Leturia'ren egunkari ezkutua
Txillardegi
(Irakurri berria dizugu «Leturia'ren Egunkari ezkutua» deritzan eleberri gorengoa. Egilea Txilardegi, gezur-izenez. Orain-oraingo kezkaz blai-blai egindako eleberri gotorra dugu, ta oraingo gazteen biotzak zulatzen ditun minez iosia. Norberak aukera-bearra du gai ta ardatz. Azalez ta mamiz orrelakorik eztugu irakurri euskeraz lenago. Edonongo ele-ederrean pozarren atotsiko luketen eleberria, nik uste. Asikin bezala, ona emen «Negu» deritzan atalaren azken txatala, irakurlearen biotz-betegarri. Ilabete ontan, gutxi gora-bera, idazti bereizian argitarazia izango da osorik, edergarri, itzaurre ta gutxi. Aldez-aurre zorionik kartsuenak Txilardegi gure adiskideari. EUZKO-GOGOAK.)
Negu
(azkena)
Miren'ek bear nau; nere aberriak bear nau; nereak bear naute. Berena naiz, eta berak gabe ezer ez naiz.
Orain, nere onetan, aientzat bizi bear dut. Nerez nora jo bearko nuken ez dakit. «Nerez» esan al diteke? Aroak egin nautena naiz, ez beste. Gaur, eta ezin atzeruntz joan berriz, aiek naukate ni, ta aientzat jaio naizena esan diteke.
Ta nere «gaur», nere «atzo», ta nere «emen», gabe, ni ez naiz ezer, asmaketa farregarri ta itsa baizik.
Bost ajola neri nola edo zein bidetatik biurtu naizen naizena. Au naiz, berena naiz, eta berengana noa egiñaletan.
Buruari uko egiñez, bidean abiatzen naiz azkenik. Gora biotza! Altzurain'a noa.
Kemen izan, Miren. Bereala nago zurekin betirako, ta barkamentua eskatuko dizut borondate osoaz.
Barkatu, Miren! Barkatu, nere Jainkoa! Aundia izan da nere arroaldian egin dudan pekatua.
Barkatu, arren!
Agur, uri zoragarria!
Agur!
* * *
Altzurain'en berriz. Laburra izango da ondorengoa.
Erotuta bezela nago. Oiean arkitu dut Miren; eriotzear nere ustez. Zurbil urdiña du kolorea, ta zulo ikaragarrietan galduta bere begiak. Zer ote du? Ez dakit oraindik. Ni ara iritxi, ta alde egin didate, ta zaputz, gelakide guziak, txintik ere atera ez dutela. Guziak gorroto naute.
Gelan ni sartze berean ezagutu nau Miren'ek; ez begiez, alegia, ikusita ere ezagutzen ez bai-ninduen. Sumatu egin nauela esan diteke, egiazki.
Urbil-erazi nau, aulduta bai bai-du ikusmena, ta irribarrez esan dit: «Orain ikusten zaitut... nere Joxeba maitea... Banekien nik... Ezin joan nindekean zugana... oraindik maite nauzu... Etzera kupidaz nigana etorri...»
Eta ito bearrez eman dio eztulari.
Atsedena artzeko, ta nigatik itzik ez esateko eskatu diot; eta bekokian musu biguin eta zirraragarri bat eman ondoren, alde egin dut andik.
Irtetean, lenagoko keñu muker berberak, eta agurrik ere ez. Sendagillearengana noa ariñeketan.
Nekelarriraño estutzen nau damuak.
* * *
Uriarte meikuarekin egon naiz: ezer egiterik ez dago aren ustez. Miren'ek ez dauka sendatzerik.
Ain nago etsita, edozein astakeri egiteko prest nagoela.
Sargoi. Buruko miña. Nekez betea. Jan artzu. Izerdi otzen bustita dena. Bero sentitzeagatik ere, otzak nago batera. Ez omen da iñor ametsetan il; bañan ametsetan bezel'a iltzen ari naiz ni orain. Neure eriobearra ezik, arnetsezkoa iduritzen zait dena.
Ezin esan alakoa dut zauskada. Gezurra izan bear du onek. Ezin izan diteke egia. Miren!! Eriotzear!!!
Aultasun arrigarria dut belaunetan, eta dardar bezela soin osoa. Erruduna naiz, bai. Neugatik gaizkitu da bearbada bere orretaraño; nere ankerkeriak il du agian. Eta beranduegi datorkit damua. Emen egon izan banintz apika...
Ez, arren! Ez ori pentsa. Bere erallea raizela aitortzea litzake ori. Ta ez naiz arekiko eralle bat izan. Ez, Jauna: otoi! Larregi litzake neretzat...
