L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. azila-gabonila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Enea'rena

 

Virgilio

 

euskaratzailea:

Otarri

 

Bergili'ren Enea'rena euskeraz

 

I KANTUA

(iarraipena)

 

Onenbestez, ba-dabiltza Enea ta Akate, zidorra agertzen zaien bidean barna. Bai ta igo dira, uria osoan gaiñezkatu ta muga-jauregiak gainbera ikusten diran gaillur lepora ere. Biziro txunditu zaizu Enea, beiñola artzai-txabola besterik etzan ura, ain txukun ikusirik. Sor ta lor dakus bai ango ate, bidarri ta iendeen joan-etorri etengabea. Gartsu diardute Tiritarrak lanean batzuk muruak eta erdiko Gaztelua eraikitzen ari dira, arriak eskuz-esku iraulirik; beste batzuk, etxetarako orua aukera ta zotaskaz mugatzen dute. Bai ta berezi dute auzitegia, lege-etxea ta Aldundi donea nun jaso ere. Emen aitzurtu ta kaiak antolatzen dituzte; an azpi sakonak egokitu antzokiak jasoteko: ortarako, zut-arri eskergak ebakitzen dituzte arrobietan, geroko antzezkizunen apaingarri dirdaitsu, noski.

        Ez dituzu ikusi erleak, udaberriz, nola lan dagiten eguzki-galdatan, zelai loretsu zear, beren endako erle-moltso ugaria ateratzen dutenean, edo ezti naroa tinkotu ta gurin gozoz abaraskak anpatzen dituztenean, edo itzal datozenen zama-sortak leporatzen dituztenean, edo-ta sail alkartuan, listor alpertzarrak erlauntzetik bota oi dituztenean? Orrelaxe borbor diraki lanak, ta ezti joriari ispillu antzeko usaiña dario. «Zoriontsu zerate bai, zuon orma ta muruak gora doazi-ta», dio Enea'k, uriko dorre-buruak ikustean. Eta badoa sartuz, laiñotan estalia, gizartean, eta (au arrigarria) iñork ere ez ikusten.

        Ba omen zan, uriaren erdian, onako zabaldi itzal atsegingarriduna; antxe atera zuten kartagotar uin ta aize-erauntsiz ondatuak, Juno erregiñak erakutsitako len-agiria, ots, zaldi sudin baten kasketa. Jenderri ura, izan ere, ots aundikoa dukezu gizaldien gizaldiz, ta lurra txit aberatsa jatekoz. Emen ziarduan Dido, Sidon'en jaioak, Junor-en omenez jasotzen jauretxe galanta, txit joria doai ta goi-dirdaiz. Mailladi erpiñean ataria, azpi ta abe burni oriz josita; ate-orpoak ere ots-kirriska zegiten, burni urtuzkoak ziralako.

        Toki ontan, gauza berri bat zeukan begipean, nekeen aringarri noski; emen aurkitu zan Enea lenbizikoz itxaropentsu. ta bere ez-bearrean uste obez azkortu. Ementxe, ain zuzen ere, erregiñaren zai dagola, jauretxe gurenean oro ikustatzen du banan-banan; eta uriaren aurrerapena ta langilleen esku egoki antzetsua begiztatzen ditun bitartean, emen aurkitzen ditu margotuta Troia'tarren burrukaldisaillak eta entzuteak ludi zear zabaldutako gudaketak; emen dakuski Atreu semeak, emen dakuski baita Priamo ta Akile ere, bionzat txit anker. Pizkat gelditu, ta negarrez, diño: «Akate, zein leku edo zein eskualde dugu lurrean, gure zoritxarrez gaiñezka eztanik? Ona emen Priamo; emen ere saria dute aren egite aundiak; malkoz beteak dira gure nekeak, eta ilkorren gertakariz samintzen dira gure barneak. Astindu bildurra; bizigarri bekizu ospe au, zerbait bederen.»

        Orrela dio, te margo-irudi utsalez alatzen du biotza; oiu dagi samin ta oparo, malko-ibai luzez arpegia ezkoturik. Antxe zekuskian bai, Troia inguruan, gerkar gudariak burrukan ta igeska, ta troiar gaztedia aiei jarraika: antxe zekuskian prigi'tarrak, Akile kukurduna atzetik gurdian zutelarik. Eta urrutira bage, negar-jario dazauzki Resi'ren oial zurizko etxolak, lenengo lo orduan saldukeriz galduak. Tideu'n seme odol-zaleak izugarrizko erailketa zegian or-emen; eta beren etzauntzetara zeramazkian zaldi sutsuak, Troia'ko alorretan bazkatu ta Xanto ibaian edan baiño len. Bestekaldetik, an agiri zan Troil gazte gizaxoa igeskari, Akile'kin burruka ez-bardiñean izkilluak galduta; zaldiak daramate, gurdi utsari aoz-gora itsatsia ta oraindik ere ugelak eskutik ditularik: buru ta illeak lurrean doazkio narraz, ta bere aztamakil itzuliak erretena dagi autsean.

