuluetarik irten, eta korrika, berriz ere'Zimitoio'ra, indartsu abestuaz bidean

 

                «Ebia, mendia,

                «Astigarraga'ko txerria.

                «Oian azpin zer dago?

                «Aingeru txuri-txuria!»

 

        Ernani'n, garai artan, gizon biurri begi bakar ospetsu bat zan «Etxekalte» deitzen ziena, eta ibiltze-alde sarritan Lasarte'ra, mendiz, Ernani'tik jeisten zana. Gu, mutil-koskorren poza izaten zan, berari urrititik ixeka edo burla egitea. Gutariko batek nabaitu oi-zuanean «Sasueta» basetxe aurretik, bera, Lasarte'ra zetorrela, oska asiko zan, eztarria urratzeraño: «Etxekalte!», «Etxekalte!!», eta ordun, uriko mutil-koskor guzik talde batean bildurik, abestu oi-genion ernaniar gizajoari:

 

                «Etxekalte»-k omen

                «begia bakarra,

                «goizean goiz jeiki-ta

                «patarra naparra.»

 

        Burlazko kantu onen ondorean izaten ziran istilluak. Etxekalte guztiz asarreturik, arrika asiko zitzaigun, eta gu, Zimitoio'ra, ango orma zarren babesean izkutatzera. Garai artan guk egiten genduzen biurrikeriak, ez dira nolanai kontatzekoak.

        Garai artan margo askotako txapelak izaten ziran, eta «txapelketan» asten giñan bakoitzean guretako bat txapel gorriakin ikusi orduko burlazko kantu au abesten genion:

 

                «Ai, ai, ai, mutilla,

                «txapela gorria.

                «Zer dezu izena?

                «Ipurdi gizena.»

 

Eta zenbat esan gaizto erabili izan gendun gure artean: Domingo izena zuanari, «arrautza gorringo» esaten genioen; Martin zuanari, «talua ta sardin»; Joxe'ri, «ederra dek oxe»; Erramun'i, «eltzia bete babarrun», Joakin, «astuaren buruakin» eta orrela, zenbat eta zenbat itz-gaizto

        Oso txikiak giñala, apaiz-etxearen azpian «Kolonia» zeritzaion gozoki ta abar saltzen ziran denda txiki bat zan, eta bertako andra-alarguna maitxo bat etxetik aterata, etxe-aurrian gozokiak saltzen egoten zan igande-arratsaldetan; eta bi-xentimokoakin gozokiak erosi ondoren —ez gajoak alakorik merezi zulako baña...— Zimitoio-ostetik ixekaz abesten genion:

 

                «Enero, febrero, marzo, abril,

                «Kulon»-en astua goseak il!»

 

        Bai ba; «Kolon» gaitz-izenez deitzen zioten bere senar-zanak, asto bat zuen, larreko janariaz bakarrik alikatu izan oizana, eta jorrail batean, elurte aundik belarrak eztali zitualarik, zer janik ezta, goseak il bai'zan...

        Orduko mutil-koskorrak, —oraingoak eztakit nolakoak izango diran—, makurrak giñan, benetan. Garai artan ba'gendun gure kirako lagun gorputz-luxe argal-argal bat, «Joxe» izena zuana, eta aritxe ernegazi ta asarretu-erazi arteko onik ez gendun izaten, onako kantu ixekatsu au abestuz

 

                «Joxe, Moxe, igarra,

                «Antzua'neko bizarra,

                «sopa gutxi jan da...

                «gizon kaxkarra...!»

 

        Jolas-kontuan, gure jostaketarik atsegiñena «Kuxkulluketa» izan oi-zan. Zeñek baño zeñek kuxkullu geiago irabazi izaten zan gure joku nagusia. Ortarako —joku au egiteko, alegia— Zimitoioan txulo bat egiña gendun, lurreko arri batean, eta bost bat metro urrutigotik txirristaka kuxkulua zulo artarutz bota eta zeñek kuxkullurik gein txulo artan sartu: ori zan gure jokua. Ontan, garaillena, Juan Joxe Arrieta zan. Ura izaten zan —gu baño azitxuagoa ere bai'ta...— gure kuxkullu guzikin jabetzen zana. Eta besteok, batere gabe gelditzen giñan bakoitzean, laistera bizian mendira jun oi-giñan, txaraik-txara ta ariztiz-arizti kuxkullu biltzera, berriz ere joku berari ekiteko.

        Kuxkulluk asko maite giñun ordun, baña bai txanponak ere. Lasarte'n etzan garai artan guk nai bezin sarri aurrik jaiotzen; baño jaiotza zan bakoitzean, bataiua noiz eta ze ordutan zan etzitzaigun berialakoan aztuko. Bataio bukaeran txanponak botatzen bai-zituzten —xentimokuak eta bi xentimokuak, e? —eta orduan izaten ziran gurekin istillu ta zalapartak. Aiek arrapatzen, bata-bestean leian, gorputzak eta soñekoak ederki urraturik, jipoi ederra artzera, etxeratu izan oi-giñan, baña askoz obea etzana, aurretik, eskola-maixua-gandik artuta, geienean.

