L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957 gko. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Maitasun eta erio kantua

 

Nivedita ahizpa

 

euskaratzailea

Ibinagabeitia'tar Andima

 

Mirande' tar Ion'i, urrutiko adiskideak.

 

        Nivedita Aizpak ondutakoa da euskeraz damaizugun kantu au. Budar lekaimetxo bat zan Nivedita, India erri andian garairik saminenean bizi izana. Ain zuzen, menperatzaileagandik erasoaldirik gogorrenak egari bearrik arkitu ziran orduan. Zintzo iokatu zuen Nivedita Aizpak aberri-askatasunaren alde, gogo-bizitzak zemaizkion indar ta iskillu zorrotzekin. Urrutiko aren adiskide batek senarra galdu zuen egun aietan eta andia izan zan adiskidearen atsekabea. Larrialdi hura nolarebait arintzeko, «Maitasun eta Erio kantu» au idatzi zuen Niveditak bere barneko experientzi sakona itzetan gatzatuz.

                Funtsez Budaren irakaspenetan eraikia izan arren, tankeraz Vedanta ariora egiña da. Kristautasunaren ukitua ere maiz ageri du kantu onek, eta laister oartzen zaio Biblia ere eskuartean erabili duela egilleak. Onatx Budar mistikaren zitu iakingarri bat. Irakurleak aixa atemango ditu Kristau philosophi eta dogmarekin bat ez datozen zenbait ustekizun. Ez da zailla. Ala ere gure barrutitik landa zer-nolako mistika-kimuak ernetzen diran ikus dezazuten Nivedita lekaimetxoaren poema zoragarri au damaizugu. Ez beste ezertarako. Ziur ziur gaude, alare, on andia egin lezaiokela gure ariman ere, erleak antzo lore goxoenetan ezti bikaiñena billatuz.

 

 

ILLETA

 

Nork bere baitan esateko.

 

Atsekabez dagi uria eta utsik oraindik atzo beterik zegoen etxea!....

        Agortu da iturria, itzali argi-ontzia!

        Izozturik dago ataria aizatu errautsen azpian

        Eltzegillea etorri baita eratutako lurrontzia puskatzera!

        Eta Iainkozko Amak estalki aztun batez estali digu Maitearen aurpegia.

        Beltz dago gaua eta ekaitza izugarri illak erretzen dituten uregian.

        Zurbil ta laster dioa aizatu errautsak daramazkin ibaia.

        Muga-eziña benetan ioanak ondatzen diran Aldia;

        Alperrik ari da Maitasuna, Erio atertu nairik.

        Ene Maitea! Oianetako loreak zimeldu dira, aintziretako ur-liliak muskildu,

        Txori berritsuak ixildu,

        Zeruko izarrak odei beltzez estali

        Etzera iñoiz geio gure artean ibilliko

        Zure begiek ezpaitute argirik geio ikusiko

 

 

Illari otoitza

 

        Arestian gure artean zeunden eta orantsu utzi gaituzun orrek, urrundu baiño len, entzun itzatzu, berriz ere, gure otoitz-agurrak.

        Zauri oro, bakartasun oro,

        egonezin edo aserrezko pentsamendu oro

        maitagabekeri oro,

        aitortu gabeko maitasuna,

        barka iguzu, Iauna!

        Bizitzaldiko arimaren dei guztiak,

        xuspergarri izan ez dan maitasun oro

        barka iguzu, Iainko!

        Eriotz-aldiko arimaren dei guztiak

        akitu zaituten lanak oro.

        Zure aitzinean, zure bizi guztia xamurki ber-oroitzen dugu.

        Zure aurtzaroko egun zoragarriak azkengabeko maitasunez berpizten ditugu gure pentsamenduan.

        Banan banan datozkigu zure egintza oparo eta xamurtasunezko ukapenak.

        Miragarria benetan elkarrekin egin dugun bidaldiaren historioa! Erioren aitzinean zure gomuta bedeinkatua bedi gure artean.

        Eta iakizu, gure maitasun aundiaren frutu orrek, iñoiz ere, arik eta Eriotzan elkartu arte, iñoiz ere ez dugula ahantziko maitasun eta otoitzen laguntasun zintzoa zuri ekartzerik.

        Baita iakizu Erio baizen indartsua dala Maitasuna, iñungo urek itzali-eziña, iñungo uroldek ondatu-eziña!

        Gure eskuak beti dagoz alkartuta eta zure izena biotz-pilpiraz bat egiñik daramagu.

