L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. iraila-urrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Amabost urte Caracas'tik

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k

 

Iai sonatuak izan ditugu emen gaindi Eusko-Etxearen amabost urteak dirala-ta. Ageri danez, Ameriketa berri ontako oiturak euskaldun zarroi ere itsasten ari zaizkigu. Ez dut «bearrik» idatziko esakera borobilagotzeko ere! Europa zaharrean, amabost urte gora-bera, ura bere bidetik patxara gozoan, emen berriz gainez egiten du zalaparta eroan. Neska batek amabost urte egin dituala? Or erakutsiko dute gizartean, azpiak luze, gaiñak labur, lore, edari eta dantza zorabiotsuz inguratuta. Izparkariak ere ez dute ixilduko gertari ez-oitu ori eta an agertuko dira neskatxa panpoxon irudiak, goiz-abarreko lili xutak illunabarrerako eroriak. Mutillekin ere, ia beste ainbeste gertatzen da. Eusko etxea ere koxkortu zaigu eta aren amabost urteak ospatu bearrekoak ziran or-nunbait.

        Ortara iarri ezkero, euskaldunok ez gera esku-motzak ene kronikatxo exkas ontan ikus dezakezutenez, irakurri nai balin baduzute, iakiña.

        Gure Lendakari maitea etorri zitzaigun Paris'tik pesta auei are aomen aundiagoa txertatzeko. Ostiral gurenez bazan euskaldunik franko Maiketia'ko avioi-zelaian Lendakariaren zai. Antxe egin genion lenengo agur gartsua euskalduntasunaren zuzia oraindik ere eskuartean ixio daraman gure gizonari.

        Eta gizona bear du ainbeste ekaitz, erasoaldi ta atsekabe artean euskal-argiari ain zintzo ta sendo eusteko. Eutsi, bai, Lendakari, iritxiko gera-ta.

        LARUNBAT-arratserako utzi genitun benetako gorazarreak. Egun ortan astekoak ziran, ofizialki, Eusko-etxeako pestak, «Euskal-astea» alegia. Gonburu zegoen gure etxe ederra arratseko bederatzietan Lendakaria noiz agertuko. Alako batean an zan gure artean. Eusko-etxeako buruzagi Etxezarreta iaunak asiera eman zion Caracas'ko Euskal-asteari itzalditxo labur batez. Ondoren, Lendakari iaunak, oi bezela, itzaldi mamitsu bat egin zuen. Nik ordea ez nion osorik entzun amaikak baiño len Los Teques'era ioan bearrik arkitu bai-nintzan gauerdiko mezatan organua io ta abesteko. An giñan sei euskaldun; ondo gozatu genitun erri artako arima pielen belarriak. Eta orrela eman genion Aberri-Egunari asiera, ollarite zoardi batean. Iesu piztu da! ill-artetik piztu ere. Piztu zu, ere. Euskadi! itzal illunpetik piztu ere!

        PAZKO-IGANDEA, Aberri-Eguna. Goizetik asi ziran uri ontako euskaldunak Eusko-etxean biltzen. Goizeko bederatzietan asi zan Aberri-Eguneko meza etxeko zelai zabalean. Bazan ienterik. Geienak Iaunartzera urbildu ziran Pazko-Egunari zegokionez «dena su, dena pindar» Iratzeder'ek liokenez. Astebete lenago ezin obeto gertu zituen gure biotzak egun ortarako Aita Amurketa azkoitiar idazle bikain eta euskaltzale pijuak. Ala ere, etziran guk nai genitukean beste euskaldun iru-urrenera urbildu. Oiturarik ez emengo euskaldunek euskerazko sermoiak entzuteko. Ez da arritzeko, emen ezpaita iñoiz ere euskerazko sermorik egin euskaldunak fedean ta Iainko-maitasunean iraunerazteko. Izan dira praille ta iesuita euskaldun ugari bazterrotan, baiña begiko zakarrari baiño kasu geiago ez diote egin euskalduntxoen arimei, are gutxiago euskerari. Naiago izan dute, arroak alakoak, erdal aparrean bala-bala ibilli euskaldunak leize beltzean onda bitartean. Eskerrak Amurketa eta ni (bai ni, esatea arrokeri bada ere) emen arkitu gerana,... bestela aurten ere ez zan emen entzungo euskerazko sermo goxorik. Urrezko «Parker 61» lapitz ta guzti, eskeñi genion euskaldunok Aita Amurketari bere itzaldi biozkor ta sutsuen alderako, eta aurrerantzean ere euskal orrialde apain eta errikoiak idazten iarraitu dezan. Milesker Amurketa; berriz ere bilduko al gera euskaldunok zure euskal-iario ozkirripean.