        Konseju-Etxe azpian pelota-toki egokiagua egonagatik, gure griña gaiztoa beti Zimitoioa'n pelotatzea izaten zan. Paret bezela Elizaren ertz bateko ate aundia izaten gendun, baña ate arrimo pelotan egitea galerazia zegonez, Eliza'ko «Segora»-rentzat izaten ziran gure pelota guziak; bai ba, gu pelotan asten giñan guzian Eliza'n ixil-ixilik sartu ta pelotak atia jotzen zuanean «trank!» atea zabaltzen zuan, eta, fit! akabo gure pelota maitea. Eliz-barrura juten bai'zan, eta berantzako. Gero, besterik ezpazan, beste pelota bat erosteko aña bixentimoko sortu arte, «A la kinkiriñera» jolasari craso bear...

        Ortik aurrera, zeñek zenbatu Zimitoio artan guk egiten ginduzen jolas obenge (inocente) eta erdi-obendunak? Leku jostakin abek izaiten bai'dute, beste batzuk ez-duten alako «zerbait», eta orrengatik, aurtzaroan leku erakargarriak izanik, zarzaroan oroigari zaizkigu leku begiko errimintsu abek, batez ere jaioterritik at urte askoan bizituak geranoi; eta iñoiz bertara biurtu izan geranean, antxe ezarri oi-ditugu, katuak xaguan bezela, gure begiok; baña len ain ekargarria, ain kutuna, ain zaratatsua izan zan leku-ukigarria, orain ixil, paketsu ta itun aurkitzen dala ikusteak tamalez (penaz) kuzkurtu oi-ditu gure biotz minberak.

        Gogoratu ta azterkatu ditugun aldi gogoangarri aietatik orainaldirako bitarte luze ortan izan diran oitura-aldakuntza ta ekonomi-aurrerakuntzak sortu duten izaera berri onek ba'dirudi, gu re irudimenean, ziatz bukatu naiduala lengo aldietan ain gogoko ta ain-biotz-ukigarri genitun izakera arau guztiekin.

        Orra, entzule maiteok, garai-berriko izakera-aldaketa ta ekonomi-aurrerakuntzak irazandu digun ondore kupiragarria. Beintzat nolabaite galdu dira illea zuritzeraño iritxi geranoi beñere aztuko eztzaizkigun aurtzaroko esaera jator, kantu goxo, oitura on eta gaitzik gabeko jolas atsegingarriak. Eta gertakun mingarri onek gogorazten digu, une ontan, «Basarri» bersolari azkarrak gaiari-buruz bere bertso-sorta biozkoian kantatzen digun bertso samingarri au:

 

                «Beldurgarrizko aurrerapenak

                «ditugula an da emen,

                «nik pentsatzen det sekula baño

                «atzerago ote gauden.

                «Erruki danak uxatu dira;

                «indartsuena gogorren

                «Gaurko gizonen jakinduria,

                «orra zertara datorren.»

 

 

GURE ELIZA'KO AMA BIRJINA' ERRUKITSUA

 

        Lasarte'ko Eliz-Nagusia'k duanik giza-irudirik (imagen'ik) ederrena ta begiragarriena, Ama Birjiña Errukitsua'rena-da. Bai ote-da Gipuzkoa guzian irudi au bezin ikusgarria danik? Lanak izango ditu aurkitzeak.

        Bere seme jesus besoan duala arkitzen-da, bizirik ba'lego bezela, ta lenengoz ikusi izan dutenak, guztiz arritu dira ain begiragarria dala oarturik. Goitik beeraño, dana zurezko soin-batekoa da, eta oker ezpagaude, amaseigarren gizaldikoa. Ain arrigarria izanik, urte batean Donostia'ko Erakusketa edo Exposizio batera eramana izan zan.

        Lasartearrak antxiñatik eraspen edo debozio aundia izan zioten berari.

        Altare nagusiaren eskubi-aldetik zuan, gure Ama Birjiña Errukitsua'k, bere ondi berezia. Zapi batez eztalia egon oi-zan, berari zegokion elizkizun egun arte, orduan bakarrik izaten zalarik agirian jarria.

        Esan degun bezela, lasartearrak Bera'ntzako zuten guraria, irrikitsuagorik ezindakoa izanik, Eliz-Nagusi'ko Zaindaritzat bezela artu oi-zuten, jatorrezko Zaindaria Pedro Deuna izanagatik.

        Gogoan ditugu —eta egundo eztitugu aztuko— gure Ama Birjiña Errukitsua'ri lasartearrak egiten genizkan Bederatziurren oneraspentsuak. Egun zoragarri aietan sutargi apañekin orniturik ikusgarriro apaindua izaten bai zan bere ondi disdiratsua.

 

 

SAN JOSE

 

        Gau oskarbi batean izar-disdiratsuak Zeruko zapaian beren aunditasun eta edertasuna nabarmendu izan oi-duten antzera, San Jose'k ere bere aunditasun aintzagarria nabarmentzen digu beste santu guzian gaindik. Izate alatsu au egizten digu, ezpairik gabe, edonun Bera'ri zaion oneraspen edo debozioak. Beste toki guztan b-ezela, Lasarte'n ere, oneraspen aundiakin espatu oi ziran bere aintzazko elizkizunak, gure aurtzaroan beintzat. Ortarako, aurrez gertatu bearrik asko ere izaten gendun eta guk nai bezin laister eta errez ez-giñan iristen egun zoragarri artara.