        Gure gurari gori eta maitasun bizia ez ditezke zuganatzeke egon eta zuri indarrik emateke. Emen lur ontan eta bestaldean! Iainkoari eskerrak.

        Baña zu, eme Maitea, zaude atseden eta bakean. Iratzarriko zeranean, ieiki zaite eta egizu otoitz gurekin, orain, gure eriotzako orduan eta betiraunde guztian.

 

                                Oi Aldiaren Gaua!

                                Oi Etsipen Gaua!

                                Oi Erio Gaua!

                        Zure aurrean makurtzen gera!

                        Agur, agur, agur Zeuri!

 

        Gizon batek bere soiñeko igatua berri batez aldatzen duen bezela, arimak ere gorputz zarra eranzten du berria iazteko.

        «Ziurra baita eriotza iaio danarentzat, ziurra ere iaiotza il danarentzat.»

        Nor-bederaren gorputzean «Hau» iga-ezin eta betikorra dala iakizu.

        Gorputz mugatuek bai, azkena dute, ez ordea, amai-ezin, suntsiezin eta betikor danak.

        Iakizu «Hau» ez ditekela suntsi, Orrengatik bait da mundua zabal. Nork porroka dezake beraz, «Hau» illezkorra?

        «Soña, iaio ta il egiten da». Eriotzatik eraman gaitzatzu Illezkortasunera...

        «Obiak betetzen dituzuten Illak, bedi bakea zuekin!»

        «Il andi ta altsuok! Il zoriontsuok! Mendez mende egin diete negar illei. Ez illei negarrik egin! Alderantziz, biziei negar egiezue oraindik il-bearrik baitaude».

 

Illen bedeinkapena.

 

        Iaunak gorde ta bedeinka zaitzala

        eta Bere eskar-argia zuregana zuzendu dezala;

        erruki bekizu,

        Bere bakea bemaizu, Gurenengatik lagun bekizu

        zure indarrak berriztu bitza Sion gatik!

        Zure biotz-arimetako naikari guztiak bete ditzala!

 

Otoitza

 

        Krishma Ori! giza-maitasunez gaiñezka zauden Artzaia!

        Buda, amaigabeko Errukiaren Iauna,

        Iesu, adiskide andiena, arimaren laregillea,

        Ramakrishna, Iainkozko Amaren Aurpegi ori,

        Vivekananda biotz indartsu, (1)

        Gaizka eta ar ezazute arima au!

        Iainko Iaun Alguztidun ori,

        gorde ezazu zure aitzinean!

        Betiereko argiak argi begio!

 

Ondo atsendu.

 

        Zabiltza, arima andi,

        Izarrez iositako bidetik,

        zabiltza, zorioneko ori,

        oroimena aske dan eta

        ez aldiak ez zentzuen lillurak

        ikusmena nekatu ez dezaken toki artara.

        Bakea ta bedeinkapenak

        zurekin bitez beti betiko!

        Zure bizi-eskeintza, opari eder gerta zitzaizun!

        Sar zaite orain zure atsedentokian,

        maitasun gurenaren biotzean.

        Aldi ta aldea ezabatzen dituten

        oroitzapen goxoek

        zuk uxtu tokia bete dute,

        aldareko loreak bai'liran!

        Zure lokarriak eten dira;

        Zoriona arkitu duzu

        Arima oparo orrek,

        —Erio ta Bizitza dan—

        Iainkoa baitan.

        Lagun zakigu oraindik ere,

        beti prest, zekenkeri gabe,

        zure maitasunean urgaizteko,

        lagun ezaiozu oraindik ere

        gure mundu oni bere indarka gogorrean.

 

Rudra'ri otoitza.

 

        Eziñetik Egiñera eraman gaitzatzu,

        Illunbetik Argira,

        Eriotik Ezilkortasunera

        Sar zakigu gure barne-muiñetaraiño,

        betiko Zu Iaun Altsu!

        Gorde gaitzatzu ez-sakonetik

        zure irripar zoriontsua ararteko!

 

Iainkozko Amari otoitza.

 

        Onespen guztien emaile,

        On guztien iturri

        Eskari guztien entzule,

        Zure aurrean makurtzen gera!

                Agur, agur, agur Zuri!

                        Oi Aldiaren Gaua!

                        Oi Etsipen Gaua!

                        Oi Erio Gaua!

                Zure aurrean makurtzen gera!

