L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957 gko. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Burua

 

Bernat Manciet

 

euskaratzailea:

Mirande'tar Ion

 

                                Mirande-tar Ion-ek

                                okzitanaratik itzulirik.

 

 

I

 

Bernat MANCIET

Est-ce toi dont la voix m'appelle

O ma fleur, immortelle!

 

Lelo aspergarria: mugazaindegietako ikherlari hoiek, iragaiten nintzan aldikal, zakua idekierazten zerautaten, ezer jakin nahi gabe, deus entzun nahi gabe. Zoazte zuek buru bat buru bat dela heiei sinhetseraztera! «Jokatu nahi dut tabak iragaiten ari zarela!» Egia aithortu behar zuten ordea: Eric-en burua zen, garbiki mozturik, bizarra arradaturik, bilhotxut. Orduan joaiten ziran jaunttoak, samurturik, eta estekatzen nuen berriz ere ene oihalezko zakua.

        Bertzeak ohiturik zitzaizkion. Aiphu txarretan nendukaten hargatik, gizon oihes, bitxikeriazale eta aistheta nintzalakoan. Emaztekiek nekhez entheleegatzen ninduten. Ni ere ohitu nintzaion: engoitik ba nakian nehoiz ezin aska nintekeala gizaburuzko hamar libera hoiez.

        Arratsetan, arroztegietara heltzean, burko-pean kokatzen nuen. Eta gero, gau guztian, agertzen zitzaitan. Gau guztian ikhusten nuen.

        Bai eta nik zakua ideki gabe ere, agertzen zitzaitan —atzetik ere agertzen zitzaitan, bizkarrean—, ikhusten nuen, atzetik, bizkarrean, bide luzeetan gaindi nenbilen artean. Orhoimenetik khen ordea? Zertako? Den inharroste ttipienak jauzi eragiten zeraukon ene bizkar-gainean eta ene bibotzari kontra hots eginerazten: zurphailtzen nintzan.

        Behin hertzain batek huxtu bat egin zerautan. Deithu ninduen. Ez nintzan inguratu. Ba nakian ene atzean zegoala, Eric-en burua, bakharrik, begiak hetsirik, eurialdi luzean zintzilik, eta zuri. Burua makhurtu nuen eta urrhatsa eztitu: ordukotz ahal nuen, bakharrik, euri-pean galdurik, ene buruarekin hitz egiten. Eric-enarekin ere hitz egiten nuen... Gelditzen nintzan. Eta gero erraiten neraukon: «Alo, ba hathor?»

 

 

II

 

Aimons-nous, pauvre chien.

Lamartine.

 

Ez nakian gehiago burutik norat eman. Orain, haurrek eta zakhurrek lasterkatzen ninduten karriketarik ilkhitean eta metroaren sarguetan. Ezti baino eztiago nintzan heien eretzean, bainan zer nahi duzue, Eric-en haragia usnatzen zuten, nik uste. Muthiko batek, behin, bele baten antzora oihu egin zuen iragaiten nintzalarik. Ikharak hartu ninduen ezen, ene bizkarrean, burua berez jauzi zen.

        Orduandanik ezti baino eztiago izan nintzan haren eretzean ere. Elizetan —eta norat joan inhes bertzela?— aulkhi goraren pean finkatzen nuen eta othoitzetan nihardukan luzaro. Xurrungaz egon zen, behin, gathutzar bat iduri. Ixil zedin agindu neraukon. Ez zen buruzkindu eta ixildu zen. Gau batez, lo-hasman nengoalarik sabai batean, ohartu nintzan besoa milikatzen zerautala, eta gero, begithartea. Lotarik irrino ezti bat egin neraukon, atsegin emaitea gatik, eta laztandu nituen haren bilho txutak.

        Aurkhitu nuenean, biharamun-goizean, ene sorbaldari aitzi, gaizki lo egin zuela ikhusi nuen. Bainan ernatzen hasi zen harzara. Zain-gorri eta zuriak atheratzen zitzaizkion lephotik, erro gorri eta zuri batzu bezala: giranoi-zathi bat higitzen zitzaion eta zintzurra ordotzen eta zabaltzen zen, ordotzen eta zabaltzen, gummizko izan ba litz bezalako klaska batekin. Bizarra ba nuen.

        Ikharatu nintzan ea Eric osorik bihurturen zenetz. Harritu nintzan. Detroit-eko elizaz profeitatu nuen, mailadi beribilkor bat bait daduka. Gainaldetik. kantatokitikan, ikhusi nuen maila baten gainean behera joaiten eta burdin-sarearen peti murgiltzen. Orduantxe begiak ni ganat eraiki zituen.

 

 

III

 

Nigar egin zuen Aeneas piadosak

Vergilius, passim.

 

Clergymanak —Mr. Neuman zaritzon— igorrerazi zerautan burua mezu bat bezain luze zen barkhamenezko eskuthitz batekin. Asko andeaturik izan zen lurpeko maila beribilkorren horzkadura eta «presse-purée»-etan. Ba zarion. Ixurten zuen. Nigarrez hasi nintzan.

        Uda jin zen. Pitin bat usaidua zen. Ni ere hirotuz nindoan emeki-emeki. Bazkal-ondoan, kafea edatearekin, ohartzen nintzaion batez ere. Gauaz, Eric-en buruak enea joitez hots hau egiten zuen: pflax, pflax!... Nire barrutik hiroa igaiten zen, kolore orotako. Larrua astintzen zerautaten amets izigarriak egiten nituen. Behin atzarri nintzan, hasarreturik; bi besoen eta kaskoaren artean hartu nuen burua, eta tinkatu eta empheltatu nuen ene bihotzaren gainean. «Edan diezadala!» Bainan, ondikotz! ez zuen hiroa edan, gorria oro edan zuen. Bat-batean —brast— deslothu zen eta joan zen harlauzetan gainera borobilkatzera, ene biziko zorigaitzerako. Hasperen egin zuen, aserik, Frantzesek treinean egiten duten bezala, aserik direnean. Bi egunen artean ez nintzan atzarri, hiltzeradino nekhaturik.