        Aunditasunik ederrean ospatu oi-zan, San Jose'ren Bederatziurrena, urtero, ta elizkizun aitara derrigor jun bearra izaten gendun. Eta bearko jun! gure eskola-maixua aurretik genula; bestela... ai, bestela! urrengo egunean izaten ziran kontuak. Artarako aurrez ederki gertaturik euki oi-zitun gorozti makillekin bapo berotu izan zitun gure buru ta bizkarrak, orduko maixu zan Solabarrieta jaunak.

        Beti Eliza'n sartuta ikusten ziran jakiñeko emakume batzuk, txukun eta egoki asko antolatu ta apaindu oi-zuten Jose Deuna' ren irudia, lore usaitsu ta jantzi-berriz orniturik altare guzia. Beragan gure begiak itzulirik, Zerii-txiki baten aurrian gendela irudi oi-zitzaigun. Izan ere, anbestetarañokoa bai'zan gure begiaurrean altare disdiratsu ark erakusten zuan edertasuna! Eta gu, mutil-koskorrak, noiz baño noiz bukaera iritxiko, irrikatzen egon oi-giñan, Balentin Galardi zanaren abestaldeak, berak organoaz lagundurik, abestuko zitun abesti mamitsu abek entzuteko:

 

                «Zure gozoa'rengatik

                «zenduanian aditu

                «Espiritu Santua'gandik

                «zuela kontzebitu,

                «zure esposa, eta jun zirala

                «zure kezka-samiñak

                «Jesus'i eskerrak diozka,

                «Maria'ri atsegiñak.»

 

        Abesti auek, Jose Deuna'ren zazpi gozo ta zazpi atsekabien aintzaz, zazpi aldiz abesten ziran elizkizun bakoitzean, koruko abeslari ta eliztar guztien artean, guztiz adigarri.

        Baña Bederatziurren au bukatzerako, arbik loretzen asiak izaten ziran, eta garai ark sortu oi-zuan, orduko eliztarren artean, alako kezka edo bildur bixkabat. Baiba, arbi-loriekin ba tian etortzen bai'zan «Txartel» denbora, eta oraingo aldi-berri ontan bezin errez nola eskutzarik izaten etzan ainbeste buru-auste eman oi-zigun txartelik... orduan izaten ziran komerik. Gazteak, bai zarrak, iñok utsik egin gabe, danak jun biar izaten bai'zuten txartel'etara! Eta «dotriña» ikasita jun bear; Bestela, zer? Oraiñago illa dan D. Rosendo Rekondo, gure orduko erretore zanak, ezpaizuen txartelik emango!

        Oraingo eliztarren artean, ezagutzen ote-da txartelatarako alako kezka ta bildurrik? Ezetzean nago. Ez bildurrik, ez pozik, agian, orain; eta Jose Deuna'ren egun aundi ura ere, iga roko zaigu, alako berezitasun nabarmenik gabe, oraingo Uri-Zaindari-Egunak bezelaxe... Alare, aurreraka omen goaz, eztaukagu beraz zergatik negar egin

 

 

«SANTA ANA» JAIA

 

        Lasarte'k bere Zaindari SAN PEDRO jaien urrena, gure txiki-denboran, ospatu oi-zuan, gabaz, «SANTA ANA» jaia zeritzana, baña sorgin itxura zarpalleko jaia, ta iñok etzekiña noiz sortua ta zergatik sortua zan arrats-jai ura.

        Batzuek esan oi-zuten, Lasarte'n sendi edo pamili «litxarrero» bat bizi izan zala, aldi baten, ardandegi batetik zagi bat ardo ostu zuana, eta zagi-lapur ura bizirik erria izan zalako sor tutako jaia zala SAN ANA eguneko arrats-jaia, Oiartzun Etxea'ren eta Konseju-Zar bitartean zegon «Karkaba» zikin illunean su eman eta erreaz, erretxiñckin igurtzirik, erriko ardandegietan izaten ziran zagi zar guztiak.

        (Gai oni buruz, idazkai (artikulu) bat idatzia det «EGAN» aldizkarian argitaltzeko eta gañeantzeko zertzelada guzik antxe irakurriko dituzute argitara danean).

 

 

SAN JUAN EGUNA

 

Urtean izaten zan egunik alainetako bat, auxe izan oi-zan lasartearrentzat: San Juan eguna.

Etxeetako ate-zabal guzik lizar-arbasta ederrez apainki jantziak izaten ziran, eta goizean-goiz mutil-aldra eder batek esnaasiko zituan biztanle paketsu guziak, filarmonika soñu alaiaz abestu oi-zuten abesti biotz-zirraratsu onen bidez:

 

                «Dios te salve, ongi etorri,

                «Jainkoak eun on diela;

                «legearekin kumpli dezagun

                «San Juan eguna degula.»

 

 

EGUERRI EGUNA

 

        Egun zoragarri au etortzeko ere, irrikatzen egon oi-giñan, gazteok. Elizan aundikiro ospatuko zan meza-nagusi ederra bukatu ondorean, organo-soñuaz gaiñera, pandero, txintxin eta kaskañuela otsean bukatua izaten bai'zan, onako Gabon-kanta atsegingarri abck zoragarriro abestuko zituztelarik

 

                «Gaur Belen'go artzaiak

                «arritu dirade,

                «datorrela ikusita

                «orrenbeste iende

                «zarrak eta gazteak,

                «aberats eta pobre.