                Agur! agur, agur Zeuri!

 

 

ARIMA'Z GOGOETA

 

        Arratsa zan. Etxe-gainean geunden eserita. Gugandik urbil, itzalean loretegia urrin-iario zegoen. Aizeak bigunki astintzen zituen zugaitzetako ostoak. Eguerdi-aldera, Egoeko-Gurutzea zeru sakonetik begira zegokigun. Bakar zegoen. Illuntasuna geitu bitartean istaz zegoen inguratzen zuten millaka izar zurbilzken aitzinean. Izar oriek, ordea, bereala itzali ziran, eta Egoeko-Gurutzea soil ta bakar gelditu zan; illargia ieikia bait zan. Orduak igaro genitun. Geroago, illargia astiro astiro etzaldera ieisten ikusi genuen. Aopean ari giñan maitarietaz, naigabetuetaz eta zazpitan zoriontsu diran zenduetaz. Geroago ixiltasuna ixuri zan izarren aitzinean. Arimak soil zeuden atzarri.

        G. — Nai-nora begiak itzuli, gauzen bikotasuna dakust. Algara ta bizitza gaur; eriotza ta malkoak biar. Egia esan, badakust atsegiña nere inguruan, baita oiñazea ere aren itzalpean. Ezertxo ere ez dakustan illunpe ontan, nola ziurta nezake nere maitea oraindik ere bizi dala?

        E. — Gauza oro beraren aitzikoak ernerazia dalako. Bizitza au rythmu bat besterik ez da, punktu batetik aurkakora atergabeko igia dan Rythmu Aundiaren barnean. Bizi-oarpen guztia aitzitik-aitzikora ari dan igikun onexek erne-arazia bait da. Ezin dezakegu bizitza artu bere-bere dituen ekaiekiko zerbait berezia bailitzan. Ala izaki, bizitzari eriotzak darraikio. Soin-iabe geralako usteak, nai ta ez, aitziko beste usteren bat bear du, suntsipenak erne-arazia; oraingo gure ari-bide eta iakin-bide onek beste era bateko ari-bide ta iakin-bideak bear ditu.

        Iratzar ala irosor, osasunean ala eritasunean, bada zerbait iraunkor neregan: beraz zerbait iraunkor bear du izan nere baitan bizitz eta eriotz oarpenak beretu ditzakena. Zerbait ori, ain zuzen, arima duzu.

        Arima ez da igatzen.

        G. — Baiña zerk sinist-erazten dit kendu didaten Maitea oraindik ere badala? Zergatik ez naiz erori etsipen beltzenean?

        E. — Suntsi ote da gero? Irasorrean ez ote dago? Aren iraupenak ez ote du balio? Elkarrekin ikus dezagun auzi au maitasunaren biotzean...

        Bizi zan bitartean zer zenuen maita arengan? Bere itxura ote, soiñaren agerria, zegien otsa edota bera bizi zan soin-estalki onen ukitua? Ez al zenuen maite batez ere aragizko egoitza artan bizi zana? Ez al zeunden aren gogo, arima ta bulkoekin bat eginda? Zer zan zuretzako benetako agerria; gorputzarena ote zan soilik?

        Ez orixe! Galde oni berez dario erantzunak. Gorputzari negar egitea itxarogabeko atsekabea dugu, etsipenera garamazkina. Ez da luzarokoa izaten gaiñera; gorputza aienatu-ala aienatzen baita au ere, soñeko apain bat edo baliozko pitxiren bat galtzen dugunean artzen duguna bezelako naigabea dalako. Maitasun iraunkorra ispiritua maitatzetik dator, arima maitatzetik.

        Bizitz-aldiko atsegin osoa arimaren agerritik baldin badator, arima balinbada maitasuna, nola ekar dezake aldakuntzarik erioak?

        Arima arimaren agerrian dago egon ere. Eriotzak oro lausotzen zuen lillura-estalkia erauzi baizik ez du egin. Eta estalki arengatik, zeramanagatik baiño are negar geiago egingo ote dugu?

        Zer da beraz, bizitzaldiko batasun ori?

        Melodi bakarrean alkartutako arima bi. Ala zeuden eta ala daude oraindik ere. Arimen ots-kidetasun auxe da zintzotasuna.

