Idazti Berriak
Etxaide'ren Pernando plaentxiatarra
Etxaide'ren «Pernando Plaentxiatarra» dala-ta, Idazki-agiri antzera, nere iritzia
Zeleta
Au lana!. Soraluze'n (Placenci'n) urte askoan bizi inzendua naizelako edo, nik eztakit zergatik, beñepein ainbat euskaltzale ezagun eta ez-ezagun, bai itzez bai idazkiz, urduri zuzendu zaizkit orain argitara dan Etxaide'tar Yon euskal-idazle ospetsuaren «PERNANDO PLAENTXIARRA» dala-ta nere iritzi jakin-naian...
Elerti-azterle egundo izan ez-naizenez ezpaitet ortarako bearrezko litzakidan jakinduri ta argitasunik ez nuan ain arazo irriztatian nere trebetasun-ezereza arrizkatzeko asmorik, eta uste ezezkor orretan tinko ta setatsu negoan; baña... eta asi-gera «baña»-ka! besteak-beste gure Zaitegi jauna ere, aizkenik, gutun maitekor baten bidez zuzendu zait nik iñolaz eman nai ez nuen irizpide orretxen eske, bete-betean, eta... au lana!, diot berriz ere nork eta nola uko egin «Euzko Gogoa»-ren Artezkari agurgarriari?.
Beraz, anka putzutan sartu bearrian naiz, nai-ta nai-ez, oraingoan..
Arduratzia izanik, labankorra ta gaiñera minbera baita besteren idazlan-azterketea, ta bi aldiz irristatiagoa oraindik azterkatu bear dan idaz-lana, oraingo ontan bezela, idazle disdiratsuaz gainera idazle-saritua danean, alegia. Nork eztu oroitzen igazko urtean gozoro ta ain aipagarri Euskaltzaindia'k iragarri zuan lenengo sariz sarituriko «JOANAK JOAN» zeritzan euskal-idazti ederra?
Lanak ditu idazlan-azterketak, eta ez nolanaikoak, euskerari dagokionez bein-zat, oraiñaldiko ze-esanetan oartu edo somatti dezakegunez. Gaitz, izaki, akats-gabeko euskal-irakurgairik aurkitzen, eta nork asmatuko egilleak naiko luken meaztasunaz bere aitapena egiten?. Or dago, or, ultzia!.
Batzutan giarregi, ta besteetan mamitsuegi, orrela gabiltza idazti aztertze-lanean: ertz batetik ezpada, besteko ertzetik; beti ertzetatik!, eta beñere ez erditik... Eta egintza onen ondorea, beti bat: giarregi irizkindu ba'degu irakurri ta aztertu degun idazlana, egillea mindu ta zapuztu. Mamitsuegi jokatu ba'degu, egillea asetu ez eta irakurlea nazkatu... Erdin egon, ordea, gauzaren muña; baña erdi-bide ortatik gure gurdia eraman-eziña edo nai-eza nabari zaigu beti... Nork asmatu gurekin?
Bestalde, euskal-idazkerari-buruz ere, beste ainbeste esan dezakegu: Gipuzkera, bizkaiera, napar'era ta lapurt'era naasirik dabizkigu... Eta, itzak?
Oraiñaldiko euskal-aldizkari bat aztertzen oartu nuan adiskide bat onela ze mintzatu zitzaidan, irri eta uju, lengo batean
Zer da au, Zeleta!. Idazle batzuk, eliza esateko, txadona diote, beste batzuk temploa!. Ta... ortik aurrera gure izkuntza itxusitzen duten bearreztako erdal-itz abek: herentzia espirituala, virtutea, problema, idiosinkrasia, modernua, sentimentuen manifestaziñoa, konversiñoa, vistaldia, nazionalidadea, mogimentuaren fundatzallea, sazerdotea, catecismoa eta abar! Nora goaz, Zeleta?.
¡Cantalapiedra'ra! erantzun nion.
Cantalapiedra'ra!. Ez ordea eta bearrik ere, ez ez gera joango Cantalapiedra'ra baldin Etxaide idazle dizdiratsuaren gisa gure euskal-idazlanetan euskera erabiltzen leiatzen ba'gera.
Etxaide jaunak «PERNANDO PLAENTXIATARRA» idaztitxoan dabilkin erazpidea gipuzkera jatorra eztalarik ere sarri baitabizki napar, lapurt eta bizkai-kutsuzko itz batzuk euskera garbia ta ulerterreza da lantxo ortan ematen diguna. Esanai batzuk legortxo egosiak eta zenbait esakuntz euskal-joskera jatorrean borobilduak eztaudela nabari da bere lerrokada batzueten; baña akats-txo oiek gora-bera, gogoz irakurri eta errez ulertuko dualakoan nago, irakurleak, «Pernando Plaentxiatarra»-ren mami ta esanaia.