        Bitartean, an zoazen Ilion'go andre gurenak Palas zuzenezaren jauretxera, ille-adats nasi, naigabez bularrak joka ta jantzi apaiña zeramaiotela esku-erakutsi. Jainkosak, ala ere, burua makur ta begiak beian zeuzkan tinko. Iru bidar erabilli zun Akile'k, Troia'ko arresi inguruan, Ektor'en gorpua, ta urretan salgai jarri gero. Ta orduan Enea'k ondakiñak eta gurdia, ta adiskide beraren soin il-otza, ta Priamo esku izkillugeak luzatuz ikusirik, intziri sakon bizia bota zun bular-barrendik. Eta antxe ezagutu zun bere burua ere, gerkar nagusien artean; antxe ezagutu zitun sortaldeko gudarozteak eta Memnon beltzaren gudutresnak.

        Pentesile sutsuak zuzentzen du illargi antzeko ikurdidun Amazona taldea; ta or dabil guztien artean, oso kementsu ta gudari, bular ebakiaren gaiñean urrezko galartzua dula; neskatxa izan arren, gizonakin liskartzen azartua.

        Gauza guzti oiek Enea dardanitarrari zurgarri zaizkiola, ta lilluratu antzera beti ikusgai bati loturik dirauan bitartean, Dido erregiñ liraiña jauretxera jetxi zan, gazte-sail aundia inguruan zekarrela. Eurota ibai ertzetan edo Kinto mendi bizkarrez orrelaxe atera oi ditu Diana'k ere dantzari-taldeak, eundaka neskatx eder ditula jarraika ezker-eskubi; arek bizkar gain darama izkillu-zorroa, ta ibilkeran, beste jainko-emeen gaiñetik dager. Atsegin ixil batek alaitzen du Latona'ren barnea. Orrelaxe duzu Dido ere; pozik zetorren guztien erdian, bere erreiñuko lan ta geroaz gogatsu. Orduan, izkilluz inguratua, jainkosaren ateetan exeri zan, eserleku goi baten. jauretxe erdiko ginga azpian. Andik ematen zizkien menpekoei erabaki ta legeak; bai ta nekelanak berdintsu banatu ere, edo oien zozketa egin. Ontan, or Enea'k nola dakuskian Anteu ta Sergestu, lagun-aldra aundiaz datozela; Kloantu indartsua ere bai, ekaitz zakarrak kresalean sakabanatu ta beste itxas-egi batzuetara jo-erazi zitun Teukro'tar askorekin batera. Zekusanez geldu zan Enea; Akate ere poz ta bildur zan aldika; irritsez zeuden alkarri bostekoa luzatzeko; baiña etortzeko zana ez jakiñak biotza artegatu. Beta artu ta geldi daude, laiñoaren sabelean ezkuturik, zer gertatu ote zaien: nola ibilli diran, nungo itxas-baztarrean utzi ote dituzten ontziak, zertara ote datozen. Ontzietan buru egiten zuten guztiak, ba, antxe zoazen, arrenga ta baimen-eske: poz-oiuka zijoazen jauretxera.

        Barrura sartu ta agirian mintzatzeko baimena izan zutenean, Ilioneu agurgarria biotz-samur asi zan: «O erregiña. Jupiter aundiak uri berria irasi ta jende uzuak zuzenki ezteko almena eman dizuna! Troia'tar errukarriak gaituzu, itxaso guztiak zear aizearen mende ibilliak, arrenga gauzkazunok: ez beza su gaiztoak gure ontzirik erre; enda zintzoari onbera zatzazkio, ta zaindu itzazu zerorrek gure gauzak. Ez gatoz, ez, Libi'ko etxe-jainkoak izkilluz ondatzera, ezta urian dana arrapa ta ondakiñak itxas-ertzera eroatera ere: ez dugu orrelako biotzik, eta ez da egoki ere azpiratuetan ainbeste arrokeri.