        Pintura-erakusketa.— Aberri-Eguneko eguardian pintura-erakusketa iriki zan Eusko-etxeako areto eder batean. Gure Lendakariak itz egoki zenbait ialki zitun zerimoni aantzi-ezin artan. Ez genuen iñoiz uste izango ainbeste pintore ta ain bikañak bildu zitezkenik Caracas ontan. Eta agertu zituten lanak ere, benetan zoragarriak. Ia ogeitamar pintari etorri ziran beren margo lanak erakuskera. Irun'go Albizurenak batez ere, asebete ginduten. Irudi ezin eginagoak erakutsi zitun argi-illunezko tonu sarkor batean gallenki pintatuak. Gezala tonu argiz ari zaigu kriollo-escenak margozten pintzel ziur ta zintzoegiz. Kalparsoro bide berriak barna dabilkigu. Badu Picaso'ren eragiñik aren «Gernika»k, alare margolari andiarena baiño mintsu ta sakonago deritzat Kalparsororena; erri-kixkaliaren naigabe samiña dario onen laurki andiak. Larramendik paisaje ikusgarriak damazkigu, oro argi, oro kolore... Eta, Otaño, Erentxu, Bizkarret, Diaz de Ibarrondo... Benetan erakusketa miresgarria. Nere ondotik zebillen venezuelar batek auxe esan zidan: «gezurra dirudi artista auek nola beren zaletasunak berregin dituten atzerrian». Alaxe da izan ere. Baziran eskultoreak ere erakusketa ontan, Ulibarren, napar gaztea batik bat aizkora zorrotz eta trebez landutako zur arrigarriak aurkeztu zituen. Arruek esmalte-lan ikusgarriak erakutsi zituen.

        Bazkal-ondoan aizkolari dema; Korta napar gaztea garaille. Pillota-partida, ezpata-dantzariak, txistu soiñua eta bukatzeko euskal erromeria anaitasunik ederrenean, lerrenak egin arte. Eta bazan euskal anai-arrebarik asko Eusko-etxean.

        ASTEARTE-arratserako iai berezi bat antolatu zan venezuelatarrei gure esker-ona erakusteko. Armas Chity irakasle famatuak itzaldi bete bat eman zigun «Euskotarrak gure erriaren eraketan» gaitzat. Irakasle argi orrek esan zigunez Venezuelako lurraldeak arkitu-ala euskaldunak agertu ziran. Ainbat eta ainbat euskal-izen ospatsu naasi dira arrezkero errialde onen izangoa moldatzeko, euskal-odolaren fruturik garaiena dan Bolibar iaregillearengana eldu arte. Pozik entzun genion Armas Chity iaunari bere itzaldi mamitsu ta bikainki oiñarritua.