        Arimak ez dazagu aldirik. Bere io-muga garaia iritxi eta inguratzen duen laño artetik dirdaitu, ez du beste egitekorik. Eriok ez dakarkio iñolako aldaketarik. Eriok ez du gorputza baizik ukitzen. Arimak ez du bere izatearen oarpenik galtzen, bai ostera gorputzaren lokarriena. Orra dana.

        Bukatu dira gorputzarekiko ardurak. Gorputzari zegozkion itxaro, beldur eta oroitzapenak aldendu dira. Baña arimak maite zuen guztia —Iainkoagan uste-betea, ones-bear sutsua, edota egiaren itxaropen gartsua— osotasunik garaienera iritxi dira betiereko bizitzan.

        Lurrari itsatsitako oarkabeko bizitzan, lur-experientzi guztiak elkarbatzen dira guk iakiteke, oldar berri batez berriz ere ekiteko. Orixe baita oar-ikaspenaren legea: zantzua, bulko-erneketa, adirazketa. Bizitza berez ez da izan ere illunpean eta ixiltasunean ernetako zantzu ñabar bat besterik urrengo indarkan oldar berri batez ieikitzeko.

        Begi aurretik aldendu zaigun arimak ez ote daki ezer ere gabetasunaren aurka daramagun burrukaz, gure eguneroko gorrietaz ez eta lan ta porrotaldietaz ere? Ez! Nai al zenuke oriek iakin ditzan? Gure ondoan arkituko balitz orain; emari ori egingo al genioke? Azkeneko bereiz-une artan argi-ikuspen ta gurariak oro zorrozturik, aragizko estalkia iraitzita arima bakarrik iasotzen danean, Iaungoikoagana doalako naigabe edo atsegiñak artuta; nork esan lezake berak ere lagunaren naigabea sentitzen ez duenik? Nork esan lezake araindiko xamurtasun-ikararen batek ez ote duen dardarazi?

        Gogora ezazu, munduon eta zeruaren ararteko iarrita dagoen emakume katolikoaren ideala, bere atergabeko otoitzaren egapean kokatua.

        Gogora ezazu ere musulman emakumearen ametsa, Iainko ta beraren artean ezartzen baitu —ezkon-sari bailitzan— musulman oroen gaizkapena.

        Ikuspegi auek ez dira berdiñak enda guztietako. Egizkoak dira noski. Gizadi-biotzaren pilpira duzu, miliunka atergabeko taupadaz eta bat-bederaren oldarrez osotua.

        Illak ararteko ditugu, gure alde arrenez ari dira, gutaz oroitzen dira Iainkoaren aurrean.

        Eriotzak beraz, ez dakar ezelako aldakuntzarik. Arima, eriotza gertatu unean zegoen tokian geratzen da, aren Maitea aldamenean gelditzen zaio.

        Arrezkero ere arimarenak soilik diran ondasunetan erkide irauten dugu. Naigabea ez da alkartasunaren estalki bat baizik. Maitearen arima dagokion zoriontasunera dioa. Gure arimak eutsi egiten dio ibillaldi ortan ark asitako arloari lur ontan iarraituz.

        Beraz, zer dala-ta etsi?

        Ernai dago ama lo dagoen aurtxoaren ondoan; ez du negarrik egiten aren aotsik entzuten ez duelako, aren eskutxoen palagurik lepo inguruan sentitzen ez duelako, edota arekin iolas ta par egin ez dezakelako. Alderantziz, pakez maitasunez ta pozez inguratzen du, ondo baitaki bearrezko duela loa azi ta sendotzeko.

        Obe genuke, bear bada, maitearen iaiot-orduan negar egin, ots, aragiaren morroitza ta lokarriak artzen dituanean, eta poztu aiek utzi ta askatzen dituanean. Egaldatu dan arimari lur-bizitzako oroitzapena amets goibel eta aztun bat bezela agertzen zaiolako. Lurrean gelditzen danarentzat ordea, gorputza, lotan bezela aienatu da. Geroago berria janzteko erantzi dugun soñeko bat bezela.

        Gure Maiteari etengabe lagundu dezaiokegu gure otoitz, maita-gogoeta eta aren maitez erruki-gintzan jardunez, eta batez ere, aren arloari zintzoki iarraituz.

        «Ziurra baita eriotza iaio danarentzat, ziurra eta iaiotza il danarentzat.»

 

 

MAITASUNA'Z GOGOETA

 

        Nere barnean bil nadin ene biotzari galdetzeko zer nolako ezaugarrietatik iritxi zuen nere arimak maitatu bear zuenaren ezagupidea.