        «Ba-da toki bat, gerkarrak Esperi deitzen diotena, lurralde zarra noski, izkilluz indartsu ta sokillez aberats. Lenago Enotri'arrak bizi izan ziran emen; oien ondorengoak, ostera, Itali deitzen omen dute, auxe bat-zan beren buruzagiaren izena. Araxe giñoazen gu...

        «Baiña Orion ekaiztiak, bat-batean nasi ta lazturik, ondarpil ezkutuetara jo-erazi ta aize setatsuz inguratu giñuzen: kresalaren mende, ur-gain zear zabaldu ta aitz-mutur galgarrietan ondatu. Gutxi gera emen, zuen itxas-ertzetara igeri eldu geranok. Zein gizaki dugu au, ta zein aberri, orren oitura basatiak dagigute, ta len-lurrean oiña jartzea eragotzi. Gizadia ta lur-izkilluak ezesten ba'dituzute, ustetsu zatzazkiete goiko-jaunei, ona sariz ta txarra zigorrez ordaintzen baitdakite. Enea genun errege; au baiño zuzen ta errukitsuagorik ezta iñor izan; guda ta izkilluetan ere ez ospetsuagorik. Zoriak oindiño ere bizirik gordetzen baldin ba'du, bizi-aizetan oraindik arnas artzen ba'du ta itzal gordiñetan ezpadatza, etzaite bildur izan, ta etzera damu izango gaiñera, danetatik lenen, gure alde zer-edo-zer egiñaz. Sikuli lurraldeetan ba-ditu uriak, bai ta izkilluak, Akeste, jatorriz Troia'rra ere, oso ezaguna dugu. Aizeak birrindu ontzidia laket bekigu legorreratzea, ta basoetan zura egokiturik, adabaki ta arraunez apaintzea; lagunak eta Erregea bear bada aurkitu ta Itali'runtz abiatzea jazoko ba'litzakigu ere, lenen Itali'ra ta andik Lati'ra pozez gaiñezka zuzendu gaitezen. Baiña, osasunik ezpadugu ere, ta zu, Enea, Teukro'tarren aitarik onen ori, Libi'ko itxasoak ba'zauzka, ta Juli'ren itxaropenik ez, onezkero; utzi zaiguzute beintzat Sikani-ko itxas-bazterretara ta gertu dauzkagun egoitzetara biurtzen, ots, etorri geran bidetik ekiñez, Akeste erregearengana eltzen.»

        Onela jardun zun Ilioneu'k, eta dardanitar guztiak ao-marmaraz baiesten zuten ark esana.

        Orduan Dido'k, burua makur, laburki itz egin zun: «Jaurti ezazute, Teukro'tarrak, biotzetik bildurra; utzi kezkak. Gertakizun latzak eta erreiñu berriak beartzen naute onela egitera, ta nere aginpideko muga-ertzak zelatariz zaintzera. Nork ez ditu ezaguten Enea'tarrak? Ba-da iñor Troia'ko uriaren berri ez dunik? Nork ez du ezagun ango semeen gaitasuna ta gudarako sua? Ez gera Kartago'tarrok onen biotz gogorrak; eguzkiak ere ez ditu Tiri'tik ain urrun bere zaldiak lotzen. Naiz Esperi aundira ta Saturno'ren zelaietara zoaztela, naiz Erix mendiko zabaldietara ta Akeste erregearengana eltzeko asmoz zabiltzatela, nik lagunduko dizuet, bai gizonez bai diruz. Ostera, gelditu nai al duzute nerekin jenderri ontan? Jasoten diardutan uria, zuena duzute. Atera uretatik ontziak. Naiz Troia'tar naiz Tiri'tar berdintsu zaizkit. Eta aize berberak erakarri ta, zuon errege aipatu ori, emen ba'lego. Neronek bialduko ditut, ala ere, aztertzaille bizkorrak, Libi'ko muga-bazterrak eta itxas-egalak arakatu ditzaten, baso zear galdua edo uriren baten bidekatua ba'lebilke ere.»