                «Guzi-guziak, dira,

                «aurtxo onen zale!»

 

                «Belen'go portalean

                «estalpe batean,

                «Jesus jaio da, iamil,

                «abere artean.

                «Astoa ta iria

                «dauzka aldamenean,

                «asnasaz berotzeko

                «oztutzen danean».

 

        Ortaz, gainera, GABON-besperan uriko mutil-taldeak, etxez-etxe ibiliko ziran nere errikide ta txikitako lagun Etxaniz'tar Lander euskal-idazle argiak asmaturiko gabon-kantu errikoi abek:

 

                «Iru erregiak datoz

                Ernani'n barrena,

                au bai lasartearren

                poza ta atsegiña.

                Iende guzia azkar

                Erregi-engana,

                aurretikan Alkate

                Iurrita jauna».

 

                «Gabon gaba-da eta

                gau oskarbia,

                eskera atera-da

                gaztedi taldia,

                Olentzaro egiñaz

                txolar itxusia,

                bertsolaria, berriz,

                Joxe «Baxaundia».

 

                «Angel «Txorro» asi-da

                danbolina jotzen,

                danborrarekin, berriz,

                Oiartxun laguntzen.

                Gure Errizai, «Luxia»,

                etxapleuak sutzen,

                Kaximiro dalako

                Belen'a irtetzen.»

 

                «Aintza Jaungoikoa'ri

                Goiko Zeruetan,

                diote aingeruak

                Lasarte ingurutan

                Geroztik txarrik ezta

                uritxo onetan».

                Pakeak garaitu du

                GABON egun ontan».

 

 

MARTIN «KOXKOTE»

 

        Gure erririk geienetan izan oi-da gaitz-gabeko edo malizi-gabeko errikide erdi-txoro, alper aundi edo iñoxente antzeko biztaleren bat, eta Lasarte'k, gure gaztaroan, bat baño geiago zitun tankera ontako gizonak; baña danetan ospatsuena eta aipagarriena, bat: MARTIN «KOXKOTE».

        Lasartear irrigarri onek, Martin zuan bataioko izena, ta Abalia, jatorrizko abizena. Jatorrizko izen-abizenez, etzuan ordea iñork ezagutzen; baña «Koxkote» gaitz-izenaz, ez Lasarte'n bakarrik, baizik inguru errietan ere guzik ezagutzen zuten.

        Gure «Koxkote» au, arlote aundi bat zan arren, ekandu on eta esku-garbikoa zan, eta egundo txanpon baten jabe izan ezpazan ere, litxarreritan zikindu gabea eta guztiz biotz ononeko mutil zar onbidetsua.

        Bere bizitza kupiragarrian, amaika mesede egiña zan, bere erritarren artean, bai auzokoetan ere, utsaren alde.

        Esan dezakegu, ezpairik gabe, lagun-urkoaren otseintzan igaro zuala bere bizitza errukitsua. Bere denboran zenbat kilometro erabili ote-zituan, oñez, besteren mandatu'gintzan? Oraingo aldi-berri ontan bezela, aldi artan etzan urrutizkiñik (telefono'rik), bultziririk (tren'ik) ez tximist-burdi edo Tranvia'rik, eta auzoetako mandatuak oñez egin bear izaten ziran eta bearrezke egin bear ori utsean eta atsegiñez bete oizuan gure «Koxkote» onbidetsuak.

        Garai artan osagillerik (médico'rik), abere-sendagillerik (veterinario'rik). ez sendakitegi ((farmacia'rik) ez-gendunez, Lasarte'n, eta norbait gaizkitzen zan bakoitzean, Martin «Koxkote» jun oi-zan, leial eta txintxo, Ernani'ra, sendalariaren billa; abereren bat il-zorian ba'zan, berdin, bera juango zan abere sendagallearen billa; eta zer esanik ez osakai (medicina) billa ere bai, korrika, Usurbil'era. Au dana asko eztalarik, gure Praisku arakin dollorrak ere, bera bialdu oi-zuan azokan (feria'n) erosita utziko zun zekorraren billa ere. Ain biotz-biguñekoa izanik, ezbai'zuan iñori ezetzik emateko almenik gizarajoak. Baña baldintz naigarri aben aurka, beste baldintz txar bat zuan berekin lasartear tolesgabe edo inoxenteak: neurri-gabeko ardo-sagardo eralea zan gure erritar errukitsua.

        Orrengatik edo erdi-txorotzat gendukalako, mutil-koskorrok ondo eskergabeak izan giñan berarekin, bada erdi-moxkorturik aurkitzen gendun bakoitzean bere aurrekaldean bildu eta danok batean onako kantu iraintsu au abesten genion:

 

                «Kalapatxin, kalapatxin,

                jo zazute aguria.

                Zeñek arrapatu,

                zeñek arrapatu...?

                Jo zazute...

                Martin «Koxkote!»

 

        Eta au esanez batera, plast! batek, eta plasta! besteak, aurpegian, buruan edo bizkarrian zartateko bat emanaz, korrika iges-egiten gendun. Eta jakiña!, batzutan guk emandako zartatekuengatik, eta bestetan berez erorita artzen zituan kaskatekuekin, aurpegia, burua edo besoak eri zitula ikusi oi-zan beti.