        Bestek oartzen ez zituten ezaugarri izkutuak ez ote ziran, neretzako ordea sentsuz beteak eta nere barneko zerbaiti erantzuka ziardutenak? Gure biotzak oso ziran bestelakoak agerian, barnean berriz, antz-antzekoak. Batak, besteak uler zezakena besterik etzuen nai. Besteak berriz, biontzako egoki zitekena besterik etzuen billatzen. Arengan aragitu zan ene ideal-ametsa ere. Egia, amets andiak egin nituen, ark ordea guztiak bete zizkidan, baita zaillenak ere.

        Une batzuetan, bere gorputzeko leioetatik, aren arima ikusten nuela zeritzaidan, beti gorago naiez gar txuri baten gisa. Orduntxe ezagutu nuen nere maitea, etzebillen bada, irabazketa, galduketa baizik, ez artzeko, emateko baiño, etekin gabeko garaipena iritxi naiez. Eta gidaritzat artu nuen Aren auzia nere-nere egin nuen bete-betean, ondo nekielako ari nere burua eskeñiaz, gabe ta menperatuen onerako ere eskeintzez nuela.

        Orra nundik egin nuen nere Maitearen ezagupidea. Arrezkero ene arimako lagun izan zitzaidan.

        Eta kendu zidatenez gero, ez da ezertxo ere aldatu. Bere arimaren ezaugarri dan itz batean gatzatuta dago aren bizi guztia. Orrela erakusten dan arimak beti dirau ein batean.

        Betikotasunaren alako ikuskizun betean —lur ontako burrukak zerbait lausotua— beti ere bizi zala zeritzaidan. Ikuskizun ori ez zitzaion iñoiz urritu, beti ioan zitzaion geituz.

        Maitasunaren muiña dan arimaren arimarekiko erantzuna, beti izan da berezkoa guregan, beti benetakoa.

        Lo datzan bitartean ez al nezake aren alde otoitz egin, atzarri ordea? Arekin ixiltasun berean elkartzeko eguna ez ote nezake itxaro?

 

 

IKUSPEN-ARGIA'Z GOGOETA.

 

        Eriotzari buruzko erriaren ustekizun xaloak guk uste baiño egiakoak dira maiz, bear bada.

        Guztiok arkitu gera askotan iaiotza ta eriotzaren aurrean, eta orduko oroitzapen gandutuek sarri izaten dira gure ametsen azkurri.

        Iñarros aundia iñarros txikiz egiña dan bezelaxe, gogo-egintza garai eta argienak edota arimaren argi-ikuspen oro, ioandakoen oarri ta alegin askoren ondorena baizik ez dira. Uste gabetanik sortzen zaigun ezin-eutsizko asmo bat, esaterako, noizbait iakin eta geroan aztu dugun zerbait besterik ez da.

        Are geiago:

        Benetako bizitz-ezagupena bereiz-almenaz batera, bizitzatik landa agiri zaizkigun zer guztien agerkizun bat da. Oarpen guztiak elkar-aitzikoz oretuak dira, oarpena sentitzen duen oiñarri iraunkor baten inguruan: oiñarri ori NI'a da.

        Goazen aurrerago:

        Ikasi al dugu argi bereizten ikus-malla batetik besterako aldaketak dakarren irrits-miña?

        Adiskidea ikusteko gurari min batek artzen nau, eta bet-betan aren oiñ otsa ate aurrean entzuten dut.

        Nere biotza urrutiko Maitearengana oldartzen da, eta orduntxe, aren gutun bat eltzen zait. Dirudinez aren pentsamendua eta nerea elkar-ikuka zeuden. Barne zantzuekiko atzarri daudenak ondo dakite ori.

        Urrun-miña maiz, agerriaren ikuspen lauso bat besterik ez da.

        Baldin batasuna gauza guztietan bada, orra atera dezakegun ondorea. Zentzu ta zentzugaiak, atsekabea eta onen zergatikakoa iturburu batetik datoz eta ez dira gauza beraren agerkizun ezberdiñak baizik.

        Zein da beraz, guretzako mezua?

        Auxe: Zaude baketsu! Bakea beti da egizkoa. Bera bakarrik da egia. Baketsu dagoenak egia dakus eta bakerik ez daukanak, gaiztakeria ta indarkeria besterik ez du ikusten.

        Zaude bakean. Oraintxe bertan zure bakeak aren zoriontasuna osotu dezake.