        Esan auetaz kemendurik, bai Akate indartsua, ta Enea aita, laño-estalkia austeko griña bizi ziran. Ta Akate'k aurrena, onela jalki dio Enea'ri: «Jainkosaren seme! Zer erabaki duzu orain? Eskier dakusu oro: ontziak eta lagunak emen ditugu. Bat ez da agiri, uiñaren erdian ondatua, gerok ikusi genduana, alegia. Gaiñerakoak, zure amak esan bezela, zuzen daude». Au esan zunekoxe, inguratzen zituan laiño ura bat-batez urratu ta ortzean puskatzen da. Geldi dago Enea ta, argi ederrean, musu ta sorbaldaz jainkotiar agertzen da; bere amak bait-zion ezarri gaztaro argi-gorriko goi-dirdira illedian ta deduzko aintza bizia begi liraiñetan. Ertilariaren eskuak boliari dizdiza geitzen dion antzera, noski; edo-ta urre oriz zillarra, naiz Parius'ko arria apaindu oi diran bezela. Ordun, angoak oro zurtuta, onela dio erregiñari: «Ona ni, Enea Troiarra, zuok billatzen duzutena; Libi'ko uiñetatik irtenda, emen naukazute aurrean. O zu, erregiña on, Troia'tarren ezin-esan alako oiñazez soilki errukitzen zerana; zuk, gu Danai'tarren ondakiñok, ur ta lur ainbeste ezbearrez abailduok, ezer-gabetuok, zeure uri ta etxean artzen gaituzu. Bear aiñako esker ona agertzeko ez gera gai, Dido, ezta lur zabalean aldarrai bizi diran beste dardanitar guztiak ere. Jainkoek emango al dizute merezi duzun saria! zintzoak begiratzen dituztenik, edo bazterretan artezik, edo barne zuzenez jokatzen dunik baldin bada, beintzat. Zein gizaldi zoragarrik sortua zera? Nortzuk zure guraso aundiak? Naiz ibaiak itxasoruntz doazela, naiz itzalak mendi-zurkuluak usmatzen jardun, naiz ipar-buruak izar-saldoa bazkatzen: edozein lurraldetan aurkitzen naizela, zure omen, dedu ta goraltza beti iraungo dute.» Onela mintzaturik, adiskide llioneu'ri eskubia luzatzen dio, ezkerra Serestu'ri; gero besteai, ta Gias kementsu ta Kloantu indartsuari, batez ere.

        Arritu zan lenengo Dido Sidoni'arra, gizaseme urakin gerta zitzaiona ezin ulertuta; onela itz dagi gero: «Zer zori txar, oi jainkosaren seme! dabilkizu jarraika? Zer ixil-indarrek bultz erazten zaitu zintzur erruki-gabeetara? Etzera zu Enea ura, Venu ederrak dardaniar Ankise'gandik, Simois frigitar ibaiaren ertzean, sortua? Egitan oroitzen naiz, nola Teukro, bere aberri mugetatik jaurtia, Sidon'a etorri zan, Bel lagun, lur ta erri berri billa. Garai artan, ain zuzen ere, nire aita Bel'ek erautsia zun Kiper joria, bere agindupe garaitsuan zula. Orduantxe ezagutu nun nik Troia uriaren itzul-amil gorria; zure izena ta gerkar erregeak, ere bai. Berberak, naiz-ta etsai, goratzen zitun oso Teukro-tarrak, eta gainera, berak ere aspaldiko gerkar endatik zula jatorria, aitor omen zun. Augatik, zabiltzate, gazteak, sar-zaitezte ene aterpean. Ni ere, nekemin askoren ondoren, zori berdin samarrak egotzi nindun onera, ta azkenik ere lur ontan tinkotzea nai izan zun. Ba-dut zoritxar berri, ta ortik-ikasi dut aurki, beartsuekin erruki izaten.»

        Ta oroipen-jardun onen ostean, bere bakaldun jauregira darama Enea, ta orobat, jauretxeetan opariak eskeintzeko agintzen du; onezaz gaiñera, itxas-ertzera bialtzen ditu, lagunentzat, ogei zezen, eun txerri aundi lepo illetsu, eun bildots gizen bere amakin, eta beste esku-erakutsi batzuk, eta ardaoa, Bako'ren poza.

        Jauregi barne dizditsua, ordea, erregiña deduz ornidua datza ta aterpe erdian oturuntzarako ere guztia gertu: antzez landutako miesa ta eun gorri jaikiak; zillarra oso ugari maietan, ta onek daramazki, arpikoz urretan josiak, gurasoen egintz kementsuak, gertakizun sail oso luzea, noski, enda zar asieratik belaunez belaun erakarria.

