Itz-Lauz
Kukuak kantatzen
Kirikiño
prestatzailea:
Nemesio Etxaniz
Kirikiño'ren ipuinetatik artu
ta Etxaniz'tar Nemesi'k antolatua.
Pake ederrean bizi ziran Arrupeko Edubi ta Islao, andragizonak. Edubi'k mokau goxoak prestatu ta Islao'k borondate osoz janaz. Eguneko ogi zuria ta ardo tanta paltatzeke zan etxe aretan.
Udaberria mendi ta zelaiak edertzen asia zan, eta erreka baztarretan txori-soñua esnatua zuten.
Islao ibiltari purrukatua zenduen, eta inguruko baso ta iturrietako berri iñork baño obeto esango zizun. Kezka bat zuan bere kolkoan gizonak:
I. Aizu, Edubi. Ba-al-dakizu aurten oraindik kukurik ez dedala somatu?
E. Igaz, gaudeneko entzuna zenduen, ba.
I. Arritzekoa. Aurten ez dakit nun ezkutatu dan txori ori.
E. Ez da urruti izango.
I. Ba-noa. Gaurko ontan entzun bear det, iñola al bada. Irtetzerakoan, Edubi'k gogora zion Islao'ri:
E. Ta ba al-daramazu txanponik patrikaran?
I. Ortan det, ba, nere arretarik aundiena. Ba-dakizu, kukua lenbiziko aldiz entzuten danean, patrikaran dirurik ezpadaramazu, urte guzian dirurik ez degu inguratuko. Aldean dirua dezula entzuten ba-dezu, berriz, urte guzirako dirua dezu etxerako.
Atera zan Islao baso-aldera, bere txanponak noizean bein eskuz ikutuaz eta txintxin-otsa atereaz. Baña kuku ori etzan inun agertzen. Jo gora, jo bera; goiz guzian arakatu zituan inguruetako erreka-zulo ta muño-gain guziak. Ailperrik guzia! Kukuak ezizun kantatu nai Islao'rentzat.
Eguardi-aldera, nekatuta zugatz-ondo baten kontra exeri ta arnas pixka bat artzen gelditu zan. Nekeak lo-galea ekarri zion, eta laster zan lo-zurrunka betean.
Diabruak ala nai, ta orra nun datorren bide artatik barrena Patxi Eskugarbi. Besteren poltsak garbitzen ondotxo zekiana. Ikusi du Islao lo-zorroan, eta bereala esnatu zaio aren diru egarria. Ixil-ixilik urreratu ta gizon lotiak ain arreta aundiz sartu zituan txanpontxoak patrikaratik kendu zizkion poliki asko.
Esnatu zanean, etxe-aldera egin zizun gure Islao lapurtuak. Bereala asi zitzaion alboko pagadian Kukua kantari. Aren poza! Eskua sakelera sartu du bere txanponak ikutzeko, ta aren naigabea. Patrikara utsik zeukan.
Kukua geroago ta kantariago zijoan. Ezker-eskui, nunnaitik sortzen zitzaion txori-kanta bizia. Berari irriz ta burlaz ari zala esan bear.
Etxera zaneko, asi zaio galdezka Edubi:
E. Ta? Entzun al-dezu gaur kukua?
I. Bai, nere zoritxarrez.
E. Zer bada?
I. Irtetzerakoan txanponez betea eraman det nere sakela, dakizun bezala. Baña kukua asi danean, ez neukan alerik nere patrikaran. Gure zoritxarra!
E. Egingo nuke Patxi Eskugarbi'k eraman dizkizula. Alde ortatik etortzen ikusi det-eta.
I. Noiz zan ori?
E. Oraintxe lentxeago.
I. Ederra egin degu! Ni nekatuta lo gelditu naizenean, arek egingo zuan berea. Ta orain lapur bategatik galdu bear aldegu?
E. Zaude patxaran, gizona. Jaungoikoa ez al-da orrelako uskerietan sartuko! Kukua kuku, biziko gera gure txokoan.
* * *
Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.
Kukuak egiten du maiatzean kuku; garagarrilean gelditzen da mutu.
Kukuak esan zuan, Andre Mari martxokoz ezpazetorren, bere ondrak egiteko.
|