Alaz guztiz ere, baldin plaentxiatarren euskeran tajutu ta idatzi izan ba'lu bere lana... orduan bai! orduan beste zakur batek zaunka egingo zion, agian, Etxaide'ren idazlanari. Baña... «EGINA EGIN», plaentxiar «Kaskurrio Zarra»-rena. Soraluzetar irrigille ospetsu onek asmatua baita esakun ori, ta bai soraluzetarrak, eta bai eibartarrak, «takian-potian» plaentxiatarrena da esan ere erabili oi-dutena egindako okerrak erremediorik eztuela adierazko.
Benetako emana ta gatza izateko, ipui ta erri-esakunak, entzun oi-diran bezelaxe artuak eta idatziak bear dute izan; baña egilleak berak liburuari ezarri dion itzaurrean aitortzen digunez, bi zio izan ditu beste bide batetik jokatuz bere idazlan aipagarria argitaltzeko, eta bere uste ori egiztatu nairik, ona emen zer-nolako aitorpena egiten digun
«Obe litzake noski dio ber-berak Plazentziatarren grazi berezia gardenago agertzeko ipuiok Plazentzia'ko euzkeraz argitara, baiñan, ortara joko ba'genu, Gipuzkoa'rik geienak ez-luke onartuko.» (Ez-ote!).
«Plazentzia'n mintzatzen den (Au eztezu gipuzkera, Etxaide) Bizkai-kutsuko euskera adigaitza baita gipuz nagientzat eta denek dakigunez irakurlerik geienak gipuzkerak ditu.» (Ontan arrazoi dezu.)
Eta bere esakizun edo tesis'a (Zuzena ala okerra?) sendoagotu nairik bezela, gure idazle argiak beste au esanaz jarraitzen du:
«Bañan, ezta au bakarrik. Oraiñaldian somatzen dugun euskal-literaturaren batasun mugimenduan (Nungo mugimenduan?) Gipuzkoa'ko izkelgi osotua dugu aukeraturik elburu goitar au ardietsi edo lortzeko.» (Lortuko ote?).
«Bi arrazoi auekatik dio aukeratu dugu gipuzkera ipui aben jantzigarri.» (Barkatu, Etxaide adiskidea; baña nik uste obekigo ta jatorrago dala esanai ori joskera ontan eraturik esatea: «Bi arrazoi auekatik, gipuzkera aukeratu degu ipui auen jantzigarri»).
Aizkenik, egilleak berak badirudi uste-gaberik on ematen diela aurrerago nik egiten dizkioten oarpen onuratsuei, berak, berekasa, urrengo lerroaldi ontan zentzuki egiten duan aitorpen onekin
«Alabaiña dio, sekula etzait ahaztuko, (Zertako h zarpall ori?) liburutxo au eskinita dijoakion nire (Zergatik ez nere?) adiskide miñak kontaturik magnetofonoan entzun nitunean, (Baña plaentxiatarren euskeran eta izkeran, ezta?) emen agertzen diran ipui batzuk, zelako (Itz au plaentziatarrena dezu, Etxaide) atsegiñez egon nintzan ezin aspertu. Ura zen (Au berriz napar'era) ura, Eibartarraren abotiko euskerak zerion gatza ta piperra (Jakiña!) ipui kontaketan. Tamala dio idazle ber-berak, nere aburua naiezik ere ederretsiaz kontalari trebe onek ez-mamitua ipui abetxek. (Nere ustez egokigo «ipui abetxek ez-mamitua» esatea, «ez-mamitua ipui abetxek» esatea baño.)
Erri-esakun eta ipuiak, «Pernando Plaentxiatarra»-ren egille disdiratsuak bere itzaurre arduratsuan egoki adierazten digun bezela, edeslari edo kontalariari entzun bezela adierazteak du benetako gatza, politasuna, edertasuna ta kutsu-gozoa. Baña, Etxaide'ren idazlan irakurgarri au berezko xaltxa ta gozotasunez orniturik ez'padatorkigu ere, ongi nabari da lerro disdiratsu oien-zear soraluzetarrak kontu-kontaketarako duten berezitasun iñartzigarria.
Alare ipui eder eta irritsu asko utzi ditu, sakuan sartu gabe, idaztitxo politaren egille txalogarriak. Bere adiskide min Eibartarra'gandik ordez, soraluzetar kontalari ospetsu ta egoki-egokia dan Iñurrieta'tar Benantzi'gandik jaso izan ba'litu, eta artu bezela idatzi... a ze nolako idazti-mardul eta benetan mamitsua emango zigun!
Bukatzeko, eta Etxaide adiskide onaren irakurgai goralgarriaren geigarrirako, ona emen soraluzetar geienak «tripa-pesta» duten bakoitzean gozoro ta alaiki abestu izan duten kantua:
«Errekaldian jarri omen dabe
orain dendari berrixa,
nortzuk diraden esango dizut
«Amilatei» ta «Marixa»:
Baba baltza ta zurixa,
koipiarekin, urdaixa.
«Marixa» beti bentanan dago!
dirudixala arraixa».
|