        Enea'k —aita-maitasunak luzapenik eztu nai— Akate bizkorra bialtzen du ontzietara, Askani'ri gertatzen dana iragarri, ta berakin jauregira ekarri dezan; Askani'gan jartzen du aita maitekorrak bere ardura guztia. Bai ta bitxi batzuk ere ekartzeko agintzen du, Troia jausi zanean arretaz gordeak gero soingaiñeko bat urrezko iduriz ornidua ta zapi bat akantu gorriz eioa, Elene argotarraren edergaillua; onek atera zitun bai Mikena'tik ezkontza galerazi billa Pergamo'ra jo zunean, bere ama Leda'ren doai zoragarriak; auetzaz gaiñera, Priamo'ren alaba nagusi Ilione'k beiñola eraman zun esku-makilla, ta samarako bitxi-zarta, ta koroe bat, arri-pitxi ta urrez egiña. Agindua azkar bete naiez, Akate ontzietara dijoa arduratsu.

        Bitartean, Venu atzi-sare berriak asmatzen, aolku berriak darabilzki kolko barruan: Askani samurraren ordez, betor Maitagarria, arpegi ta itxurea aldaturik; eta esku-erakutsi auen bitartez, piztu beza erregiñaren biotza maitasun sutsuz, bai ta aren ezurretara su bizia ixuri ere. Bildur da, izan ere, Dido aldakorra ta Tiri'tarrak elebiko diralako; Juno larriak ere darda gaiñean darabil, ta eztio lagatzen ardura orrek gau-ordu ixilletan ere. Ta, azkenik, onela itz dagio Maite egodunari:

        «Oi seme, ene indar oro, ene adore aundi! oi, ene seme! zu bakarrik, Tzeu aundiaren izkilluak, Tipeu suntsitu zutenak noski, ez zaitue bildurtzen; zure babesa opa dut ta goi-indarra daskatzut otoizka. Ba-dakizu Enea zure anaia nolako zoriz dabillen, Juno zitala dala-ta, itxaso zear, bazter guztietara eroana: ta nere miñean, zu ere, erdikide izan zaitut beti. Orain, berriz, Dido peniziarrak berean dauka, ta solas gozo-eztiz luzeerazten du. Bildur naiz, bada, ostatuz egote au nasi-itzuliko ez ote dan, Juno'k eztu egokitzen zaion abagune ain erosoa alperrik galdu naiko-ta. Augatik, aurrea artu nai diot maltzurki, erregiñaren biotza su-garrez inguratu ta maite-mindurik: neronek besteko maitasun aundiz kutun dezala Enea, ta iñolako goi-indarrek ez beza ortik aldatzeko kemenik izan. Au bete dezakezun, ar orain ene onua. Askani gaztea —aregan dut ardura berezia— aita laztanak deituta, sidoniarren urirako irten zorian aurkitzen da, Troia'ko sugarretatik eta itxasotik onez atera zituzten emaitzak berakin ditula. Au, lo-zorroan sartu ondoren, Kitere garaira eramango dut, edo Idali mendira; ta toki sagaratuan ezkutu jarriko, egundo iñork iruzur auen berri jakin ez dezan, edo-ta ortarako oztoporik bidean ipiñi. Zuk, gau batez beintzat, ar zazu aren antza, edo-ta ortarako oztoporik bidean ipiñi. Zuk, gau batez beintzat, ar zazu aren antza, aur biur zaite ta aurraren arpegi ezagunez jantzi; Dido pozez lilluratuak altzoan artzen zaitunean, mai guren ta ardo-ixurtze bitartean; besarkatu ta musu gozoz sututzen zaitunean, ixillezko sua ixuri ta ortiko edenez atzipetu dezakezun.»

        Maitek zintzoki betetzen ditu ama kutunaren esanak: egoak erantzi ta Juli'ren antza du ibilli poz-erakutsian. Venu'k, orduan, atseden eztitan jartzen ditu Askani'ren soin-atalak; eta, bere altzo beroan, Idali'ko oian garaietara darama, lokartua; an gurbiza zuri usaintsuak biran du estutzen ta lore-itzal lurrin-jarioz arnastu.

        Ta, dagoaneko, ba-zijoan Maite, amaren esaneko, ta ba-zeramazkiten Tiri'tarrai pozik bakaldun emaiak, Akate eskutik zula. Ta eldu zaneko, erregiña ezarria zan bere oial zardaiñezko etzan-oe dirdaitsuan, apaltegi erdian.