        Aldi artan astero etorri oi-zan Naparroa'tik Prantxisko izena zuan ardolari (vinatero) ospetsua, bost-mandoko gurdi aundiakin, eta gure «Koxkote» ardoz ase-eziñekoa izanik, napar-ardolari ura Lasarteratzen zan bakoitzean, gure «Koxkote»-ren poza! Mutikoak oñetako berriekin baño pozago, gurdi ta mando aurrean egundoko dantza-txoroak egiten ibiltzen zan, eta gero, basotik ardoa edatea, españak bustitzeko baizik etzala-ta, pazi aundi batetik eran oi-zuan lurrera zerraldo erori arte...

        Egun batean, tankera negargarri ontan aurkitu zalarik, inguruko batzuk bere etxera, besoetan artuta eraman zuten, eta eskaratz edo sukalde erdin luze-luze utzi. Bere ama Brigida, oeraturik aurkitzen zan nunbait, eta seme errukarriaren ler-gaizto egin bearreko purrustada otsakin esnaturik, laisterka urbildu omen zan sukaldera, eta eskaratz guzia putzu-gorriz eztalia zegoala ikus-zuanean, estu eta larri galde omen zion bere kutunari

        — Baña, Martin, Martin! Zenbat odol botatzen ari aiz? Eta semeak, ezer txarrik gerta-ezpalitz bezela, bare-bare erantzun

        — Ez estutu, Ama; ez estutu; ezta odola-ta! Ardoa da...!!

Mozkor-tankeran aurkiturik, amaika aldiz belarritik elduta etxera eraman oi-zuan errizaiak; baña, ura etxean egon? Bai zera! Errizaia izkutatu orduko, saltaka ta brinkoka, berriz ere kalean izango zan bere betiko kantu-txoro au anka-tarteka txaloak joaz abesten zualarik:

 

                «Anda que te den, que te den,

                txapela gorri;

                a tí que te importa:

                mokoso txar ori...!»

 

        Gure «Koxkote» onek ba'zuan bere kirako lagun kutun bat, erale porrokatua au ere: Joanito «Konkor». Zorria baño alperragoa zan berau, eta «Koxkote»-ren irabazi-apurrak elkarrekin sagardua edo ardo erateko izaten ziran.

        Erale arlote au, etxean gaizki ikusia zan, eta zakurra bezela etxeko geikin edo sobrante'ak janaz alikatu izan zan. Egun batean, bere tankera arloteaz kupiturik, «Koxkote»-k esan omen zion:

— Aizak, Joanito; etorri ari gure etxera ta alkarrekin biziko gaituk; neria erdi-bana janaz ta eranaz. Primera'n biziko gaituk eta etorri, ezaiala «tontua» izan...

        Baita gogo-onez «Koxkote»-k bere etxera eraman ere, «Konkor» arlotea. Eta onek, etxean sartzean oarturik barrika aundi bat aurkitzen zala eskallera ondoan, guztiz pozturik «Koxkote»-ri esan omen zion

        — Arrazoi uken, Martin. Bejundaikela! Barrika au sagardoz betia ba'daukak, primera'n biziko gaituk, i ta ni!

Eta Martin'ek, lotsaz gorri-gorri egiñik:

        — Baño, utsa ziok ordia?

        — Utsa? —«Konkor»-ek biziro arriturik— Ordun, ni banitziek nere etxera!

        — Zeatik, ordia —Martin'ek.

        Eta «Konkor»-ek erantzuna:

        — Barrika utsa dagon etxian, ezin bizi gindezkelako, ez i, ta ez ni

        Martin «Koxkote»-k ain tamal edo pena aundia artu zun bere lagun kutunak artu zuan erabaki osa-eziñakin, urrengo egunean bere burua putzura bota zun, antxe itotzeko asmoarekin; baña ez aurrez naiko ardo edan gabe; baña urak geiago pisatzen nunbait, ardoak baño, ta ur-gañian gelditu zalarik, ostera etxera itzuli zan, guztiz makaldurik, lasartear errugea.

        Geroztik, baña, etzuan egun bat onik izan, eta andik laister, Ernani'ko Gaxotetxean (Hospital'ean) il zan, bere bizitza naigabetsuan ainbeste on lagun-urkoari gogo-onez egin izan zion gure erritar errugea.

        Bere aita Pedro Mari («Koxkote Zarra»), etzan semea bezin biotz-onekoa. Zital-samarra zan, eta txiro-arroa. Eskean bildutako txanponekin bizi izaten zan eta ardoa zan bere lagunik kutunena. Eskean ezpazan, beti ardandegian sartuta egongo zan, gezur-kontari, munduko jakintsurik aundiña bera izan ba'litz bezela.

        Igande batean —auteskunde edo elezio eguna bera— «Largo'Enea» zeritzan ardandegian aurkitzen zan, oitura bezela, ardoz bapo berdozturik, lasartear aurtarkidunak beren autarkia (voto'a) Ernani'n, batzuk «zuriei» eta besteok «beltzai» emanik, ardandegi artaratu ziranean. Aldi artan ezpaizan «zurik» edo «beltzak» beste alderdi edo partido'rik, eta «Koxkote Zarra»-k autarlari (votante) aien atsegiña eramanaeziñaz, onako bertso iraintsu au bota zien

 

                «Batetikan «zuriak»

                bestetikan «beltzak»,

                denak dituztelarik

                elkarrenak antzak

                soñekoz edergarri,

                azpitik arantzak,

                lotsatzekuak dira

                oraingo mudantzak.»

