Idazti Berriak
Kristo'ren antz-bidea
E'tar N.
Kristo'ren Antz-Bidea, «Anai-etxe» argitaldariak apaiz batek euskeratutako liburu apain eta txukuns begien aurrean jarria digu. Euskal-liburuak arlotetxo argitalduak ikusi izan ditugu maiz-xamar. Orregatik pozten gaitu «Anai-etxe» argitaldariak duan arreta onek. Aurrena begietatik sartu bear zaigu idaztia; zenbaitentzat azal polita ta paper piña ikusi ezkero, aiekikoa egiña du liburuak; besterik gabe gogoko zaie. Euskal-idazti berri onek ba-du auxe; jantzi ederra ta itxura dotorea. Ta orrek eztio batere kalterik egingo gure izkuntzari.
Azala alde batera utzita mamira jotzen ba-degu, erdi-bidea artzen saia gaitezen. Gure artean, Izan ere, bi aldetara jotzen digute iritzi-emaleak.
Ba-ditugu euskerazko liburua ikusi ezkero, besterik gabe goraka ta txaloka urtzen zaizkigunak. Idaztiak, onelakoentzat eztu akatsik.
Orregatik beste zenbaitek alderantziko bidea artu dute. Bigarren auek, aurretikoen geiegizko goraka ta loxinkak baztartuaz, idazlearen alderdi txarrak aitortu egin bear dirala, diote. Liburu bakoitzak dituan okerrak beraz, ez dizkigute ezkutatzen; baña ontan ere neurris gorde bearra degu.
Euskera gaxorik degula, ta idazle asko lan ontan asiberri, ezin genezake zorrotzegi jo gure iritzietan. Idazlea geiegi mindu ta gogo-gabetu diteke, ta euskal idazleok ez gera ugariegi, ditugunak lan ontatik atzeratzen asteko.
Egi-tantoa ba-dute, ala ere, zorrotz-zaleak. Ez dala egoki gure gauzetan artabero usaia zabaltzea, sortzen diran euskal-liburuak gorapenez bakarrik artuaz. Idazti bakoitzak bere alderdi onak eta txarrak izan ditzake, ta gure iritziari edenik egozten ezpadiogu, mesede izango du idazleak nola obetu diteken jakitea.
KRISTO'REN ANTZ-BIDEAK len ere emanak ditugu euskeraz, eta egoki emanak, gañera. Bidasoz onuzko ta aruzko idazleetan yayoak agertu zaizkigu ontan saiatu diranak.
Baña Lekuona jaunak EGAN'en dion bezela:
«argitaltze berri batez gañera, euskeraltze berri bat egiten ere, egoki izan litekeala uste izan degu beti...»
Batezere, lan berriak nortasuna agiri ba-du, euskerak ortik mesede izan dezake. Ta au ere Lekuona-rekin aitortu bearra degu: liburuak bere nortasuna dakarrela.
Lengo norbaiten usaia artzen ote-diguun galdetuko baligu iñork, Aita Olabide'rena ba-duala erantzungo genioke. Apaiz batek bere lana artu duanean, Aita Olabide aurrean izan duala uste degu. Arena erriari egosberago jarriaz, noski. Orregatik gure erriak pozik artuko du liburu atsegin au.
Akatsik ez ote-duan galdetzen ba-didazue, berriz; ez dizuet ezetzik esango. Zerbait iluntxo gelditu otezaion; beste zenbat aldiz zeatzago eman ote-zitekean euskeralbena... Baña zeñi etzaio onelakoren bat gertatzen?
Asi zaite zerori lanean, eta ikusiko dezu zenbat oztopo dituan egiteko onek. Ta oztoporik aundiena, gure erriaren jakiñeza ta irakurtzeko euskaldunen moldakaitza. Euskaldun bakoitzak bere erriko euskera besterik eztaki. Bere etxeko itza ezpada, galdu zaizu gure irakurle motela. Ba-ditugu itz jatorrak; eta ala ere, asma-eziñik ibili bear dezu nola esan. Au jartzen badet, angoak edo emengoak ez didate ulertuko. Ari gogortxoa iruditu zaio; onoko oni mordoloa, berriz... Amaika aldiz paper guziak txakurraren zerera bialtzeko gogoa egingo zaizu.
Orregatik gure txaloak ez dizkiogu ukatuko idazti onen egileari; ezta argitalben ontan beren eskua ta laguntza jarri diguten ANAI-ETXE ta ITXAROPENA'ri ere. Guzientzat bijoaz gure poz-agurrak.
|