        Ondoren Enea aita ta Troiar gaztedia ere etorri datoz ta kurtxoin gorrizketan egokitu. Ura dakarte morroiak esku garbiketarako; ogia ateratzen dute otarretan, ta mai-zapiak edatzen dituzte, artille leunez egiñak. Berrogei ta amar neskatx daude barnean; beuren zeregiña dute oiek, jatekoak atondu ta, etxe-jainkoen omenez, su bizia iraun-erazi lurriñetan. Bai ta beste eun neskatx eta eun morroi adin berdiñeko ere an dira, maiak janariz ta edontziak ardoz ornidutzeko. Tiritar asko ta asko ere, jauregi-atarian ikus-min ziranak, alegia, orrits-aretora sar-erazten dituzte, ta aunitz margodun etzan-aulkietan ezar-erazi. Arrituak daude Enea'ren emaitzak ikusirik; Juli ikusirik, jainkotxoaren arpegi dizditsua ta itz bakanak; arrituak baita, soin-gaiñekoa ta akantu gorrizkaz eundutako buru-zapia ikusirik ere.

        Baiña, iñork ez beste, Peniziar gaixoak, gain duan pozoia urrutira ezingo dunak, ezin du iñolaz ere bere gogoa ase, ta gero ta geiago piztuz doa, aurra ta emaitzak begipean dauzkala. Aur au, Enea besarkatu ta bere aitatzakoa, lepotik dindil, ezinalagiñako maite-erakutsiz ase ondoan, erregiñagana doa. Aregan ezartzen ditu erregiñak bere begiak eta biotz-barneko leia bizia; bizikiro laztantzen du altzoan; ta ez daki Dido gaixoak nolako jainkoa daukan belaun gain. Eta, bere ama Akidale'z oroiturik, Sikeu'ren gomuta murriztzen asi da pixkaka-pixkaka; ta, maitasun gartsuz ixio nai ditu aspaldi motel zegon gogoa ta maite-oitura galdua zun biotza.

        Apariko len-egotaldia egin ta mai-zapiak jasotakoan, kantxin aundiak dakarzkite, ertzetaraiño ardaoz beterik. Ta ordun birbizten dira jauregi-barneak iskanbil aundiz, ta atari nasaiak kantu ta abots beroz. Argi-untzi irazekiak zintzilik daude goiage urrezkoetatik, eta zuziak argiz gaua aizatzen. Erregiñak, ontan, txonil bat eskatzen du, urre ta arri-pitxiz astuna, Bel'ek eta onen ondorengo guztiak erabili zutena; ta mama gozoz gaiñezka jarri' ta gero, jauregiko guztiak ixil, onela mintzo da.

        «O Jupiter! arrotz-eskubideak —ospe danez— zuk emanak diran ezkero, egun au alaitsu bekigu, arren, Tiritar ta Troia' tik aldegin zuten guztisia, ta gure ondorengoak ere ospatu be zate onen oroipena. Bedi emen gure artean Bako, poz-banatzaille bizkor, bai ta Juno ona ere. Ta zuok, Tiritarrok, ontzat ar ezazute batzar ontan egiña.» Esan, ta maiean ixuri zun lobel-oparia, ta ixuria berak ikutu zun lenen ezpain-ertzez; Biti'ri luzatu zion gero, edateko eskatuz; onek, ez nagi, ustu zun edontzi apartsua, ta ez gutxi okotz-bera erori ere. Ondoren, beste aundikiak edan zuten. Urrezko kitaraz kantatzen du Jopa illetsuak, Atlante aundiak bait-zion ortan irakatsi: illargi ibilkorra kantatzen du, ta eguzkiaren illunaldiak; gizonak eta piztiak nundik datozen, nundik euri ta oiñazkarrak; Artur ta lade euritsuak eta Tirion, biak; negutar eguzkiak zergatik dijoazten onen bizkor itxas-altzoan murgiltzera, edo-ta zergatik onen berandukor gau geldiak. Nolako txalo-irautsia Tiritarrak! bai ta Troia'tarrak ere!

        Dido gaixoak itz-aspertuan igaro zun, gaba, maitasun-ontzitik sendoro edanez. Gauzarik asko galdetzen zitun, jakin-min, Priamo ta Ektor'etzaz; orain, nolako izkilluz etorri ote zan Eguantzaren semea; gero, nolakoak Mumene'ren zaldiak; eta nolakoa, Akile aundia. «Ia, esaiguzu —dio azkenez— konta itzazu asieratik danatarren malmuzkeriak, zuretarren gertakizunak eta arat-onat egin dituzun ibiltaldiak; udate au zazpigarrena duzu, ba, ur ta lur oroz aldarrai zerabiltzana.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.