 

        Arro ta egoki kantatu zuan gure agure zarrak, baña aldakizute zer gertatu zan. Ara: Autarkide (Votante) aietako bat, bertsolaria izan, eta bat-batetan eta uste-gabean, onako bertso onekin erantzun omen zuan:

 

                «Koxkote Zarra», emen,

                gizona iaioa,

                lau-kuarto ezdelarik

                bere balioa.

                Ontzia izan ba'zan...

                aze kankarrua!

                Orain azikenerako...

                purgatoriua...!

 

        Ikustekoak omen ziran orduantxe «Koxkote Zarra»-ren aska-putska eta maldizioak. Arren mingaña! «Matu... matu... Perkain, itz arrotzak jaurtiaz ardandegi artatik diabru guzik berekin ba'zitun bezela, esku-makillari gora ta beera eragiñaz, Barrabas'en gisa abiada bizian aldendu omen zan.

Zozoak beleari «ipur-beltz» esan oi-degu, ta auxe bera gertatu zan egun-batez «Koxkote» aita-semiekin.

        Igande arratsalde batean «Konseju-Zar»-eko ardandegian «Koxkote Zarra» ardoa-bañore mozkorrago egokera kupiragarrian zegoala oarturik, besoetatik artu eta bere etxera poliki poliki nola edo ala eramen genduan «Konseju'pean» pelotan genbizen mutil koskorrak, eta eskaratz edo sukalde erdian utzi gendun, lurrean etzanik. Une artantxe bertan azaltzen da, bere seme Martin, eta onek, bere aita alako tankera itxusian ikusteak guztiz lotsatu balu bezela, negar-doñuan eskuak burura eramaz, esaten dio aitari

        — Ai, au lotsa! Nere aita tankera ontan? Gezurra dirudi ni naizen mutil jatorra izanik, olako aita mozkor baten semea naizela esan bearra!

        Zozoak beleari: «IPUR-BELTZ!». Ez alda egia?

        Joxe «Baxaundi», oso lasartear jatorra zan, baña izkirimiri (bromoso) izugarria.

        Bein batean bere basetxetik kalean sartzen, aspaldin ikusi etzuan adiskide kutun batekin uste-gabean aurrez-aur aukitu zan, eta ark baxoerdi bat artzera konbiatu. «Largo-Enea»-ko ardandegian sartu dira, biak, alaiki, eta konbiatzalleak esaten dio ardangizonari (tabernero'ari)

        — Bernardo, atera bi baxoerdi; baño «seltza»-rin, neri.

        — Eta len daukan ura kenduta, neri —dio, Joxe «Baxaundi»-k—, lotsaz gorri-gorri egiñik utziaz gure ardolari tranposoa.

        Garai artan, Zubieta'ko eskola-maixuari, genio txarreko gizona zalako edo, «Katuba» deitzen zioten bere ikasleak, eta «Zerri», ikasle gizen bati. Eta egun batean bere mai-aurrera deiturik, galde dio «Katuba»-k (maixuak) ikasle «Zerri»-ri:

        — Vamos a ver: definame el nombre sustantivo, CERDO.

        Eta ikasle bigurriak, bat-batean erantzuten dio maisubari:

        — Nominativo, del CERDO. Genitivo, del GATO.

        Ango istilluak! Irri-barreka asi ziran ikasle danak, eta makillakin joka ikastolatik atera bear izan zituan ikasle danak, maixu zitalak. Eta aiek orixe nai; egun artan, beintzat, etzuten eskolaik izan.

        «Txirrita» bertsolari ospetsua, «argiña» zan, opizioz. Gibel aundiko gizona ta ateraldi parregarrik zitun; baña alperra, gizarajoa. Maitasun aundia zion Lasarte'ri ta uritxo ontan aldi luzeak igaro oi-zituan, bere bertso ta ateraldiekin sagardu-erate galantak egiñaz lagun-urkoaren bizkarretik.

        Egun batean orma edo paret'gintzan ari zalarik, bere nagusia oartu zan, noski, ormako zuloak arriz eztali bearrean, morteroaz plasta! ta plasta! eztaltzen ari zala, arriz betetzen ez nekatzeagatik, eta nagusi ark, asarre antzean, esan zion:

        — Aizu, Txirrita; morterua ain ugari erabiltzekotan, eztegu arri bearrik.

        — Eztegula arri-bearrik? —dio Txirrita'k— neri esan ori? Ba, morterua ez erabiltzekotan, ezta palik ere, ez-degu bear! —eta eskuetan zeukan pala arrika bota eta Pontxio, beste bere laguna, —argiña au ere, baño bera bezin alperra, ta sagardozalea— besotik zuala, Iurrita'neko sagardotegian sartu zan. An zeuden beste sagardozaleak, lan-orduan bi argin aiek sagardo'tegiratu zirala ikustean, norbaitek esan zun, danak entzuteko eran:

        — Emen dituk munduan diran bi alperrik aundiñak.

        — Au dek fama jende onek ematen diguna, Txirrita! —dio, Pontxio Olano'k—, eta au izan zan Txirrita'ren erantzuna

        — Alperrak gerala? Egia, baña, batek besteak baño aundiagoa bear dik izan, eta oaintxe bertan, danen aurrian egin dezagun apustu; zein alper aundiagoa izan.