Oraintxe izkutatzen da eguzkia urre-galda ori diztiratsutan. Iñoiz ez bezelako adioa gaurko ori. Bai ederra! Bai miragarria! Etzera orratio neretzat...
Ibarluze'ko komentura noa. Urruti dago, bai; baña ni geldi-erazi nazaken eragozpenik ez dago gaur. Oraintxe noa, arratsa illundu aurretik al ba da. Aita Damaso ikertzera noa; sendaketa arrigarriak egin omen ditu belarren bidez, eta saiatzea be ntzat etzait faltako. Ia Imirioz'ko menditarte malkarretik egunaz igaro al naiteken.
Agur!
Bildur naiz. Otoitz egin naiko nuke. Nori, ordea, fedegabe gogor onek?
1.956'eko Agorrillak 30. Au egun gogoangarria! Aspaldidanik sentitzen ez nuen gogoak ikutu nau gaur: otoitz egitekoak,
Iainkoa: etzaitut nik zu beñere ukatu. Lagun zakizkit nere larrialdi onetan.
Zu ikusi ez arren, neure obena ikusten dut. Aukera-min arroak baztertu ninduen nere bidetik. Barkatu. Itzegin zaidazu, otoi, eta ez naiz berriz illunpetan galduko.
Senda zazu Miren. Ori ta geiago merezi du. Nik deus ez.
Argiro ikusiko ba zinduzt, gogoz zerbitzatuko zinduzket. Besteak maitotzea, karidade-bearra, Jainkoaren egarria, bizitza ibilkizun bat dela, egiara iristerik ez daukagula... Auek dira orain arte. Zure billa ibilliz, arkitu ditudan egiak.
Miren biziko balitz...
Maitasunaz xautuko ditut nere pekatuak. Maitasunaz... maitasunaz... Nork itzegiten zuen beti maitasunaz? Aitortzeko bildur naiz Kristo!!!
Zu al zera egiaz «Egia ta Bizitza»? Ez nuen uste, baña zure ondoondoan nintzan. Jakin izan ba nu... Senda zazu Miren, eta il nazazu ni. Neregatik ez-baña bere ondamendiaz errukiturik, senda zazu Miren. Nik ez, bañan ark sinisten zaitu Zu biotzetik. Arren, Jauna...!
Biar ekin al ba nizaio othoitz-gogoeta mamitsu oni. Joan egin bear dut, zor txarrez, argi printzak nere arima mindua argitzen asten diralarik.
Sukarrak erakutsiko al dit otean egiazke bidea? Larrimin beteak ala?
Biar argituko dut au bearbada, Ibarluze'tik itzultzean...
Bizi zaitez, Miren. Prest nago zure alde nere bizitza eskeintzeko. Zure zerbitzari osoa naiz. Ziñez esaten dizut. Eta artuko ba zenu ere, ez nuke guziz ere nere obena garbituko, il egin bai-zaitut.
Agur, Altzurain biotzekoa!
Zergatik ari naiz negarrez?
* * *
Biltzallearen oarra
Emen bukatzen da Leturia zorigaiztokoaren egunkari unkigarria. Zer gertatu ote zitzaion gero? Bearbada au ez da sekulan jakingo. Bañan andik gitxitara, berri au eman zuen «Altzurain'go Deia»'k
«Urrillak 10.
Gizon baten gorpuzkiña arkitu da Imiriozko leitzan. Amildegitik erori bide-zan, eta osagillen ustez, amar bat egun daramazki an gorputzak.
Agorrillaren ogeita-amarreko trumoiean galdutako gizona da noski. Oraingoz beintzat, nor den ezin iragarri diteke».
.......................................
Leturia bera eiki, gure Joxeba gizajoa ez baitzan berriz iñora azalduko.
Joxeba'ren istoria jakinda, bereziki joan naiz. Altzurain ikustera. Ta ezaguna izan zait dena. Ez nintzan ez guziz arrotz.
Zerubide ezagutu dut. Dena dago berdin...
Urrutiko oiartzunak gisan Altzurain'go zarata... Zugaitz ederrak, aizeak urduri... Pakea... Urmaela an ere, izkutu, bakar... Aurrak korrika alaiean: asiera. Agureak konkor: azkena...! Iturritxoa eten gabe jario...
Ta ni lasai, geldiro, talaitxo aldera noala... Ixilla, ta neure urratsak entzun: ots, ots, ots, ots...
.......................................
Eta, bapatean, zirrara, ta ni bildur:
Ots, ots... Bizion oñok!!!»
Itsatsi egin zait «Illeta»'ko eresi sarkorra, taupadakin naasia. Leturia ilda, bere Zerubide'n... «Bizion oñok...!»
.......................................
Nere aurrean, bare, urdin, argitsu, zabal, itsasoa.... Betiereko itsaso baztergabea...
|