Itz-Lauz
Ianko ereslari
Sienkiewicz
euskaratzailea:
O.M.
Sienkiewiez'ek idatzi
O.M.'ek euskeraz ipiñi
Aul eta eri iaio zan.
Obeto ikustearren, oe ondoan makurturik zegozan auzoko atsoek, burua illunki erabilliz, zesaten: Ama ta aurra biok ilko dira. Atsoetatik iakintsuenak, Simon giltzegillearen andreak, pozteko, gaixoari esan: Ikusiko dun, ikusiko dun: argizagia piztuko diñat; enetxo, iltzeko gerta bearra dun, apaiz billa ioango, ta aitortuko aiz.
Bai, zesan auzoko beste batek, baiñan aurra ugutzatu bear lenago; ta astirik galtzeke, kristau eginda iltea nai ba'dugu; apaizari ezin itxadon.
Argizagi bat biztu zun ta iaio berriaren soin gaixoa urez busti, esanaz: Aitaren, eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean uguzten aut, eta Ianko izena ipintzen diat. Eta orain, ire gogo errugabea zerura doala. Amen.
Baiñan kristau egin zuten gogo arek soiña ez nai utzi, bizkortzen zula zirudin. Gorputz txiki arek dardar egin, zangotxoak luzatu ta negarrez asi; ta abots ain ixil ta ituna entzunik, atso aek zesaten: katutxo bat dirudi.
Apaiza iritxi, gaixoa aitortu, ta itz onak esanda zerurako itxaropen ta poza eman ondoren, irten zan, gaixoa ilko ez zala-ta.
Gaixoa sendatu zan, eta zortzigarren egunerako etxeko lanetan asi.
Mutikoak, beti erixko, lau urte bete zitun. Udaberri artan gorpuzño aula gaitz txar batek menperatu zun. Iainkoak nai ez zulako ez zan il; eta osta osta biziaz amar urte bete zitun. Beti argal eta igar; aren masaillak zurbil eta sartuak. Ille-sorta, margorik ez zuten amulu-izpien antzeko, begien gaiñera zerorkion; begi argi aek, lurretik landa, urrutia begiratzen zutela zirudin.
Neguan autondoko bazter izkutuenean eseri oi zan, eta isilik negar egin oi zun otzaz eta gosez, batzuetan aren amak ez bait-zun ez ogirik ez egurrik.
Udaran bazterrik bazter ibilli oi zan, oial zarpillez lotutako alkondaratxoa soiñean, lastozko txapel zirtzil bat buruan. Zugazno artetik burua agertzen zunean, inguruko bazter guzia barandatzen zun txori urduri zirudin.
Amak, dirurik ez, ta bere erara maita zun. Alare iñoiz zigorraz ematen zion «txoriburu» deituz. Zortzi urtekin Ianko txikia artzai zan, eta etxean ogi koskor bat topatzen ez zunean basoan ibilli oi zan, ian ditezken kokoma ta belar billa. Iainkoari eskerrak ez zuten otsoek il.
Baserritar mutikoak bezela bildurti zan, eta ez ezagunen batek itz egiten ba zion, laster zan buruari azka ta beatza aoan dastaka. Azten zioan eta iñork iaramonik ez, eta iñoiz amari laguntzeko zitekenik guxiago oartzen zuten, lanerako ez baitzan trebe. Nola ta zergatik ezin iakin, baiñan eresiak bakarrik txoratzen zun. Eresi sorgiña toki guzietan beti bere ondoan zun, eta txiki txikitandik gero. Amaika aldiz berak larrera eramatean belarra biltzeko otarra artu... ta otarra utsik zula etxeratzen zan.
Ama, ama! basoan abesten dituztenak! Mutikoa txoraturik etortzen zan, baiñan amak esaten zion; emango diat nik zer abestu, ago, ago! Ta eresia zigorraz ematen zion. Mutikoak negar, eta deadarrez berriro ez zula egingo itzematen zion.
Baiñan alperrik, zigorrak bizkarra berotu arren, basoko eresi xoragarri ua beti gogoan zun. Lerrak, pagoak, zumarrak, zozoak, garastarroak eta basoak berak ere abesten zun. Abestiaren ederra! Elar txikienak ere bere abestia ba-zun; txabola ondoko sasian txioka zegozan ormatxoriek eresi berezi ba zuten. Eta gabaz lurra lotan zegola, zelai ta soloetako ote eta durundak Ianko'rentzat izkutuko eresaldi esaten zuten. Garia aizeratzera bidaltzen ba'zuten, mutikoarentzat aizea sardean ere uluka ta txistuka zebillen.
Gabeko erri-zaitzailleak, lo ez artzeko, izarrak zenbatzen eta zakurrei itzegiten zienean, askotan ikusten zun, errian zegon abegi-etxera, Ianko'ren alkandoratxo txuria aurbiltzen. Baiñan mutikoa ez zan sartzen; zabalik zegon leio ondoan kuxkuldurik, dantzan zebiltzen neskatillei entzuten egon oi zan. Erriko dantzan eresi alaia zein eder zan
Dantza tokian oiñen ots berdin illuna ta neskatillen abots argi ta alaiak entzuten ziran. Arrabitak zesan: «ian, edan eta pozik izan». Leioak argi zegozan, eta ateak uluka dardar abesten, eta Ianko adi-adi entzuten. Abots ain ezti ta alai zeukan arrabita bategatik edozer gauza emango zun.