        Jendea, guztiz arriturik eta pentsa-eziñik gelditu zan, Txirrita'ren ateraldiakin, nola arrano izan zitekian zein baño zein alper aundiago zan erabakitzea; baña egoki moldatu ziran, alper-aundi biak. Ara nola:

        Pontxio, poliki-poliki lurrean etzanda gelditu zan. Txirrita, berriz, berari begira geldi-geldi...

        Ortan, aldi luze bat igaro ondorik, etzanda zegon Pontxio'k ala dio Txirrita'ri:

        — Ba...! Nik irabazi diat, alper-apustua, Txirrita!

        — Ik irabazi dekela apustua? Zer dala-ta? —dio, Txirrita'k, eta Pontxio'k erantzuten dio, lurretik jeikiaz:

        — Ni, batere mugitu gabe, zerria bezela etzanda egondu naizelako!

        — Ni, berriz, —dio Txirrita'k— zutik, geldi-geldi, etzateko alperrez!

        Eta, jakiña! Txirrita'k irabazi zuan alper-apustu ura.

        Beste bein, Txirrita mutil-zarra izanik, zirikadaka asi zitzaizkion Sagardotegi'ko adiskideak, esanaz, alegia ala baño, ezkonduta, askoz obetuago biziko-litzakiala, ta galdera au egin zioten:

        — Txirrita, egundo ez aldezu andregai bat izaterik pentsatu, edo iñoiz ortaz ala-muduzko emakumeren batekin ez altzera izketatu?

        Bai Txirrita'k azkar-asko erantzun ere, iru bertso aben bidez

 

                «Izketan asi nitzan

                oso goxo-goxo,

                ezkontzeko mandatu

                egiñikan atzo.

                Leiotikan ujuka

                ama ta bi atso

                ez-naute arrapatuko

                uste bezin mantzo.»

 

                «Bera dudan zegoan,

                aita gorrotuan,

                ama ere an zegon

                ia arrotuan.

                Errezelo oriek

                lendik ba'nituan,

                despeida eman ba'lit

                obe seguituan!»

 

                «Praille sartuta ibili ba'nitz

                emanaz ainbat misio,

                nere gorputzak etzun izango

                orain añako bizio.

                Eliza'tikan nabil aparte,

                Tunantia'kin zozio

                tripa zar onek asko biar-du

                baldin ematen bazaio.»

 

        Txirrita'ren bertsoak, etziran beti olgetakoak (broma'koak) izaten. Ben-betakoak botatzen ere, bazekin; eta ez nolanai, burutsuki baizik. Udarregi zanaren omenezko jaian, ona emen nolakoa bota zun

 

                «Usurbil'kua zala

                Udarregi zana,

                amaika egi eder

                munduan esana.

                Bota ba'litu ere

                golpian dozena

                ezin zeikian buka

                aren almazena.

                Gu ez-gerade iñor

                ura zan gizona!»

 

 

LASARTEARREN ATERALDI TA XELEBREKARIAK

 

        «Kattanero» ta Juan Mari «Pintore», etxe batean bizi ziran; bata goiko bizitzan eta bestea bekoan. Zakurra ta hatua bezela beti alkarrekin asarre izaten ziran.

        Bein batean, alako erritaldi aundi baten ondorean, Juan Mari «Pintore»-k «Kattanero»-ri, bururatu zitzaizkion itz-loidatsu guzik esan ondoren, beste itz uaintsu au arpegira bota zion

        — «Kattanero, alu ori; i, gosiak bizi aiz!

        Eta, Kattanero'k, arrabi bizian erantzun zion Pintore'ri:

        —Ala Jainkoa! Berriz ere gosiak biziko nak, bart arratsian bezela baratzako aza, tipula ta porru guzik eorrek ostutzen ba' dizkiak.

        Erantzun egokia, benetan.

        Bixente «Axal»-ek, beste lasartear askok bezela, Oria'ko Brunet'en oial-landolan lan egiten zuan, eta landola artako langilleak, oñak accido'az ez kutsutzeagatik, eskalaproekin eztaldurik lan egiten zuten. Lanari utzita etxeratzen zan bakoitzean, eskallera'pean gorde oi-zituan bere eskalaproiak, eta au jakiñik, beste langilleak, onez edo gaitzez, beti «Axal»-i ostu egiten zizkien bere eskalaproiak eta ernegazio bizian beti eskalaproi berrik erosita jun bear izaten zuan lanera.

        Alako batean, eztabaida bat sortu zan langille artean, alegia, acido'ak nundik galtzen zituan eskalaproiak jakin-naia, eta iñork ezin erabakirik. Bixente «Axal»-i galdetzea erabaki zuten, eta beragana joanik, galdera au egin zioten

        — Aizu, Axal: nundik uste dezu zuk galtzen dirala eskalaproiak?

        Eta Axal'ek, bat-batean, eta arrabi-bizian, erantzun zien

        — Nere eskallera'petik!!

        Aitaturiko landola artako nagusi itzal, Brunet jauna, bein batean paseatuz Lasarte-aldera zetorrela oarturik, Prantxiska «Indianea»-k bide erdira irtenaz galdera au egin zion

        —Aditu beza, Don Ramón: bizio guzik utzita, beñere baino gordinago aurkitzen dala iruditzen zait. Ez alda egia?