        ASTEAZKENEZ Aita Dassance beneditarraren aldi izan genuen. Lapurdiko seme iator onek esakera labur eta ondo ebakian aspaldi entzun dudan itzaldirik ederrena eman zigun euskal-gogoaren inguruan. Gure arimatxo au askotarikoa dala esan zigun euskal-arrazak eman ditun zitu ain berezi ta ezberdiñetatik ageri danez. Ala ere euskaldun guztiok gure lur-puxketarenganako maitasuna berezkoa omen dugu, gure barnean iturritik ura bezela sortzen dana, eta ortik askatasun egarria ere. Aita Danielou iesuita sonatuak «Etudes» aldizkarian argitaratu duen idazlan baten dionez, arrigarria omen abertzaletasunen gaurko loratzea komunisten internazionalismu itsuak suntsi bearreakoak ziruditen garai ontan. Nunai ageri zaigu askatasun naia gara batean, munduko bazter izkutuenetan ere bai; beraz gu euskaldunak ezin gindekean lege zabal orren baztarrean egon. Xeeki ta sakonki aztertu zituen benetako abertzaletasuna, abertzaletasun aizuna, eta abertzaletasun eroak philosophi ta theologi garaienaren oiñarrietan bere esanak egoki tinkaturik. Aisa ta oparo bizi diran lurraldea beste aberririk ez dutela dioten aiek ere, ederki iorratu zituen; giza endekatu batzu besterik ez omen dira. Antxe zeuden itzaldi bikain au entzuten Caracas'ko Gongotzaiña ta beneditar ugari, guztiak Lapurdi'ko euskaldun zintzoak. Etzan ageri gure alderdiko apaizik ez lekaiderik; min eman zidan onexek, argi ikusten baita estatu zital batek zearo menderatuta dauzkala eliz-gizonak ere. Nun da elizaren askatasun donea? Auskalo. Gurean ez beintzat.

        OSTIRALA egun betea agintzen zitzaigun batez ere euskera maite dugunontzat. Egun ortan gaiñera, Gernika, gure Gernika martiriaren erreketa-urteurrena zan ta Lendakariak itzaldi bat egin bear zuen. Samaldan etorri ziran Eusko-etxeara uri ontako euskaldunak. Areto zabalak etzitun guztiak artzen eta asko ta asko kanpoan gelditu ziran zutik, Lendakariaren itz beroak entzuteko. Uri sainduko gertari samiñak berriztu zituen eta arrezkero Gernika askatasunaren ezaugarri kirmen nola mundu guztiarentzat gertatu dan begi aurrean iarri zigun. Ondore ortara iritxi baiño len, barrenki murgildu zitzaigun Lendakaria euskal-istoriaren barne-muiñetan eta ikuspegi zabal batean gure lege ta izatearen zeapenak nabarmenki erakutsi zizkigun. Txalo berorik ukan zuen Lendakariak, ondo irabaziak, noski.

        Eta, onatx, ipui-sariketara iritxi gera. Ipui batzaldi au bat-batean antolatu genuen, ezertarako asti gabe. Zabalkunderik ere ez genuela egin Caracas'tik kanpora esango banizueke, ez nuke gezurrik esango. Iruzpalau eskutiz biali nizkien beste ainbeste adiskideri: orra zabalkundea, kaxkarra benetan. Ala ere, emeretzi ipui etorri zitzaizkigun, bata baiño bestea ernegarriagoak. Lasarte'tar Joseba Mirena, Barriola'tar Eusebi eta ni izenda ginduzten epai-mairako. Eta ipuiok bear bezela ikertu, ondoren geroago ikusiko duzuten erabakira iritxi giñan. Sariak banatu aurretik itzalditxo bat egin nuen, eta danak egon zitzaizkidan adi, txakur zintzoa baiño areago. Urrezko domiña Ugalde' tar Martin'ek eraman zuen «Gizerailketa» deritzan ipuiarekin. Esan bearrik ez, batzaldira aurkeztu ziran ipuietan bikaiñena dala. Zillarrezko domiñak (ex aequo) Irizar'tar Peli ta Arozena' tar Andonik «Ezkontz bi batera» eta «Banoa...» ipuiekin eraman zituten. Ametzaga'tar Bingen, idazle iaioak, itzulpen eder bi ta berak asmatutako beste ipui bat aurkeztu zituen. Gure txaloak bioazkio. Bakoitza irurogei (60) dolarreko iru sari berezi sortu genituen Euskalerritik batzaldira urbildu ziran ipuilarientzat: Etxaniz'tar Nemesi, Zurutuza'tar Joseba K. ta Berasaluze'tar Sabin'entzat izan ziran iru sariok; idazle iator bat ta Arantzazu'ko ikasle bi. Ar bitzate gure zorion-agurrik beroenak. Emen beintzat esku-zarta berorik io zizkitzuten Euskalerriko iru idazle maiteoi. Gogotik eskatu nion nere itzalditxoan Lendakariari Paris'era eldu-ala barneko gure euskal-idazle kementsuei gorantzi miñenak igortzeko. Eta ala egingo du noski, guztiok elkartuta oraindaño baño sustsuago euskal arloa landu dezagun. Eta orrelaxe amaitu zan egun gogoangarri au.