        Oraintxe bertan aren ordez lan egin dezakezu ta aren naikariak bete.

        Zaude baketsu! Oraintxe bertan, bada, aren baretasuna asaldatzeko eskua dezu, eta aren poza naasteko ere bai, zure lur ontako intziri ta negarrekin.

        Gogora ezazu zer nolakoa zan zure aldamenean bizi zanean. Utziko ote zizun bakarrean negar egiten? Eta zeorrek ere, orrelakorik egingo ote zenduen gero?

        Iñoiz baiño ber-berago, sendo ta askeago dan garai ontan, lur ontan bizi zanean baiño xamur-ezago izango al zaizu? Zaude baketsu! Zuen arima bietaz bat egiten zuen bake ortan iraun ezazu. Arimak aldirik ez dezagu. Urteak igaroarren, arimaren io-muga argitsuago ageri da, dirdizariago. Pentsamendua betiraunea da!

        Gogo-bizitzaren alkartasuna da zintzotasuna. Elkar-bereizketa, latzaldi igarankor bat besterik ez da. Arima bat beste batekin batzen danean, batasun osoa sortzen da eta soin-iduri eta itxura guztiak baztertzen dira.

        A zer-nolako egazkada goragoko io-mugara. Maitasun aundi guztiek bereizketa aunitz ezagutu ditute.

 

 

BAKEA'Z GOGOETA

 

        Bizitzako eta Eriotzako gurpilla, ordea, atergabe ari da iraulka. Zein io-muga iristeko?

        NI'ak dirauen bitartean ez da gurpil ori geldituko. NI au maitasunean suntsi bedi, Maitasuna berriz, urkoarekiko opari betean. Orduan Maitea Iainko gertatuko da, eta gurtzallea NI gabekoa.

        Au ere iakizu: NI'a aienatzerakoan Maiteak ez du ezertxo ere galtzen. Une artantxe, Iainkoak Bere Aurpegia erakutsi baitio.

        Beraz ezin gindezke luzaroan alderrai ibilli Iainko-maitasunaren obotik; iraizeko argitasunez erakusten zaigun biotz altsua dan Iainkoa.

        Antxe gerizatu gindezke arranoa egaldi betean bezela. NOR oro NOR-ez gertatzen da. Utsik dagoen otoitz-aulkiaren ondoan ere pakean itxaron genezake lenago an belaunikatu zana berriz ere gure ondoan belaunikatzera etorriko dala ziur-ziur.

        Aren zoriona ta gurea bat bakarra da. Eta bakea da egia. Eta egia bakean dago.

 

 

BATASUN-GARAIPENA'Z GOGOETA

 

        Maitearekiko sentitzen dugunaz mintzo gaiten. Agerria ta urruna modu ez-berdin bi baizik ez dira!

        Bata-bestea gabe ez dira osoak. Agerria luzeegia izan balitz, aisa ar genezakean elburutzat edota bikoaren bizitza bakartzat. Ortan uts egingo genukean. Batasuna bait da elburu bakarra.

        Batasuna ez da egintza bat, bakuntzari darraikion tasun bat baizik.

        Gure arima, atergabeko akorde goxo batzuetan, maniura (harpa) baten ariak bezela dardarazten duen amaigabeko musika au omen Iainkoa, batzuentzat.

        Iainkoaren bitartez baizik ez ditezke gizakiak barrenki alkartu bat egitera iritxi arte.

        Beraz, benetako maitasuna zentzuen ukapena da. Erioaren bitartez gertatu bereizketa maitariaren naigaberik lazgarriena da.

        Garaiena ere bai ordea, Iainkoak berak egiña dalako. Opari biurtutako naigabeak asma ere ez ditzakegun gaindegietara eraman gindezke.

        Fedez onartutako bereizkuntzak batasun osoena dakar.

        Oñazea da maitasunaren buruntza. Maitasunak, osotasuna iritxi dezan, oiñazea eta atsegiña ere bear ditu.

        Maitasunak ordea, garai ateratzen danean, oiñazea zangopilatzen du, zapaltzen du eta berez dago argi-iario. Eta auxe da izan ere, arima laztana, zure maitasunaren garaipen betea!

 

 

ARIMA ETA MAITEA ARKITZEN DIRA.