Alegiñak egin ondoren antolatu zun, enbor azalez eta zaldi-zurdaillez, arrabita antzeko bat. Ez zun, ordea, abegi-etxekoarenak bezelako abots bikaiñik; dardar bigunki egiten zun, euliaren durunda isillaren antzera. Ala ere, egun guzian ari atzimurka egon oi zan amak akar-egin eta belarrondokoak eman arren.
Geroago ta argalago zegola ikusten zuten; illea matasa nastua bezela orraztu eziña. Begiak beti negarrez, masaillak estu-estu. Errukarri zegon!
Ianko gizagaixoa! Aren arrabita euki-naiak, nai onak, zertara eraman zun... Erriko nagusi zarraren morroiak arrabita bat ba-zun, eta arratsalde batzutan, neskameak iolasteko, iotzen egoten zan. Ianko sasi artetik ioan, eta zabalik zegozan sukaldeko leioen azpian iarri, ta andik, atearen aurrez aurre, orman dindilizka arrabita ikusten egoten zan. Biotza begietara irtena zeukala zirudin. Arrabita ikutzen ere ez zan ausartuko, elizeko gauzak bezela done baitzitzaion. Baiñan alare, a nai zun, urbildik ikusi, unetxo baten bederen eskuetan euki. Au bururatzeak bakarrik biotza pozez dardar ipinten zion.
Gau baten illargia argi-argi, ta sukaldean iñor ez. Nagusiak erbestean zebiltzen. Gazteluan ez zirudin iñor zegonik. Ianko, abar arteko izkutuan, zabalik zegon atetik, bere ametsetako poza so-egiten.
Bai, gau nare baten iazo zan. Lilitegian urretxindorra abesten zegon eta geldiro zesaion: Oa, Ianko, oa. Ta larretxori zûr bat inguruan zebilkion esanaz bezela: Ez, Ianko, ez ioan. Baiñan larretxoria egaz ioan zan, eta urretxindorrak berriro: Oa Ianko, oa.
Ta arrabita an dindilizka.
Mutikoak, zutunik iarri, ta zuurki aurrera egin zun. Bitartean urretxindorrak berriro abots argiz esanaz: oa, Ianko, oa. Alkandoratxoa atera geiago urbildu zan; abar illunak ez zuten estaltzen. Bebarruan mutikoari bularra iasotzen zitzaion; arnasa estu ta larri zeukan. Berealaxe alkandora txuria sukaldean. Larratxori! alperrik abik, ez, ez esaka; Ianko sukalde barruan daukak.
Illunetan ots mintiera ta gozo bat entzuten da, norbaitek arrabitaren ariak ikutu ba'litu bezela. Ta ontan.. sukalde ertzetik abots gogor batek, erdi-lotan bezela, aserre ta deadarka nor dabil or? Ianko'k arnasa eutsi, baiñan abotsak berriro: nor dabil or?
Suzots batek orman arrast egin du ta sukaldea argi iarri. Ene Iainkoa! Itz zatarrak, masaillekoak, umetxo baten zotiñak entzuten dira, eta deadar au: Oi ene Iainkoa! Zakurrak zaunkaz, argiak etxean batetik bestera. Ango zarata!
Biaramonean Ianko erriko epaikariaren eta endorearen aurrean zegon. Mutiko gaiztoa epaitu bearra zuten. Biok mutikoari begira; aunek, zearo bildurturik, beatza aoan zula, ez zekin zer nai zuten iaun aek, ezta ere aen aurrera zergatik eraman zuten. Zutunik osta zegon, ta amar urte ez zitun mutikoari zer egin? Bai! umienganako errukia euki bear dugu: erri-zaiak artu ta astindu dagila berriro lapurretara ioan ez dedin, ta kito.
Estatxa, gabeko erri-zaitzailleari dei egin eta esan zioten Eramak, eta emaizkiok aztu ez dedin.
Estatxa kirten basatiak, bere burua erabilliz, Ianko besapean artu ta landetxera eraman zun. Mutikoak ez zekin zergatik zeraman edo izuturik zegon, ez zun beintzat itzik esan, ta, uso zaurituak bezela, Estatxa'ri begiratu bakarrik egiten zion. Basozaiak lurrera bota zun, alkandoratxoa kendu; ta burugaiñean zigor-otsa entzun zunean, Ianko'k deadarka: Ama, ama! Mutikoa zaurituago ta ama, ama deitzea isillago, bigunago, ta azkenik isili zan; amari ez zion geiago dei-egin.
Amak, eldu, umetxoa artu ta etxera eraman zun. Biaramonean Ianko ez zan oetik iaiki. Urrengo egunean, lastai gaiñean, iltzen zegon.
Illuna zetorren. Neskatillak, belar-azaoak besapean eramanaz, soroetako abestia eresten zetozen; errekatxo aldetik txirula ots alaia zetorren. Ianko'ren arrabita oe ondoan, lurrean zegon. Bat batean aurraren aurpegia argitu ta ezpain zurbillak esan: Amatxo!
Ta amak, negarrez zotinka: Zer, ene maitetxo!
Zerura ioaten naizenean Iainkoak arrabita bat emango dit, ez da ala, amatxo?
Bai, ene, maitetxo, bai!
Gentza Ianko'ri!
|