Itz-Lauz
Zorioneko kazkarrekoa
Etxaniz'tar Nemesi
Aldakoneko Anbrux, mutil zar purrukatua, eguzkia artzen degu zumardiko aulki batean exerita. Aurretik igarotzen zaizkion neskatxa gazteak tentatzen du bere griña. Ain zuzen, or dator neskatxa pertxenta bat. Anbrux'ek ez dio ixilik pasatzen utziko
A. Nundik nora, Kaxilda?
K. Urkiola'tik. Anbrux. Ura da toki zoragarria!
A. Ta Santuak zer dio? Buruakin ez?
K. Zu bezelako mutil zar alprojekin ez, beintzat. Anbrux an gelditu zan bere aulkian parre gaiztoz kantatzen:
Neska zarrak joaten dira Madalenara,
Santuari eskatzera senar on bana.
Santuak esaten dio: buruakin ez;
lenago zergatik akordatu ez?
Kaxilda'k mutil zarra bere kantetan utzi ta etxe-aldera egin zuan. Gero, eskuan kontu aundiz zekarren paketetxoa zabaldu eta salako armario-gañean ipiñi zizun barruan zekarren gauzatxoa.
K. Ai nere Aita San Antonio Urkiolakoa! Zuk egin bear didazu neri miraria.
Gauzatxo ura. San Antonio'ren zilarrezko iruditxoa zan. Estatu txiki bat. Urkiola'n erosia ta maitearen-maitez gordetzekoa zuan andik aurrera.
Biaramonean. Kaxilda'k bederatziurren polit bat egin zigun. Onela asten zan:
K. Aita San Antonio bedeinkatua! Arren baño arren, senargaia iritxi zaidazu lenbailen. Al dala, ez dedilla betokerra izan. Aita gurea, zeruetan zaudena...
Bigarren Aita gurea, onela zetorren:
K. Aita San Antonio bedeinkatua! Al-dala, berrogei urtetik berakoa izan dedila. Aita gurea, zeruetan zaudena...
Irugarren Aita gureak aurretik txorten au zuan:
K. Aita San Antonio bedeinkatua! Jaungoikoaren aurrean balia zakit. Neretzako senargaia, Seroreko Anjel izan dedila! Aita gurea, zeruetan zaudena...
Bederatziurren arek etzuan arrazkero azkenik izan. Gaur bukatu ta biar berriro asi. Kaxilda'k etzizuen egunik galtzen. Eta bederatziurrena bukatzen zanean, Santuari mun eta mun, bazigun pixka baterako lana.
Gero, bere Santu ori eskuan zuala, leiotik begiratzera joan oi-zan, eskatutako senargairik sortzen ote-zitzaion ikustera.
Astearte batean. Santuari berarizko otoi eta eskari beroak egin-ondoren, beti bezela leioa zabalduta begira zegola, orra nun irrist eginda eskutik kalera erortzen zaion bere Santu artua.
K. Ai, ene bada! Nere Santu bedeinkatua!
Erio-suerrean kalera jeisten da bere Santua jasotzera, ta an ikusten duanak lurrean josita uzten du.
Burutik odola dariola, ta zentzun gabe, an dago lurrean Seroreko Anjel, bere eskarietan aitatutako senargai gogokoa. Parean egokitu mutila, ta Kaxilda'ren eskutik eroritako San Antonio'k buru-erdian jo gizajoa. An zegon urrean Kaxilda'ren San Antonio, Anjel'en odolez gorritua.
Kaxilda'ren kurrixketara inguratu zan jendea, ta jaso zuten mutila neskatxaren etxera. An ziran estuasunak! Garbitu zioten eriari buruko odola ta Kaxilda'k bere biotz osoa jarri zigun mutila esna zedin. Ujentu ta igurtzi Angel bere onera etorri zan alako batean.
Kaxilda mutilaren errukiz urtu-bearrean zegon. Barkatzeko, arren; ustegabean erori zitzaiola Santua, ta Jaunkoikoagatik zaitzeko ongi bere burua, oker aundiagorik sortu etzekion.
Urrengo egunetan, Anjel'en berriak jakiteko aitzakiz, egunik utsegin gabe an joaten zan mutilaren etxera.
K. Ta? Nolatan da Anjel? Obeto al-dago? Gizajoa! Ta burua?... Sendatu al-zaio zauria?... Palo'neko Pi-Iñaxi'k ba-du orretarako ujentu aproposa... Emen ekarri dizuet... Ikusi al-diteke gaixoa?...
Gero, aurrera eramaten zuten, Anjel'en oe-ondora. Kaxilda'ren biotza argizaiz bezela urtzen zan orduan
K. Zer moduz. Anjel?... Buruan miñik bai?... Egin nizun egitekoa!... Ezin naiz aztu... Nere esku txaldan auek.... Leioa isten ari nintzala erori etzitzaidan, ba, eskutik!.... Bai, oso polita da. Urkiola'n izan nintzanean erositakoa det...
Ta orrela egunero. Bidean etxerakoan edo Anjel'enerakoan, an arkitzen zizun Anbrux, mutil zarra. Bereala zuan zirika
A. Urkiola'ra al-goaz. Kaxilda?
K. Zaude ixilik, pardel ori.
A. Ta zer dio Anjel'ek?
K. Obeto egingo zenduke zeure etxeari kargu artzea.
Anbrux eztitan gelditzen zan, eta Kaxilda'k purruztaka aldegiten zion. Zertan luzatuko degu kontua? Ainbeste joan-etorrik ondoren ederrena izan zuten Kaxilda'rentzat. Anjel bereganatu zizun, eta egun zoragarri batean, biak aldare-aurrean alkartu ziran.
Anbrux'ek, ezkonberriak elizatik irtetzen ikusi zituanean, parre gaiztoz ingurukoei esan zien:
A. Utzi pakean San Antonio'ri! Orrek ba-zekik mutilak noiz buruan jo! Bada-ezpada ere, kontu neska zarren leiopean pasa!
|