 

        Ixiltasuna, bakartasuna. Emen ezta beste zantzurik. Alare ziur ziur nago hura ez dagoen amildegi sakon batean ez naizela ondatu!... Dana baitago ain bare! Aldare aurreko argi-ontziak kiñuka ari zaizkit urruneko izarrak bezela. Lekorean, oianean alegia, osto illak abarretatik erortzen ari dira izotzak iota. Itsasoa, urdin-illun, gorabera gabe, ondartza soillean zabaltzen da. Aldia, soil, ari zait igesi, zorion-une artatik gerota urrunagotzen nauela. Pozik iasoko luke (aldiak) bereizketa gertatu zan lekuan iauretxe bat gomutakitzat. Pozik utziko luke itzaltzen aren azken-aotsaren oiartzuna, aren begien azken begirakuna, aren eskuen azken onespena ere buru gainean...

        Ez diot ordea, aldiari aurrea artzen utziko. Menperatu egingo dut. Etzait Maitearen gomuta biotzean itzuriko maitasunaren tokia beretzeko. Oro suntsituko ditut, hura nere ondotik aldendu ezpailitzan berriz ere bizi-bizideari ekiteko.

        Nere maitearen aurpegia ikustean artzen nuen ezin esan alako atsegiña; bein berriz senti zaitzadala ene biotzeko barnemuiñetan. Nere arimak arki dezala, arren, billa ari natziona.

        Zer dut ostera, nere zentzuen ustegabeko dei au? Imantak darakarren burnia bezela, geroago ta ondatzenago ari naizela dirudit gau beltzean. Illunpe gero ta andiago batek inguratzen nau. Dana dago mutu... Iainkoa ere ixilik dago...

        Betieraren utsunea ene baranoan nabaitzen dut. Dana dago aldakaitz, iasankaitz, igikaitz. Emendik, ames bat bezela ageri zait lurra. Zer dut ordea, nagoen zabalune au?

        Erantzuna. — Zabalune auxe, berau, arimaren barnean dago.

Arima'k. — Alako atsegin sakon bat nabaitzen dut, Maitearen aitzinean nagoela ezagut-erazten didana. Baña ezer ere ez dantzut. Ezer ez dakust.

        E. — Bai, entzuizu. Ixiltasuna bera entzungo duzu laster. Begira! Illuntasuna argi ikuskaitz bat duzu. Agerpenaren atarian zaude. Bake-baketsu gertu zaite...

 

Ementxe dago pakea. Banan banan erortzen dira biotzeko zapiak,

gau beltzena sortzeraño. Ertz gabeko illuntasunezko itsaso bai.

Orduan aots astiro ta goxo bat entzuten, gauaren pilpira bailitzan.

 

                        Om! Hari Om! Betiko Batasuna!

                        Bera zaitut! Bera zaitut!

                        Olatu gabeko zorion itsasoa

                        Bereartako Betetasuna!

                        Indar Orokar,

                        Bera zaitut! Bera zaitut!

                        Zuhurtasun ororen Ixilpekoa,

                        Ezagu-Arima!

                        Betiereko Betikotasuna

                        Om! Hari Om! Bera zaitut!

 

Arima xamurtasunez gainez eginda, extasi betean erortzen da

Maitea urbiltzerakoan. Aren oiñetan esnatzen da...

Arimak ixillune luze baten ondoren itz egiten du.

 

        Or zakust guenez, aintzaz istatsu! Etzaitela arren, neregandik iñoiz aldendu.

 

Arima baitan entzuten dan Maitearen aotsak

 

        Atozkit ondora, laztan ori; Atozkit, eta goazen alkarrekin mendigallurretara ortzantza lagun. Eguzkia etzaterakoan baso itzaltsua barrena ibilliko gera. Gure arimen alkartasuna!

        Oro batasun dan toki onetan, ezinezkoak dira itzaldi luzeak eta elkar-begirakunak. Emen ez diteke bereizkuntzarik, itxura edo irudirik ere ez.

        A. — Ainbat egunez negarrez ibilli naiz zure billa! Eta oraindik ere ez dakit nola etorri zeran nereganaño

        M. — Ai txoraska or! Ni ez naiz zuregandik iñoiz urrundu. Antxe, nere biotzaren sakonenean nerekin bat-bat eginda zaude. Au ere ikas ezazu. Argia argi-iturrian, atsegiña atsegin seaskan, nere bizitzaren azia dirala Iainkoagan. Nere izate guztia laudorio bat duzu!

        Zure deiak ordea, gumutaratu nau eta nere abestia urratu.