        Gaua zen. Orduontxe, deusez ez nintzan orhoit. «Laurens» zigarreta bat phiztu nuen, urrinaren iraganeraztekotz. Bainan zigarretak ere urrina hartu zuen. Armañak. Aphurtto baten artean erre ninduen, urdaila garbitu zerautan. Bihotzetik zethorren ordea. Ene bihotza zen. Gizenduz zoan: Zorne baten antzora hantuz zoan. Leher egitekotan zen, alde orotara, ene gorphu guztiaren barrura, bai abarrak bai zirrista urrintzatuak egoizten zituela.

        Orduan burua bilhatu nuen, haztaka, Agorrilako itzalpean. Aurkhitu nuen, biribil, bero eta astuna. Amultsuki haren mathela perekatu nuen ene mathelarekin. Iruditu zitzaitan nigarrez ari ginela. Bainan ez. Izertze bat geldit' ezina baizik ez zen.

 

 

IV

 

Go ahead, said the Mexican, hit him!

Faulkner.

 

Arrats guztiez ene etxen elkhartzen ginen, Anthony eta ni, gorriz margoztu etxolan. Oholak arraildurik zegozan. Furnegoak khebidea okher. Burinezko ohea maingu. Ivan ere jin ohi zen, bainan ez genuen maite, bai eta Schnitzelbank-edo konkorra ere, bere koskaren gainean jarten bait zen eta arrabitean aritzen. Baldin hasten ba zen doinu baten joiten, Eric-en belharriak atzekaldera hedatzen ziran. Hordi ginenean, botoiletara aurdikiten genuen burua bederatziko birla-jokuan edo kito-jokuan bezala, herots gehiago egitea gatik.

        Zutik, zut-zutik furnegoaren gainean, nik oinak berotzen nituen, aho bethez hurrupatzen nuelarik Rhein-eko arno khiretsa. Non ez dakit, Eric-en buruak amerikar kepi bat aurhkitu zuen. Ivan-ek gutisten gintuen. Anthony-k —besomotze zen— nahi zuen buruak guk bezala edan zezan, eta zurezko besoa gakotik ilkhita urratzen zuen hark ere kantatu arteano. Biok irri-karkailaz hasten ginen zein gehiagoka. Konkorrak neboiz ere ez zuen irri egiten. Aski ba zuenean arrabit joitez, txapela khentzen zuen eta eskea egiten.

        Arrats hartan ordea, Eric-en buruak ez zuen edan nahi ukhan. Ez eta irri egin. Ez eta kantatu ere. Ivan edanerazi genuen eta ohe-perat bulkhatu. Anthony-k eta nik, mahain-gainean zutiturik, topatzen genuen, bai gizona, ikhai handiko edanontzi handiekin, eta edanontziak sorbaldaren gainetik egoizten genituen. leiharretara, botoiletara, akaithylen-argiaren gainera. Berant heldu zen konkorra. Koskaren gainean jarri zen bethi egin ohi zuen bezala. Arrabitik ez zedukan ordea. Zankoak elkharren gainean ibeni zituen eta ixilik egon zen. Gero, eskea egin zuen.

        Nik, bertzerik gabe, Eric-en burua aurdiki neraukon buruaren gainera. Intzirika egon zen luzaro.

 

 

V

 

Cap de jo!

d'Aubigné.

 

Gelditokirat heltzearekin, hatsalbo, alde orotarik persegiturik, sareak hatzeman ninduen, itzalezko, itzal dantzarizko sare batek, — ehun mila ba ziran edo bat ere ez zen. Gabargiek, hegatze bombardatuen gainetik, dantzan ziharduten haizearekin. Barkalunak multiplikatuz zoatzan. Kaiolak elkharretan barna sartzen ziran, argizko jauregi eta itzalezko joan-jin egitez. Eremu bat, eremu handi bat, argizko eremu handi bat, ene oinetan, zabaltzen zena, hedatzen zena, ba zethorren, ba zethorren ni ganano. Gibelerat egiten dut. Hurbiltzenago zait. Aitzina dathor. Gibeleratago nik. Ezin haratago joan gelditzen naiz bizkarra azpi-athe bati, athe-sare bati kontra, besoak gurutzaturik, ahoa zabalik. Argia zankhoetara igaiten zait eta aurpegian zart egiten deraut.

        Eric-en burua, goialdean itzaturik, goialdean eta ezkerrean hertzaintzako agirietan bezala. Agertzen zait odol-olhadakal, gabargietan horra den haize-buhadakal. Neona bezain zurphail da, itxas marmukak bezain malgu eta berinatsu. Nork nahi du? Hogoi'ta hamar amerikar zigarreta paket. Fluoreztatzen du. Mingaizki batek bezala thonatzen du. Zutik dago. Hainbat zutik non makhurtu naizela irudi bait zait.

        Oroz gainetik ez dezazuela aldamanetik jo, goait dagozten retrovisoretan, goait dagozen ogi eta arrainen multiplikazioneetan. Xuxen erdiko ogirat! Begia, begia behar da begiztatu, eta ostrea begiaren erdian! Ba diakhusat, hire begia, odol-txorten artetik.

        Utzazue ur-hustera. Arthatz-plaka ur-huts dadin, Veronica-ren faraila hedaturik, bi iskilimbaren artean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.