        —Ez, Prantxiska, ez; nik ez ditut biziuak utzi: berak utzi naute —erantzun zion, Oria'ko jaun itzaltsuak. Bai: urteak ezpaitute barkatzen!.

        Zubieta'ko «Larraga» baserri ospetsuan, bi seme zituzten: Pio ta Agustin. Gurasoak guztizko elizkoiak izanik, bietako bat apaiz egitea erabaki zuten, eta bestea baño buru argiagokoa izanik, Agustin egin zan apaiz.

        Apaiz zegon erritik bein batean, oñez, beti bezela bere gurasoak ikustera zetorrela, Andoain'go Ubillotz basetxe inguruan sudurreko odol-jario aundi batek arturik, aitaturiko basetxearen orma baten arrimo gelditu zan, eta bertako Etxekoandrea oarturik apaiz jaun ura ain tankera kupiagarrian aurkitzen zala, odola bota ta bota, etxean zuan ur-ontzirik ederrena artu, eta apaizaren sudur-pean jarririk, ixuritzen zan odola artzen jarri zan; baña ontzia leporaño betetzen ari-zala-ta, guztiz larriturik, urontzia Zeru'runtz jasoaz, eta negarrari emanaz, oiu triste au jaurti zuan.

        — Ene Jainko maitea! Orrenbeste odolekin, zer egin bear det nik orain?

        — Odolkik egin! —erantzuten dio apaiz adoretsuak.

        Markox argiña, Lasarte'ko aldi bateko burni-olan, zortzi-errialeko lan-sari edo jornalakin argintzan aritzen zan, eta jornal kaskarra zala ura-ta, Oria'ko Oial olan geiago emango ziotelakoan, nagusiz aldatzea erabaki zuan; baña, txasko ederra eraman zuan gizarajoak. Etxeko lanbidea utzi, ta auzora jun zanean, Lasarte'n zun jornala baño errial bat gutxiagokoa jarri zioten, eta arren naigabea orduan! «Purru jorratze ederra egin diagu», bere kolkorako esanaz, eta buruari azkaka, nagusi berriangana jun eta malizi aundiakin Brunet jaunari esan zion

        — Ai beza, Don Ramon: Lasarte'n sortzi errialeko jornala ematen ziaten, andik oneraño etorri, eta Zazpi... Esan nai nizuke, alegia, orain au utzita Andoain'era juango ba'nitz, sei errial emango lizkiekela, eta ez-nuala mugitzera iñora ere bertan gelditzen naizela. Egoki mintzatu zan gure argiña, baña alperrik. Zazpi errialekin konformatu bear izan zuan gizajoak.

        Gure gaztaroan, leendik aitatu ditugun baño gizati irrilari ta gizajo geiago ere ba'ziran Lasarte'n: «Txartel», «Langa», Praisku «Ortza Bakarra», Migel «Tonto» eta abar; baña bai gizon prestu, gizon argi, gizon burutsu, adimen aundikoak, eta kristau eredu eta ospegarriak ere, ainbat, beren adore, almen eta jakituriaren neurrian gizonki ta zuzen, gaizkintzari uko egiñaz, erri eta errikoen onbidetasunean bere bizitza guzian arrigarriro leiatu izan ziranak, eta saiatzen diranak:

        Muñagorri, Olasagasti, Zatarain, Ugalde, Mujika, Urreta, Arocena, Lizaso, Lasa, Añorga, Etxaniz, Arrieta, Perez Garmendia, Mercera Iurramendi, Ormaetxea, Bendoia, Ormazabal, Garbayo, Ubegun, Iurrita'tarrak eta Solabarrieta jauna, gure maixu zuur eta erakusle aundia izana.

        Eliz-gizonetan, zer esanik ez. Aipa ditzagun Don Prudencio, Don Rosendo, Don Luis eta Don Francisco, apaiz zintzo ta jatorrak, guri Zeru'rako bidea erakusten ainbeste alegindu ziran jaun zuzen eta itzalgarriak.

        Baña, aspertu zaituztet, jaun andreak, eta bukatzera noa, 1946'Gko. Uztaillarren 21'an, Lasarte'tik kanpora bizi geran errikideak gure maixu-zanari egin genion anai-maitasunezko omen-jai aundi artan erri-miñak eragiñik egin nuan itzaldian esan nitun azken itz nabar abekin

        «Errikideok, alegin gaitezen gure Irakasle Solabarrieta izan zan bezin gizon zuzen eta eredukorrak izaten; lan-ereintzan, Lasa izan bezin saiatuak izaten; Kristautasunean, Batista «Bekorretako» izan zan irudikoak izaten; leialtasunean, gure Martin «Koxkote» arlotea izan zan bezin esku-garbi eta biotz-onekoak izaten, eta EUSKALDUNTASUNEAN, Iparragirre zanaren antza izaten, berarekin batean abestuaz, aurkitu izango geran lurralde guzietan, linko eta gartsu, bere egundoko kanta zar biotzkoi ura:

 

                «Gazte gaztetatikan,

                erritik kanpora;

                erbeste aldean

                pasa det denbora.

                Errialde guzietan

                toki onak ba'dira...

                baña biotzak dio

                ZUAZ EUSKAL-ERRIRA!»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.