        A. — Zer nola dizdiratzen duen zure arpegiak! Eta zure bekokia ersten duen ustaiak zer nolako ista darion!

        M. — Antzak bialtzen duen Iainkoaren argia duzu. Argitasun berberaz inguratuta zakusta nik ere.

        A. — Goitik bera zureganaño eltzen dan bide argitsu bat dakust.

        M. — Ikusten ari zeran argi-iturria zeure maitasun aundia da. Antxe baitago —eta ez beste iñun— Iainkoagana garamazkin argizko malladia. Etzazula zure maitasuna uka. Bereizkuntza, lillura bat besterik ez dala iakizu, eta azalekoa izan ere. Zu neregan zaude, ta ni zuregan.

        A. — Zure aintza betor nere gaiñera! Nere Maitea, aintza bildurgarria! Zure laudorioen indarra irakiten dago nere izate guztian. Beña berriz ere Aldia atera da garaile. Zugandik urruti narama.

        M. — Ez orixe! Gutako bakoitza bestearen arimara igarotzen da. Lurreko siniskeriak aztunki naasten zaitute oraindik. Emen, Batasunaren kai onetan, Aldiak ez du bat ere almenik! Alegizu ikuskizun artez au betiere zere baitan gordetzen. Batasun egiazkoa gertatzerakoan bakarrik urrituko da ikuskizun au. Iainkoaren aitzinean arkituko nauzu beti. Betiko zaude zu nere biotzeko sakonenean.

        Betiko neregan zaudelako. Betiko!

 

Arima, loaldi luze baten ondoren esnatu ta oitu bizitzan asten da

berriz ere. Gaurgero, ordea, bake andiagoa ezagutuko du.

Naizta sarri amestzat artu, ikuskizunek egia agertzen digute.

 

 

MAITASUN-LETARI

 

Deia

 

                        Sorkari ta irudien gaiñetik

                        iasotzen zeran Maitasuna,

                        Morroitza askatzen duzun Maitasuna,

                        Bildur oro kentzen duzun maitasuna

                        Aragi-erkidego gabeko Maitasuna,

                        Betiko Maitasuna, Emankorra, Orokorra

                        Bere baitan kixtaltzen dan Biotz Donearen Maitasuna.

 

                                Agur, agur Zuri!

 

                        Negarrez ari diran aur aldenduek

                        Argiak itsututakoak bere itzalpean babesten ditun

                        Iainkozko Amaren ego-ariña;

                        Uts oro, etsipen oro, pekatu, atsekabe,

                        Bakartasun oro, makaltasun oro,

                        Maitasun gazte ta umea,

                        Zuk Errukizko Ama, zure magalean estututzen gaituzun orrek,

                        Ken izkiguzu!

                        Zure aurrean makurtzen gera.

                                Agur, agur, Zeuri.

 

                        Garbitasunezko ezpata zorrotz ori,

                        Menpetza oro apurtzen duzun ori,

                        Alozkeria uxatzen duzun ori

                        Edonolako ersturak lasatzen dituzun ori,

                        Iabetasunaren eredu ori!

                        Zure almenez ageri zaigun Maitasun Gurena

                        Griña oro errausten duzuna,

                        Oreka argi, Santutasunaren Giltzarri!

                        Zure aurrean makurtzen gera.

                                Agur, agur, Zeuri.

 

                        Arimen askatasun ekaitza,

                        Gogo-gaillurretako aizea,

                        opal-egarri ase-eziña

                        NI'aren mamipen ixilla.

                        Maitasunezko maitasunaren maitasuna,

                        Lanaren maitezko maitasuna

                        Irabaz-naitik erantzia

                        Zure aurrean makurtzen gera.

                                Agur, agur, Zeuri.

 

                        Maitasun emankorra,

                        Xamurtasun ezin adirazia

                        Garbitasun bildurgarri,

                        Askatasun oso,

                        Sorkari bakoitza argitzen duen argia,

                        Goxotasun gozoa,

                        Izu, izugarria

                        Zure aurrean makurtzen gera

                                Agur, agur Zeuri!

 

                        Betiko Maitasun, erakuskuzu zure Aurpegia!

                        Betiko Maitasun, zatoz eta guregan koka zaite!

                        Betiko Maitasun, gar bizi biur zaite gugan, gu erretzeko!

 

                        Ez zaitugu iduki nai,

                        Ez zaitugu ikusi nai

                        Zurekin bat gerta,

                        ez dugu besterik nai

 

Caracas'en Loraillak 26-1957.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.