        LARUNBAT-arratsean euskal-iai aundi bat egin zan Theatru Munizipalean. Iarlekuak euskotarrez eta venezueldarrez beterik zeuden. Antxe arkitzen zan Caracas'ko Gongotzain iauna ere. Iaun onexek ez gauzka euskaldunok ahanzteko, ez orixe. «Pizkunde Koruak» eman zion iaiari asiera, euskal abesti ederrez, Urresti'tar Paulin'ek zuzenduta. Gutxitan bezela kantatu zituen «Bigarren kalez-kale», «Iru txito» eta abar. Badu ezpal «Pizkunde Koruak» eta kostako zaizue beralako beste bat emen arkitzea. Ondoren mutil-koxkorrak euskal-dantzak eman zituten, poliki aski. Bigarren partean neskaz antolatutako «Txinparta Koruak», berak oi duen trebetasun eta goxotasunez euskal-abesti zenbait abestu zizkigun emengo kantak ere tartetuz. Mutil nagosiek espatadantza ta xuberoko dantzak eman zizkiguten, zailu ta apainki. Balet-erako dantzaldiak ere izan genitun irudi ikusgarriz osotuak. Atsegin izan zitzaigun «Pandangoa Illargipean» irudi berria, Arozenak antolatua.

        Manu Sotaren «Bizi nai» eta «Amets-gaizto» estanpa ikusgarriak, ederki atera zituten gure gazteak, bai mutil bai neskak. Ez dugu izenik aipatu nai kronikatxo au ez geiegi luzatzeko. Orok ar bitzate gure goresmenak. Biotza euskal-berotasunez galgal atera giñan antzokitik.

        Onuzkero, baten batek esan du bere kautan: «barurik egin ote ditute iai guztiok, mokau goxo bat probatzeke?» Bai zera ere! Izan ditugu iruzpalau oturuntza. Gazteena, guziena, ta bereziena... Iruretan eundaka bildu ziran eta Lendakari iauna beti maipuruko. Erruki dut. Iakiña, beti itz beroak ialkiz gure iendea pizkortzeko.

        Caracas'ko egunkari, astekari ta mota guzietako berrikariek euskaldunen iubileu onen berri argazki, idazlan ta letra larriz eman dute. Eusko-Etxeak gaiñera, «Los Vascos en Venezuela» deritzan aldizkari apain bat argitaratu du, benetan dotorea. Idazlan ederrik ere arkituko duzute liburu ortan batez ere Ametzaga'tar Bingen'en «La Literatura Vasca» eta Ion Chahoren «Euzkadi» artikulu bikaiñak. Zoritxarrez errebista osoa erderaz datorkigu. Ala egin bear omen zan Venezuelarren artean euskaldunok ezagun-erazteko. Utsune ori nolarebait betetzeko, Eusko-etxeak sariketara aurkeztu ipuikin liburu apain bat argitaratuko omen du. Ez al da egia Etxezarreta iauna? Baiña zure mandatua bukatu baiño len artu gero erabaki ori. Librutxo au erregalurik bikaiñena litzake euskera biotzez maite dugunontzat, baita oroigarririk egokiena ere Eusko-etxearen amabost urteak oroitarazteko.

        Orra ba; nolarebait eman dizutet Caracas'ko Eusko-Etxea'ko iai gogoan-garrien berri; esku-baldarregiz bear bada. Poztu gaitezen euskaldunok; oraindik bada federik inguruetan, oraindik bada itxaropenik bazterretan. Fede-itxaropenok etorkizunak aragitu ditzala ainbat lasterren ain gartsuki ames dugun Euskalerri zoriontsu batean.

 

Iorrailak 31-1957.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.